Ikus-entzunezkoen arloko enpresen elkarteak Estatuan filmaketek eragindako zuzeneko inbertsioaren datuak aurkeztu ditu Bilbon

Uztailak 7

  • PROFILM Nazioarteko Ikus-entzunezkoen Estatuko Ekoizleen Elkarteak Bilbo hautatu du Estatu osoan bazkide diren ekoizleek 2022an zehar eragindako zuzeneko inbertsioaren datuak aurkezteko: 288 milioi euro baino gehiago izan da zuzeneko inbertsioa. Zenbateko horiek hazkunde arin bat dakarte, % 8koa, aurreko ekitaldiaren aldean, zeinean % 10 gehitu baitzen proiektuen kopurua.

  • Elkarteak nabarmendu du zer abagune ari diren bizitzen orain Bilbo eta Bizkaia, zerga-pizgarri berriak onetsi direlarik eta udalerriko nahiz lurraldeko erakundeek estrategiazko konpromiso bat hartua dutelarik ikus-entzunezkoen industriaren aldera.

PROFILM Nazioarteko Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Elkarteak ––Fernando Victoria de Lecea buru duela–– eman ditu gaur datuak, Estatu osoan elkarteko kide diren ekoizleek 2022an zehar eragindako zuzeneko inbertsioari buruzkoak. Ekitaldia Bilbon izan da, Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuak ––Udalak eta Foru Aldundiak ematen dute–– antolatutako lan-jardunaldi batean, zeinaren xedea baitzen elkarteko bazkideei ezagutzera ematea, Bilboko hiriak ikus-entzunezkoen munduan izan duen goraldia baliatuz, Bizkaiko Foru Ogasunaren zerga-pizgarri berriak eta filmaketen industriarako interesgarriak izan litezkeen kokalekuak.

Aldez aurretik, PROFILM elkartearen zuzendaritza-batzordea, Carlos Rosado Spain Film Commission entitateko buruarekin batera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin izan da bilera batean, eta, alkateak agertu die Bilboko hiriak eta Bizkaiko lurraldeak zer estrategiazko apustu egin duten ikus-entzunezkoen industriaren lehentasunezko helmuga moduan finkatzeko. Bileran, ekoizpenerako zerga-pizgarri berrien balioa nabarmendu da, eta Bilbok eta Bizkaiak eskaintzen dituzten filmaketa-lekuen erakargarritasuna, talde tekniko eta artistikoen profesionaltasuna, eta Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzu publikoaren bulego teknikoak eskaintzen duen arreta pertsonalizatua.

Bilera horretan bertan, gainera, hirian eta lurraldean ikus-entzunezkoen proiektu berriak sustatzeaz hitz egin da, filmaketen industriarako erreferente erakargarri eta lehiakor bat denez gero, segurtasuna, konfiantza eta erakunde-konpromisoa ez ezik, ekoizleentzat arrakasta-berme bat ere eskaintzen duena.

Hedabideekiko hitzorduan, Fernando Victoria de Lecea jaunak, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotziarekin batera eta Olatz Goitia BEAZ BIZKAIA sozietate publikoaren zuzendari nagusiarekin batera, xeheki aztertu du filmaketek eragiten duten inpaktu onuragarria eta zer ahalmen duten ekonomia-jarduera, kalitatezko enplegua, berrikuntza, digitalizazioa eta pantaila-turismoa delakoa sustatzeko.

TXOSTENA

PROFILM elkartearen txosteneko datuetatik heltzen da, beraz, atzerritar filmaketek 2021ean Estatuan izandako hazkunde handiaren ostean ––urte horretan aurrekoan halako bi izan zen zuzeneko inbertsioa, 2019ko 132 milioi eurotik 2021eko 263 milioi eurora igarota––, nola finkatu den inbertsioaren hazkundea, eta nola hazi den % 8, are eta zuzeneko inbertsioko 288.179.565.99 €-ra iritsi arte 2022an.

Txostenetik heltzen diren daturik nabarmenenetan ––PROFILM elkarteko bazkideek emandako informazioarekin osatu da txostena; Espainian nazioarteko proiektuei ikus-entzunezkoen ekoizpenerako zerbitzuak eskaintzen espezializatutako enpresa nagusiak biltzen ditu elkarte horrek––, ikus daiteke egonaldiak luzeagoak direla: nazioarteko ekoizpenetarako 2020ko zerga-pizgarrien erreformaren aurretik gertatzen zenaz bestera, geroz eta sarriago gertatzen da kanpoko ekoizpenak etortzea Estatura obra osoa ––eta ez, ohikoa zen bezala, zati bat bakarrik–– garatzera.

Horrez gain, nazioarteko sustapen gisa eragindako zeharkako inbertsioa aipatu behar da, edo alboko sektoreetan sorrarazten den enplegua.

Aurten, lehenengoz bildu dira ikus-entzunezko bat ekoizteak zerbitzu-sektoreka dakartzan datuak ere. Hala, ikusi ahal izan da talde tekniko eta aditu bat kontratatzeak dakarrela kosturik handiena ekoizle batentzat, eta are 83.018.889,49 €-raino ere iristen dela kostu hori, oro har, elkarteko kideen artean. Horren ondotik, Gizarte Segurantzako kostuak dira handienak (25.589.187,07 €), eta gero ekipo teknikoak errentan hartzea (24.202.920,22 €), ondoren taldeentzako ostatatzeak (23.648.621,45 €): horiek egiten dute fakturaren zatirik handiena ekoizle batentzat.