Bilbao Ekintzaren jardueraren ardatz nagusia, gazteen eta langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzea da. Horretarako, alde batetik, enplegu planak garatzen ditu kolektibo horietako pertsonei lan esperientzia eskaintzeko, eta, bestetik, horien guztien trebakuntza sustatzeko proiektuak martxan jartzen ditu, eta, hori guztia, beraien laneratzea errazteko eta hiriaren garapen sozioekonomikoa sustatzeko.
Enplegu plana
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal erakundearen bitartez eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren baterako finantzaketarekin garatzen eta gauzatzen du plan hau, ezinbesteko bi jarduketa lerro hauetan egituratuta dagoena:
Enpleguaren sustapena
Arlo horretan, Bilbao Ekintzak interes publikoko jarduerak garatzeko pertsonak kontratatzen ditu. Planean parte hartzeko betekizunak, langabezian eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea eta Lanbideren laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako batean egotea dira (besteak beste, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularra izatea, 35 urte baino gutxiago izatea, 45 urte baino gehiago izatea eta langabezian 6 hilabete egotea edo gutxienez kontratazioaren aurreko 18 hilabeteetako 12 hilabeteetan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea edo 55 urte baino gehiago izatea). Gainera, eskatzaileak Bilboko egoiliarrak izan beharko dira.
Kontratazioaren gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izan beharko da, eta gehienezko iraupena 6 hilabetekoa izango da. Lanaldia, osoa edo partziala izan ahalko da (gutxienez % 50ekoa), eta kontratatua izateko hautaketa prozesuan sartzeko izapidea Lanbideren bitartez egingo da.
Kontrataziorako laguntzak
Lerro horren helburua, enplegua sortzea sustatzea da, eta horretarako, laguntza ekonomikoak ematen zaizkie tokiko enpresei, langabezian dauden pertsonak kontratatu ditzaten.
Kasu honetan ere, pertsona horiek Lanbiden enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egon beharko dira.
Enpresentzako kontratazio laguntzak mota hauetakoak izan daitezke:
- Gehienez ere 3.000 euroko laguntza 3 hilabeteko lanaldi osoko kontratu bakoitzeko
- Gehienez ere 6000 euroko laguntza 6 hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratu bakoitzeko.
- Gehienez ere 9.000 euroko laguntza Lanbiden laneratzeko zailtasunak dituzten kolektibo gisa definitutako langabetuei egindako kontratu bakoitzeko, lanaldi osoan eta 6 hilabete edo gehiagoko iraupenarekin.
- 3 eta 6 hilabete arteko lanaldi partzialetarako laguntzak. Emandako dirulaguntza lanaldiarekiko proportzionala izango da, eta lanaldia ezin izango da % 50 baino gutxiagokoa izan.