Bilboko 2024/2025 Enplegu-Planak gazteei bideratutako laguntza indartu du, 30 urtetik beherakoei zuzendutako “Lehen-Lan Esperientzia” programaren bitartez

Azaroak 11

  • 2024/2025 aldirako diseinatu diren enplegu-planek 505 lanpostu berri sortuko dituzte Bilbon. Aurrekontua, guztira, ia 9,4 milioi eurokoa izango da eta horietatik 2 milioi € baino gehiago Udalak emango ditu. 

  • “Lehen Lan-Esperientzia” izeneko programa erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago eta beraiei ematen zaien laguntza sustatzeko ardatz nagusienetakoa da. Aurten 505 lanpostu sortuko dira, iazko edizioan baino 18 gehiago.

  • Azaroak 18an hasiko da tokiko enpresek laguntzak eskatzeko epea, hala, kontratazioa sustatzeko eta Hiribilduan kalitatezko enplegua sortzeko.

  • 2024an, Bilboko enpresetako langileen afiliazioa batez beste 192.350 pertsonetakoa da eta zifra historikoa da, iazko aldi berean baino 6.965 lanpostu gehiago baitira.

Juan Mari Aburtok, Bilboko Alkateak, eta Mikel Torresek, Bigarren Lehendakariordeak eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburuak, gaur aurkeztu dute Bilbon 2024-2025 urteetan martxan jarriko den Enplegu-Plana. Planaren helburua lanpostu berriak sortzea, Bilboko jarduera ekonomikoa sustatzea eta zaurgarritasun egoera larriagoan dauden kolektiboak laneratzea erraztea da. Edizio honetako lehentasunezko publikoa, orokorrean LANGABEAKEMAKUMEAK eta, bereziki, GAZTEAK izango dira.

Apustua bilbotar gazteek kalitatezko enplegua izatea da. Horretarako, Lehen Lan Esperientzia izeneko programa indartu da. Programa hori unibertsitate-ikasketak egin dituzten edo erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketa ikasi duten eta ikasketa horiek orain dela hiru urte baino gutxiago bukatu dituzten 30 urte baino gutxiagoko gazteei zuzenduta dago.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak azaldu duenez: “aurten lanpostu egonkorrak eta kalitatezkoak sortzea indartu nahi dugu, bereziki, gazteentzat. Gainera, prestakuntza-plan indibidualizatuak eta pertsonalizatuak izango dituzte, eta lan-merkatuaren benetako beharrei erreparatuko zaie. Gazteen oztopo nagusietako bat esperientzia-falta da, eta programa espezializatuen bitartez gazteei laguntzeko lan egiten dugu, tokiko talentua fidelizatuz”. “Beste konpromiso bat programa hauetan emakumeen parte-hartze tasa mantentzea da. Azken edizioan %55 baino gehiagokoa izan zen”.

Bilboko 2024/2025 Enplegu Plana aurkeztu dute gaur udaletxeko Arabiar Aretoan, eta planak argi uzten du beharrezkoa dela udalek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak batera lan egitea. Aurrekoarekin lotuta, EAEko Enpleguaren Lege berriaren bitartez, udalaren papera indartu daiteke, plangintza hobetzen da eta udalaren proiektuen finantzaketa bermatzen da. “Bilbon gobernantza eredu kolaboratiboaren alde egiten dugu”, azpimarratu du Alkateak.

Mikel Torres bigarren Lehendakariordeak eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenaren arabera, Mikel Torresek, bigarren Lehendakariordeak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburuak, azaldu duenez: “Sailaren lehentasuna herritar guztientzat enplegua (kantitatean zein kalitatean) sustatzeko politikak bultzatzen jarraitzea da. Soldata bidezkoekin eta lan-baldintza egokiekin, eta, betiere, osasun- eta segurtasun-parametroak betez. Enplegu duina eta egokia, etorkizunean bizi-proiektua izatea eta talentua bertan geratzea ahalbidetzen duena, lurraldeko enpresetan fidelizatzeko”.

Horretarako, Lanbidek EAEko toki-erakundeek enplegua sustatzeko hiru programa finantzatu ditu aurten. “Plan horietan 32.659.404 euro inbertitu dira guztira. Aurrekontu horri esker, guztira 2.489 kontratazio finantzatu dira. Horietatik 1.674 toki-erakundeek egin dituzte eta sei eta hamabi hilabete arteko kontratazioak izango dira. Hala, kontratatutakoek esperientzia eskuratuko dute eta, horri esker, langabeen enplegagarritasuna hobetuko da. Gainerako 815 kontratuak toki-enpresek egindako kontratu mugagabeak izan dira. Horrek ziurtatzen du toki-enpresetan laneratzeko laguntza eskaintzen dela eta sistemak funtzionatu egiten duela”, azpimarratu du Mikel Torresek.

‘LEHEN LAN-ESPERIENTZIAREN’ ALDEKO APUSTUA

2024/2025 urteetarako diseinatu den Bilboko Enplegu Planak 505 lanpostu berri sortuko ditu guztira: 404 lanpostu Enpleguaren Plan Arruntekoak dira, eta horietatik 246 tokiko enpresa pribatuek Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek eta Bilboko Udalak ematen dituzten laguntzekin egindako kontratazioak dira, eta 158 Bilboko Udalak, udal-arloek edo -erakundeek erabilgarritasun edo interes publikoko jardueretarako egindako kontratazioak dira.

Gazteen aldeko apustua sustatzeko, ‘Gazteen Enplegu Planean’ 46 lanpostu berri sortuko dira (Bilboko Udalak, udal-arloek edo -erakundeek urtebeteko kontratazio zuzenak egingo dituzte) eta ‘Lehen Lan Esperientziak’ eskuratzeko 55 enplegu ere sortuko dira. Proiektu hori aurreko edizioan Gazteen Enplegu Plana indartzeko proiektu pilotua izan zen, eta aurten programa irmo gisa finkatu da eta aurreko edizioan baino 18 lanpostu gehiago izango ditu. Gazteei 101 kontratazio egingo zaizkie guztira.

Enplegu Planaren edizio honetarako aurrekontua 9.342.957 eurokoa izango da; horietatik 7,3 milioi euro Eusko Jaurlaritzak emango ditu eta 2 milioi € baino gehiago Bilboko Udalak. Hala, udal-partida handitu egin da iazko 2023/2024 edizioarekin alderatuta (1.604.356 €).

BILBON TALENTUA GARATZEKO ESTRATEGIA

Enplegagarritasuna sustatzeko eta talentua erakartzea eta fidelizatzea bultzatzeko, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, hirian talentua garatzeko zeharkako estrategia bat diseinatu du eta arreta osoa jarri die, besteak beste, Enplegu Planean parte hartzen dutenei, hala, kolektibo horri laneratzen laguntzeko. Horretarako, beren gaitasunak eta profilak merkatuaren beharretara egokitzen lagundu die.

Alde batetik, Bilbon talentua garatzeko estrategiaren helburua hiribilduko biztanle bakoitzaren talentua garatzea errazten duten zeharkako trebetasunak identifikatzea eta entrenatzea da. Gainera, estrategia horri esker, parte-hartzaileek tresnak, ezagutzak, estrategiak eta kontaktuak eskuratzen dituzte. Lana bilatzean gertatzen diren prozesu emozionaletan ere laguntzen zaie. Modu horretan, Enpleguaren 2024/2025 Plana osatu eta indartu da; laguntza indibidualizatuak, taldekako prestakuntzak eta topaketak eta bilerak egingo dira enpresekin, merkatuaren joerak ezagutze aldera.

BILBOKO ENPLEGUA: HISTORIAKO ZIFRARIK ONENAK

2024ko urtarriletik irailera, Bilboko enpresetako langileen afiliazioa batez beste 192.350 pertsonakoa izan da eta gaur egun, iazko aldi berean baino 6.965 lanpostu gehiago (%3,8 gehiago) daude hirian. Zifra hori errekorra izateaz gain, irailean emakumeentzat hobeto banatu ziren lanpostuak. Izan ere, emakumeak landunen %56 izan ziren. Urteko batezbestekoan, zerbitzuen sektoreak hiribilduko enpresen enpleguaren %90 hartzen du eta % 4 hazi da. Sektore horren barnean, ostalaritza (%7,6) eta ostatuak (%7,3) dira 2023rekin alderatuta gehien hazi diren jarduerak. Datu absolutuetan, zerbitzu aurreratuak izan dira hobekien garatu direnak, 1.495 enplegu gehiagorekin.

Gainera, Biztanleriaren Jardueraren arabera sailkatzeko Inkestak (BJA) eta Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAI) afiliazio-datu horiek berresten dituzte; horien arabera, hirugarren hiruhilekoan langabezia-tasak jaitsi egin dira eta BJAren arabera % 8,7n geratu dira eta BAIren arabera % 8,5en.

ENPRESEK ENPLEGU-PLANETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea sustatzeko estrategia gisa, ENPRESA pribatuek 2024/2025 urteetako enplegu-planetan kontratazioak egiteko laguntza 1.837.540 eurokoa izango da. Dirulaguntza jasoko duten tokiko enpresek 10.000 eurora arte jaso ahalko dituzte kontratu mugagabe bakoitzeko.

Lantokiak Bilbon dituzten eta bertan jarduten duten tokiko enpresek datorren astelehenean, azaroak 18, 10:00etan, eskatu ahal izango dituzte laguntzak  www.bilbaoayudascontratacion.eus web-orrian. Laguntzak 2024ko abenduaren 20ko 15:00ak arte eskatu ahal izango dira eta eskariak aurkezpen-ordenaren arabera sailkatuko dira.

246 kontratu mugagabek jasoko dute dirulaguntza, lanaldi osoan edo partzialean, lanaldiaren gutxieneko % 50ekin. Gainera, kontratazioekin, sei hilabete lehenago enpresak duen batezbesteko plantillan enplegu garbia sortuko da.

Kontratatutakoek baldintza hauek bete beharko dituzte: langabezian egotea; hau da, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean edo Langile Autonomoen Araubide Berezian altan emanda ez egotea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda eta altan egotea eta Bilbon erroldatuta egotea eta legezko bizilekua bertan izatea.

2024/2025 ENPLEGU-PLANAREN HIRU LERRO NAGUSIAK

1-. ENPLEGU ARRUNTEKO PLANA

Plan horrek, kontratuak bide bikoitzetik egitea sustatzen du:

  • Bilboko Udalaren bitartez.
  • Hiriko enpresa pribatuen bidez.

Bi modalitateetan parte hartu dezakete hauek:

  • Langabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa altan emanda daudenak.
  • Bilboko egoiliarrak.
  • Kontratatutako guztien % 55 gutxienez emakumeak izan behar dira.

Udalean eta udal-sozietateetan egindako kontratazioak:

Kontratazioak sei hilabeterako egingo dira eta kontratatutakoek udalaren askotariko proiektuetan lan egingo dute: besteak beste, instalazioak eta eraikinak berreskuratzeko udal-bulegoak zaharberritu eta egokitzea; zerbitzuak digitalizatzea eta sareak eta marketina sustatzea informazioaren komunikazioa hobetzeko eta udal-zerbitzuak digitalizatzen aurrera egitea; udal- eta hiri-zerbitzuak hobetzea, udalaren ondare higiezina berrikustea eta sailkatzea; kultur-programak, etab.

Hiriko enpresa pribatuetako kontratazioak:

Erakunde-dirulaguntzak indartu eta gehitu dira. Izan ere,  kontratuak mugagabeak izan beharko dira, modu horretan, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea sustatzeko. Laguntzak lantokia Bilbon duten eta jarduera ekonomikoa bertan gauzatzen duten tokiko enpresei bideratuta daude.

Laguntza-motak EZBERDINAK izango dira:

10.000 eurora arteko laguntzak lanaldi osoko kontratu bakoitzeko eta 7.500,00 eurora arteko laguntzak iraupen mugatuko kontratu bakoitzeko. Kontratu horiek artistei eta ikuskizun publikoetako teknikariei eta laguntzaileei egingo zaizkie, lanaldi osokoak izango dira eta sei hilabetekoak edo gehiagokoak edo lan egindako lanaldi partzialeko zati proportzionalekoak izango dira, baldin eta kontratatutako pertsonak kolektibo hauetakoak badira:

  • DSBEren titularrak eta DSBEren onuradunak.
  • 35 urtetik beherakoak.
  • Epe luzeko langabetuak.
  • 55 urtetik gorakoak.

8.000 eurora arteko laguntzak, lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko, baldin eta aurreko baldintzak betetzen ez badira. Lanaldi partzialean kontratatuz gero, dirulaguntza lan egindako lanaldiarekiko proportzionala izango da.

3.000 eurora  arteko laguntzak, artistei eta ikuskizun publikoetako teknikariei eta laguntzaileei egindako iraupen mugatuko kontratu bakoitzeko, lanaldi osoan eta hiru hilabeterako. Eta 6.000 eurora arteko laguntzak, sei hilabeteko edo gehiagoko  lanaldi osoko kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratazioetan edo hiru eta sei hilabete artekoetan, dirulaguntza lanaldiarekiko eta/edo lan egindako denborarekiko proportzionala izango da.

Dirulaguntzen zenbateko guztiek % 10 osagarria jasoko dute emakumeak kontratatzen direnean.

2-. GAZTEEN ENPLEGU-PLANA

Plan berezi bat da, eta bere helburua Bilboko gazteen langabezia modu espezifikoagoan jorratzea eta gazteen enplegagarritasuna hobetzea da. Langabe dauden eta erdi-mailako edo goi-mailako titulazio akademikoa duten 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago.

Parte hartu nahi dutenak Lanbiden eta Gazteen Berme Sisteman izena emanda egon beharko dira, eta, horrela, beren enplegagarritasuna hobetuko da, lan-esperientzia eskuratuko dutelako.

Zuzeneko lanpostuak sortuko dira eta lanaldi osoko hamabi hilabeteko kontratazioak gauzatuko dira. Toki-eremutik sustatuko dira eta zuzenean egingo dituzte Bilboko Udalak edo udal-arloek eta -erakundeek.

  • Kontratazio guztiak 2024ko azaroaren 30aren aurretik hasi behar dira.

Askotariko profil profesionalak dituzten gazteak kontratatuko dira, besteak beste, prestakuntza hauek egin dituztenak: administrazioa, teknologia berriak, proiektuen kudeaketa, komunikazioa, giza baliabideak, web-proiektuak, arlo juridikoa, arkitektura, ingeniaritza, ekonomia, hezkuntza, kultura-programazioa, turismo-sustapena, diseinua, marketina, hirigintza, ingurumena eta gizarte-lana.

Enplegu Arrunteko Planean bezala, eskaintzak zuzenean kudeatuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta hautagaitzak Bilbao Ekintza udal-sozietatera bideratuko ditu.

3-. LEHEN LAN-ESPERIENTZIA

Gazteen enplegu-programa indartzeko plana da. Orain dela hiru urte baino gutxiago unibertsitate- ikasketak bukatu dituzten edo erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketa ikasi duten 30 urtetik beherako gazteak kontratatuko dira.

ESPERIENTZIA OSO ONGI BALORATUA

Enplegu-planak ebaluatzeko eta diseinatzeko ezinbesteko tresnetako bat inpaktu- eta gogobetetze-azterlanak dira; inkesten bitartez egiten dira eta programetako parte-hartzaileek eta enpresa kontratatzaileek betetzen dituzte.

Azken inkestaren arabera, Bilboko 2023/2024 Enplegu Planetan parte hartu zutenen %89,6 pozik zeuden izandako esperientziarekin. Nagusiki, eskuratutako lan-esperientzia (%79,3) eta beren espektatiben betetze-maila (% 79,8) baloratu zituzten. Gainera, %92k esan zuten esperientzia errepikatuko luketela eta beste batzuei parte hartzeko gomendatuko lieketela. Iazko edizioko Enplegu Planetan parte hartu zutenen %43 gaur egun lanean daude edo lanean egon dira.

Laguntzak jaso zituzten enpresei dagokienez, %95ek baieztatu zuten oso pozik daudela programarekin. Halaber, kontratatu zirenen %56k enpresan lanean jarraitzen dute eta guztiek dituzte kontratu mugagabeak; horietatik %70ek lanaldi osoko kontratuak dituzte. Beste alde batetik, alderdi guztiek egindako balorazio positiboaren ondorioz, enpresen %77k 2024an kontratazio berriak egin dituzte edo horretarako asmoa dute.