Urtarrila 18
-
Bilbao Ekintzak eta Lan eta Enplegu Saileko Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak koordinatu eta kudeatu dituzte Bilboko Udal Etxebizitzen laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dituzte proiektu berri hauek. Honek, 24 pertsona energia-efizientzian eta arrakala digitalean prestatzeko bidea eman du.
-
Proiektua Otxarkoagako Open Gela-ren instalazioetan egin da, bi helbururekin: DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten 24 bilbotarrei prestatzea, baita iraupen luzeko langabeei ere, eta Udal Etxebizitzen erabiltzaileei aholkularitza eskaintzea, ematen diren bi gaietan ahalduntzeko.
-
Prestatutako pertsonek aholkularitza eskainiko diete udal-etxebizitzen erabiltzaileei eta herritar guztiei, kontratazioari eta elektrizitatea eta gasa kontsumitzeko ohiturei buruz, beren energia-fakturak murrizteko, eta tresna digitalak erabiltzeko administrazioarekin egiten dituzten gestioetan, batez ere.
Urtebetez, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dituzten 24 lagunek prestakuntza jasoko dute, eta, gero, aholkularitza eskaini diete udal-etxebizitzen erabiltzaileei. Prestakuntzaren gaiak energia-efizientzia eta gizarteko sektore garrantzitsuetan eragina duen arrakala digitala gainditzeko teknologien erabilera izan dira. Prozesu osoan zehar, 24 lagun horiek lan-ordainsari bat jaso dute, egindako lanaren araberakoa.
Prestakuntza-ikastaroak eta aholkularitza-lanak Otxarkoagako Open Gela-ren instalazioetan egin dira; duela urte batzuetatik hona hiri-berroneratzeko proiektu bat egiten ari da bertan, horrelako ekimenak barne hartzen dituena.
Gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak bi helburu dauzka: Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko erabiltzaileei enplegurako prestakuntza ematea eta aholkularitza eskaintzea. Proiektua Bilbao Ekintzak erakundeak eta Lanbidek koordinatu eta kudeatu dute, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen lankidetzarekin. Gainera, proiektuak Next Generation funtsen finantzaketa jaso du.
Yolanda Díez Etxebizitzako zinegotzi eta Bilboko Udal Etxebizitzak organismoaren presidenteak nabarmendu duenez, “ekimen hau sustatu dugun erakundeok koordinazio- eta lankidetza-lan handia egin dugu. Ekimenak sinergiak sortzearen aldeko apustua egiten du, baliabide urriak dituzten pertsonei (kasu honetan, udal-etxebizitzen erabiltzaileei) aldi berean enplegagarritasuna sustatzeko aukera eta trebetasunak eta gaikuntza emateko, gizarteak batzuetan ezartzen dizkien oztopoak gainditzeko, hala nola faktura energetikoaren konplexutasuna, edo gai digitalen inguruko ezjakintasuna gaur egun kontu administratibo jakin batzuetarako beharrezkoak diren izapideak egin ahal izateko“.
Xabier Ochandiano Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Enpleguko eta Turismoko zinegotzi eta Bilbao Ekintzak organismoko presidenteak esan duenez, ekimena Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez abian jarritako Enplegu Planen parte da. “Erakunde arteko lankidetza da –azaldu du–, zeinaren bidez, urtero, lanpostuak sortzeko eta uriko ekonomia sustatzeko programak aktibatzen baititugu”. 2023-2024ko ekitaldian, Bilbon 547 enplegu berri sortzea aurreikusten da, 11,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Programa horiek erakundeen arteko apustu bat dira, eta uriko kolektibo eta auzo espezifikoetara iritsi nahi dute, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide mistoen bidez, “modu kirurgikoago eta espezializatuago batean eta foku oso zehatz batekin”.
Bestalde, Idoia Mendia lehendakaiorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak azaldu duenez, Open Gelan egindako proiektu bikoitza “adibide bikaina da agerian uzteko zerbitzu publikoak (bai administrazioen arteko lankidetzaren bidez, bai Lanbide zerbitzu publikoa bera) pertsona guztien arteko berdintasunaren bermea direla, baita langabezian denbora luze daramatenentzat ere, zeinak, BGDSren eta DSBEren babesa izan arren, enplegu-eskaintzarik lortzen ez baitzuten”. Mendiak poza adierazi du “beste behin ere gure konpromisoak bete ditugulako, erakunde guztietan aliatuak aurkitu ditugulako konpromiso horiek gauzatzeko eta Enplegu Legeak ezartzen duen bidean aurrera egin dugulako, hots, administrazioen artean koordinatuz, erantzun berritzaileak emanez eta Lanbide enplegu-zerbitzu publikoaren bidez eskubideak bermatuz”.
Otxarkoagan egin den esperientzia pilotua da, baina Bilboko Udal Etxebizitzak-en erabiltzaile guztiei zuzenduta egon da. Helburua esperientzia hori hiriko beste barruti batzuetara zabaltzea da, Torreurizarreko Open Gelara eta Santutxuko Untzeta Parrokora, esaterako.