“Bilbo Irisgarria” hiriko irisgarritasuna hobetzen laguntzeko erronkaren irabazleen proiektuak

Abenduak 19

  • Bilboko Udalak, Google Cloud-ek eta INNOLAB Bilbao erakundeak abian jarri duten berrikuntza irekiko proiektu honen helburua soluzio teknologiko eta berritzaileak identifikatu eta diseinatzea da, Bilboko hiriaren irisgarritasuna hobetzeko.

  • Talde irabazleak, CODE4INTEGRATION izenekoa, 5.000 €-ko sari ekonomikoa jaso du eta beste talde finalistak, NIRE BILBO izenekoa, berriz, 2.000 €-tan balioztatutako bigarren saria.

Ostiral honetan, abenduak 16, egin da Zabalguneko Eraikinean “Bilbo Irisgarria” proiektuaren amaierako ekitaldia. Bilboko Udala eta Google Cloud izan ditu sustatzaile eta INNOLAB Bilbao erakundea koordinazioaz arduratu da. Proiektua pasa den urrian jarri zen martxan helburu argi batekin: hiriko talentua identifikatu eta erakartzea eta ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea.

Lortu nahi dena da Bilboko hiri inguruneko irisgarritasuna hobetzen laguntzea, horretarako Bilboko herritar, turista eta bisitari guztientzat irisgarritasun aukera berak bermatzen dituzten tresna digitalak ezarrita.

Azken bi hilabeteetan zehar, zenbait arlotako 40 ikasle, profesional eta ikertzaile baino gehiagok osatutako 6 talde parte hartzaileek lan saioak, taldekako eta banakako mentoretzak eta lantegi praktikoak egin dituzte, besteak beste, gurpildun aulkiaren maneiuaren ingurukoa, Google Cloud eta Bilboko Udaleko profesionalen eta Fekoor (Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) eta IMQ Igurco erakundeen moduko irisgarritasunaren arloko adituen eskutik. Gainera, denbora horretan zehar, Udalaren GIS datu eta inbentarioarekin lan egin dute, bai eta Google Cloud zorroko zenbait tresnarekin ere, hala nola Google Maps eta Kubernetes zerbitzu kudeatua.

Bilbo Irisgarria” erronkaren amaierako ekitaldian, talde parte hartzaileek aukera izan dute garatutako proposamenak batzorde ebaluatzailearen eta bertaratutako pertsonen aurrean aurkezteko soluzioaren prototipo baten bidez.

Hauek dira aurkeztutako soluzioen ardatz nagusiak, besteak beste: pertsonen desgaitasun mailaren araberako ibilbide irisgarriak sortzea, garraio publikoa eta garraio pribaturako aparkalekua eskura jartzea, Bilboko saltokien irisgarritasuna, datuen analisia eta adimen artifiziala erabiltzea hiriko irisgarritasuna hobetzeko jarduketak lehenesteko, erabiltzaileek informazioa denbora errealean partekatzeko eta hobekuntzak sustatzeko aukera ematen duten komunitateak sortzea, eta egiten ari diren obren arabera ibilbideak aldatzea, besteak beste.

Ongietorrian parte hartu dute Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak, Xabier Ochandianok, eta Google Cloud-eko Country Manager Spain & Portugal arduraduna den Isaac Hernándezek. Haiek azpimarratu dute teknologiak hiriko irisgarritasuna hobetzeko duen potentziala eta hiri irekiago, anitzago eta irisgarriago bat sortzeko etengabeko berrikuntzak duen garrantzia.

Soluzio bakoitzaren defentsa ikusi ondoren, Talde Sustatzaileko kideek (Fekoor-Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea, IMQ Igurco, Inkolan eta BCAM-Basque Center for Applied Mathematics) osatutako epaimahaiak erabaki du 5.000 €-ko lehenengo saria CODE4INTEGRATION taldeari ematea, Code4Jobs startuparen Bootcamps bateko kideez osatua, erabiltzaileei hiriko puntu batetik bestera eroso iristeko aukera ematen dien soluzio bat garatu du, aukeratutako ibilbidean egon daitezkeen oztopoak erakutsiz, hala nola obrak edo eskailerak, eta balizko eragozpenen arabera ibilbidea aldatzeko aukera emanez.

Era berean, NIRE BILBO taldea proiektu finalista gisa hautatu da. Bilboko San Luis zentroko hainbat diziplinatako ikasleek osatzen dute taldea, 2.000 euroko bigarren saria eman zaio, mugikortasun fisiko murriztua duten pertsonentzako kalitatezko orientazioko aplikazio mugikorrari esker. Aplikazioa sinpletasunean eta pertsonalizazioan oinarritzen da, adinekoentzat egokituta dago eta ahots bidezko funtzioa ere badu.

Epaimahaia erabakia hartzen ari zen bitartean, ekitaldira bertaratu diren pertsonek hitzaldi bat entzuteko aukera izan dute. Google Cloud-en Iberiar penintsularako Ingeniaritza Zuzendaria den Javier Martínezen eskutik, plataformaren uneko eta etorkizuneko joerei buruzkoa.

BILBO IRISGARRIA

Bilbo Irisgarria” proiektuak inspirazioa izan nahi du beste hiri batzuentzat, parte hartzaileen lankidetzari, berrikuntzari, ekimenei eta sormenari esker hiri irekiagoak, anitzagoak eta irisgarriagoak sortzen laguntzeko.

Ekintzailetza eta berrikuntza ekosistemari zuzendutako deialdi ireki honek mugikortasun urriko pertsonentzat hiri ingurunearen irisgarritasuna hobetzea lortzen duten soluzio teknologikoak diseinatzea du helburu