3.000 kirolarik baino gehiagok eman dute izena Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko Triatloia Europako 2022 Txapelketan

Abuztuak 5

  • Parte-hartze datuei dagokienez, duela18 hilabete egindako hasierako aurreikuspenak gainditu dira, eta 3.000 kirolaritik gora bilduko dira Txapelketan. Guztira, 8.000 pertsona izango dira bertan, eta 10 milioi euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusi da

  • Hilabete baino ez da falta izena emateko epea amaitzeko, eta oraindik dago irekita estatutik datozen kirolariek izen-emateen prezioan % 40ko batez besteko beherapena izateko epea

  • Distantzia ertaineko triatloia eta duatloia dira kirolari gehien bilduko dituzten diziplinak Aurreikuspenen arabera, mila kirolari bilduko dira Triatloi Krosa, Duatloi Krosa eta Aquabike probetan

Hasi da irailaren 17tik 24ra antolatuko den Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko Triatloia Europako 2022 Txapelketaren atzerako kontua. Bilbon eta Bizkaiko hiru egoitzatan antolatuko da: Enkarterri-Balmaseda, Urdaibai-Bermeo, Getxo-Portugalete.

Itzelezko ikusmina sortu du triatloi ekitaldirik handienak, eta kontinenteko dozenaka titulu egongo dira jokoan Kirol Anitzeko Triatloia Europako Txapelketak hartuko dituen sei diziplinen bitartez.

Ekitaldiaren aurkezpen ofizialean, 2021eko otsailean, 3.000 kirolari bilduko zirela aurreikusi zen, baina azken datuen arabera kopuru hori gaindituko da. Hain zuzen ere, aurreikuspenen arabera, 3.000 parte-hartzailetik gora bilduko dira, hau da, txapelketak interes handia eragin du triatloian aritzen direnen artean. Bilboko eta Bizkaiko kirolaren jai handi bat izango da.

DISTANTZIA ERDIKO TRIATLOIAN ETA DUATLOIAN BILDUKO DIRA KIROLARI GEHIEN

 Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Triatloiko Espainiako Federazioak (FETRI), Triatloiaren Nazioarteko Federazioaren (ETU) laguntzarekin, osatzen duten Antolaketa Batzordeak esku artean dituen kopuruen arabera, 3.020 kirolarira iritsi da proba eta kategorietako parte-hartzaileen kopurua.

Aurreikuspenen arabera, 800 kirolari baino gehiago bilduko dira duatloian. Proba irailaren 17an eta 18an antolatuko da, eta Europarako txapelketara irteteko pistola-tiroa izango da. Beste alde batetik, txapelketari amaiera emateko, Distantzia Ertaineko Triatloia irailaren 24an egingo da Bilboko hiriburuan, eta 780 triatleta bilduko dira. Bilboko itsasadarraren eta beste leku ikoniko batzuen inguruan antolatuko da txapelketa, besteak beste, Guggenheim Bilbao Museoa, Deustuko Unibertsitatea edo Udaletxea, bi proba nagusien erdigune izango baitira.

Akuatloiaren proba Portugalete-Getxo egoitzan garatuko da irailaren 23an, eta 500 kirolari baino gehiago bilduko dira kilometroa igerian egiteko eta lasterketaren bost kilometroak oinez burutzeko, Bizkaia Zubi enblematikoa lekuko dela.

MILA KIROLARI DUATLOI KROSA, TRIATLOI KROSA ETA AQUABIKE PROBETAN

Aurreikuspenen arabera, mila parte-hartzaile inguru bilduko dira ekitaldiaren bigarren asteko probetan. Hori horrela, irailaren 20an Enkarterri-Balmaseda egoitzan egingo den Duatloi Krosean 240 kirolari bilduko dira, honako hauek lotuko dituen ibilbidean: udaletxe alboko San Seberino Eliza, Foruen plaza edo Zubi Zaharra, besteak beste. Paisaia ikusgarriak dira mendiko bizikleta eta oinezko lasterketa uztartuko dituen diziplinarako.

Triatloi Krosean 380 parte-hartzaile izango dira Urdaibai-Bermeo egoitzan irailaren 22an. Lamera parketa trantsizio-gune eta helmuga izango da igeriketa, mendiko bizikleta eta oinezko lasterketa uztartuko dituen proban. Aurreikuspenen arabera, txapelketaren azken egunean jokatuko da Aquabike proba. Irailaren 24an, 320 pertsona izango dira bertan, Bilboko lekurik ikonikoenetan zehar ibiltzeko prest. Hain zuzen ere, horixe izango da Txapelketaren azken eguna.

HILABETE IZEN-EMATEEN EPEA IXTEKO

 Gogoan izan behar dugu abuztuaren 31n amaituko dela izena emateko epea, eta data bakarra egongo da Europako Txapelketako sei diziplinetarako: Duatloia, Duatloi Krosa, Akuatloia, Triatloi Krosa, Aquabike eta Distantzia Ertaineko Triatloia. Adin-taldeak eta Open proba izango dira kirolari gehien bilduko dituzten probak, eta sailkatzeko zein izena emateko irizpideak dituzte (Kontsultatu informazio guztia hemen) Triatloiko Espainiako Federazioaren lizentzia duten kirolariek abuztuaren 17ra arte erabili ahal izango dute izen-emateetan aplikatzeko hobaria,% 40koa batez beste. Hain zuzen ere, Antolaketa Batzordeak estatuko parte-hartzaileak ugaritzeko emandako dirulaguntzaren bitartez eman da, aurreko txapelketetan egin zen bezala. (Izen-emateei buruzko informazio gehiago hemen ].

HOGEITA HAMAR HERRIALDETAKO 8.000 PERTSONA BERTARATUKO DIRA, ETA 10 MILIOI EUROKO ERAGIN EKONOMIKOA IZANGO DU LURRALDEAN

 Izen-emateei dagokienez, uste baino gehiago egin dira oraingoz, eta kirolari zein laguntzaileen artean hogeita hamar herrialdetatik datozen 8.000 kide biltzeko aurreikuspenak bere horretan jarraitzen du. Kirolaz gozatzeaz gain, Bilbo eta Bizkaiko erakargarritasunez gozatu ahal izango dute, eta jarduera osagarriei esker esperientzia paregabe bat bizi (kontsultatu hemen)

Txapelketak lurraldean 10 milioi euroko eragina izango duela kalkulatu da, eta, horrela, berretsi egingo da kirola osasun mental eta fisikorako onuragarria izateaz gain, ekonomiaren eragile garrantzitsu ere badela.