Datorren astean amaituko da Merkataritzako Bilboko Bonuak trukatzeko epea

Ekainak 24

  • Merkataritzako Bilboko Bonuen kanpaina amaitzeko astebete geratzen denean —datorren asteazkenean amaituko baita, ekainak 30—, udalak kaleratutako 64.115 bonuen % 90 trukatu dituzte herritarrek. Ediziorik garrantzitsuena izan da oraingoa, bonu kopuruari zein aurrekontuari dagokienez, milioi bat eurokoa izan baita. Gogoan izan behar dugu bonuak hogeita lau ordu baino gutxiagoan agortu zirela, eta orain 7.000 bonu baino ez daude trukatzeke.

  • Dagoeneko 1,4 milioi euro transferitu zaizkie establezimenduei, Bilbao Aurrera neurrien planaren barruan pandemiagatik kaltetuen izan diren sektoreei laguntza modu arinean eta errazean emateko.

  • Udalak, halaber, ostalaritzako Bilboko bonuen kanpaina ere aktibatu du, eta uztailaren 31n amaituko da trukatzeko epea.

Datorren asteazkena, ekainak 30, Bilboko Udalak kaleratu dituen Merkataritzako Bilboko Bonu guztiak trukatzeko azken eguna izango da herritarrentzat. Bonuak pandemiagatik kaltetuen izan diren sektoreei laguntzeko merkaturatu dira, Bilbao Aurrera 2021 Planaren barruan.

Gogoan izango duzuenez, guztira, 64.115 bonu kaleratu ziren maiatzean, eta hogeita lau ordu baino lehen amaitu ziren denak. Kanpaina amaitzear denean, astebete baino ez da geratzen eta, herritarrek bonuen % 90 trukatu dituzte jada, hau da, 57.000 bonu. Era berean, hiri osoko 1.330 establezimenduk hartu dute parte.

Barrutien arabera sailkatuta, % 84-90 artean trukatu dira guztietan. Datu garrantzitsu gisa, aurtengo edizioan berria ere badena, bonu bereziak gorde dira teknologia berriak erabiltzera ohituta ez dauden 65 urtetik gorako pertsonentzat, eta, kasu horretan, 96 izan da ehunekoa.

2021EKO MERKATARITZA-BONUAK: GARRANTZITSUENAK

Bonuen modalitatea udalak kontsumoa sustatzeko egin duen ekintza garrantzitsuenetako bat izan da, eta erosketen erdia diruz lagundu du, COVID-19aren ondorioz kaltetuen izan diren sektoreak babesteko, besteak beste, MERKATARITZA, OSTALARITZA/JATETXEAK, KULTURA eta, laster, TURISMOA ere bai, beste kanpaina batzuekin. BILBAO AURRERA izena duen eta talde politiko guztien artean adostu den talka-planaren barruan iaz izandako arrakastaren ondoren, berriz ere aktibatu dira bonuen ekimenak.

Hain zuzen ere, asteazkenean amaituko den merkataritzarena izan da garrantzitsuena, aurten 65.000 bonu merkaturatu baitira, aurreko ekitaldiko 48.000 bonuen aldean. Gainera, udalak inbertsio handiagoa egin du, milioi bat eurokoa, eta horrek 4,4 milioi euroko negozio-bolumena ekarriko dio hiriari. Une honetan, likidatutako 57.000 bonuetatik, dagoeneko 1.218 establezimenduk jaso dituzte diru-transferentziak, guztira, 1,4 milioi euro.

Bonu gehiago egoteaz gain eta aurrekontua handiagoa izateaz gain, aurtengo edizioan beste berritasun batzuk gehitu dira, hala nola saltoki berri batzuek parte hartzea (ile-apaindegiak, estetika, masajeak, argazkigintza, garbitegiak eta gimnasioak) eta teknologia berriak erabiltzera ohituta ez dauden 65 urtetik gorako pertsonentzat bonuen ehuneko bat gordetzea, establezimenduetan eskuratzeko aukera izan zezaten. Ekimen hori begi onez hartu dute herritarrek.

Bonu bakoitzaren balioari dagokionez, 30 euroko bonuak izan dira berriz ere (15 euro udalak egindako ekarpenarenak eta 15 euro herritarrek ordainduta), eta www.bonobilbao.eus web-plataforman eskuratu ahal izan dira, non parte hartu duten saltoki guztiak agertzen diren.

NAN bakoitzarekin eskuratu ahal izan diren bonuen kopuruari dagokionez, 5 eskuratu ahal izan dira. Erosketa-tiket bakoitzeko, gehienez ere, 4 bonu erabili ahal izan dira. Erabiltzaileak bonuaren QR kodea aurkeztu beharko du erosketa egiterakoan edo, bestela, inprimatuta aurkeztu. Bilboko Bonuak, halaber, bateragarriak eta pilagarriak dira beste administrazio batzuek abiarazitako kanpainekin.

Xabier Ochandianok, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak, halaber, hau gogoratu nahi die herritarrei: «Eskuratutako bonuak kontsumitzeko egun gutxi geratzen dira», eta ekintzaren indarra nabarmendu du «Izan ere, laguntzekin hirian zuzenean kontsumitzea sustatu nahi da, eta, aldi berean, laguntzak eman pandemiagatik kaltetuen izan diren sektoreei laguntzeko, barrutien araberako banaketa espezifikoa eginez, auzo-bultzada auzo guztietara eta hurbileko saltoki guztietara heltzen dela bermatzeko. Sektorerik kaltetuenei eman nahi diegu laguntza, alboan gaituztela sentitu dezaten, eta, horretarako, ahal ditugun baliabide guztiak aktibatuko ditugu».

AKTIBATUTA DAUDEN BESTE KANPAINA BATZUK: OSTALARITZA

Une honetan aktibatuta dagoen Bilboko bonuen beste kanpaina bat ostalaritzari dagokiona da, eta, horretarako, 110.000 bonu jarri dira martxan (denak eskuratu dira), milioi bat euroko aurrekontuarekin. Uztailaren 31 izango da trukatzeko azken eguna.

Sektore honetan bonuen eredua erabiltzen den LEHENENGO ALDIA DA. Hori dela eta, web-plataforma espezifiko bat prestatu da kanpaina kudeatzeko eta gauzatzeko: www.bonobilbao.eus