Urriak 28
- Hasi da Bilboko Udalak Bilbao Ekintzaren bitartez sustatu duen programa, zeinaren helburua hiribilduko enpresen eta saltokien arduradunei epe luzerako ikuspegia hobetzen laguntzea eta enpresa-erabakiak hartzeko erraztasunak ematea baita.
- Aukeratutako enpresa bakoitzak ekimenean parte hartuko duten 24 mentoreetako baten laguntza izango du. Denak dira izen handiko profesionalak, eta ezagutzaren eta esperientziaren bidez enpresen estrategiak sendotzen lagunduko dute.
- 90 mentorek eta 172 enpresa txiki eta ertainek hartu dute parte Mentoring Bilbaoren aurreko hamahiru edizioetan. Ekimena ekonomia eta enplegua hobetzeko tresna baliagarri gisa finkatu da.
Gaur hasi da Mentoring Bilbaoren hamalaugarren edizioa. Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez bultzatutako ekimena da, zeinaren helburua enpresen eta saltokien trebakuntza eta gaitasunak hobetzen laguntzea den, baita epe luzerako ikuspegia eta enpresa-erabakiak hartzeko erraztasunak ematea ere.
69 proiektuk eman zuten izena mentoretza-prozesuan parte hartzeko, eta 24izan dira hautatuak. Hemendik eta ekainera arte ospe handiko profesionalen laguntza indibidualizatua izango dute, eta haien merkatu-ezagutzaz eta esperientziaz baliatuko dira nork bere enpresa-estrategia finkatzeko.
Hala, 24 mentore izango dira, hain zuzen ere, modu altruistan XIV. Bilbao Mentoring-en parte hartuko dutenak. Horietatik hamazortzik aurreko edizioetan parte hartu dute. Horrek frogatzen du esperientzia benetan aberasgarria dela parte hartzen duten bi alderdientzat. Hiribilduko ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko tresna baliagarritzat jotzen den ekimen honetan lehen aldiz parte hartuko duten sei profesional daude mentoreen taldean.
Datozen zortzi hilabeteetan 24 mentore horiek aldizkako bilerak izango dituzte egokitu zaizkien enpresen ordezkariekin. Bilera horietan, bi alderdiek esperientziak, aholkuak eta informazioa trukatuko dituzte, beti mentoretza jasoko duten pertsonen profesionalizazioa hobetzeko asmoz. Esperientzian oinarritutako irakaskuntza baliatuko da, tartean ideia berriak sartuko dira eta aldi berean kontaktu-sare bat garatuko da, faktore horiek parte-hartzaileen negozio-planak zabaltzen lagundu dezaketelakoan.
Aukeratutako enpresa guztiek gutxienez urtebete daramate funtzionamenduan, eta, besteak beste, honako sektore anitz hauetakoak dira: zerbitzu profesionalen alorrekoak, merkataritzakoak, ostalaritzakoak, turismo eta aisialdikoak, kultura-jardueretakoak, irakaskuntzakoak eta teknologiaren alorrekoak.
Mentoring Bilbao 2008an jarri zen abian, eta harrez geroztik antolatu diren hamahiru edizioetan guztira 172 enpresa txiki eta ertaini eta saltokiri lehiakortasuna hobetzen lagundu diete parte hartu duten 90 pertsona mentoreei esker. Horrek Bilboko Udalak elkarlanean oinarritutako metodologiaren alde egindako apustuaren baliozkotasuna berresten du.
SARE SOZIALAK: