Udalak bihar, asteazkena, irekiko du ostalaritzako establezimenduek Bilboko Bonuen kanpainarekin bat egiteko epea

Otsailak 9

  • Bihartik, asteazkena, hilak 10, hasi eta otsailaren 24ra arte, ostalaritza/jatetxeetako sektoreak Bilboko Bonuen kanpainarekin bat egin ahal izango da, www.bonobilbao.eus webgunean izena emanda. Pandemiaren ondorioz iaz aktibatu ezin izan zen 2020ko edizioa da.

Bihartik, asteazkena, otsailak 10, hasi eta hilaren 24ra arte, www.bonobilbao.eus webgunean izena eman beharko dute Bilboko Bonuen Kanpainarekin bat egin nahi duten ostalaritzako establezimendu guztiek. Pandemiaren ondorioz iaz aktibatu ezin izan ziren bonuak dira. Guztira, 100.000 bonu baino gehiago banatuko dira hiriko barruti guztietatik.

Laguntzen prozesua arintzeko, udalak programa aldatu du, eta plataforma espezifiko bat sortu du. Orain jarriko da martxan, ostalariek bat egiten dutenean. Era horretan, sistema eragile osoa prest egongo da herritarrek bonuak eskuratzen dituzten unerako, gutxi gorabehera, hilabete barru.

Aldi berean, informazio-hitzaldiak egingo dira kanpainari buruzko xehetasunak emateko. Udalak ordainketak aurreratzeko asmoa duela izango da berririk garrantzitsuena. Hain zuzen ere, kontsumitzaileek bonuak eskuratzen dituzten unean hasiko dira ordainketak egiten, pandemiaren ondorioz establezimenduek itxita egon behar badute ere.

Informazio-saioetan parte hartzeko, webgune honetan eman behar da izena: www.bonobilbao.eus. Bestalde, mota guztietako zalantzak argitzeko zerbitzu bat jarri da martxan. Zerbitzua erabili ahal izateko, bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikora idatzi dezakezue, edo telefono-zenbaki honetara deitu: 944205395. Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara.

Aurretik esan den bezala, bonuak hiriko barruti guztietatik banatzeko asmoa du udalak. Guztira, 100.000 bonu baino gehiago kaleratzea aurreikusi da, hau da, ia 2 milioi euro (udalak 1 milioi euroko ekarpena egingo du). Horrek 3,4 milioi euro baino gehiagoko negozio-eragina izango du hirian.

NORK EGIN DEZAKE BAT?

Ostalaritzaren sektorearen barruan dagoen edozein enpresa-jarduera duen pertsona fisikok edo juridikok parte hartu dezake kanpainan, baldin eta jendeari irekita dagoen establezimendu bat badu Bilbon, bai eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetakoren batean dagokion alta emanda badu ere. Honako hauek parte hartu ahal izango dute, besteak beste: jatetxeak, kafetegiak eta tabernak janariarekin eta janaririk gabe, txokolategiak, izozki-dendak eta ortxata-dendak.

Horrez gain, negozioek establezimendu bat baino gehiago badute Bilbon, establezimendu guzti-guztiak atxiki ahal izango dituzte, banan-banan.

BILBOKO BONUEN PROGRAMA

Gogoan izango duzunez, #BonoBilbao programa udalak martxan jarritako #BilbaoAurrera2020 Planaren barruan zehaztu den ekimen bat da. Covid-19aren ondorioz kalte gehien pairatu duten lau sektoreentzat pentsatu da: merkataritza, kultura, ostalaritza/jetetxeak eta turismoa.

Lehenengo bien bonuak, merkataritzakoak (48.727 bonu) eta kulturakoak (34.26 bonu) iaz jarri ziren martxan, eta bonu guzti-guztiak agortu ziren. Gainera, ia guztiak trukatu dira dagoeneko (% 87 merkataritzan eta % 76 kulturan). Beste alde batetik, ostalaritza eta turismoarenak daude, pandemiaren egoeraren ondorioz ezin izan baitziren data haietan aktibatu. Une honetan, ostalaritzako/jatetxeetako bonuak kaleratu ondoren, turismoari dagozkionak baino ez dira garatu behar.

Gogoan izan behar dugu pertsona (NAN) bakoitzak, guztira, 20 bonu izango dituela lau kanpainetarako (merkataritza, kultura, ostalaritza eta jatetxeak eta turismoa).

Kanpaina horiek urtarrilaren 29an aurkeztu zen #BilbaoAurrera2021 Planarekin luzatuko dira, eta, era berean, udal-ordezkaritza duten alderdi guztiekin adostu dira. Pandemia piztu zenean, iaz, abian jarri zen lehenengo neurrien programaren jarraipena da, eta aurrekoa indartzeko pentsatu da.