Uztailak 9
-
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Designregio Kortrijk (DKR) erakundearekin, UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarearen barruan.
-
5X5 Bilbao proiektua udazkenean jarriko da martxan, eta euskal enpresek produktu edo zerbitzu baten prototipo berritzaile bat garatzea ahalbidetuko du, diseinuko profesionalen laguntzarekin.
-
Bilboko diseinatzaileen hautagaitzak jasotzeko deialdia laster irekiko da. “Diseinua enpresen berrikuntza eta lehiakortasunerako zeharkako faktore estrategiko gisa balioetsi nahi dugu“, esan du Xabier Ochandianok.
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez, eta Designregio Kortrijk (DKR) irabazi-asmorik gabeko erakunde flandestarrak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute 5X5 Bilbao programa abian jartzeko.
Hitzarmen hori UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarearen barruan kokatzen da, Bilbo eta Belgikako Kortrijk hiria barne hartzen dituena, diseinuaren kategorian. Horrela, Flandriako eskualdean ia bi hamarkada martxan daramatzan programa Hiribilduan ezarriko da lehen aldiz, duela bi urte Lituaniako Kaunas hirian arrakastaz indarrean jarri ondoren.
“Diseinua enpresen berrikuntza eta lehiakortasunerako zeharkako faktore estrategiko gisa balioetsi nahi dugu. Diseinuko profesionalen eta enpresen arteko lankidetza ez da ohikoa, eta uste dugu programa berritzaile honek ekarpen handia egin ahal diola gure hiriari”, azaldu du Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak. “Honelako ekimenen bidez, Hiribilduko diseinuaren sektorea eta garapen ekonomiko iraunkorra babesten ditugu, metodologia aitzindaria ezarriz eta Bilbori balio handia ematen dioten sinergiak sortuz”.
Udazkenetik aurrera eta urtebetez, diseinuaren arloko 5 profesionalek, Bilboko 3 diseinatzailek eta Kortrijk-eko 2k, produktu edo zerbitzu bat garatzeko edo birdiseinatzeko hautatutako 5 euskal enpresari lagunduko diete, 5X5 diseinuaren metodologiak erabiliz, 5 prototipo garatzeko helburuarekin; prototipo horiek 2025eko udazkenean aurkeztuko dira erakusketa batean. Bilboko 3 diseinatzaileen hautagaitzak jasotzeko deialdia uztailaren erdialdean irekiko da www.bilbaoekintza.eus web orrian.
Diseinatzaileek 12 hilabetez garatu ditzaketen erronkak planteatuko dituzte 5 euskal enpresek, beren esparruko metodologien bidez, eta aurreikusi gabeko premia berriak ikertzeko eta bilatzeko aukera emango dute. Bilbao Ekintza eta Designregio Kortrijk arduratuko dira programaren koordinazioaz eta ondoriozko gastuez, eta EIDE ere, Euskadiko Diseinugileen Elkartea, proiektuaren parte aktiboa izango da.
Bilboko Udalaren eta DKRren arteko lankidetzaren helburua honako hauek lortzea izango da: enpresei diseinuaren profesionalekin modu egituratu eta sistematizatuan lan egiteko aukera emango dieten metodologiak eskaintzea; diseinuaren eta enpresaren arteko harremana nabarmenduko duten emaitza ukigarriak eskaintzea; diseinuaren kultura eta diseinu-prozesua enpresa-ehunean balio erantsi gisa sustatzea; eta diseinuaren arloan berritzaileak diren beste hiri batzuekin harremanak estutzea eta sinergiak sortzea, hala nola, Kortrijk-ekin.
DISEINUAREN HIRIA
Hiri Sortzaileen Sarea 2004an sortu zuen UNESCOk, sormena garapen ekonomiko iraunkorrerako funtsezko faktore gisa identifikatzen duten hirien arteko nazioarteko lankidetza sustatzeko helburuarekin. Hiriek elkarrekin lan egiten dute sormena eta kultura-industriak tokiko garapen-planen lehentasunezko ardatz gisa kokatzeko.
2014an, UNESCOk Bilbo “Hiri Sortzaile” izendatu zuen, “Diseinuaren Hiria” kategorian. Integrazio honek Berlin, Buenos Aires, Pekin, Montreal, Singapur eta Helsinki, besteak beste, biltzen dituen talde hautatu batean parte hartzeko aukera ematen dio. 2017tik UNESCOren Hiri Sortzaileen Sareko kide ere bada Kortrijk.
Designregio Kortrijk (DKR) irabazi-asmorik gabeko erakundea da, Flandriako Kortrijk eskualdekoa (Belgika). Sormena, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko proiektuak kudeatzen ditu, eta enpresen, diseinatzaileen, hezkuntzaren eta espazio publikoaren sare konektatua osatzen du. 2005ean sortu zen Leiedal, Voka West-Flanderseko Merkataritza Ganberaren, Kortrijkeko Udalaren, Howesteko Unibertsitatearen eta Kortrijk Xpo arteko lankidetza gisa.
SARE SOZIALAK: