Ikus-entzunezko industriak 58,8 milioi euroko eragin ekonomiko zuzena izan du 2023an, eta 1.000 filmaketa egun baino gehiago izan ditu Bilbao Bizkaian

Urtarrila 29

  • Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapen Saileko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commission-en 2023ko jarduera-balantzea aurkeztu dute gaur Zabalgune eraikinean.

  • Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako ikus-entzunezko proiektuek izandako eragin ekonomiko zuzena 58,5 milioi eurokoa izan da, eta zifra hori laukoiztu egin da 2021ean izandako datuarekin alderatuta (13,8 milioi euro).

  • 2023an 151 ekoizpen filmatu ziren, eta 1.026 filmaketa-egun izan ziren Bilbo-Bizkaian, azken hau datu errekorra izanik, aurreko urtean baino %74 jardunaldi gehiago. 12 film luze eta 7 serie, hauek izan  dira gehien areagotu diren ekoizpenak, %140 eta %40 hurrenez hurren, inpaktu ekonomikoaren gastu errealaren %90 sortuz, jarduera pizgarri fiskal berriak indarrean dauden lehenbiziko urtean.

  • 33 film labur, 21 dokumental, 31 telebista-saio, 8 bideoklip, 2 webserie, 33 publizitate-iragarki eta 4 argazki-saiok osatzen dute iazko jarduera.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko Saileko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commission-en 2023ko jarduera-balantzea aurkeztu dute gaur Zabalgune eraikinean. Oso datu positiboak eman dituzte, uria eta lurraldea destino lehiakor eta erakargarria baitira ikus-entzunezko industriarentzat.

Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako ikus-entzunezko proiektuek izandako eragin ekonomiko zuzena 58,5 milioi eurokoa izan da, eta zifra hori laukoiztu egin da 2021ean izandako datuarekin alderatuta (13,8 milioi euro). Eragin ekonomiko induzitua(1)ri dagokionez, 2023an 139,6 milioi eurokoa izan zen, 2021ekoa baino sei aldiz handiagoa.

Datuek argi hitz egiten dute: 151 ekoizpen filmatu dira Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntzarekin, eta 269 ekoizpeni eman zaie arreta. Horietatik 68 nazioartekoak izan dira. Guztira, teknikari eta artista artean, 1.113 pertsona mobilizatu dira (figuranteak kontuan hartu gabe), eta 1.026 filmaketa-egun izan dira Bilbo-Bizkaian, 2022an baino %74 gehiago.

Zifren artean azpimarratzekoa da, halaber, film luzeak (12) eta serieak (7) areagotu direla gehien aurreko urtearen aldean, %140 eta %40, hurrenez hurren. Izan ere, gero eta eragin ekonomiko handiagoa eragin duen gastu errealaren %90 aipatutako film luzeek eta serieek osatu dute. 33 film labur, 21 dokumental, 31 telebista-saio, 8 bideoklip, 2 webserie, 33 publizitate-iragarki eta 4 argazki-saiok osatzen dute iazko Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako jarduera.

Pizgarri fiskal berriak indarrean dauden lehenbiziko aplikazio-urtean, Bilbo-Bizkaia finkatu egin da ikus-entzunezko industriaren lehentasunezko destino gisa. Horren guztiaren ondorioz, lurraldeko 67 udalerritan filmatu da, Bilbo udalerri horien erdigunea izaki.

“Hiriak momentu bikaina bizi du ikus-entzunezko industriaren lehentasunezko agertoki gisa, eta horrek garapen ekonomiko handiagoa dakar, enplegua sortuz, eta sustapen-erakargarritasun handia Bilbo-Bizkaiarentzat. Gorantz doan sektore ekonomiko honetan filmaketak erakartzeko eta kudeatzeko apustu aproposa bere fruituak ematen ari da”, nabarmendu du Xabier Ochandianok.

Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak adierazi duenez, “2023 urte bikaina izan da ikus-entzunezko industriaren bultzadarako eta Bilbao Bizkaia Film Commission-entzat. Filmaketen datuak hobetzeaz gain, ikusten ari gara urtez urte ekoizpen handiak erakartzeko gai garela, bai kuantitatiboki bai kualitatiboki. Ez da kasualitatea. Gure ikus-entzunezko industriaren sustapena eta garapena bultzatzeko estrategia partekatu baten emaitza da. Eta Bilbo-Bizkaia,  zinemaren, telebistaren eta entretenimenduaren industriarako helmuga erakargarri eta lehiakor bihurtzeko modu diskretu eta eraginkorrean egiten den lan guztia islatzen dute“.

HAZTEN ARI DEN SEKTORE BAT

Urian eta lurraldean filmatu diren film luzeen ondoko izenburu hauek argi erakusten dute ikus-entzunezkoen sektorea nola hazten ari den Bilbo eta Bizkaian: Hate Songs, Alejo Levisek zuzendua; Una Ballena, Pablo Hernandorena; Anatema, Jimina Sabadúrena; El bus de la vida eta Cuatro Paredes, Ibon Cormenzanarenak; El Hoyo 2, Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendua; Nina, Andrea Jaurrietarena; El Molino, Alfonso Cortés-Cavanillasena; Jone, batzuetan, Sara Fantovarena; Nosotros, Helena Tabernarena; No puedo vivir sin ti, Santiago Requejorena; edo Marco, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarena.

Serieei dagokienez, aipagarriak dira The othe side, Daniel Écijak Disney+entzat sortua; Detective Touré, Jon Arretxeren eleberrietan oinarritua, EITB eta RTVErentzat; Ángela (Atresmedia/Disney+), Querer (Movistar+), Cicatriz (Amazon Prime/RTVE),eta Romi (Mediaset). National Geographic-en Europe from above dokumentala eta Fushigi Hakken telebista-saioa, Tokyo Broadcasting kanalarena, Bilbok eta Bizkaiak sektorean dauzkaten posizionamendu eta arrakastaren adibide garbia dira. Hiriak zenbait ekoizpen arrakastatsuren aurre-estreinaldiak ere hartu zituen iaz, hala nola 20.000 especies de abejas (Estíbaliz Urresola), El silencio (Aitor Gabilondok Netflix-entzat) eta Una vida no tan simple (Félix Viscarret).

Publizitate-iragarkien sektorean, zifrak pixka bat jaitsi dira azken urtean; joera horrek merkatua sare sozialen eta influencerren munduan kontzentratzen duelako, eta, beraz, produkzioek ez dute behar Film Commission baten laguntza bezalako zerbitzurik. Gauza bera gertatzen da argazki-saioekin, espazio publikoen edo kanpoko espazioen ordez estudioak edo espazio itxiak bilatzen baitituzte, eta, beraz, ez dute lankidetza hori behar.

Bilbao Bizkaia Film Commission-ek 2023an babestutako ikus-entzunezko proiektuen eragin sozioekonomikoari buruzko azterketa eta analisia ikerketan, Bilbo-Bizkaiari buruz ikus-entzunezko produkziorako ekosistema gisa hoberen baloratzen diren alderdietako batzuk pizgarri fiskalak (4,80/5) eta konpromiso publikoa (4,50/5) dira. Hotel- eta logistika-gaitasuna, segurtasun juridikoa eta baimenak eta erabilgarritasuna ere positiboki baloratu dira, bost puntutik lau baino gehiago jaso baitituzte.

Bilbo-Bizkaia agertoki gisa hautatzeko arrazoien artean, ekoizpen-etxeek zerga-pizgarriak eta laguntza publikoak (4,73/5) aipatu dituzte lehenik, eta, ondoren, esperientzia propioa (4,22/5) eta lokalizazioak (4,08/5). Bilbao Bizkaia Film Commission-ek emandako laguntzaren balorazio orokorra oso ona izan da: 5 puntutik 4,9. Nabarmentzekoa da laguntza pertsonalizatu eta hurbilekoa, eta ekoizpen-etxeen behar espezifikoetara egokitzeko malgutasuna.

AURREIKUSPEN ONAK 2024RAKO

Ekoizpen batzuk dagoeneko amaituta daude, hala nola Querer seriearen filmaketa, eta urtarrilean hainbat ekoizpen jarriko dira martxan: Romi eta Cicatriz serieak, Cuerpo Escombro eta Sin Instrucciones filmak, edo Soy Nevenka lanaren grabaketa, Iciar Bollaínek zuzendua, hilabete honen amaieran abiatuko dena. Beraz, urteko lehen hiruhileko honetarako aurreikuspenak oso positiboak dira: Bilbo-Bizkaia ikus-entzunezko filmaketak egiteko erreferentzia gisa sendotzen eta bultzatzen dute Estatu osoan eta Europan.

2024. urterako lehentasunezko erronken artean, ikerketak tokiko talentua indartzeko beharra azpimarratu du prestakuntzaren eta lanbide-kualifikazioaren aldeko apustua eginez, eta ekoizpen- eta azpiegitura-zentroen eskaintza handitzea eta hobetzea.

Ildo horretan, Bilbo-Bizkaia Ikus-entzunezkoen Hub bat ari da sortzen, Zorrotzako puntan kokatuko den proiektu batean. Aurreikuspenen arabera, 100.000 metro koadroko espazio bat egongo da filmaketarako, plato digitalekin, postprodukzioko espazioekin, kanpoaldeko filmaketekin, kamerinoekin, biltegiekin, bulegoekin eta abarrekin. Horrek, zalantzarik gabe, balio erantsi handia ekarriko dio Bilbo-Bizkaiari ikus-entzunezko industriaren esparruan.

LEHENENGO URTEA PIZGARRI FISKAL BERRIEKIN

Bilbo-Bizkaiak, 2023ko urtarriletik aurrera, zerga-tratamendu lehiakorragoa du ikus-entzunezko ekoizpenetarako. “Kultura sustatzeko pizgarri fiskalak eguneratzen eta handitzen dituen foru arauaren” helburua da Bilbo-Bizkaiak kultur ekoizpenerako daukan erakargarritasuna sendotzea, sektoreko eragileek gure lurraldean egiten duten lana babestuz eta arreta berezia jarriz euskarazko ekoizpenetan (bai ikus-entzunezkoak, bai eszenikoak).

Kenkari hori kultur izaerako honako ekoizpen hauei aplikatzen zaie, edozein nazionalitate dutela ere: film luze eta laburrak eta beste ikus-entzunezko lanak (hala nola fikziozko serieak, animaziozkoak edo dokumentalak, zinematografikoak, telebistakoak nahiz formatu digital berrietakoak). Kenkariaren oinarria ekoizpenaren kostuak osatuko du, bai eta ekoizpen-etxeak ordaindu beharreko kopiak lortzeko gastuek eta publizitate- eta sustapen-gastuek ere. Aplika daitekeen kenkaria %35etik %60ra bitartekoa izango da, lurraldean egindako gastu eta inbertsioen ehunekoaren arabera, eta beste % 10ean gehituko da baldin eta erabat euskaraz egindako obra bada. Horrela, gehieneko kenkaria % 70ekoa izango da.

BILBAO BIZKAIA FILM COMMISSION

2015ean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commision zerbitzu publikoa eta doakoa sortzea sustatu zuten, filmaketak artatzeko, kudeatzeko eta erakartzeko. Urteotan 1.547 filmaketari arreta eman zaie, eta 1.016 ikus-entzunezko proiektu gauzatu dira.

Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntza egonkor eta pertsonalizatua ekoizpenaren fase guztietan ematen da, lokalizazioetan, zerbitzu profesionaletan, administrazio-izapideetan, ekoizpen-espazioetan, ostatuan eta logistikan, bai eta babes eta konfiantza instituzionalean, segurtasun juridikoan eta pizgarri fiskaletan ere.

Lan hori guztia lankidetza publiko-pribatuari esker egiten da, ekoizleen eta eragile pribatuen eta erakunde publikoen arteko bitartekari gisa jarduten baitu. Bilbo-Bizkaiko filmaketa-industrian aurrera egiteko beharrezko lankidetza da beraz. Bilbao Bizkaia Film Commission Spain Film Commission-eko eta European Film Commission Network-eko kidea da. Azken horrek 90 film commission-etik gora ordezkatzen ditu, Europako Batzordearen laguntzarekin.

SARE SOZIALAK:

1 Eragin ekonomiko induzitua: ikus-entzunezkoen sektoreko edo ikus-entzunezko sektorearen mendeko industrietako langileek jasotako ordainsariak kontsumo pribatuan (etxeko ekonomiak) eragiten duen gastuari lotuta dago.