Irailak 26
-
Bilboko Triatloia hirira itzuliko da datorren larunbatean, irailak 30, La Ría zeharkatuz bere bereizgarri gisa.
Datorren irailaren 30ean, larunbata, ekitaldi berezi baten 12. edizioa egingo da Bilbon: Duela hamarkada bat baino gehiago, estreinako aldiz, triatletak ikusi ziren Nerbioi itsasadarrean, hiriaren erdigunean. 10 edizio baino gehiago joan dira ordutik, eta kirolak bizi izan duen une bakoitzera egokitu behar izan dugu.
Aurkezpen ekitaldia Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotzia egin du. Carlos Sergio Achotegui, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria, eta Alberto Larrucea eta Yolanda Reyes, INNEVENTO SPORTS taldekoak.
Gaur egun, Bilbao Triathlon Estatuko erreferentziazko ekitaldi bihurtu da (Espainiako Txapelketa 2020an eta 2021ean) eta nazioartean harrera handia du (Europako Txapelketaren egoitza izan zen 2022an). Edizio berri hau baliotsua da Distantzia Ertaineko Espainiako Koparako eta, haren arduradunek diotenez, “Aquabike modalitateari eusten diogu, eta, horri esker, Kopa hori eskuratzeko lehiatzen diren Estatuko eta Euskadiko triatletarik onenetako batzuek gure triatloian parte hartuko dute“.
Ibilbidea itsasadarretik igarotzen da –probaren eta hiriaren nortasun ikurra–, igeriketaren eta oinezko lasterketaren ataletan. Eta, eszenografia gisa, hiriaren beste gune enblematiko batzuetatik igarotzen da. “Horrek kirolarien, bisitarien eta herritarren arteko lotura indartzen du, eta publikoaren jarraipena nahiz komunikabideen bidezko estaldura oso gertukoak dira“.
IRTEERA
Irteera 15:00etan izango da, Ramon de la Sota kaitik, Itsasmuseum Bilbao-ren parean. Igeriketarekin hasiko da, gizonezkoen elitearen kategorian, eta gero emakumezkoen elitearen kategorian, bata bestearen atzetik. Ondoren adin taldeak eta Aquabike abiatuko dira, 10 minutuan. 1.900 metroko joan-etorriko ibilbidea egiten dute, gero kaira itzuli, eta bizikletara aldatzen dira.
Bizikletaren atalean, zati batez berria den ibilbide baten aldeko apustua egin da, hiritik lehenago irteteko eta jendearentzat eragozpen gutxiago sortu nahian. Museoaren zabalguneko eremu neuralgikotik, Euskalduna zubitik, Deustutik eta San Inaziotik igaroko dira, eta Elorrietako erriberatik irten. Handik, Txorierri zeharkatuko dute, Larrabetzuraino. Bertan, beste edizio batzuetako ibilbidera itzuliko dira: Morgako gainetik, Mungialdetik, Butroetik, eta Urdulizeraino. Handik, Unbeko gaina igoko dute, gero EHUtik eta Erandiotik jarraituko dute, eta azkenik Elorrietako erriberara iritsiko dira. Ondoren, Bilbon sartuko dira, eta berriz ere trantsizioen zonan sartuko dira, Itsas Museoaren zabalgunean. Horixe izango da Aquabike modalitaterako helmuga.
83,5 km-ko ibilbidean, “nabarmentzekoak dira errodadore onentzat azkarrak izan daitezkeen tarteak eta 841 metroko desnibelera iristen den gain pare bat, triatleta guztientzat erakargarri izan daitezkeenak“.
HELMUGA
Lasterketan, Bilbo 300 triatletaren esanetara egongo da berriz ere. Parte-hartzaileak itsasadarraren pasealekuan zehar joango dira, ezkerraldetik, itsasadarraren ondo-ondotik. Itsas Museoaren zabalgunetik Udaletxeko zubiraino helduko dira. Pasealekuari 5 bira emango dizkiote, 21 kilometro eginez, eta kaiari begira sartuko dira helmugan. “Toki honetan lasterketa batez gozatu ahal izatea da gure probaren erakarpenetako bat”.
Triatleten harrera Bilboko Itsasmuseoan egingo da ostiraletik aurrera, triatleta goiztiarrenak iristen direnean, 18:30etik 20:30era.
Larunbatean, hilak 30, 10:00etatik 12:30era, berriro irekiko da idazkaritza teknikoa, dortsalak entregatzeko, materiala jasotzeko eta boxak irekitzeko, 15:00etako irteera egin arte, itsasgoran. Kalkulatzen dugu lehenengo gizonezko txirrindularia 17:20ak aldera itzuliko dela bizikleta-ibilbidetik, eta helmugara 18:30-18:40 bitartean sartuko dela. Lehenengo emakumearen kasuan, helmugara goizenez 19:00etan iristea espero da.
Bilbao Triathlonek Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du, bai eta zenbait babeslerena ere –El Corte Inglés, Rural Kutxa eta Mercedes Aguinaga–. “Aurten ere, babesleek hiriko eta lurraldeko ekitaldi honen alde egin dute, eta sentitzen dugu gure ekimena dela eta hala izaten jarraitu behar duela. Gure Bilbao Triathlon aurrera ateratzeko, jende askoren lana beharrezkoa da; bereziki, nola ez, parte hartzen duten triatletena. Horregatik, ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara, bai parte-hartzaileek bai haiekin datozenek asteburu ederra bizi dezaten Bilbo-Bizkaian “.
“Espero dugu –esan dute, bukatzeko– larunbatean, hilak 30, baldintza egokiak egotea parte-hartzaileek esperientzia polit bat bizitzeko eta marka onak lortzeko. Horrek bultzada bikaina emango digu Bilbao Triathlon antolatzen jarraitzeko, Bilborentzat eta Bizkaiarentzat inpaktu sozial eta ekonomiko positiboa daukan proba bat izaten jarrai dezan”.
SARE SOZIALAK: