Urriak 13
-
Danimarkako hiriburuan lan-topaketa bat egingo dute Bilbo eta Bizkaiko turismoaren alorreko eragile eta enpresek (harrera-agentziak, hotelak, landa-alojamenduak eta turismo-jarduera osagarriak) eta Danimarkako eta Suediako touroperadore eta agentziek, Bilbo-Bizkaia destinoa aurkezteko eta potentzial handiko merkatu horrekiko harreman komertzialak sendotzeko.
-
Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak turismoaren alorreko uriko eta lurralde historikoko 14 enpresak lagunduta egongo dira.
-
Bilbo eta Kopenhageren artean zuzeneko hegaldiak jarri berri direnez, Eskandinavia hegoaldeko merkatuarekin harremanak sortzeko interesa areagotu da.
Kopenhagen (Danimarka) lan-batzar bat egingo da Bilbo-Bizkaia destinoa aurkezteko eta Danimarkako eta Suedia hegoaldeko turismo-sektoreko eragileekin harreman komertzialak ezarri eta sendotzeko.
Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza turismoaren alorreko uriko eta lurralde historikoko 14 enpresarekin batera joango da. Haien artean, hotelak, landa-alojamenduak, harrera-agentziak, eta turismo jarduera osagarrien agentziak.
Kopenhageko Mogens Dahl kontzertu-aretoan egingo den jardunaldian, Bilbo eta Bizkaiaren ordezkaritzak, lehenik eta behin, gure destinoaren berri emango die Danimarkako eta Suedia hegoaldeko berrogeita hamar inguru eragile eta touroperadoreri. Gero, workshop bat egingo dute. Bertan, parte hartzen duten 14 enpresetako bakoitzak negozio-batzarrak (B2B) egingo ditu, gure destinora bidaiariak erakartzeko.
Ekitaldia amaitzeko, eragile daniar eta suediarrek Euskadiko gastronomia dastatuko dute. Modu berean, euskal musika tradizionalaz girotuko da ekitaldia, Eskandinavia hegoaldeko turismoko profesionalei gure kulturaren berri emateko.
Europa iparraldeko eskualde horretako merkatuak itzelezko potentziala dauka. Haien bisitari-tipologia ezin egokiagoa da gure uriko eta lurralde historikoko eskaintzarentzat.
Loturak sendotzeko interesa are handiagoa da joan den udan Bilbo eta Kopenhage artean zuzeneko hegaldiak jarri direnetik. Hegaldi berri horien eragin-eremuak ez du bakarrik Danimarka hartzen, baita Suedia hegoaldea ere (bertako hiri nagusia Malmö da).
Jardueraren sarrera gisa, asteartean Historic Cultural Institution Kunsthal Charlottenborg-en ekitaldi bat antolatu zen prentsarekin. Bertan, tokiko komunikabideei Bilbo eta Bizkaiko turismo-eskaintza osoa jakinarazi zitzaien.
KANPOKO SUSTAPENEKO EGUTEGIA 2022RAKO
Kopenhageko workshop hau Bilbo-Bizkaia destinoaren udazkeneko kanpo-sustapeneko 2022ko egutegian kokatzen da. Joan den urtarrilean hasi zen egutegia, Madrilgo FITUR azokarekin; orain, egonkortuta dauden merkatu nagusietan ekintzak programatu dira: Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Estatu Batuak, Italia eta Herbehereak.
Nabarmendu behar dugu Frankfurt, Dusseldorf, Norvegia eta Italian egindako turismo-bitartekaritzako ekitaldietako asistentzia, baita Bartzelonan, Milanen, Parisen eta Amsterdamen turismoan espezializatutako komunikabideekin egindako destino-aurkezpenak ere. Halaber, Europako turismoaren arloko nazioarteko azoka handietan parte hartu dugu: ITB Berlin, Londreseko World Travel Market eta Travel Match Oslo.
Gainera, esan behar dugu sektorekako zenbait azokatan parte hartu dugula: Sea Trade Miami (gurutzontzien turismoa), IGLTA Milan (LGBT turismoa), Routes Bergen (aireko konektibitatea) eta ILTM Cannes (luxuzko turismoa).