“Mendian Gora” erakusketaren inaugurazioa Bilboko Alde Zaharreko saltokietako erakusleihoetan

Azaroak 29

  • “Mendian Gora” erakusketak euskal mendizaletasunaren historian bizitako mugarri nagusiak dakarzkigu gogora; berariaz prestatutako hogei azalpen-panelek eta balio sinboliko handiko materialek osatzen dute erakusketa, eta Bilboko Alde Zaharreko saltokietako erakusleihoetan egongo da ikusgai 2022ko urtarrilaren 16ra arte.

Gaurko egunean inauguratu da “Mendian Gora” erakusketa, euskal mendizaletasunaren historian bizitako mugarri nagusiak gogora ekartzen dituena eta Bilboko Alde Zaharreko saltokietako erakusleihoetan ikusgai egongo dena. 2022ko urtarrilaren 16ra arte ikusgai egongo den erakusketak Alde Zaharreko kaleak eta bizitza komertziala dinamizatzea izango du helburu, aire zabaleko erakusketa honekin bisitariak erakarri nahi baitira auzora.

“Mendian Gora” erakusketak euskal mendizaletasunaren historian bizitako mugarri nagusiak dakarzkigu gogora. Erakusketa hori berariaz prestatutako hogei azalpen-panelek eta balio sinboliko handiko materialek osatzen dute, mendizale garrantzitsuek edo haien senideek utzitakoak. Erakusketa honen ezaugarri nagusia da benetako material originalak ikusteko aukera egongo dela kasu guztietan. Hala, askotariko materialak jarriko dira ikusgai: 1924an egindako lehenengo eskaladan (Fraideburu) erabilitako iltzea; 1980an Martin Zabaletak Everest mendiaren gailurrean egindako argazkian ageri den ikurrina, edo gaur egun Pou anaiek munduan zehar egiten dituzten eskaladetan erabiltzen duten materiala. Garai guztietako arroparekin jantzitako mendizaleak ikusteko aukera ere izango dugu.

Proiektu honek, gainera, euskal mendizaletasunaren mugarrien ordena kronologikoan antolatutako zirkuitu bat izango du. Erakusleiho bakoitzak aurreko eta ondorengo erakusleihoak non dauden adierazten duten geziak izango ditu, baita erakusgai dauden objektuei buruzko informazioa jasotzen duten QR kodeak ere. Honako erakusleiho hauetan egongo da erakusketa ikusgai: Somera 17, Artekale 18, Belostikale 6, Belostikale 7, Loteria 3, Viktor 4 eta Gurutze11.

“BIZKAITARRAK GOIKO MUGETAN” ERAKUSKETA PARALELOA

Erakusketa honekin batera, “BIZKAITARRAK GOIKO MUGETAN / VIZCAÍNOS EN LAS ALTURAS” izeneko erakusketa egingo da Pangea The Travel Store bidaia-agentzian, Indautxu plazan. Hamalau panel izango ditu, eta horien bidez Bizkaiko mendizaletasunaren memoriak errepasatuko dira, Bilboko Kirol Elkarteak bultzatutako hastapenetatik hasi eta gaur egungo erreferenteetara arte.  Horrez gain, bi hitzaldi eskainiko dira Pangeako auditoriumean: “La saga de los Régil” (Regildarren saga) abenduaren 7an eta “La expedición al Tirich Mir en 1976” (Tirich Mir mendirako espedizioa 1976an), abenduaren 8an.

Ekimena EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak antolatu du, Bilboko Udalaren eta Juan Celaya Letamendia Fundazioaren babesarekin, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Jaialdiarekin, Fotoprixekin, Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin eta Pangea The Travel Store Bidaia Agentziarekin lankidetzan.