Otsailak 17
- Bilbao Bizkaia Film Commissionen 2024ko jardueraren balantzeak beste behin berretsi du ikus-entzunezko ekoizpenen hazkundea progresiboa dela eta eragin positiboa duela hiriko zein Lurraldeko lan-merkatuan eta jarduera ekonomikoan.
- Kopuru osoei dagokienez, eta kontuan hartuta ingurunea gero eta lehiakorragoa dela, azken urtean %11 areagotu dira lagundutako ekoizpenak (168), %26 filmazio-egunak (1.294), %133 film luzeak (28) eta %57 telesailak (11).
- Ikus-entzunezko sektoreari lotutako enpresek zifra errekorra lortu dute 2024an Lurraldean, 448 enpresa erregistratu baitira; aitzitik, 2014an, Bilbao Bizkaia Film Commissionek ibilbidea hasi zuenean, 284 enpresa zeuden erregistratuta. Bilbok bakarrik enpresa guztien % 46 hartzen du: 205 enpresa.
- Zinema, bideo eta telebista-programetako jardueretan, soinu-grabaketan eta musika-edizioan afiliazioak Bizkaian 1.290 izatetik 1.941 izatera igaro dira, hau da, %50,5eko hazkundea izan dute. Bilbok 1.460 lanpostu hartu ditu, Lurralde osoaren %75,2.
- Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak uste dute datu horiek tokiko talentuaren eta profesionalen sendotasuna bermatzen dutela, bai eta bi erakundeek ikus-entzunezko industria sendo, egonkor eta lehiakor baten garapena bultzatzeko egindako apustua ere.
- Nobedade gisa, Filmaketetarako Jardunbide Egokien Eskuliburua prestatu da, zeinak grabazioen kudeaketa egokirako funtsezko informazioa biltzen baitu eta dagoeneko erreferentziazko gida bihurtu baita Bilbo Bizkaian lan egiten duten ekoizle eta profesionalentzat.
Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko Zinegotziak, eta Ainara Basurkok, Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, gaur bertan aurkeztu dute Bilbao Bizkaia Film Commission erakundearen 2024ko jardueraren balantzea. Zifrek modu kuantitatiboan eta kualitatiboan finkatzen dituzten hiria zein Lurraldea, ikus-entzunezko industriarako gero eta erakargarriagoa eta lehiakorragoa den helmuga gisa.
Kontxi Claverrek azpimarratu duenez, “hamar urtez lanean aritu ondoren, gero eta lehiakorragoa den ingurune batean, konpromiso instituzional irmoa dugu kalitatezkoa, egonkorra, sendoa eta jasangarria izango den ikus-entzunezko industria bultzatzen jarraitzeko, motor ekonomikoa izateaz gain, enplegua sortuz eta enpresak sortzen lagunduz, sustapenerako erakargarria ere izango dena”. Ildo horretatik, Claverrek nabarmendu du oso garrantzitsua dela “tokiko talentua sustatzea, zaintzea eta haren balioa azpimarratzea. Bizi dugun une honetan, Bilbo eta Bizkaia tokiko talentuaren erreferente gisa kokatu dira, estatuan eta nazioartean aintzatespena duten talde artistiko eta tekniko profesionalak baitaude gurean”.
Bestalde, Ainara Basurkok zera adierazi du “Bilbao Bizkaiko ikus-entzunezko sektorean enplegua %50,5 hazi da hamar urtetan, eta enpresa-kopurua %57,7. Bizkaiak 2024an hartu dituen ekoizpenen hazkunde progresiboarekin batera, modu erabakigarrian laguntzen da ikus-entzunezko ekosistema indartzen. Alde batetik, ikus-entzunezko sektore indartsu bat sustatzen da, eta, bestetik, tokiko sortzaileei lan eta hazkunde aukerak eskaintzen dizkien industria bat sendotzen laguntzen da”.
IKUS-ENTZUNEZKO EKOIZPEN GEHIAGO
Bilbao Bizkaia Film Commissionek 2024an babestutako jardueraren balantzeak beste behin berretsi du ikus-entzunezko ekoizpenen hazkunde progresibo eta etengabea, zeina sektoreko enpresa-kopuruaren eta enpleguaren hazkundean islatu baita. Kopuru osoei dagokienez, azken urte honetan %11 areagotu dira babestutako ekoizpenak (168), %26 filmatze-egunak (1.294), %133 film luzeak (28) eta %57 telesailak (11).
Arestian esan bezala, 168 ekoizpen filmatu dira 2024an, (aurreko ekitaldian baino 17 gehiago) eta 296 ekoizpen artatu dira (2023an baino 27 gehiago). Balantze horri honako hauek gehitu behar zaizkio: 43 iragarki, 7 argazki-saio, 16 film labur, 25 telebista-programa, 28 dokumental, 8 bideoklip eta 2 webserie.
Bestalde, 74 udalerrik hartu dituzte Bilbao Bizkaia Film Commission-ek babestutako ikus-entzunezko ekoizpenak, Bilbo epizentro gisa hartuta.
ERAGIN POSITIBOA ENPLEGUAREN ETA ENPRESEN SORRERAN
Bilbao Bizkaia Film Commissionek hamar urte bete dituenean, 2024ko balantzeak erakusten du ikus-entzunezkoen industriak jarduera ekonomikoan eta lan-merkatuan duen eragin positiboa sendotu egin dela. Horiek horrela, sektore horri lotutako enpresek zifra errekorra lortu dute azken ekitaldi honetan, 448 enpresa baitaude lurraldean, eta horietatik %46 Bilbon daude (205 enpresa). Bizkaiko datu hori oso bestelakoa da, 2014an ikus-entzunezkoen arloan zeuden 284 enpresekin alderatzen badugu, izan ere, horrek %57,7ko hazkundea ekarri du azken hamar urteetan.
Enplegua sortzeari dagokionez, batez bestekoaren gainetik hazi da: azken hamarkada honetan, Bizkaiko afiliazioen hazkundea %50,5ekoa izan da sektorean, eta afiliazio osoa, berriz, %15,4 igo da aldi horretan. 2024an ikus-entzunezko sektoreak Bizkaian sustatutako 1.941 enpleguetatik %75,2 (1.460 afiliazio) Bilbon kontzentratzen da.
EKOIZPEN NABARMENAK
Hirian eta lurraldean filmatu diren film luze hauek ikus-entzunezkoen sektorearen hazkundearen adibide garbia dira, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari dagokionez: Sin instrucciones, Soy Nevenka, ¿Es el enemigo?, Cuerpo escombro, Ocho, Los últimos románticos, Karmele, La casa en el árbol, Los aitas, Miss carbón, Campamento garra de oso, Ser permanente, Singular, Subsuelo, Los muértimer, The map that leads you, La regla de Osha, El talento, El casoplón, El mal, Spicy Will, ¿Cómo hemos llegado a esto?, Sin cobertura, Bajo tus pies, Un hijo, La tregua, UAP eta Maspalomas.
Telesailei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: Querer, Cicatriz, Superstar, Romi, In salt water, Power up 1 y 2, Olimpia, Zeru ahoak, Papá soltero 2.0, Wycaro eta Catch you later.
JARDUNBIDE EGOKIEN GIDALIBURUA
Bilbao Bizkaia Film Commissionek, Bilboko Udaleko Espazio Publikoaren arloarekin lankidetzan, Filmaketetarako Jardunbide Egokien Eskuliburua egin du. Eskuliburu horrek grabazioen kudeaketa egokirako funtsezko informazioa biltzen du, eta erreferentziazko gida bihurtu da Bilbo Bizkaian lan egiten duten ekoizleentzat eta profesionalentzat.
Dokumentu horren bidez, ikus-entzunezko industriari produkzioak Bilbo Bizkaian eraginkortasunez, efizientziaz eta malgutasunez garatu ahal izateko zerbitzurik onena eskaintzen zaio.
Hauek ditu helburu nagusiak: filmazio batean parte hartzen duten pertsonen jokabide arduratsu eta profesionalak sustatzea, eta produkzio-etxeen eta erakunde publiko eta pribatuen artean harreman-esparru positibo eta egonkor bat sortzea.
Kalitatezko ikus-entzunezko industria jasangarria erakartzeko asmoz, honako alderdi hauek nabarmentzen dira eskuliburuan: arau teknikoak eta segurtasun-neurriak; aparkatzeko erreserbak; zamalanetarako eremuak; oinezkoentzako bideen eta trafikoaren mozketak; espaloiak okupatzea; karpak instalatzea; hiri-altzariak eta argiteria etetea; filmaketak eragindako saltoki, negozio eta egoiliarrei informazioa ematea; adingabeekin, dronekin edo animaliekin filmatzea; Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren irudiak, uniformeak eta ibilgailuak lagatzea; filmaketetan armak edo elementu piroteknikoak erabiltzea; objektuak erretzea; garraio publikoa erabiltzea, eta errepideak edo hondartzak eta naturguneak, ospitaleak, merkatuak, udal-hilerriak eta abar erabiltzea.
ZERGA-PIZGARRIAK
2023az geroztik Bilbo-Bizkaiak zerga-pizgarri bat eskaintzen du, lurraldean ikus-entzunezko ekoizpenak bultzatzeko. Neurri horren helburua da lurraldeak sektorearentzat duen erakargarritasuna indartzea, ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren arloko profesionalen eta enpresen lana babestuz. Gainera, arreta berezia jartzen du euskarazko obren sustapenean, eta horien ikusgarritasuna eta proiekzioa sustatzen du.
Onura fiskal hori edozein nazionalitatetako ekoizpenetarako dago eskuragarri, film luzeak, film laburrak eta ikus-entzunezko beste lan batzuk barne, hala nola fikziozko serieak, animaziozkoak edo dokumentalak, zinematografikoak, telebistakoak edo formatu digital berritzaileetan, betiere horien balio kulturala egiaztatzen bada. Kenkariaren oinarrian sartzen dira ekoizpen-kostuak, kopiak lortzeari lotutako gastuak eta ekoiztetxearen kargurako publizitate- eta sustapen-ekintzak. Kenkariaren ehunekoa % 35etik % 60ra bitartekoa da, Bizkaian egindako inbertsio-bolumenaren arabera, eta % 10 gehiago handitu daiteke euskara hutsean egindako ekoizpenetarako; kasu horretan, beraz, %70eko gehieneko kenkaria lor daiteke.
BILBAO BIZKAIA FILM COMMISSION
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2014. urtean sortu zuten Bilbao Bizkaia Film Commission. Doako zerbitzu publiko bat da, eta filmaketak erakartzea, kudeatzea eta laguntza ematea du xede.
Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntza egonkorra eta pertsonalizatua fase guztietan ematen da, ekoizpenean, lokalizazioan, zerbitzu profesionaletan, administrazio kudeaketetan, ekoizpen espazioetan, ostatuan eta logistikan, bai eta erakundeen laguntzan eta konfidantzan, segurtasun juridikoan eta zerga-pizgarrietan ere.
Lankidetza publiko eta pribatuari esker gauza daiteke lan hori. Izan ere, bitartekari lanak egiten ditu ekoiztetxeen eta eragile pribatu zein erakunde publikoen artean. Lankidetza ezinbestekoa da Bilbon eta Bizkaian grabaketen industrian aurrera egiteko.
Bilbao Bizkaia Film Commission Spain Film Commission-en eta European Film Commission Network-en kide da, eta 90 film commission baino gehiago ordezkatzen ditu, Europako Batzordearen laguntzarekin.
Informazio iturriak: Bilbao Bizkaia Film Commission, Bilbao Observatorio, EUSTAT,Gizarte Segurantza