-
Juan Mari Aburto alkateak, arratsalde honetan, 20:00etatik aurrera, sakatuko du botoia, urtarrilaren 6ra arte uri osoa argiztatuko duten argiak aldi berean piztuko dituena. Guztira 1,5 milioi led-argi baino gehiago izango dira.
-
Ekitaldi zinez berezia izango da, eta Udalak parte hartzeko gonbita luzatu nahi die haurrei, familiei eta herritar guztiei.
Gaur, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok —udal-korporazioko zenbait kidek, merkatarien elkarteetako ordezkariek eta bilbotar ugarik lagunduta—, “botoia” sakatuko du, uriko auzo guztietan sakabanatutako 1.500.000 led argiak ia aldi berean pizteko. Argiekin uriak ongietorria emango die Gabonei eta urtarrilaren 6ra arte, igandea, egongo dira piztuta egunero, 18:00etatik 22:00etara.
Udalak herritar guztiei luzatzen die ekitaldi polit honetara etortzeko gonbita, aurtengoan toki berri batean egingo dena: Casilda parkeko pergolan. Hain zuzen ere, bertan dago aurten Bilbok Gabonetako paisaiari gehitu dizkion bi argi- eta soinu-instalazio berrietako bat: argizko tunela.
Alkateak botoia sakatzean, tuneleko argiak piztu egingo dira eta, gainera, datozen asteotan instalazio honek eskainiko dituen argi- eta soinu-ikuskizunetako lehena miresteko aukera egongo da, honako abesti hauek entzungai izango dituena: Hator hator, It’s beginning to look a lot like Chritsmas (Michael Bublé) eta John Lennonen Happy Chritsmas. 20:30ean beste pase bat egongo da.
Bihartik aurrera, osteguna, hilak 28, Casilda Iturrizar parkeko paseak 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean izango dira.
Aurtengo beste nobedadeetako bat Moyua plazako zuhaitz handia dugu. Hori ere 20:00etan piztuko da eta, tunelak bezala, argia eta soinua izango ditu. Kasu honetan, argi- eta soinu-ikuskizunaren lehen pasea 21:00etan izango da. Hator hator, El tamborilero eta Santa Claus is coming to town (Frank Sinatra) abestien erritmora argiztatuko da zuhaitza.
Argi- eta soinu-ikuskizunak, kasu honetan, ostegunean, hilak 28, hasi eta urtarrilaren 6ra arte, arratsaldero izango dira, 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan.
Bi instalazio horiez gain, Gabonetako irudi tradizionalak bizi-bizirik egongo dira urian: Arriaga plazako zuhaitz izugarria, Areatzako baso magikoa, Kale Nagusiko argi urdinak, Olentzero eta Mari Domingi Emakumeen plazan eta Udaletxeko apaingarriak. Azken horretan, berriro ere, Gabonetako bola handia eta Bilboko baldosa piztuko dira. Urrezko Balea Handia, iaz bezala, Udaletxearen parean egongo da. Halaber, zortzi barrutietan zehar jarri dira baldosak eta Gabonetako apaingarriekin dotoretutako 57 zuhaitzak.
Gogorarazi beharra dago Bilboko Udalak urteak daramatzala argiteria publikoan energia-efizientziaren alde egiten, eta, zehazki, Gabonetako argiekin. Ildo horretatik, azpimarratzekoa da Udalak Gabonetan jartzen dituen argi eta apaingarri guztiak led motakoak direla.
SARE SOCIALAK:
- BILBOKO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM | TIK TOK
- BILBAO EKINTZA: YOUTUBE I FACEBOOK | X | INSTAGRAM
- BILBAO KULTURA: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM | TIK TOK
- BILBAO JAIAK: FACEBOOK | X | INSTAGRAM
- BILBAO TURISMO: FACEBOOK I X I INSTAGRAM
#BilbaoGabonak