Abenduak 1
-
Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, hiribilduko auzo guztietatik banatutako 1.350.000 led argi baino gehiago aldi berean pizteko botoia sakatu du.
-
Argazki eta postaletarako estanpa ezin hobea osatuko da, besteak beste, honako apaingarri hauei esker: Udaletxearen fatxadan jarritako argiak, 14 metroko zuhaitz apainduarekin, Gabonetako bola handiarekin eta Bilboko baldosarekin, Areatzako baso argitsua —argiekin apaindutako 120 zuhaitzekin—, Kale Nagusiko argi urdinak, urrezko balea handia eta Olentzero eta Mari Domingiren figura handiak.
-
Horrez gain, aurten nobedade bat izango dugu, zortzi baldosa erraldoi gehiago jarriko baitira, barruti bakoitzeko bat.
Atzo 20:00etan, Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, Korporazioko kideekin, merkataritza-elkarteetako ordezkariekin eta bilbotarrekin batera, hiribilduko auzo guztietatik banatutako 1.350.000 led argi baino gehiago aldi berean pizteko “botoia” sakatu du.
Gabonei ongietorria eman die horrela. Argiak urtarrilaren 8ra arte egongo dira piztuta, egunero, 18:00etatik 22:00etara.
Arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko asmoz, eta energiarekiko mendetasunaren eta Gabonetako argiek duten ahalmen dinamizatzaile ukaezinaren arteko oreka bilatuz, aurten, Bilboko Udalak erabaki du astebete atzeratzea Gabonetako argiak pizteko eguna, baita argiak piztuta izateko ordutegia murriztea ere, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan.
Argiteria publikoan eta, bereziki, Gabonetako argiztapenean energia-eraginkortasuna lortzeko trantsizioa ez da bide berria Bilborentzat; izan ere, udalak Gabonak direla-eta hirian jartzen dituen argi eta apaingarri guztiak led motakoak dira.
Horiek horrela, Bilboko Udaletxea eta haren ingurua argazkiak eta postalak egiteko erreferentzia-puntu izango da berriro, honako apaingarri hauek jarriko baitira: 14 metroko zuhaitz apaindu bat, Gabonetako bola handia eta Bilboko baldosa, Areatzako baso argitsua — argiekin apaindutako 120 zuhaitzekin—, Kale Nagusiko argi urdinak, urrezko balea handia eta Olentzero eta Mari Domingiren figura handiak.
Hala eta guztiz ere, udaletxekoa ez da aurten hirian izango dugun baldosa argitsu handi bakarra, izan ere, barruti bakoitzeko baldosa bana jarriko da, kokaleku hauetan:
- 1. barrutia: Eugenio Olabarrieta plaza, Zorrotzaurren.
- 2. barrutia: Arabella auzoa, gailu osasungarrien ondoan.
- 3. barrutia: Garai lorategiak, Txurdinagan.
- 4. barrutia: Basarrateko landa, Santutxun.
- 5. barrutia: Ibaizabalgo landa, la Peñan.
- 6. barrutia: Ercilla kalea, Indautxun.
- 7. barrutia: Jaen kalea, Errekalden.
- 8. barrutia: Azoka plaza, Zorrotzan.
Horrez gain, datozen asteetan bisitatuko gaituztenei ongietorria emateko asmoz, hiribilduaren sarbide nagusietan (Juan de Garai, Sabino Arana etorbidea, Zumalacarregui etorbidea, Miribillarako sarbidea Miraflores zubitik, Kastrexana eta Zorrotza) sei kartel jarri dira “Zorionak” agurrarekin eta Bilboren B letrarekin.
GABONETAKO 57 ZUHAITZ
Era berean, apaindutako 57 zuhaitz izango ditugu barruti guztietan zehar banatuta. 25 artifizialak dira eta gainerako 32ak espezie naturalak dira, urte osoan zehar beren espazio naturalean egoten direnak eta egun hauetarako berariaz apaintzen direnak.
1. Barrutian Gabonetako sei arbola jarriko dira, Arangoiti, Ibarrekolanda, San Inazio-Elorrieta eta Deustu-Erribera auzoetan. Beste alde batetik, 2. Barrutian bost izango dira apainduko diren arbolak, Matiko-Lorategi Hiria, Uribarri, Kastaños eta Zurbaran-Arabellan. 3. Barrutian, Otxarkoagan eta Txurdinagan, izei artifizial bana jarriko da eta 4. Barrutian hiru arbola jarriko dira Boluetan eta Santutxun.
Atxuri, Bilbo Zaharra, Iturralde, Miribilla, San Franzisko, Solokoetxe, Zabala, Buia, La Peña, San Adrian eta Alde Zaharrean, 5. Barrutian alegia, guztira hamasei izango dira instalatuko diren Gabonetako zuhaitzak. 6. Barrutian hiru arbola artifizial jarriko dira Indautxun eta Abandon; ordea, 7. Barrutian hamaika izango dira arbola apainduak Ametzola, Iralabarri, Iturrigorri-Peñaskal eta Errekaldeberri-Larraskitun. Azkenik, 8. Barrutian hamaika arbola egongo dira Basurtun, horietariko bat Ospitalearen aurrean, eta Zorrotzan.
#BILBAOGABONAK
Gabonetako argiak pizteko ekitaldi hau #BilbaoGabonak udal-proiektuaren ekitaldi nagusietako bat da. Asmo handiko proiektu berezi honen bidez, udalak bere programaziorik anitzena aktibatu du, adin guztietako herritarrei zuzenduta, baina batez ere haurrei, honako helburu hau bete nahian: Bilbo erakarpen gune handi eta erreferente gisa finkatzea, aisialdiri, merkataritzari eta kulturari dagokienez.
SARE SOZIALAK:
- Bilbao Udala: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Ekintza: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Jaiak: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Turismo: FACEBOOK I TWITTER I INSTAGRAM
#BilbaoGabonak