Uztailak 12
-
Bilboko Ingeniaritza Eskolako 78 ikaslek eta 4 irakaslek 2020-2021 denboraldian egindako lana aurkeztu zuten ostiralean gainontzeko irakasleen, enpresen eta instituzioen aurrean. Bilboko Udalak proiektuaren garapenean parte hartu du dirulaguntzen bidez.
-
% 100 elektrikoa den FSB2021 eserleku bakarreko auto berria uda honetan lehiatuko da birtualki FSUK (Formula Students United Kingdom, Silverstone) lasterketan eta presentzialki Montmelóko zirkuituan egingo den FSS (Formula Student Spain) lasterketan.
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak % 100 elektrikoa den FSB2021 lasterketa auto berria aurkeztu zuen ostiralean. 78 ikaslez eta lau irakaslez osaturiko taldeak garatu du proiektua, eta aurkezpenean Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia izan zen.
Bilboko Udalak diruz lagundu du proiektua, STEM bokazioak indartzeko eta gazteak zientzia eta teknologia arloetan trebatzeko estrategiaren baitan.
FSB2021 eserleku bakarreko auto berria uda honetan lehiatuko da birtualki FSUK (Formula Students United Kingdom, Silverstone) lasterketan, uztailaren 19tik 25era, eta presentzialki Montmelóko zirkuituan egingo den FSS (Formula Student Spain) lasterketan, abuztuaren 2tik 8ra.
Unibertsitate arloko mundu mailako lehiaketa garrantzitsuenetako batean parte hartzeko helburuarekin, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eraikitako hamabosgarren ibilgailua dugu aurtengoa. Formula Student ekitaldiak unibertsitateko ikasleen arteko nazioarteko ingeniaritza lehiaketa garrantzitsuenetarikoak dira. Mundu osoko 3.000 ikasle baino gehiago batzen dira bertan, 100 talde ezberdinetan banatuta.
MONOPLAZA % 100 ELEKTRIKOA, AZKARRA ETA ARINA
FSB2021 ibilgailua eserleku bakarrekoa eta elektrikoa da (80 kW). Autoak 22 kilometroko autonomia du potentzia osora ibiltzen denean; atzeko trakzioa dauka, bi motorren bidez dabilena; kroskobakarra da eta karbono-zuntzezko pack aerodinamikoa du; 200 kilogramoko pisua; 110 kilometro/orduko gehieneko abiadura; 0tik 100 kilometro/ordurako azelerazioa hiru segundotan, eta 500 metroko distantziara arteko wifi bidezko telemetria.
ANTOLAKETA EGITURA
Taldearen antolaketa egiturak enpresa baten antza du, non partaide bakoitzak bere kargua eta erantzukizunak dituen eta denek jarduten duten Faculty Advisorren (lau irakasleren) ikuskaritzapean. Borja Guillermo Díez Artime, ikasleen ordezkari nagusia, izan da FSB2021 proiektuaren team leader-a. Halaber, ibilgailuaren diseinua eta fabrikazioa ikuskatzeaz arduratu diren technical manager-en aholkularitza eta laguntza jaso dute, baita financial eta organization manager-en laguntza jaso ere. Azken horiek arduratu dira proiektuaren alderdi ekonomikoaz eta antolaketaz.
Taldearen gainontzeko partaideak zortzi dibisiotan banatzen dira: Aerodynamics (aerodinamika fabrikatzeko arduradunak); Chassis (kroskobakarra eta gainontzeko egitura zatiak egiteko arduradunak); Driverless (aurtengo talde berria, taldearen gidari gabeko lehen ibilgailua sortzeko teknologiaren arduradunak), Dynamics (ibilgailuaren eseki gabeko masa osatzen duten atal mekanikoen eta ibilgailu-dinamikaren arduradunak); Powertrain (tentsio altuko atala diseinatu eta fabrikatzeaz arduratzen dira); Electronics (ibilgailuaren tentsio baxuko sistemaren arduradunak); Organization (logistikaren, irudiaren, promozioaren, marketinaren, giza baliabideen eta baliabide materialen arduradunak), eta Simulation & Control (ibilgailuaren simulatzailea mantentzeaz, pistak baloratzeko frogak egiteaz eta ibilgailuaren kontrol sistemak lantzeaz arduratzen direnak).
FORMULA STUDENTEK TALENTUA SUSTATZEN DU 2006AZ GEROZTIK
Formula Student Bizkaia UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak bultzatutako irabazi-asmorik gabeko irakaskuntza proiektu bat da. Ikasleen formakuntza, talentua eta enplegagarritasuna sustatzea du helburu, proiektuetan oinarritutako ikasketa metodologia berritzailearen bidez (Project Based Learning). Diziplina anitzeko proiektu honek hainbat arlotako ezagutzak konbinatzen ditu, hala nola mekanika, elektronika, kontrola eta materialak. Helburua monoplaza elektriko bat diseinatu, eraiki, baliozkotu eta berarekin lehiatzea da.
Proiektuaren ebaluazioa kanpoan egiten da, Formula Student lehiaketetan eta mundu osoko 100 unibertsitateren aurrean. Lehiaketa hori udan egiten da, eta, bertan, automobilgintzako adituek ikasleak epaitzen dituzte hainbat probaren bidez.
Formula Student Bizkaia irakaskuntza proiektua 2006. urtean sortu zen eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako 78 ikaslek eta lau irakaslek (Ingeniaritza Mekanikoa Saileko eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Charles Pinto, Javier Corral, Mikel Díez eta Asier Zubizarreta) osatzen dute.