Ostalaritzako azken “Bilboko Bonuak” trukatzeko epea datorren astean amaituko da

Uztailak 22

  • Uztailaren 31n, larunbatez, amaituko da Ostalaritzako azken ‘Bilboko bonuak’ (#BonoBilbao) kontsumitzeko epea. Orain arte, Bilboko Udalak abian jarri zituen 110.000 bonuetatik ia 93.000 erabili dira (% 84); jaulkitako bonuen aurrekontua milioi bat eurokoa zen, eta herritarrek erosi zituzten bonu guztiak.

  • Kanpaina honi atxiki zaizkion ostalaritzako establezimenduek 1,5 milioi euro jaso dituzte egunera arte.

Uztailaren 31n, larunbatez, amaituko da herritarrek Ostalaritzako azken ‘Bilboko Bonuak’ erabili ahal izateko epea. Bilboko Udalak sustatu duen kanpainarik garrantzitsuenetako bat da; kanpainaren xede nagusia pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzea da, eta Covid-19ari aurre egiteko ‘Bilbao Aurrera’ deritzon neurri-planaren barruan dago.

Programa ixteko astebete baino apur bat gehiago geratzen denean, Udalak martxoan abian jarritako 110.000 bonuetatik egunera arte ia 93.000 bonu baino gehiago kontsumitu dira establezimenduetan –bonuon kontsumo horrek 1,5 milioi euro baino gehiagoko balioa du-. Kopuru horiek guztirakoaren % 84 dira, eta % 16 baino ez dago erabiltzeko.

Hiriko barrutien arabera, erabileraren edo bonu-trukearen ehunekoa antzekoa da, hots, guztietan % 82 eta % 88 artekoa baita. Gogoratu behar da ezen Udalak milioi bat euroko aurrekontuarekin jaulkitako 110.000 bonuak herritarrek 24 ordu baino denbora gutxiagotan erosi zituztela.

BERRIKUNTZAK

Ekimen honek berrikuntza ugari izan ditu. Besteak beste, sektore horretan bonuen eredua erabili den lehen aldia izan da, eta, horren ondorioz, berariazko web-plataforma bat egin da hura kudeatu eta gauzatze aldera: www.bonobilbao.eus.

Oraingo honetan ere, bonua erosteko unean, herritarrek establezimendua aukeratu ahal izan dute; izan ere, lana errazte aldera, hiria aldez aurretik barrutiak banaturik egon da, hiriko ostalaritza arlo osora iristeko. Bonuak bi motatakoak izan dira, 10 eta 20 eurokoak, eta Udalak diru horren erdia jartzen du, halako moldez non ostalariak bonu bakoitzaren zenbatekoaren % 50 jasotzen baitu, hau da, Udalaren zatia, webgunean erosi ondorik, eta beste % 50 bezeroak bonu hori kontsumitzeko unean.

Neurri horren bidez, laguntzak sektorera azkar iristea erdietsi nahi izan da. Orain arte, 1,5 milioi euro transferitu zaizkie atxikitako 722 negozioei, eta 150 establezimendu herritarrek erabili edo trukatu dituzten bonuen mugara iritsi dira (bonuon gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa zen).

Aurreko kanpainetan legez, tiketaren zenbatekoak bonuen zenbatekoa bera edo handiagoa izan behar du, kontsumo bakoitzean osorik agortu dadin; horri dagokionez, bonuok administrazioek abian jarritako beste edozein bonu-motarekin bateragarriak eta metagarriak dira.

Atxiki ahal izan diren establezimenduak: jatetxeak, kafetegiak, jaten ematen duten edo jaten ematen ez duten kafetegiak eta tabernak, txokolategi, izozkitegi eta hortxategietako zerbitzuak, dantzalekuak eta diskotekak, saltoki handietako establezimenduak eta abar. Halaber, Bilbon hainbat establezimendu dituzten negozioak banaka atxiki ahal izan dira.

BONU-KANPAINA BERRIAK

Kanpaina datorren astean amaituko da, eta Bilbao Aurrera 2020 Planaren barruan dago; plan hori, baina, ezin izan zen une horretan aktibatu, pandemiaren ondorioz ostalaritza itxi egin baitzen. Udalak antzeko beste ekimen bat jarriko du abian datozen hilabeteetan, Bilbao Aurrera 2021 Planaren barruan.

Aldi berean, zuzeneko laguntzen programa bat ere aktibatu da, 2 milioi euro baino gehixeagoko programa, alegia; programa horren bidez negozio bakoitzeko 1.000 eurotik 1.500 eurora arte esleitzen dira. Ekintza hori, berez udal eremukoa izan ez arren, sektoreak duen konplexutasun-egoera indartzeko eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako laguntzen osagarri gisa egin da.

Ostalaritzako Bilboko Bonuekin batera, gogoratu behar da Udalak merkataritzari eta kulturari zuzendurik dauden beste kanpaina batzuk egin dituela, eta datorren udazkenean, berriz, turismoari zuzendutakoak. Azken hori Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera burutuko da.