Gabonart artisautza azokak ateak ireki ditu Areatzan, eta Bilboko Gabonetara bildu da

Abenduak 16

  • Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, hasiera eman dio gaur Gabonart artisautza-azokaren 10. edizioari, zeina urtarrilaren 5era arte Areatzako kaian egongo baita.

  • Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak, Arbaso izenekoak, antolatu du azoka, eta bertan 55 artisau bilduko dira hainbat produktu-mota saltzeko: jantzigintza, bitxiak eta larruzko zein zeramikazko produktuak, besteak beste.

  • Azoka horrekin #BilbaoGabonak udal-proiektuaren jarduera guztiak abiarazi dira jadanik. Proiektuaren helburua Gabonetan Bilbo erakarpen gune handi eta erreferente gisa finkatzea baita, aisialdiari, merkataritzari eta kulturari dagokienez.

Gabonart artisautza azokaren hamargarren edizioaren gaurko inaugurazioarekin batera, #BilbaoGabonak proiektuaren jarduera guztiak abiarazi dira Bilbon. Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, eta azoka antolatuko duen Arbaso izeneko artisauen elkarteko presidentea den Bernat Vidalek hasiera eman diote artisautzaren arloko zenbait profesional entzutetsuren lanak bilduko dituen ekitaldi tradizional horri.

Aurtengo edizioan, Gabonart ohiko karpara itzuliko da, azken bi edizioak pandemiaren eraginpean antolatu ostean. Bertan, Areatzako kaian, 55 artisau bilduko dira urtarrilaren 5era arte produkturik onenak eskaintzeko.

Bilboko alkate den Juan Mari Aburtorentzat, «Gabonart artisautza-azokak Bilboko merkataritzak nolakoa izan behar duen erakusten du: aparta, originala eta kalitatezkoa. Egun hauetan Areatzako kaian bilduko diren artisauek ere ezaugarri horiek biltzen dituzte, eta, horrela, gure hiribildua aisialdirako, merkataritzarako eta kulturarako erakarpen gune handi eta erreferente gisa finkatzen duen #BilbaoGabonak proiektuaren eskaintza osatu dute.»

Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkartea den Arbasoren ustetan, «Bilbo oso plaza erakargarria da artisauentzat. Denek adierazi dute hiriak ongietorri bikaina egiten diela, eta Bilbok artisautza “ulertzen” duenez, badakitela harrera on batekin egingo dutela topo».

ERREFERENTZIAZKO EKITALDI BAT

Aurten, artisautzaren esparruko 55 profesional bilduko dira guztira Areatzako kaiko karpan, aurreko edizioan baino bi artisau gehiago, alegia. Haietako asko berriak izango dira. Horrek Gabonart estatuko erreferente gisa finkatuko du.

Artisau horien guztien artean % 55 Bizkaikoak dira, eta horietatik 30 saltokik lantokia Bilbon bertan dute, hau da, % 29k. Datuok ekitaldi horrek tokiko ekonomiaren eta ekonomia zirkularraren eragile gisa sektorearentzat duen garrantzia islatzen dute. Bestalde, Gipuzkoako lau profesional egongo dira, eta Arabako hiru. Estatu-esparruan, Gaztela Mantxako, Gaztela eta Leoneko, Kantabriako, Asturiaseko, Galiziako, Murtziako, Madrilgo, Kataluniako, Valentziako, Extremadurako, Andaluziako edota Balear Irletako artisauak bertaratuko dira.

Sektoreei dagokienez, aurtengo gremiorik garrantzitsuena jantzigintzarena izango da, zortzi saltoki egongo baitira. Bitxienlarruen eta zeramikaren gremioak datoz ostean, seina posturekin. Edizio honetan egurraren lantzen duten bost artisau egongo dira, eta kosmetikaren eta imitaziozko bitxien esparruetako launa saltoki. Beiraren langintzako hiru profesional egongo dira, eta jostailugintzaren, kandelagintzaren eta koadernaketaren esparruetako bina profesional. Oinetakoen, ilustrazioaren, kalabazen, makramearen, eskulturaren, birziklapenaren eta lore lehorren artisauak ere egongo dira.

Gabonart azokaren ondorioz, Areatzako kaia artisautzaren hiri bilakatuko da, eta ezinbesteko topaketa izango da bilbotarrentzat zein bisitarientzat, baita hiribilduaren ekonomiaren dinamizazioa eta tokiko kontsumoaren gaineko kontzientzia sustatzen dituen ekitaldi bat ere.

#BILBAOGABONAK

Asmo handiko proiektu berezi honen bidez, udalak bere programaziorik anitzena aktibatu du, adin guztietako herritarrei zuzenduta, baina batez ere haurrei, honako helburu hau bete nahian: garai honetan ere Bilbo erakarpen gune handi eta erreferente gisa finkatzea, aisialdiari, merkataritzari eta kulturari dagokienez.