Bilbao Bizkaia erakundeko Turismo taldea Suitzara joango da bihar, 18 enpresarekin, sektorea sustatzeko topaketa batera

Urriak 16

  • Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko turismoaren arloko zenbait profesionalek, tokiko 18 enpresarekin batera, sustapen-topaketa batean parte hartuko dute bihar, martitzena, Zurich hirian. Bertan, Suitzako 70 agente eta tour-operadore baino gehiago biltzea espero da.

  • Horrela, berriro hasiko da bi erakundeek urtean zehar antolatzen duten workshop-zikloa, Bilbao Bizkaia erakargarria izatea eta kanpoko merkatuan lotura komertzialak izatea sustatzeko programatzen dena.

Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko Turismoko talde teknikoak topaketa profesional berri bat egingo du bihar, martitzena, Suitzako Zurich hirian, Bilbao Bizkaia turismo-jomuga gisa sustatzeko eta merkataritza-loturak indartzeko.

Oraingo honetan, tokiko 18 enpresak ere parte hartu dute bidaian: horietatik 14 ostatuen sektorekoak dira (hotelak, elkarteak…), eta beste 4 agentziak. Gainera, bi hirien artean zuzeneko lotura eskaintzen duen Vueling hegazkin-konpainiaren ordezkariek ere hartuko dute parte.

Workshop berri honetan, Suitzako 70 eragile inguru biltzea espero da, eta Bilbao Bizkaia-ren aurkezpen zabala eskainiko zaie, hiri kultural gisa dituen lehentasunezko ardatzen eta ikonoen inguruan (museoak…), eta baita arlo hauetan ere: gastronomia, ibilbideak, paisaiak, merkataritza, kirolak, Athletic esperientzia…hori guztia, zuzeneko euskal musika eta dantza tradizionalez lagunduta.  Aldi berean, negozio-bilerak egingo dira Zurichen, turismo-eragile horiekin enpresa-harremanak ezartzeko edo, hala badagokio, indartzeko.

Jomugaren esperientzia bizia eta iradokitzailea lortzeko, nobedade gisa, Bilboko Txistularien Banda ere joango da ordezkariekin, topaketa girotzeko eta gure kulturaren eta nortasunaren musika- eta dantza-errepertorio bat aurkezteko. Errepertorio horretan, gainera, gure gastronomia oinarri duen afari bat eskainiko da, 0 kilometroko produktuekin.

TOPAKETA BERRIAK

Topaketa berri honekin, Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariek hasiera eman diote udagoieneko denboraldiari, Bilbo eta Bizkaia atzerrian sustatzeko topaketen zikloarekin. Aurten, hainbat intentsitate-maila ezarri dira sustapen-ekintzetan, bost irizpideren arabera:

  • Merkatu bakoitzak Bilbao Bizkaiari ematen dion bisitari-kopurua, termino absolutuetan.
  • Merkatu horretako sarreren eta gaualdien hazkundea urtean zehar.
  • Herrialde bakoitzarekin aireko konektibitatea areagotzea, bai maiztasunari dagokienez, bai plaza kopuruari dagokionez.
  • Merkatu bakoitzaren errentagarritasunaren azterketa, herrialde bakoitzeko turistek gure lurraldean egiten duten batez besteko gastuari eta erosteko ahalmenari lotuta.
  • Eta azken urteotan ezarritako harreman komertzialetan edo instituzionaletan antzemandako aukerak.

Suitzan 2023an jarduketa ugari egingo direla aurreikusi da, baita Irlandan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Herbehereetan ere.  Beste merkatu batzuetan –Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Portugalen eta Belgikan- ekintzak intentsitate ertainarekin egin dira, eta intentsitate txikiagoarekin Danimarkan, Norvegian, Suedian, Finlandian eta Baltikoko herrialdeetan, hegazkin bidezko konexio berriak direla eta.

Urtea amaitzeko falta diren hilabeteetan Londresko turismo-azoka (World Travel Market), Valladolideko Barne Turismoko Azoka (INTUR) eta Canneseko ILTM luxuaren segmentuko turismo-azoka daude aurreikusita. 2023a Stockholmen, Italian eta Mexiko hiriko amerikar merkatuetan bitartekaritza turistikora zuzendutako beste ekintza profesional batzuekin amaituko dugu.