Udalak ekintza-plan bat jarri du abian Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan merkataritza eta negozio berriak suspertzeko

Urtarrila 15

  • Udalaren ekintza-planak hiru programa izango ditu, eta orain aldi berean jarriko dira martxan: MERKATARITZAKO LOKALEN KANPOALDEA BIRGAITZEKO eta HOBETZEKO laguntza ekonomikoak eta ALOKAIRURAKO laguntzekin HUTSIK DAUDEN LONJAK aktibatzekoa, eta, horiekin batera, DENDART proiektu berria, non artista batzuek itxita eta jarduera barik dauden negozioen pertsianak pintatu eta jantzi dituzten.

  • DENDART ibilbide kulturaleko proposamena da, Bilbon erreferentziazkoak diren pertsonaia eta elementuen keinuz betea, merkataritzaren eta auzoaren beraren ingurunea hobetzeko. Aldi berean, pizgarria izan nahi du herritarrek tokiko kontsumoa egin dezaten eta beste negozio mota batzuk sortu eta agertu daitezen.

  • Londresko Tate Modernek saritutako Kiko Alcazar izan da pintura-proiektuaren komisarioa, zeinak nazioarteko artistak erretratatu dituen, hala nola Shirley Bassey. Horrez gain, Grace Kellyren irudi bat ere berregin du, gaur egun Monakoko Printze Albertok duena haren bilduman.

Bilboko Udalak ekintza-plan bat aurkeztu du gaur, helburutzat duena merkataritzaren sektorea eta negozio berriak suspertzea eta aktibatzea Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan. Hiru ekintza zehatz dira, eta horiekin hiriko auzo horietan zuzenean eta ekimen oso fokalizatuen bidez eragin nahi da.

Programetako bitan –MERKATARITZAKO LOKALEN KANPOALDEA BIRGAITZEKO ETA HOBETZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK eta ALOKAIRURAKO LAGUNTZEKIN HUTSIK DAUDEN LONJAK AKTIBATZEKOA– etapa berri bat hastera doa, hasierako fasean proba pilotua egin ostean. Jarduera horiek guztiak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez kudeatzen dira. Berritasun gisa, DENDART programa gehitu zaie. Hiriko barruti horretarako espezifikoki sortutako proiektua da, non artista ezagun batzuek itxitako eta jarduerarik gabeko negozioen pertsianak pintatu eta jantzi dituzten.

Ekintza plan hori osorik aurkeztu da gaur erakunde sustatzaile den Bilboko Udalaren Ekonomiarren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko Zinegotzi Kontxi Claverrek, BilbaoHistoriko elkarteko presidente Borja Elorzak eta San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako Merkatarien eta Enpresen elkarteko kudeatzaile Begoña Castañok eman duten prentsaurrekoan.

Ekitaldi horretan haiekin izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako nahiz Bilbao Dendakeko ordezkariak eta DENDART ekimenaren komisario Kiko Alcazar, bai eta muralak egin dituzten gainerako artistetak ere, honako hauek: Eva Mena, Ornella Munar, Janire Orduna eta Florin Gradinaru. Artearen munduko bost pertsonaia ezagun horiek parte hartu dute ekimen aitzindari horretan, zeinean, gainera, bisita gidatuak, erakusketak eta mahai-inguruak egingo diren herritarrentzat.

Kiko Alcazarren harira, azpimarratu behar da Londresko Tate Modernek saritu zuela eta nazioarteko artistak erretratatu dituela, hala nola Shirley Bassey. Horrez gain, Grace Kellyren irudi bat ere berregin du, gaur egun Monakoko Printze Albertok duena haren bilduman.

MERKATARITZAREN ETA AUZOAREN INGURUNEA HOBETZEA

Guztira, hamar esku-hartze egin dira Dos de Mayo, Castillo Jeneralaren, Lamana eta Bailen kaleetan, merkataritzaren eta auzoaren beraren ingurunea hobetzeko ibilbide kultural bat proposatzeko. Horrez gain, pizgarria ere izan nahi du herritarrek tokiko kontsumoa egin dezaten eta beste negozio mota batzuk sortu eta agertu daitezen.

Obra horiek Bilboko elementu eta pertsonaia enblematikoen adierazgarri dira, hala nola Unamuno, Pichichi, Rafaela Ybarra, Casilda Iturrizar, Eulalia Abaitua edota Sindicato de la Aguja.

Zinegotziak azaldu duenez, ekintza horiek guztiak batera martxan jartzea “ez da erraza izango eta denbora beharko duguEgin duguna –zehaztu duenez– izan da zenbait tresna lotzea merkataritza suspertzeko eta negozio berriak eta askotarikoak sortzeko, establezimenduak hobetzeko laguntzen bitartez eta lokal hutsak ireki daitezela errazten alokairurako laguntzen bidez; hori guztia osatzeko, alderdi estetikoago bat ere badugu, itxitako lokalen pertsianak pintatu eta bizia eman baitiegu, apaintzeko eta ibilbide desberdinak sortzeko, ideiak eman ahal izateko proiektu berriak sor daitezen garai batean jarduera ekonomikoz eta hiri-jardueraz beteta zeuden kaleetan”.

HIRU EKINTZA-PLANAK

1-. BIRGAITZEKO LAGUNTZAK

Hasteko, MERKATARITZAKO LOKALEN KANPOALDEAREN ITXURA HOBETZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN PROGRAMAK xedetzat du hiru auzo horietako establezimenduak birgaitzea eta haien itxura atseginagoa egitea. Zubirik 2025 Planaren barruan dago.

  • Diruz lagungarriak diren jarduketak: Erakusleihoak, altzariak eta dekorazioa barne; errotuluak eta bestelako kanpo elementuak.; erakusleihoen argiztapena; pertsianak ordeztea (itsuen ordez kalatuak); igeltserotzako/arotzeriako eta pinturako obrak eta zaharberritzeak; saltokiaren fatxada birmoldatzea, erreformatzea; irisgarritasuna eta antzeko beste batzuk.
  • Onuradunak: Pertsona fisikoak edo juridikoak, sozietate zibilak eta ondasunen komunitateak, mikroenpresa edo enpresa txiki izaera badute eta beheko solairuetan kokatutako lokaletan garatzen den edo garatuko den jardueraren titularrak badira, obrak, instalazioak edo jarduketak egingo diren lokalekoak hain justu ere, baita alokatutako lokalen jabeak ere. Laguntzak eskatu ahalko dituzte bai lokalen jabeek, bai negozioak alokatutako lokaletan dituzten negozio jabeek, establezimenduaren titularraren onarpenarekin.
  • Laguntzen zenbatekoa: aurrekontuaren %90. Dirulaguntza ezin izango da izan sei mila eurotik (6.000 €) gorakoa inola ere.

Ekimenaren lehenengo deialdia 2023an egin zen proba pilotu gisa, eta hamar saltoki izan ziren onuradun: bederatzi San Frantziskokoak eta bakarra Zabala auzokoa. Saltoki motak: liburu-denda, bizikleten salmenta, argazki-estudioa, aholkularitza, artisautza, elkartea. Esperientzia horren ostean, bigarren deialdia egin zen 2024an, eta hamabi eskaera jaso ziren: hamaika San Frantziskon eta bat Bilbo Zaharrean. Oraingo honetan, honako saltoki mota hauek izan dira onuradun: jantziak, arte-galeria, bitxi-denda, eskultorea, ostalaritza, farmazia, elkartea.

2025 ekitaldi honetarako berriz ere aktibatu da dirulaguntza-programa, aurreko bi planetan egin bezala.

  • Eskaerak aurkezteko epeak eta lekua: 2025eko abenduaren 30era arte. Posta elektroniko bidez comercio@bilbaoekintza.bilbao.eus helbidean edo presentzialki Bilbao Ekintzaren bulegoetan (Zabalgune plaza 11).

2-. ALOKAIRURAKO LAGUNTZEN BIDEZ HUTSIK DAUDEN LONJAK AKTIBATZEKO LAGUNTZA-PLANA

Helburua da hutsik dauden lonjak aktibatzea, itzuli behar ez diren dirulaguntzak emanez, merkataritza-lokalen alokairuak eta horiek kobratzea bermatuko duten abalak ordaintzeko.

Programaren lehen edizioa modu esperimentalean egin zen 2023an Bilboko Alde Zaharreko 4 kale zehatzetan -Somera, Belostikale, Artekale eta Tenderia-, eta 8 merkataritza-lokal okupatzea lortu zen: bost Artekalen, bat Belostikalen, bat Tenderian eta bat Someran, bigarren eskuko arroparekin, moda, zeramika, kafea, oihalak eta ile-apaindegia.

Esperientzia positiboa izan da hemen aurkezten dugun bigarren deialdi hau aktibatzea eragin duena, San Frantziskoko 5 kaletara zabalduz: Bailen, Hernani, Maiatzaren Biko kalea, Lamana eta General Castillo. Orain arte, beste 10 denda ireki izan dira: bi Artekalen, bat Belostikalen, bost Tenderian, bat Someran eta bat Lamanan, modaren, zeramikaren, kirol-zapatilen, oparien, kandelen, gozokien, artearen eta txanoen sektoreetakoak.

Guztira, ia hogei establezimendu ireki dira.

Programaren funtsezko ezaugarriak:

  • Errentaren %50eko laguntzak, hileko 400€ gehienez, lehenengo 12 hilabeteetan.
  • Abalak: Gastuak eta laguntza, Elkargirekin sinatutako akordio baten bidez.
  • Aholkularitza, prestakuntza eta laguntza Negozio Planaren definizioan, ahal den neurrian proiektu bideragarriei laguntzeko.

3.- DENDART, ARTEA ETA MERKATARITZA BATERATZEA

DENDART orain lehenengo aldiz martxan jarriko den proiektua da, eta, aurrez azaldu enez, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan itxita eta jarduera barik dauden saltokietako pertsianak, paretak eta hormak jantzi nahi izan ditu.

Ekimen aitzindaria da, Udalak sustatua, Eusko Jaurlaritzak finantzatua eta BilbaoHistoriko elkarteak eta bertako merkatarien elkarteak gertutik lagundua. Hiri-espazioa berpiztu nahi du mural artistikoen bitartez, eta horietan establezimendu bakoitza berezia eta pertsonala izatea eragiten duen alderdi gizatiarra irudikatu nahi da. Proposamenak “karga bisual handia du ingurunea edertzeko eta hobetzeko, eta ibilbide kultural bat sortuko du; ibilbide hori, aldi berean, tokiko eta kalitatezko kontsumorako pizgarria izan nahi du, bai eta beste negozio mota batzuk sortzeko ere”.

Ibilbide nabarmeneko bost artistak, Kiko Alcazar komisarioak gidatuta, hamar lan piktorikoak egin dituzte Maiatzaren Biko, Castillo Jeneralaren, Lamana eta Bailen kaleetan zehar.

Osagarri gisa, hurrengo hauek egingo dira:

  • Erakusketak Alcazarren eskutik Expogelan (San Frantzisko, 32) eta San Frantziskoko Zentro Zibikoan (Mariaren Bihotza plaza 2) urtarrilaren 15etik aurrera.
  • Bisita gidatuak larunbatetan, urtarrilaren 25ean eta otsailaren 1ean, 11:45etik aurrera.
  • Joan nahi duenak izena eman ahal izango du BilbaoHistoriko elkarteko nahiz San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako Merkatarien eta Enpresen elkarteekin harremanetan jarrita honako helbide elektroniko hauen bitartez: bhk@bilbaohistoriko.org / asociacion@sanfranbilbizabala.eus. Telefono-zenbaki hauen bitartez ere eman daiteke izena:  609 693 679 / 94 679 33 79.
  • Mahai-ingurua artistekin eta komisarioarekin BBK Kunan, urtarrilaren 24an, 18:00etan.

ARTISTAK

  • KIKO ALCAZAR

Artista autodidakta da eta bere obretan kolorez beteriko unibertso batean esentzia atenporala adierazten saiatzen da. Gaur egun, Madrilen duen tailerrean egiten du lan.

Haren lanaren ezaugarri da tasun piktorikoen eta animatuen nahasketa, eta argazkiaren eta pinturaren arteko mugak lausotzen ditu. Ez du edizio digitala ukatzen; aitzitik, funtsezko tresna gisa erabiltzen du bere sormeneko prozesuan, eta sortzen dituen obra guzti-guztiak dira asmoen adierazpena. Magiaz eta berezitasunez beteriko unibertso bat.

Londresko Tate Modernen sari bat jasotzeak eman zion gogoak bultzatuta, haren lana garatzeari ekin zion eta nazioarteko artistak erretratatu ahal ian ditu, hala nola Shirley Bassey; Grace Kellyren irudi bat ere sortu du, gaur egun Monakoko Printze Albertok duena bere bilduman.

  • ORNELLA MUNAR

Bogotako artista plastikoa eta bisuala da, feminista, ilustratzailea, ikertzailea eta irakaslea. Jakin-min handia garatu du etxekoaren, artxibo pertsonalaren, oroitzapenaren, emakume-zientziaren eta eguneroko magiaren inguruan.

Interes eta kontzeptu horiek guztiak haren ikerketen oinarri dira, munduaren aurrean erlazionatzeko modu pertsonalak. Egoten den tokietan berreskuratutako eta birziklatutako objektuekin egiten du lan, eta mihiztaduretatik abiatuta imajinaziozko eta fikziozko istorioak sortzen ditu nola modu grafikoan hala ikus-entzunezkoan. Genero-ikuspegiko proiektuetan inplikatuta dago, eta haren interesa azpimarratu du memoria kolektiboa eraikitzeari dagokionez argazkiaren, marrazkiaren eta animazioaren bidezko esperimentazioaren bidez kontakizunak ikusarazteko.

  • JANIRE ORDUNA

Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziaduna da, Bilboko diseinatzailea eta ilustratzailea, eta autonomo ibili da hamar urte baino gehiagoz. Erreferentziazko horma-irudigile eta ilustratzailea da Bilbon. Bere estiloan nabarmentzekoak dira forma borobilak, bolumen handiak eta kolore biziak, pertsonaiei umore- eta sinpatia-zantzu bat ematen dietenak. Besteak beste, egunerokotasuna eta kultura herrikoia lantzen ditu ikuspegi feminista abiapuntu.

Askotariko proiektuetan egin du lan (ilustrazioa, horma-irudiak, kartelak diseinatzea…), eta Bea Apariciorekin batera FemGarabat izeneko grafika-proiektu bat sortu zuen.

  • FLORIN GRADINARU

Diziplina anitzeko artista da, Errumaniako ipar-ekialdeko Botonasi hirikoa. Arte ederretako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, ondoren, Bilbon finkatu zen eta bertan jarraitzen du gaur egun.

Bere talentuari eta moldakortasunari esker, lan asko egiten ditu, eta hiru taldetan sailkatu ditzakegu: zaharberritzea-kontserbazioa (Salvador Dalíren zenbait grabatu, Pablo Picassoren “Sueños y mentiras de Franco”, Begoñako Basilikako organoa eta abar), ilustrazioa (euskal historiari buruzko “Okorriko” bilduma) eta pintura (hainbat obra bilduma pribatuetarako eta erakusketetarako; Ikono erlijiosoak Bilboko, Zaragozako eta Errumaniako zenbait elizatan, esate baterako).

  • EVA MENA

Den del colectivo Extralargos ezizenez ere da ezaguna, eta Arte Ederretan lizentziaduna da, pinturan. Diseinu grafikoko ikasketak ere egin zituen, eta Bilbao Arteko tailer-beka bat 2005ean. 1996an hasi zen espraiz pintatzen, gutxi gorabehera. Bere obra pertsonala askotariko formatu eta gainazaletan egindako erretratuetan dago oinarrituta. Hormatan, paperean eta mihisean pintatzen du, besteak beste. Erretratu horietan elementu naturalak egon ohi dira, nola florarenak hala faunarenak, eta esanahi handiagoa ematen diote obrari, ez baititu ausaz aukeratzen. Urteotan zehar horma eta fatxadetan (formatu handian) emakumea ahalduntzeko gaitasunaren garrantzia deskubritu du. Lana musika beltzeko abeslarien erretratuetan oinarritu du, baina azkenaldian bere inguruko modeloak ari da erabiltzen. Hainbat ekitaldi eta jaialditan pintatu eta zenbait erakusketatan parte hartu du, Europan, Afrikan eta Hego Amerikan.

SARE SOZIALAK: