San Mamesek europako errugbirik onena hartuko du berriro 2026an

Urtarrila 31

  • Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak berriro ere lortu dute San Mamesera ekartzea kluben arteko Europako errugbi-txapelketa nagusietako finalak: EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026.

  • European Proffesional Club Rugby (EPCR) erakundeak beste behin izendatu du Bilbo egoitza anfitrioi gisa; historian hori gertatzen den bigarren aldia da, 2018ko finaletan lortutako arrakastaren ondoren. Cardiffeko Principality Stadium ikonikoa hautatu dute 2025eko finalak jokatzeko.

  • Gaur bertan Cardiffen egindako ekitaldian eman dira ezagutzera bi izendapenak; bertan izan dira Cristina Múgica, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako Zuzendaria, eta Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotzia.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak  eta Eusko Jaurlaritzak errugbi-federazioekin eta Athletic Clubekin batera, egindako elkarlanari esker, San Mames estadioan jokatuko dira berriro kluben arteko Europako errubi-txapelketa nagusiak: EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026.

Gaur goizean Cardiffeko Principality Stadium ikonikoan egindako ekitaldian, European Proffesional Club Rugby (EPCR) erakundeak ezagutzera eman du non jokatuko diren 2025eko eta 2026ko finalak. Euskal erakundeetako ordezkariak bertan izan dira, hain zuzen ere, Cristina Múgica, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako Zuzendaria, eta Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotzia.

EPCR erakundeak The Sports Consultancy-rekin batera egindako lizitazio-prozesuaren ostean, non hamabi herrialdetako 23 estadioren eskaintzak jaso dituzten, EPCR erakundearen Batzarrak erabaki du EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026 txapelketak esleitzea “ezin hobeto hornituta dagoen Bilboko San Mames estadioari”. Bestalde, Galesko hiriburuko Principality Stadiumek, 74.000 ikusle hartzeko gaitasuna duenak, datorren urteko errugbi-finalak hartuko ditu.

Nazioarteko errugbia Bizkaira itzuliko da. Zaleentzako eta lurraldearentzako albiste paregabea izateaz gain, Bilbo Bizkaia nazioartean kokatzeko aukera ematen duten ekitaldiak antolatu eta erakartzeko erakundeek egindako lan onaren aintzatespena ere badakar, izan ere, horri esker gizartean arrastoa, legatua, uztea da asmoa” adierazi du Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

Abegikortasuna, harrera-gaitasuna eta kirol-elkarte zein -kluben eta, oro har, herritarren inplikazioa dira baloratzen diren aktiboak, eta ondo kokatzen gaituzte beste lurralde batzuekin lehiatzeko orduan. 2026an Bilbok eta Bizkaia osoak errugbiko finalez gozatzeko aukera izango dugu eta beste behin erakutsiko dugu zer garen eta partekatzeko zer daukagun”, esan du ahaldun nagusiak.

Aukera paregabea izango da San Mamesen bigarren aldiz maila goreneko errugbia ikusteko. Pozarren gaude eta EPCR erakundeari eskerrak eman nahi dizkiogu nazioarteko kirol-ekitaldi hau hartzeko Bilbo hiriarengan agertu duen konfiantzagatik; 2018an lortutako arrakasta lortzea espero dugu gutxienez”, adierazi du Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotziak. “Zintzotasuna, grina, elkartasuna, diziplina, errespetua, talde-lana, kiroltasuna eta ahaleginaren kultura errugbiari lotutako balioak dira, eta gure hirian ere horien aldeko apustua egiten dugu”.

“Azken urteotan kirol-ekitaldi garrantzitsuak izan ditugu Euskadin. Horrek erakusten du gaitasuna daukagula antolakuntza-erronka horiei arrakastaz aurre egiteko, eta beti izaten dugu euskal herritarren ahalegina eta lankidetza gure alde. Erronka horiek geure gain hartzen ditugu, Euskadiren irudia nazioartean indartzeko asmoz. 2026an Bilbon jokatuko diren errugbiko finalek berriro ere aukera emango digute erronkari ilusioz aurre egiteko eta 2018ko finaletan lortutako arrakasta gainditzeko helburua duen herri gisa nazioartean aurkezteko. Horretarako, beste batzuetan ikusi dugun bezala, funtsezkoak izango dira erakundeen arteko lankidetza eta herritarren laguntza eta inplikazioa”, esan du Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak.

Dominic McKay, EPCR erakundeko presidenteak, zera adierazi zuen bi izendapenak iragartzeko ekitaldian: “Atsegin handiz adierazten dizuegu Cardiff eta Bilbo izango direla EPCR-ren 2025eko eta 2026ko finalak hartuko dituzten hiriak. 2026ko finalari dagokienez, Bilbora itzultzeko irrikaz gaude, izan ere, errugbiaren egundoko ospakizunaren egoitza izan zen 2018. urtean. Bilbo bezalako hiri anfitrioiak aukeratzeak islatzen du gure asmoa: jarraitzaileentzat, klubentzat eta interesa duten alderdientzat esperientzia bikainak eskaintzea. Badakigu Bilbok ikusleak erakarriko dituela eta gure kirola zaletu gehiagorengana hurbilduko duela, hiri anfitrioi zoragarria baita”.

Euskal erakundeek Cardiff zoriondu nahi izan dute 2025eko finalak hartzeko izendatu dutelako. Leku ikonikoa eta enblematikoa da errugbiarentzat, eta Bilbok 2026an hartuko du haren lekukoa.

Gogorarazi beharra dago San Mamesek beste bi kirol-ekitaldi historiko hartuko dituela datozen hilabeteetan: UEFA Women’s Champions League txapelketako finala 2024ko maiatzaren 25ean eta UEFA Europa League txapelketaren finala 2025ean.

2018AN EGIA BIHURTUTAKO AMETS BAT

Bilbo egoitza gisa hautatzea historikoa izan zen 2018an, EPCRren finalen asteburua lehen aldiz errugbiko sei nazio tradizionaletatik kanpo antolatu zenean. Gloucester Rugby talde britainiarrak eta Cardiff Blues galestarrak inauguratu zituzten Bilboko Europako finalak 2018an, Challenge Cupeko titulua lortzeko. Bestalde, Leinster Rugby talde ingelesak eta Racing 92 frantziarrak Champions Cupeko finala jokatu zuten. Leinster Rugby taldeak Txapeldunen Kopako titulua eskuratu zuen orduan eta Cardiff Rugby taldeak Challenge Cup txapelketaren garaikurra jaso zuen.