Urtarrila 23
-
Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak, mendeurrena ospatzeko liburua eta baldosa eman dizkio gaur Paragüería Leoz euritako-dendako Lourdes Leozi. Leoz familiak zuzentzen du euritakoak saltzen eta konpontzen dituen Belostikaleko artisautzako familia-saltokia.
-
Ekitaldia “EHUN: Betiko dendak betirako” proiektuaren baitan antolatu da, zeinaren bitartez ehun urte bete dituzten negozioen ekarpena aitortzen baita, Bilboko merkataritzaren tradizioa eta funtsa diren aldetik. Horrela, irudia sendotu nahi da, eta turismo-ikono gisa sustatu.
-
Bestalde, ekimenak banakako aholkularitza eskaintzen die honako gai hauetan, besteak beste: marketina, giza baliabideak edo finantzak, betiere, hirian iraunaraztea eta etorkizuna bermatzea lortzeko.
Irailean eta Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan omenaldi berezi eta beroa egin zitzaien hiribilduan ehun urte beteak zituzten 61 saltokiri. Horren ostean, gaur goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak oroigarri gisa banatu ziren liburua eta baldosa eman dizkio Paragüería Leoz euritako-dendako Lourdes Leoz delakoari, hasi berri dugun 2023. urte honetan ehun urte bete baitituzte.
Hiribilduko saltoki enblematiko hau inauguratu zenetik dago Belostikalen, Santiago Katedraleko arkupeen alboan. Bertatik igaro dira, orain arte, Leoz familiako hiru belaunaldi.
Bilboko alkateak eta Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok Leoz familiarekin izan duten topaketa, hain zuzen ere, “EHUN: Betiko dendak betirako” proiektuaren beste omenaldi bat da. Proiektuaren bitartez, Bilbon ehun urte beteak dituzten negozioen irudia sendotu nahi da etorkizunean ere gure artean izan ditzagun. Horretarako, askotariko aholkularitza-ekintzak jasotzen dituzte eta turismo-ikono gisa sustatzen dira.
Hori horrela, bilbotar guztion egunerokoan dauden eta ehun urte beteak dituzten saltokien zerrendan sartuko da Paragüería Leoz euritako-denda, eta besteek egiten duten bezala, Bilboko merkataritza-esentzia eta tradizioa gordetzen lagunduko digu. Paragüería Leoz euritako-dendari esker, beste saltoki historiko bat dugu Ibaiondo auzoan, zeinak Abando, Rekalde, Uribarri eta Deustuko auzoetako ehun urte beteak dituzten saltokiekin egiten duen bat.
PARAGÚERÍA LEOZ EURITAKO-DENDA
Paragüería Leoz euritako-denda artisautza lantzen duen familia-saltoki bat da, eta euritakoak saltzeaz eta konpontzeaz arduratzen dira bertan. Dendan leku, pertsona eta egoera guztietarako euritakoak ikusi daitezke. Juan Leozek sortu zuen denda, berak Posta kaleko antzinako euritako-denda batean ikasi zuen lanbidea. Denda hori itxi zutenean, Belostikalen bere euritako-denda instalatzeko erabakia hartu zuen Juanek.
Ordutik, negozioan aritu dira Juan Leozen seme-alabak, Elisa, Fernando eta Juan Manuel, eta gaur egun ilobak kudeatzen du, Lourdes. Txiki-txikitatik barneratu zuen euritakoak saltzeko eta konpontzeko gaitasuna, eta, horretarako, aitonak utzi zizkion tailer eta lanabes bereziak ditu.
Ehun urte bete dituen saltokia izan arren, Paragüería Leoz saltokia teknologia berrietara egokitzen da, eta, horretarako, euritakoen bilduma online eskaintzen du https://paraguasleoz.com/es/tienda/ webgunearen bitartez.
OROIGARRIAK ETA AHOLKULARITZA
Mendeurrenera iritsi diren saltoki guztiek, eta gaurtik aurrera Paragüería Leoz euritako-dendak ere, hiribilduan ehun urte beteak dituzten saltoki gisa bereizten dituen oroigarria izango dute ikusgai erakusleihoetan: baldosa.
Gainera, negozio guztien historia jasota duen liburuxka bat eskainiko diete bezeroei. Liburuxka hori, gainera, salgai egongo da Bilboko turismo-bulegoetan. Horrez gain, Bilboko Udalaren, Bilbao Ekintzaren eta Bilbao Turismoren webguneetan kontsultatu eta deskargatu daitekeen bertsio digitala izango dute eskuragarri.
“EHUN: Betiko dendak betirako” proiektuarekin, hain zuzen ere, banakako aholkularitza eman nahi zaie historia luzea duten negozio horiei, saltzeko eredu berrietara egokitu daitezen eta, horrela, hiribilduan duten ibilbidea luzatu dezaten. Halaber, hiriaren turismo-irudi gisa sustatzen lagundu nahi da.
Programaren barruan eta negozioen banakako diagnostikoa egin ostean, aholkularitza berezitua egiten ari dira marketina, arlo juridikoa eta finantza arloa edo giza baliabideak hobetzeko, besteak beste.
Ehun urte beteak dituzten saltokiak dira 90 urte baino gehiagoko merkataritza-jarduera (nahiz eta kokapena aldatu izan) duten saltokiak, baldin eta belaunaldiz belaunaldi edo langileen artean eskualdatu diren negozioak badira eta saltzen den produktu-mota edo lan egiteko modua mantendu badituzte.
Farmaziak, elikagaien saltokiak, estankoak, loteria-negozioak, moda-dendak… daude zerrenda historiko honetan, non ehun urte beteak dituzten Bilboko 62 saltoki biltzen diren.
SARE SOZIALAK: