Vicomtech teknologia-zentroak egoitza berri bat inauguratu du Bilbon

Urriak 5

  • Zentroaren instalazio berriak Bilboko Zabalguneko eraikinean kokatu dituzte udalaren kolaborazioari esker; zentroa zabaltzea eta hainbat sektoretako enpresei zuzendutako jardunaldiak egitea da asmoa, guztiak ere adimen artifizialeko irtenbideen aplikazioari lotutakoak, hori baita udalaren erronketako bat.

  • Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Vicomtech-eko zuzendari Julián Flórezek lagunduta, zentroaren egoitza berria bisitatu du gaur, industria-ikerketa aplikatuari lotutako STEAM profilak dituzten langileak pixkanaka kontratatzea aurreikusi duena.

Vicomtech Teknologia Zentroak, adimen artifizialeko eta Visual Computing & Interaction arloko teknologia digitalen ikerketan, aplikazioan eta transferentzian espezializatuta dagoena, egoitza berri bat ireki du Bilbon.

Donostiako Parke Zientifiko eta Teknologikoan hogei urteko ibilbidea egin ondoren, non gaur egun industria-ikerketa aplikatuari lotutako 200 profesional inguruk lan egiten duten, Vicomtech-ek beste etapa bat abiatu du orain Zabalguneko Eraikinaren instalazioetan, Bilboko Udalaren eskutik.

Lankidetza horri esker, lehen fase honetan, zentroa hedatzen jarraitzeaz gain, prestakuntza-jardunaldiak eskainiko zaizkie adimen artifizialeko irtenbideak aplikatzearekin zerikusia duten hainbat sektoretako enpresei, hori baita udalak hiriko ehun ekonomikoarentzat duen erronketako bat.

Bilbora Zentro Teknologiko hori iritsi dela ospatzeko, Juan Mari Aburto alkateak, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianorekin batera, instalazio berriak bisitatu eta ikuspuntuak trukatu ditu gaur Julian Flórez zuzendari nagusiarekin eta gainerako lantaldearekin batera. Alkatea pozik agertu da “gure hiria aukeratu dutelako zentroa garatzen eta eboluzionatzen jarraitzeko; izan ere, Bilboren ardatz nagusietako bat dugu industria digitala hedatzea eta talentua erakartzea”.

Bestalde, Vicomtech-eko arduradunak adierazi duenaren arabera, enpresetara teknologia transferitzeko eta ikertzaile espezializatuak prestatzeko zentroak daukan misioa betetzen jarraituko dute, baita Euskadiko enpresa- eta ekoizpen-sarearekiko gertutasuna mantenduko ere; halaber, “Vicomtech-en egoitza berriari esker aurrerapauso berri bat emango dugu norabide horretan”. Horretarako, lankidetza estuan arituko da Bilboko unibertsitate eta ikastetxeekin batera, eta bertoko garapen teknologikoari lagunduko diote.

ZENTRO BERRIRAKO KONTRATAZIOA

Azaldu duenez, industria-ikerketa aplikatuari lotutako STEAM profilak dituzten langileak pixkanaka kontratatzea aurreikusi dute, zentroko lantaldeak indartzeko eta handitzeko asmoz eta enpresei gertutik eta eraginkortasunez irtenbideak ematen jarraitzeko xedez.

Alkateak egindako bisitan zehar, gainera, zentroa hirian ezartzeko estrategia aurkeztu dute, baita zentroak garatzen dituen ikerketa-ildoen berri eman ere, orain Bilboko egoitza berriari esker indartuko direnak.

Vicomtech-ek zazpi prestakuntza-jardunaldi eskainiko dizkie adimen artifizialeko irtenbideak aplikatzearekin zerikusia duten hainbat sektoretako enpresei, horrela, euren gaitasunak hurbiltzeko eta bertaratutako enpresen teknologia- eta digitalizazio-beharrak ezagutzeko.

VICOMTECH ZENTROARI BURUZ

Vicomtech teknologia-zentroa 2001. urtean sortu zen eta adimen artifizialean eta Visual Computing & Interaction arloan espezializatuta dago. Gaur egun ikerketa aplikatuaren arloko 200 profesionalek lan egiten dute bertan. Vicomtech zentroan teknologia digitalak ikertzen eta garatzen dira, betiere merkatuaren eskariari erantzunez eta konponbide berritzaileak emanez enpresei, haien prozesuak eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko asmoz.

BRTA (BASQUE RESEARCH & TECHNOLOGY ALLIANCE) taldeko kidea da eta kudeaketa integralerako metodologia propioa du, kontrastatutako ereduetan oinarritutakoa, zeinak bermatu egiten baitu prozesuen optimizazioa eta enpresei teknologia modu gardenean transferitzea. Vicomtechek hainbat ziurtagiri eta aitortza ditu, hala nola HR Excellence in Research, ISO 27001, ISO 14001, ISO 9001 eta UNE 166002.