Ekainak 11
-
Euskal erakundeek Euro 2020 ekitaldia antolatzeko egindako inbertsioa osorik berreskuratu dute.
-
San Mameseko estadioan kluben Europa Ligako finala eta emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala jokatuko dira datozen urteetan.
-
Euskal erakundeek UEFArekin negoziatu dute aste hauetan, UEFArekin lotzen zituen kontratua ez betetzeagatik demanda judiziala prestatzen ari ziren bitartean.
UEFA eta “Euro2020rako Bilboko Egoitza” lotzen zituen kontratuaren aldebakarreko deuseztapenaren berri izan ondoren (egoitza horretan Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza partaide ziren), euskal erakundeek adierazi zuten justifikaziorik gabeko erabakiarekiko haserrea, auzitegietara jotzeko borondatea eta hilabete honetan San Mamesen jokatu behar zen ekitaldiaren antolakuntzan inbertitutako 1,3 milioi euroko inbertsioa berreskuratzeko konpromisoa.
Era berean, euskal erakundeek ordaina eskatzen zuten ospearen eta irudiaren kaltearen mailan, urian, lurraldean eta herrialdean bultzada ekonomiko handia izango zukeen nazioarteko ekitaldi hori galtzeagatik, bai eta zalantzan jartzeagatik ere euskal agintariek nazioarteko irismena duten ekitaldiak kudeatzeko eta antolatzeko duten esperientzia eta gaitasun egiaztatua eta luzea.
Asteak igaro ondoren, eta euskal erakundeek herritarren eta sektorerik kaltetuenen interesak defendatzeko duten irmotasuna eta euskal erakundeen nazioarteko irudia ikusita, gaur bi aldeak ados jarri dira. Akordio horretan, UEFAk ekitaldiaren antolakuntzan inbertitutako zenbateko osoa ordainduko du (1,3 milioi euro), eta San Mames estadioa Europa Ligako final baten eta Txapeldunen Ligako emakumezkoen final baten egoitza izateko konpromisoa hartzen du. Erabaki hori UEFAk uztailaren hasieran egingo duen bileran berretsiko da, data zehatzekin.
UEFAk, halaber, bertan behera utzitako ekitaldirako antolakuntza-lanak garatzeko euskal erakundeek erakutsitako borondatea, gaitasuna eta kudeaketa ona aitortu ditu, bai eta ekitaldi berrietan lan egiteko gogoa ere; izan ere, ekitaldi horiek nazioarteko ikusgarritasuna emango dute, eta eragin ekonomiko handia izango dute Europako futbol-maila goreneko bi hitzorduekin.
Euskal erakundeak, bestalde, “pozik” agertu dira “Euro 2020 proiektuan egindako lan serio, profesional, koherente eta arduratsua baliatzeagatik eta euskal herritarren interesak defendatzeko eta indartzeko irmotasunez jokatzeagatik. Banakakoetan zein kolektiboetan, enpresetan, saltokietan, hoteletan, zerbitzuetan eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren gainerako onuradunetan. Eta, gainera, datozen urteetarako nazioartean eta ekonomian eragin handia duten bi kirol-ekitaldi lortu direlako”.