Gazteek ikasturtean landutako 200 proiektu egongo dira ikusgai Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioan

Ekainak 2

  • Edizio biribil honetan, Elhuyar Zientzia Azokak lau egun iraungo du, ekainaren 2tik 5era, eta Bilboko Areatzan egingo da.

  • Gazteek ikasturtean zehar landutako 200 proiektu egongo dira ikusgai, eta, horrez gain, tailerrak, esperimentuak eta zientzia-ikuskizunak izango dira.

  • Gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartuko dute azokan.

  • Aurten, estreinakoz, sariak egunero banatuko dira, eta haien berri Elhuyarren sare sozialetan emango da.

  • Ikerketa-enpresetan egiteko egonaldiak, ikasketa-bekak eta estatuko zein nazioarteko azoketarako bidaiak izango dira jasoko dituzten sariak.

Martxan da Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioa. Goizeko 10:30ean eman zaio hasiera, irekiera ofizialarekin. Ekitaldian izan dira, ekimena laguntzen duten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, Koldo Narbaiza Olaskoaga, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia; Joseba Mariezkurrena Cuesta, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna bultzatzeko zuzendaria; Amaia Agirre Pinedo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria; Eneritz Gonzalez Fernandez, Nafarroako Gobernuko Euskara Ataleko burua; Ivan Aguirre Torre, Erabiko zuzendaria; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Gaurtik hasi eta igandea bitartean, gazteek ikasturtean landutako 200 STEAM proiektu ikusteko aukera izango da Bilboko Areatzan, baita tailerrak, esperimentuak eta zientzia-ikuskizunak ere. Guztira 500 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan. Azokak berak 10 urte betetzen ditu, eta Elhuyarren 50. urteurrenaren ospakizunen artean egingo da.

Azoka 4 egunetan banatuko da, eta egunero 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte. Horrez gain, zientzia-ginkana, esperimentu likatsuak, Matriuska antzezlana eta Adrenalina zientzia-ikuskizuna izango dira, besteak beste. Igandean, berriz, Bizilabe aisialdi tailerretan landutako proiektuak erakutsiko dira.

Sari-banaketari dagokionez, aurten estreinakoz sariak egunero banatuko dira, gazteei etxoletan bertan emango zaie dagokien saria, eta haien berri Elhuyarren sare sozialetan emango da. Jasoko dituzten sariak honako hauek dira: ikerketa-enpresetan egiteko egonaldiak, ikasketa-bekak eta estatuko zein nazioarteko azoketarako bidaiak.

Elhuyar Zientzia Azokan, gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartuko dute. Eta azpimarratzekoa da proiektu honekin izan duten konpromisoa; unibertsitate eta zentro teknologikoetako 218 ikertzailek (199 emakume) eman zuten izena ikasturte-hasieran ikasleekin lan egiteko. Horrez gain, eta horri jarraikiz, azpimarratzekoa da ikertzaileen eremu profesionalaren presentzia azokan bertan; horrela, unibertsitateen proiektuak erakusteko, ikertzaile hauek egon dira Areatzan: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, CFM-Polymat, TECNALIA eta BC Materials.

ELHUYAR ZIENTZIA AZOKA URTEAN ZEHAR

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da, eta ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere. Aurten, hain zuzen, 716 gaztek parte hartu dute (405 neska eta 311 mutil), eta 54 ikastetxek.

2013an lehen edizioa egin zenetik, gaur arte, 12-18 urte bitarteko 6.000 bat gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 900 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira, eta, horietatik, 700 lan inguru aurkeztu dira Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan.

Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.