- Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, Lanbiderekin lankidetzan aritzen den zentroa den heinean, enpresa-proiektu bat martxan jarri edo negozio-ideia bat garatu nahi duten langabeei zuzendutako dirulaguntza-sorta bat aktibatu du.
- Guztira zuzeneko 97 dirulaguntza emango dira: ekintzaile berrientzako eskaerak aurkezteko epea urriaren 28an amaituko da eta dagoeneko negozio-plan bat dutenentzako epea, aldiz, azaroaren 11n.
- Interesdunak Bilbao Ekintzako ekintzailetza unitatearekin harremanetan jarri beharko dira 94.420.53.60 telefono-zenbakira deituta edo helbide honetara idatzita: emprendimiento@bilbaoekintza.bilbao.eus.
Bilboko Udalak epea zabaldu du enpresa-ideia bat garatzen hasi nahi duten edo dagoeneko martxan jarritako proiektuak dituzten ekintzaileei laguntzeko dirulaguntzak eskatzeko.
Lanbidek 97 dirulaguntza banatuko ditu guztira, eta modalitate bakoitzak epe eta betekizun desberdinak izango ditu: lehenengoari dagokionez, ekintzailetzan aritu nahi duten 85 pertsonak eskuratu ahalko dituzte dirulaguntzak, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 28an amaituko da, 13:00etan. Bigarrenari dagokionez, hamabi pertsonak jasoko dituzte beren enpresa-jarduerak abiarazteko dirulaguntzak, eta epea azaroaren 11n amaituko da, 13:00etan.
Eskaera guztiak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez bidali eta izapidetu beharko dira, Lanbideren erakunde laguntzailea den aldetik. Horretarako, Ekintzailetza Unitatearekin harremanetan jarri beharra dago (Zabalgune plaza 11) 94 420 53 60 telefono-zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: emprendimiento@bilbaoekintza.bilbao.eus.
Prozesua Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntza-deialdiaren baitan kokatuta dago (EHAA 87.zk, 2024-05-06), lehia askearen erregimenean.
85 ENPRESA-IDEIEN GARAPENA
Negozio-ideiak aztertu eta garatzeko laguntza jasotzen duten 85 ekintzaileek Bilbao Ekintzaren Ekintzailetza Unitatearen etengabeko laguntza eta aholkularitza izango dute, gutxienez bi hilabetez.
Ekintzaileek jasoko dituzten zenbatekoei dagokienez, 1.000 € eta 1.300 € artekoak izango dira eta ordainketa bakarra egingo da. Ildo horretatik, 28 dirulaguntza 30 urtetik beherakoei zuzenduta egongo dira eta 57 dirulaguntza 30 urtetik gorakoei (gizonentzako 22 eta emakumeentzako 35).
Hona hemen 85 dirulaguntzak eskuratzeko bete beharreko baldintzak:
- Bilbon enpresa-proiektu bat garatzeko ideia izatea.
- Euskadin erroldatuta egotea eta bertan bizitzea.
- Enplegurik ez izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
- Azken urtean EJZn zein langile autonomoen erregimen berezian alta eman ez izana.
- Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Unitatearen eskutik aholkularitza eta laguntza jasotzen egotea, eta erakundeak proposaturiko ekintza guztietara joateko konpromisoa hartzea.
12 ENPRESA-JARDUERA BERRI ABIARAZTEA
Laguntza horiek dagoeneko negozio-plan bat garatuta duten eta enpresa-jarduera bat abian jartzeko bidean aurrera egin nahi dutenei zuzenduta daude. Guztira, hamabi pertsonak jasoko dute enpresa-proiektua hasteko behar den aholkularitza, hiru hilabeteko epean.
Kasu horretan, dirulaguntzek 1.500 € eta 1.950 € arteko balioa izango dute, eta 30 urtetik beherako bost pertsonak eta 30 urtetik gorako beste zazpik jasoko dituzte.
Ordainketak bi zatitan egingo dira: % 50 dirulaguntza onartzen denean eta gainerako % 50 enpresa-jardueren gaineko zergan alta eman ondoren.
Hona hemen hamabi dirulaguntza horiek jaso ahal izateko baldintzak:
- Euskadin erroldatuta egotea eta bertan bizitzea.
- Enplegurik ez izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
- Azken urtean EJZn zein langile autonomoen erregimen berezian alta eman ez izana.
- Enpresa edo negozio berri bat ezartzeko enpresa-bideragarritasuneko plan bat izatea.
- Bilbao Ekintzako ekintzailetza zerbitzuaren eskutik aholkularitza eta laguntza jasotzen egotea.
- Aholkularitza-prozesua bukatzetik hiru hilabeteko epea izango dute Ekonomia Jardueren gaineko zergan alta emateko.
- Enpresa-jarduerak Bilbon izan behar ditu sozietate- eta zerga-helbideak.
LAGUNTZA ETA AHOLKULARITZA ZABALGUNEAN
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, laguntza ugari eskaintzen ditu ideia ekintzaileak garatzeko eta enpresa-ekimen berriak abian jartzeko. Ekimen horiek Ekintzailetza Unitatearen bidez bideratzen dira, eta 2017. urteaz geroztik, negozio eta startup berriak sortzeko eta finkatzeko behar den laguntza eskaintzen du. Laguntza hori are gehiago indartu da, Zabalgune plazan instalazio handiagoak jarri dituenetik.
Horri gehitu behar diogu zentroan jardunean ari diren profesionalek 20 urte inguruko ibilbidea dutela ekintzailetzaren esparruan, eta 2.000 enpresa baino gehiago sortzen lagundu dutela.
SARE SOZIALAK: