Martxoak 17
-
Basque Circular Hub zentroak zerbitzu-zorro zabala eskainiko dio euskal industriari, eta Ihobe sozietate publikoaren bidez kudeatuko da.
-
2024an, 1.200 profesional izango ditu trebatuta ekonomia zirkularraren alorrean, eta 1.500 euskal enpresak haren zerbitzuak erabiliko dituzte.
-
Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren helburuak lortzeko tresnetako bat da.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua eta Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak Basque Circular Huba aurkeztu dute gaur, hau da, Europako Hegoaldeko ekonomia zirkularraren zerbitzu aurreratuen lehenengo zentroa.
Ihobe sozietate publikoak kudeatuko duen zentro aditu berri hori lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, zeren eragile hauek parte hartu baitute haren eraketan: Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Deustuko Unibertsitateak, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Tknika – Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroak eta Novia Salcedo Fundazioak.
Ezaugarri horiekin Estatuan eta Europako Hegoaldean dagoen zentro bakarra da. Merkatuko prospektiba-zerbitzuak eta prestakuntza aurreratuko zerbitzuak ditu, eta baita joerak aztertzeko eta ezagutza aditua sortzeko zerbitzuak ere, ekonomia zirkularraren alorrean.
Beste helburu batzuen artean, 2024. urterako espero da 1.500 enpresak erabiltzea zentro honen zerbitzuak; ehun irakasle eta 1.200 profesional inguruk ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza jaso izana, eta zaintza sektorialeko 20 txosten eginda egotea.
Halaber, Ihobek Bilbo hiriari lagunduko dio ekonomia zirkularreko bide-orri bat prestatzen eta irtenbide berriak bilatzen herritarrek zein bertoko enpresa-ehunak proposatutako erronketarako.
Zentro berritzaile hau Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren helburuak lortzeko tresnetako bat da, eta ahalbidetuko du euskal industriaren lidergoa indartzea, eredu jasangarriagoetara eta zirkularragoetara zuzendutako eraldaketan. Gaurtik aurrera, Euskadiko enpresek zerbitzu-zorro zabala dute eskura euren lehiakortasuna hobetzeko, prozesu zirkularrak euren ekoizpen-sistemetan txertatzearen bidez.
Basque Circular Hubak, gainera, sostengua eskainiko die ekonomia berdearen alorreko ekintzailetza-ekimen berriei eta prestakuntza aurreratua emango die irakasleei, jardunean edo langabezian dauden langileei eta eremu horretan espezializatu nahi duten ikasleei. Horretarako, Deustuko, Mondragon eta UPV/EHU unibertsitateen, Tknika – Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroaren eta Novia Salcedo Fundazioaren laguntza izango du.
Gaur egun Bilboko Auzo Factory Irazabal-Matikon kokatuta, Basque Circular Hubean elkartzen dira, alde batetik, ekodiseinuaren metodologien eta ekoidiseinuko espezialistak prestatzeko programen garapenean Ihobe sozietate publikoak 15 urtez baino gehiagoz metatu duen esperientzia, eta, bestetik, Bilboko Udalak ekintzailetzaren aldeko ekimenetan duen esperientzia. Horrela geratu da islatuta Estatuan eta Europako Hegoaldean aurrendari den ekimen hau abiatzeko xedez bi erakundeek sinatu duten hitzarmenean.
Ekimen hau industriaren oraingo eta etorkizuneko beharrei eta beste merkatu-aukera batzuei erantzuten dieten zerbitzu aurreratuak bultzatzeko xedez Bilbon garatzen ari den espezializazio adimendunaren estrategiaren zati da.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak eta Bilboko Alkate Juan Mari Aburtok Basque Circular Hubaren instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean; bertan, Ihobeko zuzendari Alexander Botok aurkeztu dizkie zentroak eskainiko dituen espezializazio handiko zerbitzuak, hau da, bai euskal ehun industrialari eta bai unibertsitateko eta lanbide heziketako komunitateari eskainiko dizkien zerbitzuak.
LAU JARDUERA ARDATZ
Basque Circular Hubak honako gai hauek jorratzen ditu, besteak beste: negozio-eredu zirkular berriak; ekoberrikuntza eta ekonomia zirkularreko teknologiak; material jasangarri berriak; produktu eta eraikinen ekodiseinua; fabrikazio efizientea; elikagaien xahuketa; plastikoen kontsumoa; eta kontsumo zirkularra.
Ihobe sozietate publikoa da zentro honen jardun osoa koordinatzeaz arduratzen den erakundea; beraren pertsonala, berriz, ingeniaritza, ekonomia eta marketinaren alorreko adituez osatuta dago.
Zentro honek gauzatuko dituen lanei dagokienez, lau jarduera-eremu hartuko dituzte barne:
- Ekonomia zirkularreko proiektuak euskal enpresetan gauzatzea.
- Euskadiko ekonomia zirkularraren Behatoki gisa jardutea.
- Ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza aurreratua eskaintzea.
- Enpresei tresna teknikoak eskaintzea.
Zehazki, ekonomia zirkularreko proiektu teknikoen garapena bultzatuko da, euskal enpresetan, HUBean prestatutako profesional gazteen parte-hartzearekin. Enpresek eskura izango dituzte ekonomia zirkularra haien prozesuetan integratzeko prestatuta dauden gazte espezializatuak, eta ikasleak lan-ingurune batera iritsi ahal izango dira ikasitakoa praxira eramateko. Zehazki, 2024. urterako espero da mila gaztek baino gehiagok jarduera horretan parte hartu izana.
Euskadiko ekonomia zirkularraren Behatoki gisa, zaintza estrategikoko lanak egingo ditu negozio-aukera berriak detektatzeko; bide-orriak prestatuko ditu negozio berrietarako; eta sektore industrialei egokitutako zaintza-txostenak egingo ditu.
Ekintzailetzaren alorrean, berriz, proiektuen diseinuan lagunduko du, eta orientazioa eskainiko du une bakoitzean eskura dauden laguntzak eskuratzeko bideei buruz.
Ekonomia zirkularraren alorreko prestakuntza adituaren jarduerek rol garrantzitsua izango dute, zeren ez baitira graduatu berri diren ikasleengana soilik zuzenduko, baizik eta baita irakasleengana ere, bai unibertsitatekoengana eta bai lanbide heziketako zentroetakoengana. Prestakuntza hori, gainera, gai horretan espezializatutako profesionalak izan nahi dituzten enpresetara ere iritsiko da.
BILBON KOKATUTAKO ZENTRO BAT
Basque Circular Hubaren egoitza Bilboko Udalaren “Auzo Factory Irazabal-Matiko” ekintzailetza-zentroan dago kokatuta, Ihobe sozietate publikoaren eta udal horren artean sinatutako hitzarmenari esker; izan ere, hitzarmen horren arabera, Udalak uzten du Hubaren instalazioak hartzeko beharrezkoa den espazioa, eta bi erakundeek konpromiso hauek hartzen dituzte: ekonomia zirkularraren alorreko tokiko ekintzailetza-ekimenei laguntzea eta aholkua eskaintzea; eta negozio-aukerak detektatzea eremu horretan, merkataritza, turismo eta sorkuntzaren industriaren sektoreetan, besteak beste.
Hubaren jarduera osoa eskuragarri egongo da beraren web korporatiboan. Hala, beraren bitartez, interesatuta dauden enpresek euren prozesu industrialen zirkulartasun mailari buruzko autodiagnostikoak egin ahal izango dituzte, euren produktuen ingurumen-inpaktuak kuantifikatu, edo erakusketa birtuala bisitatu: euskal enpresek ekodiseinatutako ia 200 produktu, jadanik merkaturatzen ari direnak.