Abenduak 14
-
Areatzako kaian eta Erripa kaian dauden bi jarduerak azaroaren 24an ireki ziren, eta, beste behin ere, aurreko edizioetan izan zuten arrakasta berretsi da. Urtarrilaren 5era arte egongo dira irekita.
-
Sarrerak salgai daude www.bilbaopistadehielo.com webgunean. Txartelak aldez aurretik eta webgunearen bitartez erostea gomendatzen da, ilararik egin behar ez izateko eta hautatutako egunean eta orduan sartu ahal izateko. Dena den, txartelak salgai daude instalazioen alboan dauden kutxatilategietan.
-
Bi instalazioak #BilbaoGabonak udal-proiektuaren parte dira, zeinaren helburua Bilbo garai honetan ere gune erakargarri eta aisialdi, merkataritza eta kulturako erreferente gisa indartzea baita.
Izotz ekologikoko pista eta txirrista dira #BilbaoGabonak programaren barruan zale gehien dituzten jarduerak, eta hala erakutsi du parte-hartzaileen kopuruak; izan ere, 30.000 bisitari bildu dira jarduerak irekita egon diren lehenengo bi asteetan.
Kopuru horiei esker, berretsi egiten da itsasadarraren bi aldeetan, Areatzako kaian eta Erripako kaian, jarri dituzten bi instalazioen arrakasta. Instalazioak, hain zuzen ere, 2018. urtetik daude martxan.
Areatzako kaian izotz ekologikoaren gaineko irristaketarako pista bat da, 800 metro koadrokoa, Estatuan denik eta handienetakoa modalitate horretan, eta instalazioaren erdia baino gehiago estalia du, eguraldi txarra denerako, eta, Erripako kaian, txirrista handi bat ere bai, sei erreikoa.
Bi azpiegiturak zabalik egongo dira urtarrilaren 5era arte.
SARRERAK ON LINE EROS DAITEZKE, ahal dela, www.bilbaopistadehielo.com web orriaren bitartez. Horrela, posibleak diren ilara saihestuko dira eta plaza aukeratutako egun eta orduan bermatuko da. Hala ere, sarrerak instalazioko leihatilan ere eros daitezke. Izotz-pistaren kasuan, 3,5 eurokoa da prezioa irristatzen emandako 30 minutuko (patinak barne), eta 2,5 euro kide anitzeko familientzat; aldiz, txirristan, 2,5 eurokoa da pertsonako, eta hiru aldiz jaitsi ahal izango dira erreietan behera. Taldeentzako erreserbak egiteko (20 pertsona baino gehiagokoak izan behar dute), mezu elektroniko bat igorri beharko da helbide honetara: reservasgabonak@proasur.com. Taldeen erreserbekin zerikusia duten kontsultak astelehenetik barikura egin ahal izango dira, 9:00etatik 14:00etara, 630 988 494 telefonoaren bidez.
Instalazio horietarako aurreikusitako ordutegia hau izango da
Azaroaren 25etik abenduaren 22ra
- astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era.
- Ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.
Abenduaren 23tik urtarrilaren 5era ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.
Abenduaren 24an eta 31an ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da, eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean 17:00etatik 21:00etara.
Azpiegitura bata zein bestea gai berritzaileak erabiltzen ditu, beraz, abangoardiakoak, jasangarriagoak, ur izoztuko pista batean irristatzeko sentsazioa eraginez, ingurumena begiratzen duen produktu % 100ean birziklagarri batekin. Apustu honekin, Bilboko Udalak ura eta argindarra aurreztuko ditu nabarmenki, eta tonaka CO2 eguratsera isurtzea eragotziko.
TXIKIGUNEA, 450 METRO KOADROKOA
Erripa Kaian, halaber, 0 eta 12 urte arteko umeek Txikigunea aurkituko dute, 450 metro koadroko karpa bat, bereziki haientzat diseinatutako jarduerez betea. Karpak bi eremu ditu: Ganbara eta Gabonetako Ametsen Faktoria.
Alde batetik, Ganbaran, txikienek eta haien familiek aukera izango dute denboran zehar bidaiatzeko eta ahaztutako amets haiek berreskuratzeko era bateko eta besteko jardueren bitartez, hala nola labirinto bat, olgetarako eremu bat, argazki-erakusketak eta beste.
Gabonetako Ametsen Faktorian, bestalde, beren egungo ametsak sortu eta moldatu ahal izango dituzte hainbat jardueraren bitartez, hala nola tailerrak, Olentzerorentzako eta Mari Domingirentzako nahiz Errege Magoentzako gutunen ontzia edo ludoteka, besteak beste.
Umeentzako eremu horren ordutegia 16:00etatik 20:30era izango da, eskola-jarduera dagoen egunetan, eta 11:00etatik 14:00etara, goizez, eta 16:30etik 20:30era arratsaldez, asteburuetan, jaiegunetan eta eskola-oporren garaian.
Jardueretara sartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, esteka honetan, zeina dagoeneko abian baita, edo, bestela, karpan bertan, irekitzen dutenetik aurrera.
GABONETAKO AZOKA
“Gabonetako Azoka” osatzen duten zurezko 20 etxolak Erripako Kaira itzuli dira ostera ere, Bilboren merkataritza-eskaintza handitzearren egun hauetan. Hiriko merkatariek beren gastronomia, opari, ehungintza eta Gabonetako apaingarriak eskaintzen dituzte urtarrilaren 5era arte, 12:30etik 21:00era, salbu eta abenduaren 12, 13, 14,15, 19 eta 20an, 17:30etik 21:00era.
Berritasun moduan, aurten, Udalak etxoletako bat erreserbatu du Bilboko Balioen Agiria eta Garapen Jasangarriko Helburuak ezagutzera emateko.
Eskaintza komertziala osatzeko, Gabonetako Merkatuaren aurrean, Areatzako kaian, Arbaso artisau-elkarteak kudeatzen duen Gabonetako Artisautza Azoka, Gabonart, jarriko du martxan abenduaren 16tik urtarrilaren 5era bitartean.
#BILBAOGABONAK
Asmo handiko proiektu berezi honen bidez, udalak bere programaziorik anitzena aktibatu du, adin guztietako herritarrei zuzenduta, baina batez ere haurrei, honako helburu hau bete nahian: garai honetan ere Bilbo erakarpen gune handi eta erreferente gisa finkatzea, aisialdiri, merkataritzari eta kulturari dagokienez.
SARE SOZIALAK:
- Bilbao Udala: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Ekintza: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Jaiak: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Turismo: FACEBOOK I TWITTER I INSTAGRAM
#BilbaoGabonak