Maiatzak 10
-
Udalak lehenengo aldiz jarriko ditu salgai Bilbao Bizikleta Bonuak zenbait nobedaderekin.
-
Bonuak bilbotarrentzat izango dira bakarrik, eta establezimenduetan bertan eskuratu eta trukatu beharko dira. 400 €-koak izango dira bizikleta elektrikoak erosteko, eta 50 €-koak, mota guztietako bizikletetan mantentze-lanak eta konponketak egiteko. Kasu bietan, Udalak zenbatekoaren erdia jarriko du.
-
Ekimena urriaren 31n amaituko da (edo bonuak agortzen direnean). Helburua da sustatzea urian bizikleta erabiltzea eta bizikleten establezimenduetan erostea.
Bilboko Udalak Bizikleta Bonuen salmenta aktibatuko du urian bizikleta erabiltzea sustatzeko eta, aldi berean, bizikletak saltzen dituzten establezimenduetan erostea bultzatzeko. Kanpainak nobedade asko dakartza, eta lehen aldiz jarri da martxan, “Bilbao Bonuak” programaren barruan.
Nora Abete Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak azaldu duenez, laguntzen plan berri horrekin “herritarrek bizikleta erabiltzea sustatzen jarraitu nahi dugu, “Bizikleta Hiria, bizikletaz hobeto-mejor en bici” izendatu dugun ekintzen programaren barruan; eta, horrekin batera, bultzada bat eman nahi diogu tokiko merkataritzari”.
Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren bitartez, eta 2019-2023 Agintaldiko Planean ezarritakoaren ildotik, gainera, kutsadura akustikoa murriztea eta irisgarritasun eta hiri-berroneratze handiagoa lortu nahi dute, bai eta uriko ekonomia eta enplegua suspertzea ere.
Aurreko “Bilbao Bonuak” ez bezala, Bilbao Bizikleta Bonuak bilbotarrentzat izango dira bakarrik. Establezimenduetan bertan erosi eta trukatu beharko dituzte —ez webgunean—, NANa aurkeztuta. Bonuak erosi eta trukatzeko epea urriaren 31n amaituko da (edo bonuak agortzen direnean).
Bilbao Bizikleta Bonuak bi motatakoak izango dira:
- BIZIKLETA ELEKTRIKOAK erosteko: 400 €-ko bonuak (erdia Udalak jarriko du: 200 €, erosleak; eta 200 €, Udalak).
- Edozein motatako bizikletetan MANTENTZE-LANAK eta KONPONKETAK egiteko: 50 €-ko bonuak (erdia Udalak jarriko du: 25 €, erosleak; eta 25 €, Udalak).
Ekimenak 80.000 €-ko aurrekontua izango du, guztira (50.000 €, pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak erosteko; eta 30.000 €, bizikletetan mantentze- eta/edo konponketa-lanak egiteko). 1.450 bonu jarriko dira salgai. NAN eta tiket bakoitzeko, hau da, kontsumitzaile bakoitzeko, 1 bonu emango da bizikleta elektrikoak erosteko, eta 2 bonu mantentze- eta konponketa-lanetarako. Era berean, establezimendu bakoitzari 30 bonu emango zaizkio, gehienez, bizikleta elektrikoetarako, eta mugarik gabeko kopurua mantentze- eta konponketa-lanen bonuetarako.
Hiritarrek www.bonobilbao.eus webgunean kontsultatu ahalko dute Bilbao Bizikleta Bonuak ekimenari atxikitako establezimenduen zerrenda. Bonu horiek bateragarriak izango dira Bilbao Merkataritza Bonuekin eta/edo beste administrazio batzuek abiarazitako edozein bonurekin, eta batzuk eta besteak pilatu ere egin ahalko dira.
ESTABLEZIMENDU ETA HIRITARRENTZAKO ARRETA ETA KONTSULTAK: bizikleta@bilbao.eus
SARE SOZIALAK: