“Bilbo Blues Festival” sortu da, bizkaiko hiriburua genero musikal horren nazioarteko erreferente gisa kokatzeko

Otsailak 3

  • Lehenengo edizioa uztailaren 29, 30 eta 31an egingo da, Bilboko Areatzan, baina hiriko beste bazter batzuetara ere hedatuko da, kalejiren eta formatu txikiko emanaldi akustikoen bidez. Bob Stroger abeslari eta baxu-jotzaile mitikoak bere ibilaldiaren aitortza jasoko du, eta blusaren beste musikari gogoangarri batzuekin joko du, hala nola Kim Johnson, Mike Avery, Kenny Smith, Billy Flynn, Piano Willie eta Joey Saye.

  • Bilboko Udalak zita handi hau bultzatzen du, beraren bidez eskaintza kulturala dinamizatzeko eta musikaldi hau munduko panorama musikalaren topaketa nagusien artean finkatzeko. Jaialdia aire zabalean egingo da, eta hogei kontzertu eta jarduera baino gehiago izango ditu, horiek guztiak doakoak. Bilboko Alkate Juan Mari Aburtorentzat eta Jaialdiko zuzendari Carlos Mallesentzat, “aukera paregabe bat da hiriarentzat, ekitaldien kateari gehitzen zaion formatu berri batean”.

  • Haurrek kontzertu pedagogiko elkarreragileez gozatu ahal izango dute, ahots- eta instrumentu-genero honetan aritzen hasteko.

Blues eta uda eskutik hartuta ibiltzen hasiko dira Bilbon, urte honetatik aurrera. Bizkaiko hiriburua musika onari lotuta egon da historikoki, eta aurrerantzean lehenengo Nazioarteko Blues Jaialdia gehituko dio bere urteko “kartelari”, datorren uztailaren amaieran.

Apustu kultural sendo bat, Bilboko Udalaren eskutik sortzen dena hiriko dinamizazioa sustatzeko eta Euskadiko gertaera berdingabe hau mundu mailan proiektatzeko xedez. Hiriko bihotza blues banda ospetsuenen erritmoan taupadatuko da, eta horiekin batera tokiko talde batzuk ere arituko dira, zita hau famarako abiapuntu bezala aprobetxatu ahal izango baitute.

Bilbao Blues Festival jaialdia uztailaren 29etik 31ra bitartean egingo da, eta hogei kontzertu eta jarduera baino gehiago izango ditu, guztiak dohainik. Jadanik berretsita dauden kontzertu nagusietako bat Chicagoko All Stars-arena izango da; bertan, iparramerikar hiri horretako hainbat blues-musikari ospetsuk eszenatokia konpartituko dute, banda bat une horretarako osatuz. Beraren partaideak Bob Stroger, Kim Johnson, Mike Avery, Kenny Smith, Billy Flynn, Piano Willie eta Joey Saye mitikoak izango dira.

Lehenengo edizio hau aire zabalean egingo da osorik, eta haurrengana zuzendutako kontzertu pedagogikoak ere programatu dira, baita emakumeei eta bluesari buruzko hitzaldi bat, kontzertu batekin.

Zitaren eszenatoki nagusia Areatza izango bada ere, genero musikal hau hiriko bazter guztietara iritsiko da, New Orleanseko estilo peto-petoan, dixie bandek han-hemenka egingo dituzten kalejirei esker.

JUAN MARI ABURTO: BLUESA BILBORA ERE IRISTEN DA

Bilboko Alkate Juan Mari Aburtoren ustez, “aukera paregabea da udan zita musikal garrantzitsu bat izateko, bluesarekin, honek indartzen baikaitu mota horretako ekitaldien katean. Lehenengo edizio honek oso elementu erakargarriak izango ditu: izen handiko figurak ekartzea, aire zabalekoa eta doakoa izatea…, eta Bilboko bihotzean bertan. Espero dugu jaialdia Hirian gustukoa izatea eta bisitari asko erakartzea”.

“Oso zaindutako jaialdi bat da, kalitate gorenekoa, generoaren nazioarteko figura ospetsuak Bilbora ekarriko dituena. Lehenengo edizio hau bizi dugun garaiak ezartzen dituen dimentsioetara egokitutako formatu batez aurkezten da. Espero dugu datozen urteetan zita hau hirian finkatzea eta jendea zerbait propiotzat sentitzera iristea”, azaltzen du Carlos Mallesek, Bilbao Blues Festivalen zuzendariak.

I Bilbao Blues Festivalak helburu bikoitza du: bluesa maite duen publikoak Europako biretan normalean parte hartzen ez duten artistez goatzea, eta genero hori -rock, pop, indie, soul eta beste batzuen oinarri dena- deskubritzen laguntzea oraindik ere ondo ezagutzen ez dutenei.

Nahi dugu jendeak estilo musikal hau ezagutu dezan. Blues kontzertu bat jende guztiari gustatzen zaio, generoaren ohiko kontsumitzailea ez izan arren. Musikagatik ez ezik, inguratzen duen giroagatik ere”, dio Mallesek.

BOB STROGER: BILBAO BLUES FESTIVAL SARIDUNA

Bob Stroger (Haity, Missouri, 1929) blues-musikari ospetsuak, baxu-jotzaile eta abeslariak, Bilbao Blues Festival Saridunaren erakusgarria den txapela jasoko du. Bere ibilaldi luzean, Stroger XX. mendeko bigarren zatiko banda garrantzitsuenetako batzuen partaidea izan zen: Ottis Rush, Jimmy Rogers, Sunnyland Slim, Willie Mabon, Snooky Pryor, Eddie Taylor, Pinetop Perkins…

70eko eta 80ko hamarkadetan, American Folk Blues Festivalen biren sail erritmikoa osatu zuen, Oddie Paynerekin batera, eta besteak beste Carey Bell, Lousianna Red eta Jimmy Rogersekin aritu zen. 90eko hamarkadan, bere banda propioa gidatzen hasi zen eta kontzertuak eman zituen planeta osotik.

NAZIOARTEKO AITORTZA DUTEN ANTOLATZAILEAK

Jaialdiaren eragileek nazioarteko sari gorenak irabazi dituzte genero musikal honen bultzadari dagokionez: Eragile onenarentzako BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Unionek 2019an Azore Uharteetan emanda, eta nazioarteko jaialdien antolaketa onenaren K.B.A. SARIA (Keeping the Blues Alive), munduko aitortza gorena, Blues Foundationek 2015ean Memphisen emanda.