Apirilak 19
-
Euskal kulturaren hitzordu handiak, 200 jarduera baino gehiago eskaini dituenak, pandemia aurreko parte-hartze zifrak berreskuratu ditu, bi urteko etenaldiaren ondoren.
-
“Gourmet Txokoa” bete egin da eta 36.230 pertsona bildu dira bertan, hamabi euskal eskualdetako turismoaren, gastronomiaren eta enologiaren inguruan.
-
Herri kirolen erakustaldiek jaialdiaren erakargarritasuna indartu dute eta Bilbao basque FESTen jarduera erakargarrienetako bat izan dira, 15.000 pertsona inguruk jarraitu baitituzte probak.
-
Kultur programazioko klasikoek arrakasta handia izan dute, izan ere 38.530 lagunek parte hartu dute Mirentxu eta Begotxu anfitrioien bisita antzeztuetan, kalejiretan, Otxoteetan, Erraldoietan eta Txistulari Banden emanaldietan.
-
Edizio honetako jarduera eta espazio berriei esker publiko berriak erakartzea lortu da eta Bilbao basque FEST jaia hiriko beste toki batzuetara hurbildu da.
Bilbao basque FEST jaia Bilbora itzuli da Aste Santu honetan. Hiria dinamizatzeko gaitasun handia duela erakutsi du, eta egunotan hirian izan diren turisten zein bilbotarren aisialdi-planetako erreferentzia nagusia izan da. Euskal kulturaren jai handiak 125.000 lagun baino gehiago bildu ditu. Zifra horrek pandemia aurreko indizeetan kokatzen du parte-hartzea, eta Bilboko Udalak antolatutako jaialdiak harrera handia izan duela islatzen du.
200 jarduera baino gehiago eskaini dira, gehienak doakoak eta adin guztietako pertsonei zuzendutakoak; horrela, Bilbao basque FEST jaiak kaleak girotu ditu, eta euskal kulturaren tradizioa hiribilduko hogeita hamar puntutara eraman du.
Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Xabier Ochandianok, adierazi duenaren arabera, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, “formatu berrituarekin egin diogu aurre edizio honi, pertsonaia, jarduera eta espazio berriekin, publikoaren profil berriak erakartzeko eta jaialdia zabaltzeko asmoz. Egun hauetan guztietan ikusleengandik jaso dugun pertzepzioa oso ona izan da, eta datuek erakusten digute datozen urteetan ere jarraitu behar dugula hiria girotzen duen, gure kulturaren alderdirik adierazgarrienak erakusten dituen eta Bilbo alaia, aktiboa eta anitza islatzen duen jaialdi mota hau antolatzen, bisitariak Bilbora itzultzera animatu daitezen. Horrez gain, askotariko ekitaldiak eskaintzen dituen egutegiaren bidez, hiriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-sektorea indartzea da gure asmoa”.
Edizio honetako nobedaderik txalotuenetako bat “Txomin, Txirenea” izan da, jarduerak girotu eta tradiziorik bilbotarrenak erakutsi dituena. Bestalde, argi geratu da Gas plaza eta Casilda eta Etxeberria parkeak toki apartak direla Bilbao basque FESTaren jarduerak hartzeko. Hauek izan dira aurtengo jarduera berriak: “Eskape Park”, Txani Rodriguezen Minimalarte errezitaldia (Euskadi Literatura Saria), “Euskal Sustrai Gaua – Noche de raíces vascas” ikuskizuna, Bilboko Artzain Txapelketaren lehenengo edizioa eta “Perkutak” perkusio-tailerrak.
Gainera, Bilbao basque FEST jaiak jarduera ekonomikoa sustatu du, hiriko hainbat gunetan milaka pertsona bildu baitira, hala nola Alde Zaharrean, Zabalgunean, Bilbo Zaharrean eta San Frantziskon, Indautxun eta Artxandan, besteak beste.
TXOKO GOURMET, BILBAO BASQUE FEST-EN ZAPOREA
Aurten ere, Txoko Gourmet jaialdiaren interesgune handietako bat izan da. 36.230 pertsonek bisitatu dute Areatzan kokaturiko karpa handi hau, non Euskal Herriko hamabi turismo-eskualdek eta elkartek beren lurraldeak sustatu dituzten eta zero kilometroko beren produkturik onenak saldu dituzten.
Programaturiko dastatzeek eta tailerrek (oraindik Covid-19aren kontrako neurriei lotuta) izan dute arrakasta gehien eta edukiera bete dute egunero. Guztira, 1.080 plaza eskaini dira Aiaraldeko, Iparraldeko, Arabako Errioxako, Durangaldeko, Enkarterriko, Gorbeialdeko, Urdaibaiko, Uribe Jataondoko, Urola Kostako, Goierriko, Tolosaldeko eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko enogastronomia-produktuak dastatzeko.
Pintxoak (hala nola gildak edo, adibidez, Arabako patatarekin zein baserriko txerriarekin egindako bestelako prestaketak) egiten ikasteko sukaldaritza-tailerrek harrera oso ona izan dute eta 300 izen-emateak bete dituzte. Bestalde, haurrentzako Gourmet-tailerrei esker, 1.000 haurrek lehen eskutik ikusi ahal izan dute nola lekualdatzen diren tomate, porru eta piperren hazitokiak, eta, horrez gain, kontsumo-ohitura osasuntsuak sustatu dira.
HERRI KIROLAK, ESTANPARIK FOTOGRAFIATUENA
15.000 pertsona inguruk gozatu dituzte aurten Bilbao basque FESTen programaturiko herri kirolen modalitateak; bertan, arreta berezia jarri zaio emakumearen presentzia sustatzeari.
Goiz eta arratsaldeko saioetan, euskal kulturaren ikono honen ikusgarritasuna dela eta, jende ugari bildu da Areatzan, harri-zulatzaile, aizkolari eta abarrekin gozatzeko. Emakume harri-jasotzaileen txapelketa, pentatloiaren erronka eta cross training & herri-kirolak izan dira, besteak beste, Bilbao basque FESTen atal honetako ikuskizun handietako batzuk.
BILBAO BASQUE FEST-EN KLASIKOEN ARRAKASTA HANDIA
Euskal kulturaren jaialdiak klasiko bihurtu diren pertsonaia eta jarduerak ditu, eta urtetik urtera, lehenengo postuak lortu dituzte publikoaren gogokoenen artean. 10.500 pertsona inguru murgildu dira hiribilduaren historian, “Bilboko anfitrioien” kontaketa pintoresko eta dibertigarriaren bidez. “Mirentxu eta Begotxu” itsasontzian egindako ibilaldi antzeztuak ospe gehien lortu duten beste proposamenetako bat dira, eta beteta kartela zintzilikatu dute beste behin.
1.830 pertsona dibertitu dira “Bilbao paranormal” umore-ikuskizunarekin itsasadarretik ibilaldi egiten zuten bitartean.
Kalejiren zalaparta, Otxoteen oihuak, txistulari-banden soinua, erraldoien dantzak Guggenheim Bilbao Museoaren parean biraka; horiek dira Bilbao basque FESTen beste identitate-zeinu nagusietako batzuk. Estimazioen arabera, aurten, 26.200 bilbotarrek zein turistak gozatu dituzte jarduera horiek. Jai-giro hori eta kultura hiriko puntu desberdinetan hedatu dira, hala nola Guggenheim Bilbao Museoaren zelaigunean, Arriaga Antzokiko Hallean, eta Ledesma, Villarías, García-Rivero edo Poza kaleetan.
Erromerietan adin eta abilezia orotako 9.800 dantzari inguru elkartu dira aurten. Gas plaza bikain estreinatu da dantza tradizional horien eszenatoki gisa eta Artxandari batu zaio, jaialdiaren azken eguneko bere hitzordu klasikoarekin.
Guztira, 48.330 pertsonek hartu dute parte Bilbao basque FESTen kulturaren klasikoetan.
DIBERTSIOA BERMATUTA EGON DA HAURRENTZAKO PROGRAMAZIOAREKIN
Bilbao basque FEST jaialdiaren familientzako programazioa indartu da aurten, aurreko edizioetan izandako arrakastaren ostean. Jarduerak eta espazioak dibertsifikatu dira, eta emaitza bikainak lortu ditugu. 3.830 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute familientzako programazioan: goizetako antzerki eta magia emanaldiak Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaon, non 940 ikusle bildu diren; Zabalguneko Eraikineko zirku-tailerrak, 975 gazterekin; Areatzako euskal joko tradizionalak, 1.350 parte-hartzailerekin; hiribilduaren historiaren sekretuak ikertzen, Casilda Iturrizar parkeko “Eskape Park” delakoan, 450 parte-hartzailerekin, eta gaitasun musikalak probatzeko “Perkutak” tailerrak, 115 parte-hartzailerekin Berreginen Museoan.
ASTE SANTUKO PLANAK: MUSIKA, KULTURA ETA ZINEMA
Bilbao basque FESTen Musika, Kultura eta Zinema ataletako proposamenak izan dira turisten Aste Santuko aisialdirako planetako batzuk. Guztira, 17.193 pertsona bildu dira programatutako kontzertuetan: Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaon, Bilbao Basque Fest Rock Cityn eta Martzana kaiko Dj-ekin, bai eta zuzeneko musikarekin ere, “Hotel Basque Music” eta “Taberna Live Music” direlakoetan.
Euskal jaialdietan 4.863 pertsona bertaratu ziren Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaora, bertan Aire Ahizpak, Juanjo Navas, Basabi, Still River eta Demode Quartet taldeen ikuskizunez gozatzeko. 1.600 pertsonek dar-dar egin dute honako hauen soinuekin Bilbao Basque Fest Rock City ekimenaren aurtengo edizioan: Melenas Nice, The Toasters, Buster Suffhle, Sotomonte, Manu Gastado & The Kosmik Twaregs, Lie Detectors, Garbayo.
Hamaika, Afrika Free Session, Mimoloko, Hammocks, Cuiri con Amigos eta Toro akustikoan Martzana kaian izan dira 9.000 pertsonentzako gaiak pintxatzen eta nahasten. 1.730 pertsona bildu dira “Hotel Basque Music” eta “Taberna Lives Music” zikloetan.
ZINEMA atalari dagokionez, eguraldi kaxkarrak ez ditu BBK Salara hurbildu diren 1.200 pertsonak kikildu, Icíar Bollaín zinemagilearen “Maixabel” filma ikustera bertaratu baitira, bai eta Bilboko Fant, Zinebi, Zinegoak eta Mendi Film jaialdietan saritutako film laburrak ere.
Bilbao basque FESTen zortzigarren edizio honetan, 4.200 pertsona izan dira Bilboko Udalak eskaintzen dituen doako kultura-jarduera guztiez gozatzen. Bilborocken programatutako umore-antzerkian, guztira, 450 ikusle bildu dira. Minimalarte poesia errezitalean eta Deabru Beltzak eta Euskal Sustraia Gaua ikuskizunetan 3.700 pertsona izan dira, guztira.
HIRIBILDUKO JARDUERA EKONOMIKOA SUSTATZEA
Jaialdiaren bitartez, Bilbo leku erakargarriago bat izateaz gain, jarduera ekonomikoa sortzeko iturri bat finkatu nahi da. Jaialdiko programazio zabalari esker, 150 pertsona kontratatu dira Bilbao basque FESTekoitzi eta gauzatzeko. Gainera, 300 artista kontratatu dira. Bestalde, ostalaritzako 307 establezimenduren atxikipena lortu da. Jatetxe, taberna, gozotegi eta denda espezializatu horiek ateak ireki dituzte hiriko eskaintza areagotzeko.
TURISMO BULEGOETAN ESKAINITAKO ARRETA
Plaza Biribileko eta Guggenheim Bilbao Museoko turismo-bulegoetan, guztira, 5.983 bisitariri eman zaie arreta apirilaren 14tik, Ostegun Santua, Pazko Astelehenera, apirilaren 18a.
Aste Santuan estatutik datorren turismoa da nagusi; izan ere, Europako beste herrialde batzuetan ez duten oporraldia dugu hau. Arreta jaso dutenen % 56,8 estatutik etorritakoak izan dira, % 33,3 nazioarteko turistak eta % 9,9 euskal turistak. Datu horiei dagokienez, Bilboko turismo-bulegoetan emandako arreta kontuan hartuta lortu dira.
Autonomia erkidegoei erreparatuz gero, Katalunia dago lehenengo lekuan, gero Madril, Gaztela eta Leon, Valentzia eta Galizia, hurrenkera horretan. Herrialdeei dagokienez, Frantzia berriz ere izan da Bilbora datozen turisten merkatu nagusia, eta Alemania eta Erresuma Batua eta Argentina eta Italia izan ditu atzetik.
Jende gehien egon diren egunak osteguna, ostirala eta larunbata izan dira, bai eta astelehena eta igandea ere, hurrenkera horretan. Nabarmendu beharra dago ostegun eta ostiraleko kontsultak asko luzatu zirela, bisitariek hiribilduan hainbat egun geratzeko asmoa zuten eta.
Bilbao Turismok antolatzen dituen bisita gidatuetan 243 parte-hartzaile bildu dira. Datu altua da, eta, horrela, turistek hiria ezagutzeko aukera izan dute, baina gidari profesional baten eskutik.
Bisitatzen gaituztenek Bilbao basque FEST jaialdiaren programazioarekiko izan duten interesa nabaria izan da, eta turismo-bulegoetan ikusi ahal izan da hori. Bilbon planak egiteari buruzko kontsultak egiten zituztenak asko harritzen ziren jaialdiaren programazio zabala ikustean, eta interesa erakutsi dute, batez ere, honako hauetan: itsasadarreko ibilaldi antzeztuak, Txoko Gourmeteko berehalako dastatzeak eta musika-ikuskizunak.