Maiatzak 12
-
Bulegoen irekiera eta Zuzendari Nagusiaren izendapena garrantzi handiko gertaerak dira Elkartearentzat abian jartzeko fase honetan, eta orain bere helburuak dira zerbitzuak zehaztea eta bazkide nahiz erakunde kolaboratzaile berriak erakartzea proiektura.
Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroko (BAIC) Zuzendaritza Batzordeak gaur, maiatzaren 11n (asteazkena), onartu du Laura Marrón zuzendari nagusi izendatzea.
Eta gaur bertan inauguratu dira baita ere Elkartearen Bilboko Zabalgune Eraikineko bulegoak, Bilboko Udalak Adimen Artifizialaren garapena eta erabilpena bultzatzeko lankidetza-hitzarmenaren esparruan lagatako espazioari esker.
Zuzendaritza Batzordearen bilera baino minutu batzuk lehenago, BAICeko presidente Arantxa Tapiak zuzendari berria aurkeztu dio Juan María Aburto Bilboko alkateari. Egoitzaren bulegoak bisitatu ostean, hitz batzuk eskaini dizkiete BAICeko kideei eta bi dokumentu sinatu dituzte: batetik, bulegoen lagapen hitzarmena (Bilbao Ekintzak laga dizkio BAICi) eta bestetik, Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza-konpromisoa.
Laura Marrón gasteiztarrak sareetarako konponbide adimendunen ZIV enpresan egin du bere ibilbide profesionala. Eta hemendik aurrera BAICen abiarazte- eta hazkunde-prozesua gidatuko du. Datozen hilabeteetako zeregin nagusiak izango dira zerbitzuak zehaztea eta bazkide zein erakunde kolaboratzaile berriak erakartzea.
Bat etorriz Elkartea eratu zen unean bazkide fundatzaileek onartutako Ekintza-planarekin, datozen hilabeteetan BAIC harremanetan jarriko da proiektuan parte hartu nahi duten 100dik gora antolakundeekin, haien egoera nahiz interesak hurbiletik ezagutzeko eta Elkarteari nola atxikiko zaizkion zehazteko.
BAIC uztailaren 28an sortu zen Euskadin Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko eta, bide horretatik, “enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetzeko”.
Hauek dira BAIC sustatu duten erakundeak: CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoak, Petronor, Sener eta Versia. Sustatzaileen artean daude, baita ere, eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza zentroak, hala nola Tecnalia, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM). SPRI Taldeak ordezkatzen du arlo publikoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean.
Hauek dira elkarte berriaren helburuak:
- Adimen Artifizialaren garapena sustatzea Euskadin.
- Adimen Artifizialaren euskal ekosistema artikulatzea (enpresak, teknologi eta ikerketa zentroak, prestakuntza zentroak, e.a.).
- Adimen Artifizialaren sektoreko enpresa berrien sorkuntza sustatzea, tokiko enpresa trakziogileak inplikatuz.
- Adimen Artifizialaren arloko talentuaren sustapena ahalbidetzea Euskadiko prestakuntza zentroekin lankidetzan, arlo horretako prestakuntza aurreratua bultzatuz eta, bide horretatik, talentua sustatuz, garatuz, atxikiz eta erakarriz.
- Adimen Artifizialaren arloko sinergiak bultzatzea Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologiko desberdinen artean.
- Nazioartera hedatzea Euskadik Adimen Artifizialaren sektorean daukan eskaintza, atzerriko talentua, enpresak eta inbertsioa erakartzeko, eta enpresak nazioarteko sare eta merkatuekin konektatu eta proiektatzeko,
- Adimen Artifizialaren arloko aurrerapen teknologikoen ondorio etikoak aztertzea eta aintzat hartzea.
Bere misioa betetzeko BAICek jarduera-eremu desberdinak jorratuko ditu, eta jarduera-eremu horiek elkarrekin konbinatuz posible izango da konponbide osoak eraikitzea AAk planteatzen dituen erronka konplexuentzat. Hauexek dira jarduera-eremu horiek:
- Dagoeneko existitzen diren gaitasunak identifikatu, indartu eta koordinatu,
- Talentua sustatu, garatu, atxiki eta erakarri,
- Enpresak nazioarteko sare eta merkatuekin konektatu eta proiektatu,
- AAren arloko enpresa berriak sustatu,
- Proiektu pilotu bereziak garatu lurraldean, eta
- Etorkizuneko lan-ildoak sortu administrazioentzat eta enpresentzat
BAICen jarduna bederatzi Ardatzetan oinarritzen da, zeintzuetara biltzen baitira AA Euskadiko eragile ekonomiko eta sozialentzat eraldaketa-palanka gisa bultzatzeko egin beharreko ahalegin zehatzak. Ardatz horiek apustu jakin batzuetan zentratzen dira, horien bidez eraiki ahal izateko enpresa-ehun aberats, dibertsifikatu eta berritzaile bat, ekosistema zientifiko-teknologiko espezializatu bat, Administrazio Publiko berritu bat eta AAk eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko gai izango den gizarte moderno bat.
Hauek dira apustuak:
- Euskadiren I+G-ko gaitasunak sortzea eta indartzea AAren arloan
- Adituz osatutako tokiko komunitate bat sortzea eta talentua sortu eta erakartzea
- AA transferitzea, bai euskal enpresa trakziogileetara, eta baita ere ETEetara
- AArekin lotutako negozio-eredu berriak garatzea
- AAren arloko kontzeptuen inguruan sentsibilizatzea eta bizi osoko gaikuntza ematea
- Administrazioko arlo desberdinetara zuzendutako AAren erabilpen kasuak garatzea
- Datuaren Euskal Estrategiari laguntzea
- Alderdi etikoak eta legalak aintzat hartzea ekimen guztietan
- Nazioarteko sareetan posizionatzea eta parte hartzea
AA, LEHENTASUN ESTRATEGIKOA EB ETA EUSKO JAURLARITZARENTZAT
BAIC abian jarri da, hain zuzen, AA eta gainerako teknologia digital berriak funtsezko instrumentu bilakatu direnean euskal gizartearen erronkei erantzuteko.
Eusko Jaurlaritzak lider izan nahi du AA garatzeko eta haren inguruko ezagutza aplikatzeko prozesuan, eta horregatik, bere Gobernu Programako lehentasunen artean sartu du AA, zehazki, 14. konpromisoan: “Euskadin errotutako 4.0 Industria eta Adimen Artifizialaren garapena”. 2021eko martxoaren 31n onartutako Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiak dio Adimen Artifiziala funtsezko palanka teknologikoetako bat dela aipatutako hiru trantsizioek planteatzen dituzten erronkei aurre egin ahal izateko.
Gainera, Europako Batzordeak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du, eta harekin bat etorriz, potentzia teknologiko handiek nahiz herrialde aurreratu txikiagoek ere dagoeneko ekin diote AA garatzen eta erabiltzen hasteko bideari. Azken horien artean aipatzekoak dira, adibidez, Finlandia, Danimarka, Eslovenia eta Estonia, zeintzuek herrialde handi eta aurreratuagoek baino ikuspegi espezializatuagoak garatu baitituzte euren nitxoak bilatu eta haiengandik bereizteko.