Abenduak 20
-
Azaroaren 22an ateak ireki zituztenetik, Erripako kaian eta Areatzan kokatutako #BilbaoGabonak udal-proiektuko hiru jarduera erakargarrienetakoak aisialdirako erreferente izaten ari dira beste behin bilbotar zein turistentzat.
Patinatzeko izotz-pista sintetikoak, izotz sintetikodun txirristak eta haurrentzako jarduerak eskaintzen dituen Txikiguneak, Gabonetako Ametsen Faktoria izenekoak, bilbotar zein bisitarien 49.298 bisita hartu ditu lehenengo hiru asteetan (azaroaren 22tik abenduaren 17ra). Nobedade gisa, aurtengo edizioan 2023an baino astebete lehenago zabaldu dira aipatutako jarduerak; hala, Erripako kaian eta Areatzan kokatutako hiru atrakzioak aisialdiko erreferente gisa finkatu dira berriro Gabonetan Hiribilduan.
Patinatzeko izotz-pista sintetikoari dagokionez, 13.249 pertsona aritu dira bertan patinatzen azaroaren 22tik abenduaren 17ra bitartean. Areatzako kaian dagoen pistak 800 metro karratuko azalera du eta modalitate honetako Estatuko handienetakoa da. Aurten azalera osoaren %60 estalita dagoenez, izotz-pista hiriko hainbat lekutatik askoz ere nabariagoa da. 2025eko urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik eta hauxe da ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era lanegunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara asteburuetan, jaiegunetan eta eskolako Gabonetako opor-egunetan. Salbuespen gisa, abenduaren 24an eta 31n 11:00etatik 14:00etara egongo da irekita eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean 17:00etatik 21:00etara.
Izotz-pistako prezioak hauek dira: 4 euro 30 minutuz patinatzeko (patinak barne) eta 3 euro 30 minutuz patinatzeko familia ugarientzat. Jarduera hori publiko osoari zuzenduta dago (3 urtetik gorakoak), baina 3 eta 7 urte bitarteko umeekin beti egon beharko du heldu batek, zeinak bere sarrera propioa erosi beharko baitu.
Erripako kaian dagoen izotz sintetikodun txirristak irristatzeko sei errei ditu, eta patinaje-pistaren ordutegi berberak ditu. Pertsonako 3 euroko prezioan, lau jaitsiera barne hartzen ditu pertsona bakoitzeko, eta ateak ireki zituenetik igaro diren hiru asteetan 9.031 lagun irristatu dira bertan. Kasu honetan, 2 urtetik gorako guztiei zuzenduta dago. Doakoa da 2 eta 3 urteko haurrentzat, baina sarrera propioa erosi beharko duen heldu batekin egon beharko dira.
Jarduera bietarako taldeko erreserbak (20 pertsona edo gehiago) egiteko aukera dago. Horretarako, mezu bat bidali behar da helbide elektroniko honetara: reservasgabonak@proasur.com.
Bai patinaje-pistarako bai txirristarako sarrerak instalazioetako leihatilan (instalazioak itxi baino ordu erdi aurretik itxiko dute leihatila) edo webgune honetan eros daitezke: https://www.bilbaopistadehielo.com/eu/ Zalantzak 670 347 556 telefono-zenbakian argitu ahalko dira baita ere.
HAURRENTZAKO TXIKIGUNE ARRAKASTATSUA
Erripan, txirristaren ondoan, haurrentzako jarduerak eskainiko dituen Txikigunea dago, Gabonetako Ametsen Faktoria izenekoa: 450 metro karratuko karpa batean 12 urtera arteko umeentzako jarduerak eta ikuskizunak eskaintzen ditu. Dagoeneko 27.018 haurrek gozatu dute Txikiguneaz lehen hiru asteetan, eta urtarrilaren 5era arte hala egiten jarraitu ahal izango dute. Espazioa astelehenetik ostiralera dago zabalik, 16:00etatik 20:30era, eta asteburuetan eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean goizez irekiko dute, 11:00etatik 14:00etara. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.
Txikigunea doakoa da, baina webgunean edo aurrez-aurre karpan bertan izena eman beharko da, jarduera bakoitzaren edukiera bete arte. Esteka honetan izena eman daiteke: https://www.eventbrite.es/o/bilboko-udala-ayuntamiento-de-bilbao-35384619543
Espazio horretan bi zona daude, adinaren arabera bereizita: 3 eta 6 urte arteko umeentzat Baso Magikoa izeneko ludoteka antolatu da. Bertan, tailerrak egiten dira eta Olentzerori edo Errege Magoei eskutitzak bidaltzeko postontziak ere jarri dira. Bestalde, 6 eta 12 urte arteko umeentzat Ganbara espazioa sortu da eta, bertan, bitxikeriak, ipuinak, altzarien labirintoa, sormen-espazioa, ipuin-kontalariak, argazki-erakusketak eta abar daude.
SARE SOZIALAK:
- BILBAO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM | TIK TOK
- BILBAO EKINTZA: FACEBOOK | X | INSTAGRAM
- BILBAO KULTURA: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM
- BILBAO JAIAK: FACEBOOK | X | INSTAGRAM
- BILBAO TURISMO: FACEBOOK I X I INSTAGRAM
#BilbaoGabonak #BilboEskatuDut