Martxan dago BIME ekimenaren hamargarren edizioa, eta 60 kontzertu eta jarduera baino gehiago antolatuko dira Bilboko 15 agertokitan

Urriak 26

  • Juan Mari Aburto Bilboko alkateak BIME topaketa inauguratu du gaur. Bertan, 50 herrialdetako 4.500 profesional bilduko dira eta doan ikusteko 60 kontzertu baino gehiago eskainiko dira gaurtik aurrera eta urriaren 29ra arte.

Gaurtik aurrera eta urriaren 29ra arte, Euskalduna Jauregian eta hiribilduko beste 14 tokitan egongo da ikusgai BIME musikaren nazioarteko topaketaren hamargarren edizioa.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin eta Víctor Francos ministerioko Kultura eta Kiroletako zuzendari nagusiarekin batera inauguratu du gaur 50 herrialdetako 4.500 profesional baino gehiago bilduko dituen eta hiribilduko askotariko espazioetan 60 kontzertu baino gehiago doan eskainiko dituen topaketa.

BIMEren hamar urteko ibilbidearen osteanezinbesteko hitzordu bihurtu da nazioarteko kultura eta musikaren agendan, bai eta Bilbon enplegua eta ekonomia sustatzen dituen ekitaldi ere. Aurten herrialde askotako ordezkari eta artista ugari bertaratuko dira, besteak beste, honako herrialde hauetatik etorriak: Portugal, Brasil, Kolonbia, Txile, Argentina, Venezuela, Mexiko, Kuba, Alemania, Herbehereak, Finlandia eta Austria.

PROGRAMAZIO PROFESIONALA EUSKALDUNA JAUREGIAN

Ikusle profesionalei zuzendutako programazioa: BIME PRO. Gaur hasi eta ostiralera arte, topaketa profesional, hitzaldi, masterclass eta tailer ugari antolatuko dira Euskalduna Jauregian.

BIME PRO topaketan, tokiko zein nazioarteko ikuspegitik emango zaie erantzuna musikaren sektoreak aurre egiteko dituen erronkei. Horretarako, musikaren industriako erreferente nagusiek gauzatutako 70 panel erabiliko dira. Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar ditugu: artistaren estatutua, etorkizuneko jaialdien nolakotasuna, sare sozialak ibilbide artistikoa bultzatzeko tresna gisa eta plataformak erabiltzea diru-sarrerak maximizatzeko.

Aldi berean, beste topaketa handi batzuk ospatuko dira, hala nola European Music Export Exchange. Horren bitartez, musika nazioartekotzearekin lotutako 20 aditu baino gehiago ekarriko dira kontinenteko leku desberdinetatik. Horrez gain, LIVE DMA kontzertuen aretoetako Europako elkartearen hamargarren urteurrena ospatuko da, zeinak Europako saretorik garrantzitsuenak bilduko dituen.

Horrez gain, industrian tokitxo baten bila dabiltzan gazteentzako espazio bat eskainiko da CAMPUS programaren bitartez, bai eta negozioa arindu nahi duten ekintzaileentzako espazio bat ere, Start Up! Competition izenekoa.

15 AGERTOKI MUSIKARIK ONENAREKIN

BIME LIVE ekimena formatu berri batekin dator oraingoan, eta Bilboko txoko guztiak zuzeneko musikarekin beteko ditu gaurtik aurrera, estilo-aniztasunean oinarritutako jardunaldi batzuetan, zeinak artista berriak deskubritzeko espazio bikainak izango diren.

Doan ikusteko 60 kontzertu baino gehiago antolatuko dira agertoki hauetan: Indautxu plaza, La Karola, Casilda Iturrizar parkea, Azkuna Zentroa–Alhondiga Bilbao, Areatzako kaiak edo Erriberako Merkatua. Askotariko musika-estiloez gozatu ahal izango dugu, besteak beste: flamenkoa, popa, rapa, trapa, reggaetona, indiea, reggaea, alternatiboa, R&Ba, folklorea, hardcorea, hyperpopa eta elektronikoa.

BIME LIVEren helburua da programazioa ikusleei hurbiltzea, eta kulturara gerturatzeko aukera demokratizatzea. Horrela, talentu artistiko berriaren aldeko apustua egiten duen musika-ekimen bat izango da, eta hiriaren erdigunean gozatu ahal izango dugu horretaz.

SARE SOZIALAK: