Udalak kiroletako teknologia berrien aldeko apustua indartu du, harremanetan jartzeko doako app batekin eta zortzi “Indoor” bizikleta ibilbide berrirekin

Abenduak 14

  • Bilbao Ekintzak teknologia berriak eta etorkizun digitala bultzatzen ditu, kasu honetan kirol arloan, adin eta publiko guztientzat pentsatuz, laster ezarriko diren ekimen pribatu birekin.

  • WELLK aplikazioa mugikorretarako da eta doakoa da. Haren bidez, kirola egin daiteke banaka zein taldeka plataforma batetik, eta plataforma horrek aukera batzuk eskaintzen ditu zenbait kiroletarako, hala nola zikloturismorako, mendi-ibilietarako, running-erako edo pasealdietarako.

  • Txirrindularitzako zortzi “indoor” ibilbide berri egin ahal izango dira Bilbon eta Bizkaian BKOOL simulagailuaren bidez. Hainbat ibilbide agertzen dira bideoz 3Dn grabaturik, hala nola Tourreko Etapa, “Itzuli” batzuk edo Urduñako eta Urkiolako mendateen igoerak.

Bilboko UdalakBilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, kirol arloko beste ekimen bi hauek jarri ditu martxan, jende guztiari zuzenduakAPP berri bat, banakako zein taldekako kirol eta irteerak egiteko; eta Bilbon eta Bizkaian zehar doazen txirrindularitzako zortzi “indoor” ibilbide prestatzea, ordainpeko simulagailu baten bidez 3Dn grabatutako bideo-irudi errealistak erakusten dituztenak.

Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak azpimarratu duenez, “ekimen hauekin etorkizun digitalaren aldeko apustua indartzen dugu, eta gainera kalean gehiago egoteko aukera ematen digute. Aplikazio mugikorraren bidez nahi dugu pertsona guztiek izatea kirol-jardueretarako irispidea, banaka edo taldeka, haien adina eta egoera edozein direla ere, eta gure hiriaz beste ikuspuntu batetik gozatzea. Eta zortzi ibilbideek hiria eta Bizkaia modu bikain eta berritzaile batez zeharkatzera eramango gaituzte, indoor txirrindularitzaren kontzeptu berri batean kalitate handiko irudi errealak ikusiz. Ahaztu gabe proposamen biak Bilbao Ekintzak bultzatzen dituela, talentuaren eta berrikuntzaren aldeko gure apustuarekin bat eginez”.

APP-EK HAINBAT AUKERA ETA PLAN DITU

WELLK aplikazioak sozializazioa sustatzen du eta kirola modu pertsonalizatu eta berritzaile batez egiteko aukera eskaintzen die herritarrei, banaka zein taldeka. Erabiltzaileei lurraldean kirola egiteko hainbat aukera ezagutzeko modua ematen die, baita hainbat kiroletako —zikloturismoa, mendi-ibiliak, running, pasealdiak, eta abar— komunitate eta pertsonarekin harremanetan jartzeko modua ere. Era berean, aplikazioak adiskideekin ligak sortu eta taldekako zein banakako erronketan parte hartzeko aukera ematen du eta horren arabera sari desberdinak lor daitezke.

Erabiltzaileek beste pertsona, klub eta elkarte batzuek sortutako planak eta “elkarretaratzeak” ezagutu ahal izango dituzte, eta haiekin bat egin. Bere planak modu publikoan edo pribatuan garatu ahal izango dituzte, eta app-aren erabiltzaileek bat egin ahal izango dute plan horiekin. Bizkaiko mendiko eta errepideko zikloturismoarekin eta mendi-ibiliekin lotutako 100 ibilbide baino gehiago ezagutu ahal izango dituzte, baita hainbat erronka eta ligatan parte hartu eta bertako sariak lortu ere.

Plataforma hori aukera bat da bai herritarrentzat, bai kirol-klubentzat, bai gainerako toki-entitateentzat, eskaintzen dituzten jardueren berri eman baitezakete, eta, horrela, hirian eta lurraldean kirola egitea sustatu.

Aplikazio honen berri emateko, eta pertsona guztiei zuzenduta, hainbat plan antolatu dira lurraldeko izen handiko pertsona eta erakundeekin. Horrela, etzi, abenduak 15, ibilketa nordikoa egingo da Bilbon zehar Marisa Lagorekin, San Mamesetik irtenda (10:00etan) eta San Mamesera itzulita. Hilaren 16an (zapatua), mendi-ibilia egingo da Zigor Iturrietarekin, Areatzatik (10:00) Artxanda aldera, Bilboko eraztun berdean barrena. Hilaren 17an (domeka), bizikleta ibilbide bat egingo da Roberto Laisekarekin; eta hilaren 19an (martitzena), arratsaldez, pasealdia egingo da itsasadarretik Rafa Alkortarekin… Jarduera horiek guztiak WELLK aplikazioan daude, eta App Store-n eta Play Store-n deskargatu daitezke doan.

ZORTZI IBILBIDE, BILBO BIZKAIA MARKAKOAK

Gainera, Bilbao Ekintzak Bilboko eta Bizkaiko zortzi bizikleta-ibilbideren ekoizpena ere bultzatu du. Ibilbide horietara Bkool simulagailutik sartu behar da.

Hauek dira pixkanaka sartuko diren 8 errepide-ibilbideak:

  1. 2023ko Tourreko etapa
  2. Bilbao Road Itzulia
  3. Lea Artibai Itzulia
  4. Urdaibai Itzulia
  5. Kantabriko Itzulia
  6. Enkarterri-Meatzaldea
  7. Orozko-Urduñako mendatea
  8. Durango-Urkiolako mendatea

Ibilbideak horiek lehendik ere agertzen dira “Bike Spirit Bilbao Bizkaia” zikloturismo-eskuliburuan, zeina Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera garatu baitzen.

Aplikazioak txirrindularitzako arrabol batekin edo SmartBike batekin konektaturik funtzionatzen du; beraz, erabiltzaileek etxetik edo ariketa-lekuetatik erabili ahal izango dituzte.

Ibilbide horiek bideoz grabatutako 3D bistetan oinarritzen dira, mundu osoko erabiltzaileek Bilbo eta Bizkaia ezagut ditzaten.

Sartzeko, erabiltzaileak kontu bat sortu beharko du www.bkool.com webgunean, aplikazioa ordenagailuan, tabletean edo smartphonean deskargatu eta entrenamendu-gailuarekin konektatu. Prezioa 10 euro da hilean. Lau entrenamendu-modu ditu, eta belodromo birtualak, bideo-spinning eskolak edo workout pertsonalizagarriak ere baditu.

SARE SOZIALAK: