«BILBAO ZERO2» proiektuaren hirugarren Think Tank ekimena, hiribilduko erronka berriak jorratzeko berrikuntza-programa

Otsailak 24

  • Zabalguneko eraikinak Bilbao Zero2 proiektuaren hirugarren saioa hartu du, zeinaren helburua baita lankidetza estrategikoak sustatzea espezializazio handiko enpresa, unibertsitate eta teknologoekin, hartara, Bilboko Udalari lagun diezaioten hiriko erronka berriei aurre egiten eta hiriaren eraikuntzari jarraipena ematen.

Bilboko Udalak sustatutako BILBAO ZERO2, berrikuntza-prozesuak atzo bertan egin zuen hirugarren Think Tank ekimena Zabalguneko eraikinean. BILBAO ZERO2 proiektuaren helburua da espezializazio handiko enpresekin, unibertsitateekin eta teknologoekin lankidetzak sustatzea, hartara, udalari erronka berrien aurrean hiria eraikitzen jarrai dezan laguntzeko.

Abenduan egin zen bigarren Think Tank ekimena, non enpresek eta teknologoek lehenetsitako erronkak ezagutzera eman ziren, Hirugarren Think Tank ekimen honetan, ordea, kick off izeneko bilerak hasi dira, ekimenarekin bat egin duten enpresek osatutako sektore anitzeko lantaldeen artean. Bertan izan dira, besteak beste, Innolab Bilbaoren aholkularitza jaso duten ikerlariak eta teknologoak, eta proiektua osatzen duten lau klusterretako ordezkariak: ERAIKUNE – Eraikuntzako Euskadiko Klusterra, Euskadiko Energia Klusterra, ACLIMA – Euskadiko Ingurumen Klusterra eta MLC ITS – Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra.

Atzoko jardunaldian lan-mahaiak osatu ziren, proposamenen inguruko helburuak, eskakizunak eta xehetasunak eztabaidatzeko gune bat irekitzeko asmoz, tartean dauden alderdi guztiak bertan zirela. Lehentasunezko erronka hauek landu ziren bileran: Energia-kontsumo eraginkorra, eraikinen birgaitzea, hondakinen kudeaketa, hiri-berriztatzea eta -berroneratzea, proiektu estrategikoen plangintza eta kudeaketa, hiri-energia berriztagarriaren sorrera, Smart Operation: azpiegituren-gorabeheren kudeaketa eta mantentze-lanak, datuaren kudeaketa eta jasangarritasuna / aztarna erreala..

ETORKIZUNEKO BILBO

BILBAO ZERO2 proiektuak hiru urteko indarraldia izango du, eta, aldi horretan, lan-saioak egingo dira, udal-erronkak aurkeztu eta identifikatzeko, eta, ondoren, teknologia eta zerbitzu aurreratuek irtenbiderako palanka gisa eskain ditzaketen aukerak identifikatzeko. Testuinguru horretan, hiribilduaren benetako beharrak izango dira aztertuko diren arazoak, Bilboko Udaleko udal arloek aldez aurretik definitutakoak.

Besteak beste, honako arlo hauek landuko dira: energia garbia eta eraginkortasun energetikoa, mugikortasun elektrikoa, ekonomia zirkularra, uraren zikloa, ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzea, auzo garaietarako irisgarritasuna hobetzea, eta abar. Erronkei dagokienez, udal-arloek dagoeneko badituzte jorratu beharreko gai ugari eta askotarikoak, besteak beste: nagusien inklusioa teknologian, bakardadea hauteman eta arrakala digitala murrizteko; gazteen babes-egoera hobetzeko komunitate birtualak; hirian energia berriztagarriak sortzea; energia-kontsumoa murriztea; eraikuntza adimenduna, eta udalaren kirol-instalazioetan eraginkortasunaren arloko jarduketak egitea.