Segurtasuneko, osasun-kontroleko, garraio publikoko eta garbiketako udal operatibo koordinatua, Bilbao BBK Live-ren aurtengo ediziora begira

Uztailak 4

  • Kobetamendira garaiz joatea gomendatzen da —bereziki, kanpalekuan geratuko direnen kasuan—, jendea gutxika-gutxika heldu dadin eta itxarote-denborak laburragoak izan daitezen, baita poltsa eta motxilak miatu behar diren kasuetarako ere (hala eskatuz gero).

  • Bilboko Udalak bertaratzeko asmoa dutenei eskatzen die segurtasuneko langileen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarraibideei kasu egiteko une oro, operatibo bateratua prestatu baitute jendearen segurtasuna bermatzeko.

  • Kobetamendira igo aurretik, sarrerak eskumuturrekoekin trukatu beharko dira, ohiko tokietan: BBK Aretoa, San Mames eta BEC!.

  • Dagoeneko eskuragarri dago erreserba bidezko autobus-zerbitzua. Joan den urtean bezala, Felipe Serrate kaletik abiatuko dira autobusak, eta jaialdiaren webgunean erreserbatu ahalko dira. Horrez gain, doako autobus-zerbitzu berezia egongo da BEC!-etik eta San Mamesetik, kontzertuen gunera joateko zein handik itzultzeko. Eskumuturrekoa derrigorrezkoa izango da autobus guztietan bidaiatzeko.

  • Ia 50 lagunez osatutako talde bat arduratuko da Kobetamendiko garbiketaz eta hango hondakinak batzeaz, eta hirian eragindako beste gune batzuetan ere zerbitzua areagotuko da; adibidez, San Mameseko zabalgunean, antolatzaileek prestatutako autobusak irtengo diren tokian.

Beste urte batez, Bilbao BBK Live jaialdia hartzeko prestatzen ari da uria: uztailaren 6an, 7an eta 8an izango da. 100 artistak baino gehiagok hartuko dute parte berriro ere oso jendetsua izango den jaialdi horren hamazazpigarren edizioan.

Horren harira, zenbait sailen artean koordinatutako udal operatiboa prestatu du Udalak, segurtasuna, garraio publikoa, osasun-kontrola eta Kobetamendiko garbiketa bermatzeko.

SEGURTASUNA

Aurtengo edizioan, berriz ere indartuko da jaialdiko segurtasuna, eta, horretarako, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Bilbao BBK Live jaialdiko segurtasuneko langileek operatibo berezi koordinatua gauzatuko dute bertaratuen ongizatea bermatzeko, bai jaialdiaren esparru barruan, baita inguruetan ere.

Udaltzaingoak guneko sarbideak eta sarrera zaindu eta kontrolatuko ditu delituak eta liskarrak saihesteko, eta arreta berezia jarriko die iruzurrezko salmentari eta bertaratuen bide-segurtasunari.

Salaketak jartzea eta atestatuak egitea ahalbidetzeko, poliziak arreta eskainiko du Udaltzaingoaren bulegoetan eta Basurtu/Zorrotzako Ikuskaritzan (Tellagorri 3), 22:30etik 07:30era.

Era berean, Udaltzaingoaren unitate mugikor bi egongo dira, ebasketa eta/edo kalteengatiko delitu astunengatiko eta, hain astunak izan gabe ere, izapidetze soilekoak diren beste delitu batzuengatiko salaketak jasotzeko (indarra erabiliz ibilgailuetan egindako lapurretak, adibidez). Arreta udaltzainek emango dute delitua gertatutako lekuan bertan, salaketa-akta egiteko.

Udalak gomendatzen du Kobetamendira garaiz joatea —bereziki, kanpalekuan geratuko direnen kasuan—, jendea gutxika-gutxika heldu dadin eta itxarote-denborak laburragoak izan daitezen, baita poltsa eta motxilak miatu behar diren kasuetarako ere (hala eskatuz gero).

Era berean, Bilboko Udalak bertaratzeko asmoa dutenei eskatzen die segurtasuneko langileen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarraibideei kasu egiteko une oro.

KOORDINAZIO ZENTROA, MEDIKUEN POSTUA ETA ANBULANTZIAK

Jaialdiaren eremuan eta inguruetan erantzun zuzena bermatzen jarraitzeko, Jaialdiko Segurtasuneko Koordinazio Zentroa antolatu da, non segurtasuneko langileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasuneko langileak egongo baitira. Koordinazio Zentroa autokarabanen aparkaleku inguruan egongo da, eta, kontzertu esparruaren barruan, medikuen postua jarriko da, bi areto edo espaziotan banatuta: osasun-arreta emateko gela eta eboluzio-gela.

Kontzertuetan zehar, anbulantziak egongo dira esparruko eremu hauetan: agertoki nagusietan, relax-eremu inguruan eta medikuen postuan. Horietako bat 24 orduz egongo da zabalik. Suhiltzaileen kamioi bat (ekipamendu tekniko eta langile talde osoarekin) ere egongo da prest, ekoizpen-eremuan gertatu daitekeen edozein larrialditarako.

Kanpaleku-eremuan ere segurtasuneko eta osasun-arretako langileak egongo dira, 24 orduetan zehar.

KOBETAMENDIRA SARTZEA

Zirkulazio-aldaketa eta trafiko-etete nagusiak jaialdiaren ingurunean izango dira, Kobetamendi aldean. Zehazkiago, Kobetabidea trafikoari itxita egongo da Basurtu-Kastrexana errepidetik Kobetamendiko garagardotegiraino, eta Masustegitik eta Altamiratik Mintegitxuetarako sarbideak ere itxita egongo dira.

Ibilgailu pribatuentzako murrizketak uztailaren 5eko (eguaztena) 11:30ean hasi, eta uztailaren 9ko (domeka) 15:00ak arte mantenduko dira, gutxi gorabehera.

Segurtasun-arrazoiak direla eta, Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatu ahalko ditu, jende-oldearen arabera. Ekitaldiaren antolatzaileek baimena duten ibilgailuei, garraio publikoko ibilgailuei eta baimena duten bizilagunei utziko diete sartzen, ez beste inori.

Jaialdira doazenek erabat debekatuta izango dute Kobetamendira ibilgailu pribatuan joatea, bai kontzertuen gunera, bai kanpalekura: oinez joan ahalko dira, edo, bestela, antolatzaileek eskainitako autobus-zerbitzu berezia edo Bilbobusen zerbitzu bereziak erabili ahalko dituzte.

IGO AURRETIK SARREREN ORDEZ ESKUMUTURREKOAK HARTU BEHARKO DIRA, DERRIGORREZ

Jai-esparrura IGO AURRETIK, nahitaez hartu beharko da eskumuturrekoa, sarreraren ordez. Atzotik (uztailak 3, astelehena), eta gaur arte (uztailak 4), sarrerak eskumuturrekin trukatu ahalko dira BBK Aretoan, 11:00etatik 20:00etara bitartean. San Mamesen eta BEC!-en, berriz, ordutegia hauxe izango da: uztailaren 5etik (eguaztena) 8ra (zapatua), goizeko 10:00etatik goizaldeko 02:00ak arte.

Jaialdiko esparruan EZ dira sarrerak eskumuturrekoekin trukatuko, eta jaialdiko doako autobusetara EZIN izango da eskumuturreko barik sartu.

OINEZKOEN SARBIDEA – KOBETAMENDIRA OINEZ IGOTZEA

BBKren eta Bilbao BBK Liveren ekimen berria da «Kobetamendi Irteera». Ekimen bat, non Kobetamendira doazenek karbono-aztarna gutxitzen lagundu ahalko baitute, San Mames zabalgunetik jaialdiko ateetarainoko 2,5 km-ak oinez eginda. Jaialdiaren egun bakoitzean, aldez aurretik programatutako bost irteera egongo dira, 16:00etatik 20:00etara bitartean; eta geraleku bat ere egongo da bidean, sariekin eta sorpresekin.

Ibilbidea diseinatu dute txikienek zein zaharrenek erraz-erraz egin ahal izateko. Parte-hartzaileek, irteera berezi horretan zehar, Bilboko ikuspegi paregabeaz (igo ahala, gero eta hobea da), zuzeneko musikaz eta bide osoan zehar topatuko dituzten sorpresez gozatuko dute.

AUTOBUSAK

Erreserbapekoak

Igoera antolatzeko eta garaiz antolatu ahal izateko, erreserbapeko autobusen zerbitzua egongo da, bigarren urtez jarraian. Autobus horiek Felipe Serrate kaletik abiatuko dira, San Mames ondotik, jaialdiko egun guztietan, 16:00etatik 23:00etara bitartean, 10 minuturik behin. Bidaiaren prezioa 3,5 € izango da, igotzeko baino ezingo da erabili, eta aurretiaz erreserbatu beharko da, web del festival. webgunean. Erabiltzaile bakoitzak 10 txartel eskuratu ahalko ditu, gehienez.

Doakoak

Bilbao BBK Livera joateko doako autobusak ere egongo dira, bai joateko, baita itzultzeko ere. Ohikoa den bezala, joateko autobusak BEC!-etik (Barakaldo) aterako dira, Ansioko metro-geltoki ondotik —3.500 aparkaleku jarriko dira han—, eta San Mames ingurutik ere bai —zehazki, Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieratik, BAMI eraikinaren atzetik (Ogasuna-ETB).

Autobusak etengabe egongo dira joan-etorriak egiten uztailaren 5eko (eguaztena) 12:00etatik uztailaren 9ko (domeka) 15:00ak bitartean, eta zerbitzuaren maiztasunak aldatu egingo dira, eskariaren eta aurreikusitako beharren arabera. Jaialdiak irauten duen egunetan, 16:00etatik aurrera, gutxi gorabehera, Beyena fabrika zaharraren inguruan geldituko dira. Handik aurrera, 800 metro oinez egin beharko dira, kontzertuen gunera iristeko.

Era berean, kontzertuak amaitzen direnean, autobus-zerbitzu berezia erabili ahalko da bueltako bidaia egiteko. Beyena pareko geltokitik, bertaratuek hesidun eremuetan zain egon ahal izango dute, Basurtu-San Mamesera edo BEC!-era doazen autobusak hartzeko.

Bestalde, kanpinlariek autobusak izango dituzte kanpalekura joateko bihar, uztailak 5 (eguaztena), eta jaialdiaren hiru egunetan zehar, 24 orduz, bai kontzertuen esparrura joateko, baita kanpalekura itzultzeko ere.

Kontzertuetan zehar ere, autobus-zerbitzu berezia egongo da, jaialdiaren eremua (hegoaldea) kanpalekuarekin lotzeko.

METRO-ZERBITZU BEREZIAK

Metro Bilbaok zerbitzu bereziak eskainiko ditu uztailaren 6ko gauean (eguena), 23:00etatik 06:00-06:30era bitartean, Kobetamendiko kontzertuetara doazenak etxera itzuli daitezen. Barikuan eta zapatuan, berriz, gau osoan zehar ibiliko da metroa. Maiztasunak Metro Bilbaoren webgunean kontsultatu ahalko dira, «Hurrengo trenak» atalean.

TAXIAK

08:00etatik 16:00ak arte, taxiek bidaiariak utzi ahalko dituzte kontzertuen esparruaren inguruan.

Ordu horretatik aurrera, jaialdiaren esparrura doazen taxiek Beyenako fabrika zaharraren ondoan egokitutako geralekuan utzi beharko dituzte bidaiariak.

MUGIKORTASUN URRIKO PERTSONAK

Mugikortasun urriko pertsonentzako zerbitzu berezi eta pertsonalizatua egongo da. San Mamesetik abiatuko da, 17:00etatik 07:00etara, jaialdiaren egun guztietan. Zerbitzu hori webgunean erreserbatu ahalko da, eta doakoa izango da.

Kontzertuen gune barruan ere, mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma bat egongo da, eta haientzat bakarrik gordetako eremu bat, arreta pertsonalizatua eskainiko duten langileekin.

KANPALEKUA ETA AGERTOKIAK, «CASHLESS» JAIALDIAREN BARRUAN

Jaialdiaren eremutik 3 kilometrora kokatuta dago kanpalekua, Bilboko aisialdirako esparru handienetako batean. Bilbao BBK Live jaialdiaren kanpalekua berdegune bat da, eta beharrezko zerbitzu guztiekin hornituta dago: ura, dutxak, komunak (ispiluekin), entxufeak, armairuak eta janaria prestatzeko tokia. Kanpalekua uztailaren 5ean (eguaztena) irekiko da, 12:00etan, eta uztailaren 9an (domeka) itxi, 15:00etan.

Bilboko Udalak gogorarazten du egokitutako eremu horretan bakarrik kanpatu ahal izango dela, eta bertan egongo direnei eskatzen die kontzertuen eremutik oinez itzuli baino, 24 orduko doako autobus zerbitzua erabili dezatela beti; bereziki, gauean. Era berean, Udalak gogorarazten du segurtasun arrazoiak direla eta, debekatuta dagoela sua egitea.

Jai-guneko ateak 17:00etan irekiko dira, egunero; eta Bilbao BBK Live 2023ko musika zazpi agertokitan eskainiko dute.

Berriro ere, Bilbao BBK Live cashless jaialdi bat izango da erabat, hau da, ez dela eskudirurik erabiliko: ikus-entzuleek jaialdiko ordainketa guztiak (merchandisinga, janaria eta edaria) eskumuturra biratze hutsarekin egin ahalko dute, bertaratuek sarrera erosterakoan jasoko dituzten eskumuturreko adimendunetan integratutako teknologiari esker, zeinak ordainketa segurua bermatzen baitu.

Eskumuturrekoa online birkargatu ahal da, webgunearen bitartez edo fisikoki, eskudirutan edo txartelarekin, Kobetamendiko gunean egokitutako birkargatze-puntuetan. Bestalde, birkargatzeko puntuetan edo kobratzeko gailuetan saldoa kontsultatu ahalko da.

Dirua online kargatu dutenei automatikoki itzuliko zaie sobera geratu zaien zenbatekoa, transferentziagatiko kosturik eta gutxieneko zenbatekorik gabe. Birkargak jaialdiko postuetan egin dituztenen kasuan, itzulketa eskatu ahalko dute uztailaren 11tik aurrera (martitzena), jaialdiaren webguneak adierazitako atarian, transferentziagatiko kosturik edo gutxieneko zenbatekorik gabe.

Bilbao BBK Liveren edizio guztietan bezala, aurten ere jaialdiaren merchandisinga egongo da. Lasai eta Basoa sudadera ikonikoez gain, jaialdia hartzen duena bezalako tontor enblematikoen omenezko Kobetamendi – Gure Etxea kamisetaren edizio mugatua egongo da, eta produktu jasangarrien linea bat ere bai —adibidez, Nepaleko artisauek % 100 kalamu naturalez egindako gerriko poltsa.

AUTOKARABANENTZAKO ALDI BATERAKO APARKALEKUA BEC-EN

Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuak martxan jarri ahal izateko ibilgailuak eta gainerako tresnak gordetzeko, Kobetamendiko autokarabanentzako udal eremua itxita egongo da.

Egun horietarako, Bilboko Udalak autokarabanentzako doako aparkalekua egokitu du, BECeko (Bilbao Exhibition Centre) biltegien kanpoaldean, autokarabanazaleen eskariei erantzuteko. Aldi baterako aparkalekua doakoa izango da, eta zabalik egongo da uztailaren 21eko 13:00ak arte. Zainduta egongo da 24 orduetan, eta, ur-konexioa izateaz gain, gunea egunero garbitu, eta egunero bilduko dituzte hondakinak eta hustuko dituzte urak.

Garraio publikoa erabili daiteke Bilboko erdigunearekin konektatzeko: autobusa (3136 linea, Bizkaibus Bilbo-Gurutzeta Barakaldo) eta Metro Bilbao (Ansioko geltokitik).

OSASUN-KONTROLA

Jaialdiko osasun-kontrolarekin hasteko, muntaketaren aurre-ebaluazioa egingo du Osasun eta Kontsumo Sailak: osasun-memoriak berrikusi, eta, behar izanez gero, zuzenketak proposatuko ditu. Era berean, komunen kopurua eta txorrotako uraren eskuragarritasuna ebaluatuko dituzte, aurreikusitako edukieraren arabera eta mantentze-lanen egokitasunaren arabera.

Horrela, bada inaugurazioaren aurreko egunean, azpiegitura guztia muntatuta dagoela, Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariz osatutako hiru ikuskaritza-taldek lehen ikuskapena egingo dute, egiaztatzeko, batez ere, elikagaiak eta edariak saltzeko establezimendu guztiek ur-harguneak, material egokiak, behar besteko edukiera duten hozkailuak, elikagaiak manipulatzeko eremuak eta abar badituztela, eta komunen kopurua eta aldizkako garbiketa-protokoloa egokiak direla. Ikuskapen horiek publikorako salmenta-puntuetan, VIP eremuko salmenta-tokietan, eta langile eta artistentzat egokitutako jantokietan egingo dira.

Gainera, inaugurazio eguneko goizean beste ikuskapen bat egingo dute, eskainiko diren janari eta edari guztiak egiaztatzeko: jatorria, iraungitze-data, freskotasuna, kontserbazioa eta abar. Gero, beste ikuskapen bat egin ohi dute, gutxienez.

Bestalde, nabarmendu behar da Osasun eta Kontsumo Sailak kanpalekua ere ikuskatu eta kontrolatuko duela.

GARBIKETA

Jaialdia egin bitartean, alegia, uztailaren 6tik 9ra bitartean, garbiketa-lan eta hondakin-bilketa sakonak egingo dituzte gune osoan; bereziki, 07:00etatik 14:00etara bitartean. Batez bestean, 47 langile egongo dira lan horiek egiten, 21 ibilgailuz lagunduta (kamioak eta erratz-makinak).

Horrez gain, eta garbiketa-maila egokia mantentzeko, 530 edukiontzi jarriko dira, guztira: 1.100 litrokoak, kuboak eta igluak, gehi 6 metro kubikoko 3 erretilu.

Garbiketa-zerbitzuak garbiketa eta bilketa bat egingo du, goizez. Gainera, aldian-aldian igaroko dira sarrera nagusitik eta inguruetatik, kanpalekuko eremu komunetatik eta autobus-geralekuetatik, bai kontzertu-eremuan, baita autobus-zerbitzu bereziko unitateak aterako diren lekuan ere.

«Basoa» agertokiko garbiketa-lan guztiak eskuz egingo dituzte, zuhaitz asko baitaude han.

Gainera, kontzertuen egunetan zehar, Altamira auzoan garbiketa-zerbitzu berezia egongo da, jaialdi-eremura oinez igo eta handik jaisten den jende andanaren aztarna saihesteko. Jaialdia bukatzen denean, Kobetamendi parkean garbiketa sakona egingo da, herritarrek erabili eta disfrutatu ahal izateko.

Era berean, boluntarioen talde bat arduratuko da esparrua eta parkea garbi izateaz, bai ikus-entzuleek, jaialdian zehar, bai bilbotarrek, jaialdiaren ostean, inguru hura erabiltzen jarraitu ahal izan dezaten.

Eta, kontzertuetarako propio antolatutako dispositiboaz gain, Garbiketa Zerbitzua berrantolatu egingo da, hirian arreta behar duten puntu guztietan jarduteko —adibidez, jendea jaialdira igotzeko autobusen geralekuetan (San Mames zabalgunekoa kasu).

SARE SOZIALAK