Gabonak itzuli dira Bilbora ilusioz, aisialdiz, kulturaz eta ingurumen aldetik jasangarriago izateko gogoz

Azaroak 23

  • #BilbaoGabonak, Udalak Gabonetarako daukan proiektua, Urira itzuliko da pandemiak eragindako murriztapenik gabe eta egun horietan Bilbo erakarpen gune moduan eta aisialdiko, merkataritzako eta kulturako erreferente moduan finkatzeko asmoarekin.

  • Areatza eta Erripa Kaia ostera ere izango dira gune nagusiak, izotz ekologikozko pistarekin (800 metro koadro baino gehiago), sei erreiko txirristarekin, umeen karpa jardueraz betearekin eta Gabonetako Azokarekin, non hiriko merkatariek beren produktuak eskainiko baitituzte, gastronomiazkoak, ehunezkoak, dekoraziokoak eta beste.

  • Bi urte kanpoan egin ostean, txikienek gehien espero dituzten uneak Olentzeroren eta Mari Domingiren Kalejiraren magiarekin eta ilusioarekin itzuliko dira, haiek Bilbon ibiliko baitira abenduaren 23an arratsaldean, eta Errege Magoen kabalgatarekin ere bai, urtarrilaren 5ean.

  • Udal programazioan, bestalde, kultur jardueren eskaintza handi bat izango da auzo guztietan—antzerkia, musika, zirkua, magia-ikuskizunak, abesbatzen kontzertuak, umorea, arte-erakusketak––, eta are beste aisialdi proposamen batzuk ere umeentzat eta nerabeentzat.

  • Argiak pizteko unea astebete atzeratu zen, erantzukizunagatik eta zuhurtasunagatik, energia-mendekotasuna murrizteko beharraren aurrean, baina, pizteko unean, azaroaren 30ean (datorren eguaztenean) 1.350.000 led argi piztuko dira, eta argiz osatutako zortzi lauza berri ere banatuko dira barruti guztietan.

#BilbaoGabonak Urira itzuliko da Gabonetan, inoiz baino ilusio handiagoarekin, bi urte egin ostean murriztapenen pean. Era horretan, Bilbok ostera ere izango ditu auzo guztietako kaleak magiaz, argiz, aisialdiz eta kulturaz bete-beteak, datorren urtarrilaren 8ra arte, eta, oraingo aldi honetan, ingurumenaren aldetik ere jasangarriago izateko asmoarekin.

#BilbaoGabonak proiektu asmo handiko eta berezi bat da, eta Udalak, berarekin, programaziorik albait askotarikoena jartzen du abian, adin guztietako jendearentzat, baina batez ere umeentzat, eta, betiere, Bizkaiko hiriburua erakarpen gune moduan eta aisialdiko, merkataritzako eta kulturako erreferente moduan finkatzearren, baita egun horietan ere.

Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotziak, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotziak, Kepa Odriozola Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko Saileko zinegotziak eta Gonzalo Olabarria Kultura Saileko zinegotziak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan #BilbaoGabonak programak aurten dakartzan berrikuntza guztiak.

Azaldu dutenez, Bilboko gune nagusia Itsasadarraren bi ertzetan egongo da ostera ere, eta, gainera, Bilboko Udaletxearen ingurua, Areatza eta Erripa Kaia berriro ere izango dira ospakizunen bihotza, Uriko auzo guztietara jarduera zabalduko duena.

IZOTZ EKOLOGIKOZKO PISTA ETA SEI ERREIKO TXIRRISTA

Laugarren urtez, izotz ekologikozko pista eta txirrista itzuliko dira, pandemiako murriztapenik gabe, Areatzako eta Erripa Kaietara, bihartik aurrera (azaroak 24) eta urtarrilaren 5era arte.

Izotz ekologikoaren gaineko irristaketarako pista bat da, 800 metro koadrokoa, Estatuan denik eta handienetakoa modalitate horretan, eta instalazioaren erdia baino gehiago estalia du, eguraldi txarra denerako, eta txirrista handi bat ere bai, sei erreikoa.

  • Sarrerak salgai daude dagoeneko, online nahiz www.bilbaopistadehielo.com web orriaren bitartez, eta instalazioko leihatiletan, berriz, bihartik aurrera. Izotz-pistaren kasuan, 3,5 euro izango da prezioa irristatzen emandako 30 minutuko (patinak barne), eta 2,5 euro kide anitzeko familientzat; aldiz, txirristan, 2,5 euro izango da pertsonako, eta hiru aldiz jaitsi ahal izango dira erreietan behera. Taldeentzako erreserbak egiteko (20 pertsona baino gehiagokoak izan behar dute), mezu elektroniko bat igorri beharko da helbide honetara: reservasgabonak@proasur.com. Taldeen erreserbekin zerikusia duten kontsultak astelehenetik barikura egin ahal izango dira, 9:00etatik 14:00etara, 630 988 494 telefonoaren bidez.
  • Instalazio horietarako aurreikusitako ordutegia hau izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30eraEskola-jarduerako ordutegian, ordutegia arratsaldez baino ez da izango, 16:00etatik 20:30era.

Azpiegitura bata zein bestea Xtraice nazioarteko enpresak diseinatu ditu: izotz ekologikoa fabrikatzen eta banatzen aitzindaria da enpresa hori. Gai berritzaileak erabiltzen ditu, beraz, abangoardiakoak, jasangarriagoak, ur izoztuko pista batean irristatzeko sentsazioa eraginez, ingurumena begiratzen duen produktu % 100ean birziklagarri batekin. Apustu honekin, Bilboko Udalak ura eta argindarra aurreztuko ditu nabarmenki, eta tonaka CO2 eguratsera isurtzea eragotziko.

TXIKIGUNEA, 450 METRO KOADROKOA

Erripa Kaian, halaber, 0 eta 12 urte arteko umeek Txikigunea aurkituko dute, 450 metro koadroko karpa bat, bereziki haientzat diseinatutako jarduerez betea.

Karpak bi eremu izango ditu: Ganbara eta Gabonetako Ametsen Faktoria.

Alde batetik, Ganbaran, txikienek eta haien familiek aukera izango dute denboran zehar bidaiatzeko eta ahaztutako amets haiek berreskuratzeko era bateko eta besteko jardueren bitartez, hala nola labirinto bat, olgetarako eremu bat, argazki-erakusketak eta beste.

Gabonetako Ametsen Faktorian, bestalde, beren egungo ametsak sortu eta moldatu ahal izango dituzte hainbat jardueraren bitartez, hala nola tailerrak, Olentzerorentzako eta Mari Domingirentzako nahiz Errege Magoentzako gutunen ontzia edo ludoteka, besteak beste.

Bestalde, azaroaren 30ean eta abenduaren 5, 7, 14, 21, 26 eta 28an eta urtarrilaren 2an eta 4an, karparen barruan, umeentzako hainbat ikuskizun izango dira, ipuin kontalari, magia, diskofesta, globoflexia eta besterekin…Egun horietako bakoitzean bi emanaldi izango dira, bata 17:30ean eta bestea 19:00etan. Ikuskizun-egunetan, Gabonetako Ametsen Faktoriaren ingurua itxita egongo da, eremua programaziorako erabilgarri egon dadin.

Umeentzako eremu horren ordutegia 16:00etatik 20:30era izango da, eskola-jarduera dagoen egunetan, eta 11:00etatik 14:00etara, goizez, eta 16:30etik 20:30era arratsaldez, asteburuetan, jaiegunetan eta eskola-oporren garaian.

Jardueretara sartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, esteka honetan, zeina dagoeneko abian baita, edo, bestela, karpan bertan, irekitzen dutenetik aurrera.

GABONETAKO AZOKA

“Gabonetako Azoka” osatzen duten zurezko 20 etxolak Erripako Kaira itzuliko dira ostera ere, Bilboren merkataritza-eskaintza handitzearren egun horietan. Hiriko merkatariek beren gastronomia, opari, ehungintza eta Gabonetako apaingarriak eskainiko dituzte, azaroaren 2tik urtarrilaren 5era arte, 12:30etik 21:00era, salbu eta abenduaren 12, 13, 14,15, 19 eta 20an, 17:30etik 21:00era.

Berritasun moduan, aurten, Udalak etxoletako bat erreserbatu du Bilboko Balioen Agiria eta Garapen Jasangarriko Helburuak ezagutzera emateko.

Eskaintza komertziala osatzeko, Gabonetako Merkatuaren aurrean, Areatzako kaian, Arbaso artisau-elkarteak kudeatzen duen Gabonetako Artisautza Azoka, Gabonart, jarriko du martxan abenduaren 16tik urtarrilaren 5era bitartean.

OLENTZEROREN KALEJIRA ETA ERREGE MAGOEN KABALGATA ERE ITZULIKO DIRA

Gabonetan Bilbon irrika handienarekin igurikitzen diren bi uneak abenduaren 23an eta urtarrilaren 5ean izaten dira, arratsaldez: Olentzero, Mari Domingi, Errege Magoak eta haien segizioak ostera ere ibiliko dira Uriko kaleetan zehar, Kalejiran eta Kabalgatan. Bi urte geldirik eman ostean COVID-19arengatik, ostera ere izango ditugu gure artean, eta umeek aukera izango dute kaleko antzerkiko bi ikuskizun handi horien magiaz gozatzeko, Bizkaiko hiriburuan beti legez.

Iristen lehenak Olentzero eta Mari Domingi izango dira. Abenduaren 23an, 18:00etan, Galtzagorriek lagunduta, eta Bilboko familiei agur egin ostean Carlton Hoteleko balkoitik, oste osoa Kalejira moldera itzuliko da, Uria zeharkatuz Arriaga plaza aldera, eta, han, amaiera paregabea emango zaio musika-ikuskizun batekin. Gau horretan, Arriaga Antzokian hartuko dute babes, eta biharamunean, abenduaren 24an, zapatuarekin, umeei harrera egingo diete Olentzerok eta Mari Domingik.

Ekialdeko Errege Mago Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek arratsaldean izango dute beren aldia, urtarrilaren 5ean, eguenean. Haiek ere laster elkartuko dira ostera ere umeekin eta haien familiekin, Kabalgatan. Argi, soinu eta kolore bete kabalgata bat ibiliko da Kale Nagusian zehar Udaletxera arte, eta, han, Olentzerok bezala, Errege Magoek ere harrera egingo diete beren gurariak jakitera ematera hurbilduko zaizkien umeei.

KULTUR GABONAK, KULTUR PROGRAMAZIO BETE-BETE BATEKIN

Kulturak ere leku nabarmena izango du hirian Gabonetan. KULTUR GABONAK izeneko programazio kalitatezko, askotariko eta gehienetan doako bat, publiko eta adin eta gustu guztientzako diseinatua. Gainera, aisialdia eta kultura auzoetara ekartzeko eskaintza bat izango da.

ARTE ESZENIKOAK

Hala, bada, Udalak arte eszenikoen programazio zabal-zabal bat eskainiko du, antzerkia, klowna, zirkua, magia, bakarrizketak, bat-batean asmatuak eta ipuin-kontalariak, publiko guztiek heldu nahiz txikienek gozatzeko pentsatutako proposamenekin. Basurtu, Abando, Olabeaga, Abusu, Buia, Zorrotza, Altamira, Castaños, San Frantzisko, Errekalde, Deustu, Santutxu, San Ignazio, Ibarrekolanda eta Begoña auzoetako udaltegietan izango dira horiek guztiak.

Antzerkia, aurtengo Gabonetan, konpainia hauen eskutik iritsiko da urira: Euri Artean, “Nuestra Señora de las Nubes” proposamenarekin; Luna Llena, “Tupper XX” lanarekin; ATX Teatroa, “Balbea” lanarekin, eta La Pacheca Collective, “Tarán-Tran-Transición” lanarekin; Totum, “El rescate” lanarekin; Aullidos de Otxar, “El viaje de Aullidos de Otxar” lanarekin, eta 29 Producciones, “Poeta en Nueva York” lanarekin.

Heldu nahiz gazteentzako eskaintza horretan, beren lekua izango dute bat-batean asmatutakoek ere, “Inpro Komeryak” lanarekin, Mitxel Santamaria, Leire Orbe eta Iñaki Maruriren eskutikbakarrizketak, berriz, Mikel Bermejoren eta “¡Ahí va la hostia!” konpainiaren eskutik izango dira. eta, ipuin kontalarien artean, Virginia Imaz izango da, “La domadora de sueños” lanarekin.

Magia ere ––ezin bestela izan–– izango da egun berezi horietan, eta familiek hitzordu bana izango dute ikuskizun hauekin: “Bat, bi, eta hiru…magia!” , Eneko Magoa & Dani Ross magoen eskutik; “Zoorprendente”, Julianiniren eskutik; “Crazy Magic Show”, Oliver & Liuba konpainiaren eskutik; Winston Coppeland eta haien “Winston Coppelan-En Magia Zentzugabea!” ikuskizuna; eta Ilusionista eta “The Ismagic Show” ikuskizuna.

Halaber, klowna ere izango dugu, Monda Lironda eta Oihulari Klown konpainiekin; zirkua, “Neguko Zirkua” ikuskizunarekin, CIA Trotamundos konpainiaren eskutik; eta ipuin kontalarien saio bat ere bai, Bego Alabazanen eskutik, zeinak bere istorioak kontatuko baitizkie jardunaldira hurbilduko diren umeei.

EUSKAL FOLKLOREA

Euskal kulturak ere izango du bere lekua Udalak sustatutako urte osorako sustatutako kultur programazioan. Gabonetan, euskal dantzak, dantzaldiak eta kalejirak ere izango ditugu bertoko taldeen eskutik, usadioan ezagunenak diren proposamenak indartzearren eta estimatzearren.

Hamar bat hitzorduk hartuko dituzte, bestalde, Garellano, Santiago, Karmelo eta Basurtu plazak eta Ametzolako parkea, Zorrotzeko pilota-lekua eta Luzarra kalea, Ondalan taldearen erraldoien kalejirez gozatzeko; dantzak ere izango dira, talde hauen eskutik: Salbatzaile Dantza Taldea, Beti Jai Alai, Batasuna Arraizbide, Ibai-Arte , eta Gaztedi Dantzari Taldea.

Gainera, abenduaren 15ean, Deustuko Udaltegian, bertsolaritza saio bat gozatu ahal izango da: “Ez da kasualitatea”, musikaz lagundutako bertsoekin ondutako ikuskizun bat, Ekhiñe Zapiain, Haizea Arana, Maddi Aiestaran, Maite Sarasola bertsolariak jardungo direlarik Iratxe Muxika gai-jartzailearekin, eta Aner Peritzen eta Libe Gobeagaren musikekin.

MUSIKA

Bilboko Atxuri, Zabala, Zorrotza, Santutxu, Castaños, Indautxu, Errekalde, Abusu, Abando, Txurdinaga, Irala, Olabeaga eta Basurtu auzoetako elizetan, berriz, azaroaren 25ean, eguenean, eta urtarrilaren 4ra arte, era bateko eta besteko musika-proposamenak izango dira.

Alde batetik, Gabonetako Abesbatza Kontzertuak izango dira, hauen eskutik: Bilboko Ganbera Abesbatzaren eta Orkestra; Lur Maitea Zortzikotea; Jatorki Abesbatza; Bilbao Kamerata eta Bilboko Rossini Abesbatza Elkartea; Club Deportivo Abesbatza eta Otxarkoaga Abesbatza; Deustoarrak Abesbatza eta Bilbao Argia Zortzikotea; Iubilo Bilbao Abesbatza eta Lagundi Abesbatza; Begoñako Sustraiak Abesbatza eta Bilbao Musikako Gazte Abesbatza; Andre Berri Abesbatza eta Arraizpe Abesbatza Elkartea; Garaizarko Matsorriak eta San Fran Korue; Trikileku San Anton Orfeoia eta Euskeria Abesbatza; Mikel Deuna Abesbatza eta Inmakuladako Abeslariak Abesbatza; Emays Abesbatza eta San Inazio Abesbatza; Gaudeamus eta Bizkaiko Ingeniarien Abesbatza; eta Ars Viva Abesbatza.

Beste alde batetik, kontzertuak ere izango dira: “Viajar al Barranco” Argenta Vocerena; “Contar sintiendo, sentir cantando” ikuskizuna, Melodika Ensemblerena; “Love Music Concert”, Martín Barcelona eta Miren de Diegorena; eta “Un viaje sonoro y visual por las emociones”, Soinuak Haizean taldearena.

Elizetan ez ezik, beste leku batzuetan ere izango da musika Gabonetan, hala nola Bertendona InstitutuanArpenjo arpa eta banjo bikoteak “Tikan” lana aurkeztuko duelarik (azaroaren 25ean), eta Flamengrassen eskutik, “Alegría” proposamena eskainiko duelarik (abenduaren 2an). Beste alde batetik, Buiako udaltegian Szmana Contrasteren kontzertua izango da (azaroaren 26an), eta Errekaldeko udaltegian, Antuxuna eta Patx bikotearen emanaldia, abenduaren 29an.

ONDARE HISTORIKOA

«Argazkineta» ekimenak, bestalde, Argazkineta Show ikuskizuna eskainiko du, Abusuko auzotarrekin hilabete hauetan bildutako oroitzapenen emaitzak erakusteko: ekitaldi jostagarri, parte hartze bidezko eta arin bat izango da, zeinean urrian eta azaroan Argazkineta proiektura hurbildu zirenek ekarritako argazkiak, bideoak, oroitzapenak eta jakitera emandako bizipenak proiektatuko baitira. Ikuskizuna abenduaren 13an izango da, Abusuko Artzain Onaren Elizan – Abusun.

LITERATURA

Bidebarrieta Kulturguneak, Bidebarrieta Liburutegian kulturarekin bat egingo duen guneak ere, bat egingo du KULTUR GABONAK egitasmoarekin, hainbat proposamen eskainiz:

  • Zientziaren inguruko mintzaldiak: “Medikuntza genero-ikuspegitik”, Maria Teresa Ruiz Canteroren eskutik (azaroaren 24an); eta “Nola atzitu uhinen energia”, Paula Serras Malillosen eskutik (abenduaren 14an).
  • Poesia errezitaldia: Poetalia Elkarte Poetikoak ere parte hartuko du KULTUR GABONETAN, “Poemak genero-indarkeriarik gabe” errezitaldiarekin (azaroaren 25ean).
  • Liburu aurkezpenak: Bidebarrieta Kulturgunean, hainbat liburu aurkeztuko dira, hala nola: “Esto no se dice” liburua, Alejandro Palomasena (azaroaren 29an); “Bilbao, un paseo en acuarela”, Elena Ciordiarena (azaroaren 30ean); “Ser el yo de nadie”, Carlos Aurtenetxerena (abenduaren 9an); “Elaia y las esculturas”, Esmeralda Erlorena (abenduaren 12an); “Historia de las izquierdas en España & Historias de las derechas en España”, Juan Sisinio Pérez Garzón eta Antonio Riverarena (abenduaren 13an).
  • Topaketak Gaurkotasunarekin: Zabalkundeko mintzaldien ziklo bat da, non zorrozki bilatzen baita sakonago aztertzea egungo eguneko gaiak, pil-pilean daudenak, akademizismotik aldenduta: hala, abenduaren 15ean, Pedro Baños izango da gonbidatua, eta Dani Álvarez eta Mikel Reparaz kazetariekin batera “La encrucijada mundial – Un manual del mañana” izeneko mintzaldia emango dute.
  • XXI. mendean Euskal Literaturarekin berriketan izeneko zikloan, ostera, “Euskal literaturaz haurdun” izeneko hitzordua proposatuko da, Erika Lagoma, Estitxu Fernández eta Alaine Agirre jardungo direlarik (abenduaren 20an).

Halaber, Abando udaltegian, Txani Rodríguez eta Mónica Crespo idazleak arituko dira, hitzaldi bat eskainiz idazle bihurtzeko prozesuaz, abenduaren 15ean.

KULTURA GEHIAGO, AISIALDI GEHIAGO

MUSIKA-MÚSICA #PRE2023

Berritasun moduan, Musika-Música Jaialdiak ere musika klasikoko ziklo bat aurkeztuko du, musika-música#pre2023 izenekoa, abenduaren 13an, 14an eta 15ean, 19:00etan, Azkuna Zentroan. Kontzertu horietarako hautatu den gaia, “Notak & Letrak” izenekoa, izango da Jaialdiaren 22. edizioan nagusi, 2023ko martxoaren 3tik aurrera, eta Bilbo ostera ere izango da musikaren hiriburua asteburu batean.

  • Abenduaren 13a: MOBY DYCK, Iñaki Estrataren musikarekin, eta Ciklus Ensemble, Asier Pugaren zuzendaritzarekin.
  • Abenduaren 14an: CELLO 360, Christian-Pierre La Marca txelo jotzailea eta Yaman Okur dantzaria.
  • Abenduaren 15ean: PROUST, LE CONCERT RETROUVE, Théotime Langlois de Swarteren txeloarekin, Tanguy Williencourten pianoarekin eta Estudio Gheadaren ikusizko lanekin.

Sarrera dohainik izango da, eta gonbidapenak abenduaren 9tik 15era bitartean jaso ahal izango dira, 16:00etatik 19:00etara, Azkuna Zentroan (2 gonbidapen pertsonako eta kontzertuko).

ARRIAGA ANTZOKIA

Arriaga Antzokian, abenduaren 19an, gospel kontzertu oso berezi bat izango da. Amazing Grace, A Gospel celebration to Aretha FranklinThe Black Heritage Chori taldearen eskutik.

Biharamunean, abenduaren 20an, Vocalia Taldeak, Basilio Astúlezen zuzendaritzapean, There is no rose aurkeztuko du.

Bestalde, abenduaren 22an, publikoak aukera izango du musikaren historiako obrarik handienetako bat gozatzeko, “Mesias“, Händelena: oraingo aldi honetan, lau bakarlariren ahotsak bilduko ditu (Carlos Mena, Jone Martínez, Josu Cabrero eta Elías Arranz), eta, haiekin batera, BilbaoSinfonietta orkestra eta Kup Taldea abesbatza arituko dira.

Arriagan, bestalde, hiru ikuskizun izango dira, umeentzat eta familientzat. Abenduaren 26an, Euskelelea musikazko ipuina euskaraz, Enrike Solinisena, eta Juan Kruz Igerabide poetaren hitzekin ahaire ederrak eta betiko kantuak entzungo dira Euskal Barrokensembleren eskutik joak eta Irrimarraren irudi ederrekin lagunduak.

Mag Lari katalan mago ospetsua iritsiko da Bilbora abenduaren 29an eta 30eanMag Lari Live ikuskizunarekin; eta urtarrilaren 3an eta 5ean, ABAO Txiki Arriagan gozatu ahal izango da, ABAOk eta Arriaga Antzokiak sustatuta. Bestalde, “Cuentos de Navidad” umeentzako opera bat da, Charles Dickens-en ipuin herrikoian oinarritua, eta Arriaga Antzokian eskainiko da Iñigo Casaliren musikarekin, 6 urtetik gorako umeentzako gomendatutako ikuskizun batean.

Bestalde, Jazz-aren maitaleek badute hitzordu bat abenduaren 27an, Manzanares Hirukotearen eskutik, eta musikari handiak izango dira askotariko kantutegi bat jotzen, etiketa gabea, Jazzetik kubatar musikaraino doan egitarau kalitate handiko batekin. Abenduaren 28an, berriz, Ainhoa Artetarekin izango da hitzordua.

AZKUNA ZENTROA

Gabonetan, gainera, Azkuna Zentroko kultur programazioan erakusketak izango dira lehenen. Areto nagusian “Somewhere form here to heaven” ikusi ahal izango da. Lantegia 1 eremua, berriz, “Ciencia fricción. Vida entre especies compañeras” egongo da erakusgai, eta, Mediatekan, egitarauak umeak eta gaztetxoak izango ditu xede, irakurtzen hastera bultzatzeko jarduerekin (3 eta 5 urte bitarteko umeak dituzten familientzat) eta marrazkigintzan eta liburu grafikoetan hasteko jarduerekin (6 eta 12 urte bitarteko umeentzat).

BILBAO MUSIKA

Bilbao Musikak garai honetarako eskaintzen dituen jarduera guztien artean nabarmentzekoak dira Musika Eskolaren Gabonetako Kontzertua, abenduaren 19an, eta Txistularien Udal Bandaren kontzertua, abenduaren 20an. Txistulariekin batera beste zenbait abesbatza arituko dira Gabonetako ahaire bereziak jotzen. Obra oso ezagunekin batera eskainiko dizute egungo konposatzaileen kantu berriak. Kontzertu honetan parte hartuko duten taldeak, beraz, hauek izango dira: Ahotsak, Miren Bernaola zuzendari dela, eta umeen eta gaztetxoen abesbatzak, Maite Olmos zuzendari dela. Halaber parte hartuko dute Bilboko Musika Eskolako txistu ikasleek. Horiez guztiez gain, sketchak ere izango dira, eta Oier Agirre eta Nerea Sanz aktoreen aurkezpenak ere bai.

BERREGINEN MUSEOA

Berreginen Museoak aurkeztuko du Gabonetako tailerra haurrentzat “Bizitzaren neurria. Un año de festivales” izeneko 6 eta 10 urte bitarteko umeendako jarduera, abenduaren 27an, 28an eta 29an, 10:00etatik 13:00etara. Jarduera, bestalde, bat dator Museoko aldi baterako erakusketaren gaiarekin.

Parte hartzaileek tailer txiki bat egingo dute, ongi-etorri gisa, eta norberaren eguneroko bat sortuko dute, hiru egunetan zehar egingo dituzten jarduerak jasotzeko idatziz. Harrera horrela egin ostean, bisita gidatu bat egingo dute aldi baterako erakusketan zehar, eta, han, txikienek aukera izango dute erakusketako zenbait gai funtsezko ezagutzeko. Ikustaldiaren ostean, antzinako Greziaren garaietan ospatu ziren jaialdirik ezagunenetan sartuko dira. Bidaia bat denboran zehar, zeinean gazteenek aukera izango baitute Atenas klasikoko historiak ezagutzeko.

AISIALDIA ETA ADISKIDETZEA

Aurten ere, Bilboko Udalak abian jarri ditu Gabongune, Gabonkide eta Gabonetan primeran kirola eginez izeneko Gabonetako programak adingabeentzako, aisialdi hezigarrirako eta kirolerako Gabonetako programak, hain zuzen, eta, guztira, 2.766 leku eskainiko zaizkie 3 eta 16 urte bitarteko adingabeei.

Udalaren helburua da Gabonetako oporretan zehar lan- eta familia-bizitza bateratzen laguntzea, eta, horrez gain, txikienek gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera izan dezatela, trebetasun eta ezagutza berriak berenganatzen dituzten bitartean eta beren inguruneko beste haur batzuk ezagutzen dituzten bitartean.

Udalekuak abenduaren 26an eta 27an izango dira, ––egitarauaren arabera, beti ere– urtarrilaren 5era arte, Urian han eta hemen: Deustu, Castaños, Begoña, Abusu, San Frantzisko, Otxarkoaga, Zorrotza, Txurdinaga eta San Inazio auzoetan.

Jarduera guztiak aisialdiaren ikuspegitik prestatu dira, dela kirol aisialdiarenetik edo aisialdi hezigarriarenetik, Bilboko Balioen Agiria eta Garapen Jasangarriko Helburuak aintzat hartuz zeharkako ardatz moduan, eta, oraingo aldi honetan, arte jarduera batzuk eta besteak izango direlarik protagonista.

Gabonetako aisialdi-jardueren eskaintza GazteKLUBA GABONAK egitarauko beste 500 plazarekin osatuko da; egitarau hori 12 eta 17 urte bitarteko adingabeentzako prestatu da, zeintzuek, abenduaren 26tik 2023ko urtarrilaren 7ra bitartean, aukera izango baitute teknologiari eta arteari buruzko tailerretan eta ibilaldietan edo kirol jardueretan parte hartzeko, hala nola akrobaziak, dantza eta abentura askotarikoak.

Azkenik, 12 edo 13 urte bitarteko 160 adingabek parte hartu ahal izango dute Hala Birala! izeneko programan, abenduaren 26, 27, 28 eta 29an, Udalak antolatu baitu Azkue Fundazioarekin elkarlanean; programa horren barruan, 4 tailer egingo dira, euskaraz eta dohainik, goizez, honako gai hauen inguruan: sare sozialak; bideoa grabatzeko eta editatzeko teknikak; euskarazko erreferenteak, joerak eta beste.

GABONETAKO ARGIZTAPENA

Aurten, Bilboko Udalak, erantzukizunez eta zuhurtasunez eta oreka bat bilatuz energia-mendekotasuna murriztu beharraren eta argiek Gabonetan izaten duten ahal dinamizatzailearen artean, erabaki du astebete atzeratzea Gabonetako argien iziotzea; hala, bada, azaroaren 30ean hasiko dira argiak Uria argitzen.

Edozelan ere, kaleko argi publikoetan eta batez ere Gabonetakoetan energia-eraginkortasunerantz egin beharreko trantsizio hori ez da berria Bilborendako, zeren eta Udalak Gabonetan ipintzen dituen argi guzti-guztiak eta elementu apaingarri guztiak led baitira, hau da, eraginkorrak.

Beraz, datorren eguaztenean, azaroak 30, 20:00etan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, 1.350.000 led argi baino gehiago piztuko ditu guztira, hiria argiztatuko dutenak urtarrilaren 8ra arte, eta hala egunero-egunero, 18:00etatik 22:00etara. Gogorarazi beharra dago nola, iaz arte, argiak beste ordubete gehiago egoten ziren piztuta, 23:00etara arte, eguenetan, zapatuetan eta jaiegun bezperetan.

Gabonetako argiztapena, aurten, berrikuntzekin iritsiko da Bilbora.. Ohiko irudiez gainera ––hala nola Areatzako baso urrekara, bere 120 zuhaitz argitsuekin, Kale Nagusiko argi urdinak edo Udaletxearen eraikin nagusiaren ondoko dekorazioa, non, gainera, zuhaitz bat apainduko baita, 14 metrokoa, eta Gabonetako bola handia eta Bilboko lauza ere bai, lehenago bezala–, balea urrekara handia ere itzuliko da Areatzako aterpeetara, eta, halaber itzuliko dira Emakumeen Plazara Mari Domingiren eta Olentzeroren iruditzarrak, led argiz horniturik.

Hala ere, Udalarena ez da izango lauza handi argiztatu bakarra hirian, zeren eta, harez gain, bana jarriko baita Barruti bakoitzean, kokaleku hauetan:

  • 1. Barrutian: Eugenio Olabarria plazan, Zorrotzaurren.
  • 2. Barrutian: Arabella auzoan, gailu bio-osasungarrien ondoan.
  • 3. Barrutian: Garai lorategietan, Txurdinagan.
  • 4. Barrutian: Basarrate Landan, Santutxun.
  • 5. Barrutian: Ibaizabal Landan, Abusun.
  • 6. Barrutian: Ertzilla kalean, Indautxun.
  • 7. Barrutian; Jaén kalean, Errekalden.
  • 8. Barrutian: Azoka plazan, Zorrotza auzoan.

Horrez gain, datozen asteotan bisitan etorriko zaizkigunei ongi-etorria egiteko, Uriko sarbide nagusietan (Juan de Garai, Sabino Arana etorbidea, Zumalakarregi etorbidea, Mirafloresetik Miribillara sartzeko bidean, Kastrexanan eta Zorrotzean), sei afixa jarri dira, “Zorionak” opatuz Eguberrietarako, Bilboren B hizkiarekin batera.

GABONETAKO 57 ZUHAITZ

Halaber, 57 zuhaitz apainduko dira guztira, Gabonetako gaiekin, guztiak ere ondo banatuta barrutietan zehar. 25 artifizialak dira eta 32 benetakoak, urte osoan beren berezko lekuan egoten direnak eta Gabonetan beren-beregi apaintzen direnak.

Lehen barrutian, Gabonetako sei zuhaitz egongo dira, Arangoiti, Ibarrekolanda, San Inazio-Elorrieta eta Deustu-Erribera auzoetan. Bigarren barrutian, lau zuhaitz egongo dira apainduta, Matiko-Loruri, Uribarri, Castaños eta Zurbaran-Arabella auzoetan. Hirugarren barrutian, Otxarkoagan eta Txurdinagan, izei artifizial bi izango dira, eta laugarren barrutian hiru zuhaitz ipiniko dira, Boluetan eta Santutxun.

Guztira, hamasei zuhaitzek apainduko dute bosgarren barrutia, Atxurin, Bilbo Zaharrean, Iturralden, Miribillan, San Frantziskon, Solokoetxen, Zabalan, Buian, Abusun, San Adrianen eta Zazpi Kaleetan. Seigarren barrutian, hiru zuhaitz zango dira Indautxun eta Abandon, eta zazpigarren barrutian hamaika zuhaitz ipiniko dira: Ametzolan, Iralabarrin, Iturrigorrin, Peñascalen eta Errekaldeberri-Larraskitun. Azkenik, zortzigarren barrutian, hamaika zuhaitz egongo dira, Basurtun: haietako bat ospitalearen aurrean, eta bestea Zorrotzean.

OSTALARITZAKO ORDUTEGIAK LUZATZEA

Egun berezi hauek direla-eta, Bilboko Udalak erabaki du ostalaritzako ixteko ordua beste bi ordu luzatzea, ordutegi luzeagoa baimenduz. Horrela, bada, ordutegia luzatzea ostalaritzako lokal guztientzat izango da baliagarri, salbu eta “egunekoentzat” eta terrazentzat, ordutegi araubide desberdina dutelako:

  • Gabon aurrean, asteburuetan, abenduaren 2an, 3an eta 9an eta 10ean.
  • Gabonetan, abenduaren 15, 16, 17, 22, 23, 24, 29, 30 eta 31n, eta urtarrilaren 5ean eta 6an.

SARE SOZIALAK:

#BilbaoGabonak