Azaroak 23
-
“Bilboko 2021-2022 Enplegu Planak” 12,1 milioi euroko aurrekontua izango du, hau da, iaz baino 1,1 milioi euro gehiago. Zenbateko horretatik, Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek 9,2 milioi euro jarriko ditu (2020ko 8,9 milioi euroen aldean), eta Bilboko Udalak 2,9 milioi euro gehiago (aurreko ekitaldian jarritako 2 milioi euroen aldean).
-
Hiriko ENPRESA PRIBATUETAN KONTRATAZIO GEHIAGO EGINGO DIRA, eta 724 lanpostu sortuko dira bertan. Halaber, 30 URTETIK BEHERAKO GAZTEAK KONTRATATZEKO PARTIDA HANDITUKO DA, eta, horren ondorioz, iaz baino %78 enplegu gehiago izango da alor horretan. Horrez gain, Bilbao Ekintza udal-sozietateak zuzenean 278 enplegu kudeatuko ditu.
-
Programa honek, guztira, 1.002 lanpostu gehiago sortuko ditu Bilbon, bi ildo hauetan oinarrituz: ENPLEGU PLAN ARRUNTA (913 lanpostu gehiago eta 8,5 milioi euroko aurrekontua) eta GAZTEEN ENPLEGU PLANA (3,6 milioi euroko aurrekontuarekin 89 enplegu gehiago sortuko dira).
-
“Bilboko 2021-2022 Enplegu Plana” hirian ekonomia suspertzeko eta lanpostuak sortzeko asmo handiko programa da, batez ere egoera zaurgarrian dauden eta enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboen artean.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Idoia Mendiak Bilboko 2021-2022 Enplegu Plana aurkeztu dute gaur. Hiriaren susperraldi ekonomikoaren alde egindako asmo handiko apustua da, 1.002 lanpostu berri sortuz eta 12,1 milioi euroko aurrekontuarekin.
Hau da, aurreko enplegu-planean baino 1,1 milioi euro gehiago. Edizio honetarako zenbateko horretatik, Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek 9,2 milioi euro jarriko ditu (2020ko 8,9 milioi euroen aldean), eta Bilboko Udalak 2,9 milioi euro (aurreko ekitaldian jarritako 2 milioi euroen aldean).
Aurrekontuaren igoera horren ondorioz, hiriko enpresa pribatuen bidez egindako kontratazio-kopurua asko handituko da, helburu bikoitzarekin: batetik, tokiko enpresa-sarea suspertzea, eta, bestetik, generoagatik, adinagatik edo COVID-19aren pandemiak eragindako krisiagatik lanpostu berri bat lortzeko zailtasunak dituzten pertsonek enpresetan enplegua lor dezaten sustatzea, besteak beste.
Gainera, Enplegu Plan honetan 30 urtetik beherako gazteak kontratatzeko partida handitu da gazteen langabezia murrizten laguntzeko eta kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzeko. Ildo horretan, hiriko gazteentzako 89 lanpostu gehiago sortuko dira, iaz baino %78 gehiago.
“Bilboko 2021-2022 Enplegu Plan” honen bidez sortutako 1.002 lanpostuak bi ildo nagusitan oinarrituko dira: ENPLEGU PLAN ARRUNTA (913 lanpostu gehiago eta 8,5 milioi euroko aurrekontua), eta GAZTEEN ENPLEGU PLANA (3,6 milioi euroko aurrekontua).
“Bilboko 2021-2022 Enplegu Plana” hirian ekonomia suspertzeko eta lanpostuak sortzeko asmo handiko programa da, batez ere egoera zaurgarrian dauden eta enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboen artean.
ENPLEGU PLAN ARRUNTA
Enplegu Plan Arruntak hiru helburu nagusi ditu:
- Enplegua sustatzea. Horretarako, udal-eremuak erabilera edo interes publikoko jardueretarako kontratazioak sustatzen ditu, Bilboko Udalaren, udal-arloen edo -erakundeen bitartez.
- Enpleguaren sorrera sustatzea. Horretarako, tokiko enpresa pribatuak kontratatzeko laguntzak ematen dira.
- Laneratzeko prozesuan laguntza ematea. Horretarako, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak egiten dira.
Testuinguru horretan, eta hiriko enpresa-ehuna suspertzeko eta enpresa pribatuan enplegua lortzea sustatzeko helburu bikoitzarekin, 724 lanpostu sortuko dira esparru horretan, aurreko urtean baino 23 gehiago.
Gainera, bidezko lan-merkaturatzea sustatzeko, Ohiko Enplegu Plana baliatzen duten eta EMAKUMEAK kontratatzea erabakitzen duten enpresek %10eko igoera izan ahalko dute jaso ditzaketen laguntzetan.
Bestalde, Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, zuzeneko 278 enplegu kudeatuko ditu tokiko eremuan, udal-arlo eta -erakundeetan erabilgarritasun eta interes publikoko jarduerak egiteko.
Guztira, Enplegu Plan Arruntak 913 lanpostu sortuko ditu, 8.561.407,85 euroko aurrekontuarekin (7,06 milioi euro Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek jarriko du eta 1,5 milioi euro Bilboko Udalak).
Lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboak
Bilboko Enplegu Planeko parte-hartzaileek langabezian egon behar dute, enplegu-eskatzaileak izan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta hirian erroldatuta egon.
Horrez gain, kolektibo hauetakoren batekoak izan behar dute:
- diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak,
- iraupen luzeko langabeak,
- 35 urtetik beherakoak,
- 45 urtetik gorakoak
- edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zehazten duenez, kontratatutako pertsona guztien %15ek, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izan behar dute; %30, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularra edo onuraduna, eta gutxienez, parte-hartzaileen %40 emakumeak izatea. Hala ere, Bilboko Udalak azken ehuneko hori igotzen du, gutxienez kopuru guztiaren % 55eraino, Lan eta Enplegu Sailarekin partekatutako asmoaren harira, hau da, lan-arloko desberdintasun-arrakala mugatuko duten politikak indartzeko.
Udal-arlo eta -erakundeetako zuzeneko kontratazioak 2021eko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko dira eta 2022ko ekainaren 30a baino lehen amaitu. Lanbideren bidez kudeatuko dira eskaintzak, eta handik Bilbao Ekintza udal-sozietatera bideratuko dira, hau da, azken hautaketaren eta kontratazioaren arduradunari. Ezingo dute parte hartu 2019ko edo 2020ko enplegu-planean esku hartu dutenek.
Bilbon lantokiak eta jarduera ekonomikoa dituzten enpresetarako kontrataziorako laguntzetan, ezingo da diruz lagundu enpresa berberak langile bera kontratatzea, baldin eta aurreko deialdietan dirulaguntza jaso badu.
Tokiko intereseko proiektuak garatzeko enplegu-eskaintzak
Bilboko 2021-2022 Enplegu Planeko 278 lanpostuak Bilboko Udalak kudeatuko ditu Enplegu Plan Arruntean eta Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, eta honako proiektu hauen barruan sartuko dira:
- Udal-bulegoak birgaitzea eta egokitzea. Hiriko instalazioak eta eraikinak berreskuratzeko eta birgaitzeko 48 lanpostu sortuko dira. Erabilerarik gabe dauden eraikinetan esku-hartzeak egingo dira, eta behar bezalako espazio bihurtuko dira udalerriko auzoak dinamizatuko dituzten eta hiriaren garapen ekonomikoa ekarriko duten jardueretarako. Udal-kiroldegietan ere lan egingo da, baldintza hobeak izan ditzaten eta espazio atseginago bihur daitezen.
- Inklusiboa eta kulturartekoa den hiri batera. 23 kontratazio egingo dira gizarte-kohesioa eta auzo-bizikidetza sustatzeko, gizartea sentsibilizatzeko eta berdintasun-programak kudeatzeko estrategia bat garatzen lagunduz.
- Zerbitzuak digitalizatzea eta sareak nahiz marketina sustatzea. 18 kontratazio egingo dira informazioa hobeto komunikatzeko eta udal-zerbitzuak digitalizatzeko.
- Udaleko eta hiriko zerbitzuak hobetzea. Udal-zerbitzuen kalitatea hobetzeko jarduketak prestatzeko eta garatzeko 30 lanpostu sortuko dira.
- Hiriaren kultura-sustapena eta garapen jasangarria. Hiri osasungarri, jasangarri eta kultural bat sustatzeko eta garatzeko 54 kontratazio egingo dira. Besteak beste, ikastetxeetan eta erakundeetako jantokietan elikagaiak alferrik galtzeari buruzko azterlan bat egingo da, eta udal-aparkalekuen irisgarritasuna hobetzeko obren eta jarduketen jarraipena egingo da.
- Enplegu-plana eta -programak. 16 lanpostu sortzea aurreikusten da, enpleguari buruzko ekintza zuzeneko planak eta programak garatzen laguntzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko, batez ere lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituztenena.
Hiriko beste proiektu batzuei esleitutako kontratazioak ere egingo dira, honako hauek, besteak beste: udal-aparkalekuen irisgarritasuna hobetzea, merkataritza dinamizatzeko ekintzak eta kanpainak prestatzea nahiz garatzea, eta berdintasun-programak kudeatzen laguntzea.
Edizio honetan esku hartzeko beste ildo bat jasoko da, eta haren helburua da enplegagarritasunari eta enpleguari lotutako gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzea. Programak askotariko ekintzak jasotzen ditu, eta parte-hartzaileei arreta integrala eman nahi die laneratzeko duten prozesuan, xede honekin: enplegagarritasuna hobetzea eta gaitasunak zein profil pertsonala eta profesionala enpresek eskatzen dituzten beharrei egokitzea.
GAZTEEN ENPLEGU-PLANA
Bilboko gazteen langabezia arintzeko eta kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzeko asmoz, “Bilboko 2021-2022 Enplegu Plan” honetan handitu egin da ildo horretarako aurrekontu-partida: 3.569.286,94 euroko inbertsioa egin da (Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek jarritako 2.184.485 € eta Bilboko Udalak jarritako 1.384.801,94 €), hau da, aurreko urtean baino 1,3 milioi euro gehiago.
Laugarren urtez jarraian jarri da abian Gazteen Enplegu Plan hau. Langabezian, erdi-mailako edo goi-mailako titulazio akademikoa duten eta Bilbon bizi diren 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazteentzako plana da.
Parte hartu nahi duten pertsonek Lanbiden eta Gazteentzako Berme Sisteman izena emanda egon beharko dute, haien enplegagarritasuna errazteko neurri gisa, lanbide-esperientzia eskuratuz.
Gaur aurkeztutako Gazteen Enplegu Planak 89 lanpostu sortuko ditu 12 hilabeteko kontratazioen bidez, lanaldi osoan, toki-eremutik sustatuta, eta Bilboko Udalak, udal-arloek nahiz -erakundeek zuzenean egingo dituzte.
Kontratazio guztiak 2021eko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko dira, eta ezingo dute deialdi honetan parte hartu aurreko bi edizioetako Bilboko enplegu-planen batean parte hartu duten pertsonek.
Gazteen Enplegu Planak askotariko lanbide-profilak dituzten gazteak kontratatzea aurreikusten du, besteak beste, alor hauetan prestakuntza dutenak: administrazioa; teknologia berriak; proiektuen kudeaketa; komunikazioa; giza baliabideak; web-proiektuak; arlo juridikoa; arkitektura; ingeniaritza; ekonomia; hezkuntza; kultura-programazioa; turismo-sustapena; diseinua; marketina; hirigintza; ingurumena eta gizarte-lana.
Enplegu Plan Arruntean bezala, eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez zuzenean kudeatuko dira, eta handik hautagaitzak Bilbao Ekintza udal-sozietatera bideratuko dira.
ENPLEGU-PLANA, ERA OSO POSITIBOAN BALORATUTAKO ESPERIENTZIA
Bilboko 2020 Enplegu Planetan parte hartu duten pertsonen %97 pozik dago esperientziarekin. %97k ere dio enplegu-planean parte hartuko zuela berriz, eta era honetako programak sustatu behar direla. %87k enplegu-planean parte hartzea gomendatzen du, eta %86k dio zituzten itxaropenak bete egin direla.
Parte-hartzaileen artean gehien baloratzen diren alderdien artean honako hauek nabarmentzen dira: beste parte-hartzaile batzuekiko harremana, eskuratutako lan-esperientzia, lanak gauzatzean egindako ikuskapena eta emandako laguntza, eta eskuratutako ezagutza profesionalak.
Bestalde, Bilboko 2020 Enplegu Planaren esparruan pertsonak kontratatu dituzten enpresen %100ek beste enpresa batzuei programan parte hartzea gomendatuko lieke, %99k berriz ere horrelako laguntzak eskatuko lituzke eta enpresarako onuragarritzat jotzen du kontrataziorako laguntzen programan parte hartzea; %94, berriz, oso pozik dago kontratatutako pertsonekin.
Parte hartzen duten enpresek eta erakundeek honako hauek baloratzen dituzte nagusiki: laguntzen kudeaketan jasotako arreta, Bilbao Ekintzarekiko harremana programaren esparruan, jasotako informazioa eta komunikazio ona deialdi honen testuinguruan.
Bilboko 2020 Enplegu Planak kontratatutako pertsonak hainbat udal-arlotan beren ardurapean izan dituzten pertsonei dagokienez, %92k adierazi du pozik dagoela programan parte hartzearekin, %90ek adierazi du aurreikuspenak bete direla eta %88k berriro errepikatuko zuela esperientzia hori. Gainera, hauen balioa nabarmentzen dute: egindako lanaren erabilgarritasuna; kontratatutako pertsonekiko harremana; langileen lana eta jokabidea; Bilbao Ekintzaren taldeak emandako laguntza eta parte-hartzaileen profila egokitzea.
Parte-hartzaileen %95ek eta enpresen %97k era oso positiboan baloratzen dute Bilboko Udalak eta Bilbao Ekintzak enplegua eta kontrataziorako laguntzak sustatzeko egindako lana.
PRESTAKUNTZA ETA ENPLEGUKO PLAN BEREZI BERRIAK
Enplegu Plan horrez gain, Udalak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera, ENPLEGU ETA PRESTAKUNTZAKO 20 PROIEKTU BEREZI jarri ditu abian, enplegua lortzeko zailtasunak dituzten langabeentzat eta, lehentasunez, Bilbon gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboetako pertsonentzat.
Dagoeneko finkatuta dauden eta bosgarren urtez jarraian bultzatzen diren plan horiek Bilbo osora zabaltzen dira (ez soilik auzo behartsuenetara), eta areagotu egiten dituzte beren jarduketak: hala, 2020-2021 epealdian bost izan ziren, eta 2021-2022 edizio honetan 20 proiektu berri izango dira, COVID-19aren ondoriozko krisiaren ondorioz enplegua galdu duten edo ABEEE aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearekin egon diren pertsonak barne.
COVID-19ak hirian izandako ondorioei aurre egiteko talka-plana den #BilbaoAurrera2021 Planaren esparruan, Udalak 250.000 euro jarriko ditu –programaren aurrekontuko 1.401.308,66 eurotik–, eta 305 onuradunentzat izango da, tartean diren 12 erakunderen eskutik.
Gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu horien helburu nagusia jarduera ekonomikoa sortzen eta mantentzen laguntzea da, proiektu horietan parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna bultzatuz. Arrazoi horrengatik sartzen dituzte prestakuntza, motibazio, orientazio eta laguntzeko ekintzak, ikuspegi integral batetik, lan-merkatuan sartzeko, bertara itzultzeko itxaropenak handitzeko, gaitzen duen kualifikazioa lortuz eta errealitate soziala eta ingurunea kontuan hartuz.