Urriak 18
-
Edizio horretan, hirian filmatutako filmei buruzko artikuluak daude, baita hiria zinemarekin lotzen duten testuak ere; aldizkariko lantaldeak egin du lan hori, Bilbao Bizkaia Film Commission–en laguntzarekin.
-
Urteetan zehar, bilakaera zinematografikoaren lekuko izan da Bilbo, eta, kasu askotan, hiriaren beraren eraldaketarekin batera gertatu izan da.
‘Versión Original’ zinemari buruzko aldizkari tematikoak 2024ko ale berezia aurkeztu du: ‘Bilbao en el cine’. Bertan, hiriaren eta zinemaren arteko loturari buruzko azterlan bat egin dute, Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntzarekin.
2020an ‘Versión Original’ aldizkariak Madril hiriari eskainitako ale berezi bat argitaratu zuen, eta hainbesteko oihartzuna izan zuen eta hainbeste interes sorrarazi zuen, ezen urtean behin horren antzeko azterlan bati eskaintzen dioten hilean behin plazaratzen duten aldizkaria. Horiek horrela, 2021ean Bartzelona hiria izan zen aldizkariaren agertokia, 2022an Salamanca eta 2023an Sevilla.
2024an, Bilbo izan da hiriaren eta zinemaren arteko loturari buruzko azterlanak hizpide hartu duen hiria. Edizio horretan, hirian filmatutako filmei buruzko artikuluak daude, baita hiria zinemarekin lotzen duten testuak ere; aldizkariko lantaldeak egin du lan hori, Bilbao Bizkaia Film Commission–en laguntzarekin.
Bilbao Bizkaia Film Commission-en helburua da filmaketak hirira eta lurraldera erakartzea; ildo horretatik, 2023an 151 ekoizpen filmatu dira bertan. Hala, ekoizleei eta profesionalei arreta ematen die, beren proiektuetarako agertokirik onenak aurki ditzaten. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako zerbitzu horrek 58,5 milioi euroko eragin ekonomiko zuzena sortu zuen 2023an, hau da, 2021ean lortutako datuaren laukoitza; horrek erakusten du Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako ikus-entzunezko proiektuek joera ona dutela.
Urteetan zehar, bilakaera zinematografikoaren lekuko izan da Bilbo, eta, kasu askotan, hiriaren beraren eraldaketarekin batera gertatu izan da. 1913ko La inauguración del campo de San Mamés filmetik hasi eta azken ekoizpenetaraino, hala nola Una vida tan simple (2023), zinemagintza gai izan da etengabe aldatzen ari den gizarte baten eguneroko bizitza, pasioak, tentsioak eta gatazkak erakusteko. Bilbok XX. mendearen erdialdean industriagune izatetik XXI. mendeko ikono kultural eta arkitektoniko izatera iristeko izan duen bilakaera zineman ere islatu da, non hiriko iraganaren eta orainaren arteko kontrasteak erakutsi baitira.
‘Versión Original’ aldizkaria 1993an sortu zen, eta gaur egun estatu mailan ibilbide luzeena duen aldizkarietako bat da, eta zinema aldizkari tematiko bakarra. ‘Versión Original’ ez da ohiko kritika zinematografikoak egiten dituen argitalpen bat; aitzitik, aldizkariaren testuetan filmak gomendatzearen xede bakarra honako hau da: gomendatutako zinta ikusteko nahia piztea irakurlearengan; modu horretan, proiektu kultural honetan parte hartzen duten guztiek partekatzen duten zazpigarren artearekiko grina sorraraztea eta sustatzea da bere asmoa. Lan hori ahalik eta kontu eta zorroztasun handienarekin garatzen da edukia idazterakoan, helburu nagusietako bat irakurketak eta idazketak beharrezkoa duten sustapena indartzea baita.
Gainera, aldizkariaren ezaugarri nagusia altruista eta humanitarioa da, bertan lan egiten duten pertsona guztiek eskuzabaltasunez eta elkartasunez lan egiten baitute, eta salmenten bidez lortzen diren irabaziak ReBross Fundazioak laguntzen dituen proiektu humanitarioetara bideratzen dira.