• Musika lehiaketa handi hau uztailaren 25ean ospatuko da, Bilbao Blues Festival jaialdiaren hirugarren edizioaren barruan.

  • Talde irabazlea European Blues Challenge 2025 jaialdian parte hartuko du, Spliten (Kroazia).

  • Southern Avenue, Annika Chambers, Terrie Odabi, Ivan Singh, Kid Carlos Band eta Ibai Garcíak Bilboko Udalak bultzatutako jaialdiko kontzertuen kartela osatuko dute.

Bilbao Blues Festival jaialdiaren hirugarren edizioa mugarri izango da jaialdiaren eta hiriaren historian. Lehen egunean, uztailaren 25ean, Blues Challenge-ren estatuko finala izango da. Gaur egungo lau talde onenak lehiatuko dira European Blues Challengean plaza bat lortzeko, musika genero honetako nazioarteko ekitaldi garrantzitsuenetako batean. “Oso pozik gaude Estatuko Challenge honen ospakizunarekin. Alde batetik, zuzeneko bandekin finala antolatzen den lehen aldia delako. Bestalde, eta garrantzitsuena, Bilbo Bluesaren erreferente bihurtzeko helburua betetzeko beste urrats bat ematea lortu dugulako“, ospatzen du Carlos Malles jaialdiaren zuzendariak.

Izena emateko epea maiatzaren 13an irekiko da eta ekainaren 9an amaituko da. Aurkezteko ezinbestekoa da inprimaki hau betetzea. 22. egunetik aurrera hautatutako taldeen izenak argitaratuko dira.

Bestalde, Bilbao Blues Festival jaialdiaren kartela osatzeko, Southern Avenue, Annika Chambers, Terrie Odabi, Ivan Singh, Kid Carlos Band eta Ibai García Blues Project taldeak ere arituko dira. Artista hauek dagoeneko baieztatuta dauden talde eta bakarlariekin bat egiten dute: The Fabulous Thunderbirds, D.K. Harrell, Ana Popovic, Big Yuyu, Martha High & The Soul Cookers, Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittman.

Bilboko Udalak bultzatutako musika-ekitaldi hau uztailaren 25etik 28ra bitartean egingo da, eta doako programazioa izango du, Areatzan egingo diren lehen mailako kontzertuekin.

  • SOUTHERN AVENUE
    Talde gazte hau soul, blues eta rock tradizioen arteko nahasketa bikaina da. 2015ean sortu zuen Ori Naftalty israeldar jatorriko gitarra-joleak, eta izenerako Memphis-eko kale bat hartu zuen oinarritzat. Kale hau hiriaren muga ekialdekoenetik Soulsvilleraino hedatzen da, Stax Records-en jatorrizko bizilekua dena. Naftaltyz gain, taldea osatzen dute Tierinni Jackson abeslaria, haren arreba, Tikyra Jackson bateria-jotzailea, Evan Sarver baxu-jotzailea, Ava Jackson (koruak) eta Jeremy Powell teklatuetan. Bere ‘Keep on’ diskoa Billboardeko ‘Top Blues Albums’ zerrendako bosgarren postura iritsi zen, eta Grammy sarietarako izendatu zuten, ‘Blues Garaikideko Album Onena’ atalean.
  • AMERICAN LADIES: ANNIKA CHAMBERS & TERRIE ODABI
    Annika Chambersek eta Terrie Odabik luxuzko dueto bat osatzen dute, American Ladies, soul bluesaren ospakizun musikal ikusgarria eskaintzen du. Paul Deslaurierengandik lagunduta arituko dira. Chambersek 2019an eta 2022an Blues Music Award saria irabazi zuen, soul blueseko emakumezko artista onenaren kategorian. Odabi, bestalde, 2017, 2020, 2021 eta 2022. urteetan Blues Music Awards sarietan izendatuta egon zen, “Soul blueseko emakumezko artista onenaren” kategorian. Artista honek, Bilbon presentzia errepikatuko du aurreko urteko emanaldiaren ondoren, Anhony Paule Soul Orchestra eta Theo Hufferekin batera.
  • IVAN SINGH
    Ivan Singh gitarra-jole gaztea (Kordoba, Argentina) sei urterekin hasi zen jotzen, eta Chicagon finkatu zen 2021ean. Hirian eman zituen lehen kontzertuetako batean Johnny Slimekin egin zuen topo, Buddy Guyren zeremonia-maisua dena, eta gitarra-jole mitikoaren Legends blues-klubean abesti batzuk jotzeko gonbita egin zion. Gaur egun, Singh erregulartasunez aritzen da areto honetan. Aurten Bombay-ko Mahindra Blues Festival-ean parte hartu du, Buddy Guy, Taj Mahal eta Kingfishekin batera. Bere aintzatespen garrantzitsuenen artean Errebelazio saria dago Mississipi Delta Blues Festival jaialdian (2017) lortutakoa.
  • KID CARLOS BAND
    Laukote honek Sevillako Carlos Moreno gitarra-jolea, “Kid Carlos” izenez ezagunagoa dena du buru eta bluesean ditu sustraiak. Hala ere, taldeak gainerako kideen eragin musikaletatik edaten du, hala nola jazzetik, rocketik edo funketik. “Kid Carlos”-ek ondoan izango ditu Txako Jones (ahotsa), Raúl Cordón (baxua) eta Stefano Di Rubbo (bateria). “Cannonball” aurkeztu zuten 2018an, Freddie King gitarra-jolearen omenezko albuma, eta aurten kaleratuko den disko berri batean lan egiten ari dira. Kid Carlos Band ohikoak dira blues-jaialdi garrantzitsuenetan, eta Espainiako ordezkariak izan dira European Blues Challenge 2024 ospetsuan.
  • IBAI GARCÍA BLUES PROJECT
    Ibai García gitarrista eta konpositore barakaldarra Ibai García Blues Project boskotearen burua da. Berriki sortu den proposamen honek “Chasing the blues” izeneko lehen LPa plazaratu du. Rock-blues-ak eta soul-ñabardurek ezin hobeto egiten dute bat lan fresko eta kalitate bikainekoa sortzeko.
    Lomoken Hoboken blues/southern bandarekin bi LP argitaratu eta hamar urtez birak egin ondoren, Ibai Garciak luxuzko lau ezkutariekin osatu zuen abentura berri hau; Charlie Santiago (ahotsa), Aritza Castro (bateria), Fernando Solla “Fo” (baxua) eta Israel Santamaría (teklatuak), guztiak ere Bizkaiko blues eta jazz agertokietan curriculum nabarmenarekin.

NAZIOARTEKO ONARPENA DUEN ERAKUNDEA

Jaialdiaren erakunde sustatzaileak, Crazy Bluesek, musika-genero hau bultzatzeko nazioarteko sari nagusiak ditu: sustatzaile onenaren BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Union-ek Azoresen 2019an emandakoa, eta K.B.A saria, Memphis-eko Blues Foundation-ek 2015. urtean emandako nazioarteko jaialdi baten antolakuntzarik onenari (Keeping the Blues Alive), munduko errekonozimendu altuena dena.

  • Carlangas y Los Cubatas, Dillom, Alice Wonder, Putilatex, Doctor Explosión eta beste hainbatekin batera 18 artista arituko dira, guztira, jai-giroan eta doan.

Hirian ekimenaren seigarren edizioa Bilbora dator berriro, eta oraingoan hiriko auzo berezienetako baten txanda izango da, Errekaldeko kaleetan barrena izango baitugu zuzeneko musika ekainaren 1ean, larunbatean. Bilbao BBK Live jaialdian ohiko bihurtu den aperitif urbanoak kultura eta aniztasuna eramaten ditu urtero Bilboko auzo batera; Bilbo Zaharra, Deustu, Santutxu eta Basurturen ostean, oraingo honetan Errekalderen txanda izango da. Hirian ekimenari esker, auzoko kale eta plazak jai-giroan murgilduko dira egun batez, abangoardiako musika-programazio eklektikoa eskainita, gustu guztietarako modukoa eta doan.

Musikari garaikideak ikusi ahal izango ditugu agertoki gainean. Novedades Carminha taldeko lider izan zena proiektu berriarekin dator, Carlangas y Los Cubatas, disco eta rock estiloak hirurogeiko hamarkadako ukituekin nahastuta; ziur oraingoan ere aho bete hortz utziko gaituela. Dillom rapero argentinarrak disko kontzeptual bat kaleratu berri du eta, infernura jaisten dela dirudien arren, laudorio-hitzak baino ez ditu jaso lanagatik. Alice Wonder abeslari eta konpositore madrildarra musikan gertatu den belaunaldi-aldaketaren adierazgarri bikaina da, eta heldutasun-maila nabarmena sumatzen zaio abesti bakoitzean. Putilatex taldeak “Albaceteko elektro-punk taldetzat” definitzen du bere burua; agertoki gainean bi hamarkadako ibilbidea egin ostean, zalantzarik gabe, show ikusgarria eta sekulako festa eskainiko dizkigute. Garage-rock psikodelikoa egiten duen Doctor Explosión taldea beti izan da deigarria eta, are gehiago, Julio Iglesiasen  Soy un truhán, soy un señor abestiaren bertsioarekin mundu guztia limurtu zutenetik.

Hiru DJ biltzen ditun Coolnenas proiektua dantza-pista guztiak hankaz gora jartzen ari da bere saio dibertigarriekin. Energiaz, askatasunez eta sedukzioz betetako abestien eta ikuskizunen bitartez, Euskoprincessek bere star system propioa sortu du. Rock euskaldun sendo eta berriena ekarriko du Ezpalak taldeak.

Germán y La Alegría del Barrio proiektuan Germán Carrascosa musikari nafarra ikusiko dugu, rock klasikoko bere taldearekin batera. Frantziako hip-hop eta rap giroak izanik inspirazio-iturri, diziplina bakoitzeko elementuak hartu eta errimaz errima tartekatzen ditu HUDAk, arrastoa uzten duen estilo pertsonala sortuta. Madrildar gauetan erreferente bihurtu den Juguete DJ ere arituko da Hirian.

Las Odio taldeko riot grrrlek ez dute ezer gordetzen isilpean, eta zuzeneko emanaldiak zintzotasunez eta gordintasunez eskaintzen dituzte.

Maren artista bilbotar euskaldun gaztea da, baina ziur profeta izango dela bere herrian Hirian egingo duen emanaldiarekin. Mirua gipuzkoar taldeko kideen interes artistikoa musika-estilo desberdinekin esperimentatzea da, betiere ikuspegi garaikide batetik.

Pablo Und Destruktion Asturiasko musikari berezi-berezia da, jakin-nahi handiko sortzaile harrigarria, eta beti da gomendagarri haren sorkuntzak entzutea. Kanaria Uharteetako Pipiolas bikoak hainbat musika-generotara jotzen du, emari hori alderdi emozionalarekin eta alderdi espiritualarekin aberasteko. Ruptura artista murtziarrak Natalia Lacunza edo Belén Aguilerarekin egin ditu kolaborazioak, bere setetan pop edo dembow musika nahasten ditu, besteak beste. $kyhook ekoizlea “Espainiako musika urbanoko soinurik onenak sortzeko gai” dela dio VICE komunikabideak, beatez beat bere soinua finkatzea lortu ostean.

Hirian ekimeneko egitaraua Errekalde auzoko kaleetara iritsiko da aurten, ekainaren 1ean, larunbatean, aire zabaleko emanaldiak izanik, egunez eta doan, Bilbao BBK Live jaialdiaren aurrerapen gisa. Bestalde, jaialdia bera uztailaren 11n, 12an eta 13an izango da Kobetamendin, eta eguneko sarrerak, bonuak eta kanpinerako txartelak salgai daude jada bilbaobbklive.com webgunean.

Informazio gehiago: bilbaobbklive.com

  • Larunbat honetan, maiatzak 4, hasiko da Mungian UEFA Women ‘s Champions League 2024ko Finaleko Trophy Tourra, txapelketaren Kopa herritarrei hurbiltzeko Bizkaiko hamar udalerritan barrena egingo den ibilbidea.

  • Mungiak, Getxok, Gernikak, Deriok, Balmasedak, Barakaldok, Igorrek, Basaurik, Elorriok eta Markinak Koparekin doan ikusteko eta argazkiak ateratzeko aukera eskainiko dute.

Maiatzaren 25ean hasiko dan San Mames futbol-zelaian jokatuko den UEFA Women ‘s Champions League 2024ko Finaleko Koparen ibilbidea, Trophy Tourra, hasiko da. Txapelketak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana du.

Trophy Tourraren helburua trofeo kontinentala herritarrei hurbiltzea da, gertutik ikusi eta argazkiak doan atera ahal izateko, hilabete baino gutxiago geratzen denean FC Bartzelona eta Olympique Lyonnais taldeen arteko kirol ekitaldi historiko honetarako.

Orain arte, Kopa ikusgai egon da Bilboko Plaza Biribilean dagoen turismo bulegoan, non herritarrek eta turistek gertutik gozatzeko aukera izan duten. Larunbat honetatik aurrera, maiatzaren 4tik aurrera, lurraldeko 10 udalerri hauetan bisitatu ahal izango da:

  • Mungia: maiatzaren 4an, 10:00etatik 20:00etara (Torrebillela Kultur Etxea).
  • Getxo: maiatzaren 5ean, 08:00etatik 21:30etara eta maiatzaren 6an, 7:30etatik 21:30etara (Fadura kiroldegia. Igerilekuen eraikineko sarreran).
  • Gernika: maiatzaren 7an eta 8an, 09:00etatik 21:00etara (Elai-Alai Aretoa).
  • Derio: maiatzaren 9an, 08:30etik 22:00etara (Kultur Birika).
  • Balmaseda: maiatzaren 10ean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era (Historiaren Museoa).
  • Barakaldo: maiatzaren11n,  08:15etik 22:00etara eta maiatzaren 12an, 08:15etik 21:00etara (Lasesarre kiroldegia).
  • Igorre: maiatzaren 13an, 08:00etatik 22:00etara (Kiroldegia).
  • Basauri: maiatzaren 14an eta 15ean, 09:00etatik 21:00etara (Artunduaga kiroldegia).
  • Elorrio: maiatzaren 16an, 09:00etatik 20:30era (Iturri Kultur Etxea).
  • Markina: maiatzaren 17an, 09:00etatik 21:00etara (Udala).

Instituzioek dei egiten die herritarrei Koparen argazkiak sare sozialetan argitara ditzaten, #SanMamesTopera #HayMuchoEnJuego #AskoDagoJokoan traolak erabilita.

Bilboko arkitekturaren forma ikonikoak eta San Mames estadioaren diseinua daukan aurtengo Finalerako diseinatutako adidas UWCL Pro Ball Bilbao baloi ofiziala Mazarredo zumarkaleko 66. zenbakian dagoen turismo bulegoan egongo da ikusgai, Guggenheim Museoaren ondoan. Bulegoa astelehenetik larunbatera dago zabalik, 10:00etatik 19:00etara eta igandeetan 11:00etatik 15:00etara.

  • Jaialdiaren zazpigarren edizioa ekainaren 14an eta 15ean egingo da Bilbao Arenan.

BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FESTak, BBK-k eta Bilboko Udalak babestuta eta Dekker Eventsek antolatuta, musikari mitikoak ekarriko ditu ekainean Bilbora, ohi duenez. Gaur jakinarazi ditu haien emanaldien ordutegiak, dagoeneko jaialdiaren web ofizialean eta Facebook eta Instagram sare sozialetan ikus daitezkeenak. Berriki agortu dira PISTAko sarrerak, eta, horrenbestez, jaialdiak 3. HARMAILAKO azken sarrerak baino ez ditu jada; hau da, “Last Call Tickets” izenekoak. Joan den martxoan jarri ziren salgai, sektore horretako lehen bi mailak bete ondoren.

Ekainaren 14an (ostirala), jaialdiari hasiera emango dio SUSAN SANTOSen power trioak (Extremadura). Susan bera egongo da blues rock onena egiten duen taldeko buru. Egun horretan, halaber, hauek joko dute eszenatoki nagusian: THE JAYHAWKS (Minnesota – AEB), musika amerikar herrikoiko talde onenetakotzat jotzen dena, THE PRETENDERS (Hereford – Erresuma Batua), Chrissie Hynde karismatikoak gidatzen duen taldea, ostiraleko kartelburua, eta THE SCREAMIN’ CHEETAH WHEELIES (Tennessee – AEB), Estatu Batuetako hegoaldeko rock klasiko eta indartsuarekin, Espainian 2024an emango duten kontzertu bakarrean.

Ekainaren 15ean (larunbata), “Legends” jaialdiaren bigarren egunean, eszenatoki nagusiko lehen emanaldia PETTI rock musikari euskaldunak egingo du. Geroago, eta haiek ere Espainian kontzertu esklusiboa emanez, CANNED HEAT mitikoek (Los Angeles – Kalifornia) blues-rock/boogie onenaz beteko dute Bilbao Arena, eta, ondoren, txanda iritsiko zaio DEEP PURPLE (Hertford-Erresuma Batua) larunbateko kartelburu eta rockaren kulturaren zenbait abesti handi eta ahaztezinen egileei. Azkenik, BLUES PILLS (Suedia eta AEB) rock-blues taldeak, Elin Larssonen ahots boteretsuarekin, amaiera emango dio BBK Bilbao Music Legends Festaren edizio honi.

Gainera, ohi denez, PISTAko edo 1. eta 2. HARMAILETAKO sarrerak erosi dituzten guztiek “Voodoo Child Bar” kanpoko zabalgunera joateko aukera izango dute. Bertan, zuzenean joko dute talde lokalek: Arnau & The Honky Tonk Losers, Kinki BoysNevadah, Sotomonte, The Ribbons eta Ziin & The Melody Breakers. Gastronomia-eremu zabala eta merchandising-standa ere egongo dira.

Segurtasun- eta ebakuazio-arrazoiengatik, kanpoko zabalgune hori ez da 3. HARMAILAREKIN lotuta egongo, eta, beraz, sarrera-mota hori duten pertsonak EZIN izango dira eremu horretara sartu. Muga hori kontuan hartuta, sarrera horiek prezio murriztuan daude salgai, eta aire zabaleko terraza bat izango dute, baita eskaintza gastronomikoa eta merchandising-standa ere. 1. eta 2. harmailetan bezala, leku horietan ere zenbakitu gabeko eserlekuak egongo dira, agertoki nagusitik igaroko diren banda guztien emanaldiez gozatzeko: The Pretenders, Deep Purple, The Screamin’ Cheetah Wheelies, The Jayhawks, Canned Heat, Blues Pills, Susan Santos eta Petti.

  • UEFA Women’s Champions League 2024 Finala jokatzeko hilabete geratzen denean, munduko indarreko txapelduna den Irene Paredes futbolariak datorren maiatzaren 25ean San Mames beteko duen energia aipatu du.

  • Sare sozialetan argitaratu den bideo baten bidez, Irene Paredesek bere historia pertsonala gogoratu du, esanez bere burua Poza Lizentziatuaren kaletik San Mamesera harro eta ameslari begiratzen duen “Nahia” neskatoaren eskulturarekin identifikatzen duela. “Maiatzaren 25ean kristalezko sabaiak baloikadaka apurtzen jarraituko dugu”.

  • Euskal erakundeek etorkizun oparoa iragarri dute Euskadiko emakume futbolarien egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat, Irene Paredes bezalako ereduari jarraituz, dagoeneko konplexurik gabe amets egiteko benetako aukerak dituztelako.

Indarreko munduko txapelduna den nazioarteko futbolariak, Irene Paredesek, maiatzaren 25ean, 18:00etatik aurrera, San Mamesen jokatuko den UEFA Women’s Champions League 2024ko Finalak izango duen garrantzia gogorazi du, kirola baino zerbait gehiago izango baita.

“Oraindik kosta egiten zait sinestea zer lortu dugun. Maiatzaren 25ean asko dago jokoan”, kontatzen du Paredesek Bilbon jokatuko den kirol-ekitaldia dela eta San Mamesen grabatu duen eta sare sozialetan argitaratu den bideo batean. Finala jokatzeko hilabete geratzen denean euskal jokalariak, FC Barcelona baino lehen Realean, Athletic Cluben eta PSGn jokatu duenak, azken urteetan emakumezkoen futbolaren arloan lortutako aurrerapen guztiak gogoratu nahi izan ditu eta jokoan Kopa bat baino askoz gehiago egongo dela azpimarratu du.

Irene Paredesek “Nahia” moduko neskatoen historia irudikatzen du, joan den martxoaren 6an Bilboko Poza Lizentziatuaren kalearen amaieran jarri zen brontzezko eskultura; estatuak egun batean San Mames bezalako estadioetara ilusioz eta harro, finalak leku enblematikoetan eta publikoaren babesarekin jokatzea amestuz, begiratu zuten Irene Paredes bezalako neskatoak irudikatzen ditu.

“Neska txikia nintzenean ezinezkoa zirudien honaino iristea. Oso harro nago inoiz amore eman ez izanaz. Emakume guztiok merezi dugun errespetua irabazteak asko balio du”, dio Irene Paredesek San Mamesen eta bere inguruan grabatutako bideoan, eta honakoa azpimarratu du: “Maiatzaren 25ean kristalezko sabaiak baloikadaka apurtzen jarraituko dugu”.

Bilbon lehen aldiz UEFA Women’s Champions League Final batez gozatzeko aukera izateaz gain, Euskadin publikoarekin jokatzen den lehena, futbolariak argi dauka: “maiatzaren 25ean San Mames beteko dugu eta emakume guztiok irabaziko dugu”.

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ustetan, maiatzaren 25eko Finala “emakumeek futbolean duten ikusgarritasunaren aldeko herritarren ospakizuna izango da, futboleko eliteaz gozatzen dugun bitartean. Euskadin emakumezkoen futbola duela hamarkada batzuetatik hona garatu da kirol hori aitortzeko borrokan egin duten emakume aitzindariei esker. Gaur egun, emakumeen futbol-kluben ehuna zabala da lurralde osoan, eta horrek etorkizun oparoa iragartzen die egungo eta hurrengo belaunaldiei, Irene Paredes bezalako futbolarien adibideari jarraituz gaur egun dagoeneko konplexurik gabe amets egiteko benetako aukerak dituztenak”.

Irene Paredesen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=oKD-LdY3brg

  • Maiatzaren 3tik ekainaren 7ra bitartean, ondoz ondoko sei ostiraletan, Bilbao Iron Cup txapelketa jokatuko da Club Deportivoko frontoian.

  • Jai Alai Leagueren zortzigarren proba honek oraingo pilotaririk onenak bildu eta emakumeen masterra ere izango du.

Bilbo nazioarteko zesta puntaren hiriburu bihurtuko da maiatzaren 3tik ekainaren 7ra bitartean, Club Deportivoko frontoian oraingo pilotaririk onenak bilduko dituen Bilbao Iron Cup txapèlketari esker.

Bilbao Iron Cup-en lehen edizio hau kategoria goreneko txapelketatzat sartu da Jai Alai League-n, izen handiko beste txapelekat batzuekin bat eginez: Gernikako Winter Seriesa, Biarritzeko Urrezko Xistera eta Donibane Lohitzuneko Nazioartekoak, besteak beste.

Hartara, Bilbao Iron Cup Jai Alai League-ko zortzigarren proba izango da, eta faborito nagusia du: Aritz Erkiaga, Winter Seriesaren eta Paue, Lekeitio eta Zumaiako txapelketen irabazlea. Honen aurkariak izango dira Deportivon Barandika-Lekerika, Goitia-Basque, Biarrizko Sorozabal anaiak (Johan-Gorka), Laduche-Manci eta maiatzaren 27an eta 28an jokatu beharreko Pro-Am txapelketatik aterako den azken bikotea.

EMAKUMEEN MASTERRA

Emakumeen zesta punta ere ilusio handiko garaia ari da bizitzen. Pilotari gazteek osatzen duten belaunaldi honek erreferentzia izatea lortu du, zesta puntan lehen pausuak ematen ari diren neskatxo guztientzat. Orain arteko txapelketa eta desafioak Durangon, Lekeition, Zumaian edo Gasteizen jokatu dituzte eta hauei batuko zaie Bilbao Iron Cup-a ere. Lau bikoteak hauek dira. Erika Mugartegi eta Frida Watkins, Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal eta Maite Ortiz de Mendibilk eta Arai Lejardik osatzen dutena. Emakumeen txapelketa maiatzaren 24an hasiko da, gizonezkoen finalerdiekin batera.

  • T-Birds-en liderrak, Kim Wilson harmonizista ospetsuak, lehiaketako sari-txapela jasoko du bere ibilbidearen omenez.

  • Talde mitikoak eta Ipar Amerikako talentu gazteak bat egingo dute kartelean dagoeneko baieztatuta dauden Ana Popovic, Big Yuyu, Martha High & The Soul Cookers, Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittman artistekin.

  • Bilboko Udalak bultzatutako jaialdiaren hirugarren edizioak doako kontzertuak programatuko ditu Areatzan uztailaren 25etik 28ra.

The Fabulous Thunderbirds eta D.K. Harrell izango dira Bilbao Blues Festival jaialdiaren hirugarren edizioko emanaldi nabarmenetako bi, Estatuan emango dituzten kontzertu bakarrak izango baitira. T-Birds-en liderrak, Kim Wilson harmonizista ospetsuak, aurtengo Bilbao Blues Festival sari- txapela jasoko du gainera bere ibilbide musikal sendo eta distiratsuagatik. Wilson (Michigan, AEB, 1951) eta bere taldea, baita Harrell gaztea ere, herrialdean jotzen duen lehen aldia baita, dagoeneko berretsita dauden artistekin elkartu dira: Ana Popovic, Big Yuyu, Martha High & The Soul Cookers, Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittman artistekin.

Bilboko Udalak bultzatutako musika ekitaldi hau uztailaren 25etik 28ra bitartean burutuko da, Areatzan egingo diren lehen mailako kontzertuen doako programazioarekin.

“Denbora asko daramagu The Fabulous Thunderbirds, bluesaren historiako talderik garrantzitsuenetako bat dena, eta D.K. Harrell, talentu handiko gaztea, eduki nahian. Aurten lortu dugu, eta esklusiban gainera. Kim Wilson bazetorrela jakin genuenetik, ez genuen zalantzarik izan saria berarentzat izango zela. Horrela, txapela jantzi dezake bere nazioarteko beste sari ugariekin batera”, dio Carlos Malles jaialdiko zuzendariak.

Wilson-ek 60ko hamarkadaren amaieran ekin zion bere ibilbide distiratsuari, musikari ospetsu handiek irakatsi ondoren: 60: Muddy Waters, Howlin Wolf, Jimmy RogersEddie TaylorAlbert CollinsGeorge “Harmonica” SmithLuther Tucker eta Pee Wee Crayton. Estatubatuarraren lanak de Little WalterJames CottonBig Walter HortonSlim Harpo eta Lazy Lester-en eragin zuzena du, eta Aces, Straights eta Shuffles taldeko liderra izan zen Minneapolisen, Minnesotan (AEB). 70eko hamarkadaren amaieran Jimmie Vaughan gitarra-jolearekin batera The Fabulous Thunderbirds sortu zuen. Gaur egun, Johnny Moeller-ek (gitarra), Bob Welsh-ek (pianoa/gitarra), Rudy Albin-ek (bateria) eta Steve Kirsty-k (baxua) osatzen dute taldea.

Wilson-ek urtean 300 bat kontzertutan parte hartzen du, blues musikako jaialdietan zein mundu osoko klubetan, bai Fabulous Thunderbirds taldeko lider gisa, bai Kim Wilsonen Blues Allstars taldearekin. 2016an Blues Music Award saria irabazi zuen ‘Instrumentalist – Harmonica’ kategorian.

26 URTE DITUEN APARTEKOA

D.K. Harrell (Ruston, Louisiana, 1998), estatubatuar kritikaren zati handi baten iritziz, blues amerikarraren aparteko gazte berria da. Ohiko estiloari eutsiz, 26 urteko abeslari eta guitarra-jole honek generoaren alderdi klasikoaren ikuspegi berri eta erakargarria eskaintzen du. 2019an B.B. Kingen sinposioan aritu zen eta bere gitarra deigarrienetako bat jotzeko ohorea izan zuen, Lucille. Hirugarren postuan sailkatu zen 2022 International Blues Challengean eta urte berean Jus “Blues Music Foundationek ematen duen King of the Blues B.B. King saria jaso zuen. “The Right Man” bere estreinako disko bikaina da, 2023ko ekainean Little Village Foundation-en zigilupean argitaratua.

ANA POPOVIC, MARTA HIGH…. LEHEN MAILAKO KARTELA

Popovic (Belgrado, Serbia, 1976) 25 urteko ibilbide artistiko nabarmena duen guitarra-jole eta abeslaria da. Mallorcako Big Yuyu hirukoteak, merkatuan bost estudio-lan dituenak, estilo desberdinak batzen ditu: rock klasikoa, soul, boogie, rythm and blues eta funk.
Popovicek eta Big Yuyuk bat egingo dute baieztatutako lehen emanaldiekin: Martha High & The Soul Cookers eta Texas Blues Guitar Summit, Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittman, Estatu Batuetako generoaren hiru adierazle azpimagarrienak.
Hirurek ibilbide musikal luze eta arrakastatsua dute, eta High-ek 30 urtez jo zuen James Brown mitikoarekin, bere emakumezko abeslari beteranoena bilakatuz.
NAZIOARTEKO ONARPENA DUEN ERAKUNDEA

Jaialdiaren erakunde sustatzaileak, Crazy Blues-ek, musika genero honen bultzadari dagokionez, nazioarteko sari nagusiak jaso ditu: sustatzaile onenaren BBSA Saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Union-ek Azoresen 2019an emana, eta nazioarteko jaialdi baten antolakuntzarik onenaren K.B.A. Saria (Keeping the Blues Alive), munduko aintzatespen handiena dena, 2015ean Memphiseko Blues Foundation-ek eskainitakoa.

  • Albert Pla Rumbagenarios aurkezten, Meute, Mujeres, Maria José Llergó, Samantha Hudson edo Kiasmos ere baieztatuta jaialdiko artisten bigarren txanda honetan.

  • Basoa eta Lasai guneetako line-upa aurkeztu da, jaialdiko dantzaren epizentroa.

  • Eguneko sarrerak apirilaren 2an, asteartean, jarriko dira salgai.

Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek iragarri dute Kobetamendin uztailaren 11n, 12an eta 13an izango den Bilbao BBK Live 2024 jaialdian zein artista arituko diren. Bagenekien jaialdiko artisten zerrendan Arcade Fire, Jungle, Massive Attack, The Prodigy, Underworld, Khruangbin edo Parcels baieztatuta zeudela jada, eta gaur iragarri ditugun artista berriekin 2024ko line-upa osatu dugu, azken urteetan marka utzi duten soinu eta ikonoak arakatzen dituen belaunaldiarteko bidaia irudikatuz.

Karteleko zerrendari historiako artista berezi eta ikonikoetako bat gehitu zaio: Grace Jones. Jamaikan sortu eta New Yorken hazia, Grace underground xelebreenaren adierazgarri da, Studio 54 mitikoan ohikoa, eta zinemaren, modaren eta musikaren munduak etengabe uztartzen dabilena; Grace Jones Bilbao BBK Live jaialdian izango dugu, eta hit dantzagarriak aurkeztuko dizkigu, hala nola Slave to the Rhythm edo Corporate Cannibal.

BIDAIA ETEREOA KOBETAMENDIN BARRENA

Jaialdiaren aurtengo edizioko karteleko ahots berriak aurkeztearekin batera, dream pop eta shoegaze estiloen soinu-paisaiak arakatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu, bi aditu hauekin: ostegunean, AIR talde frantses mitikoak Moon Safari album ikonikoa aurkeztuko du Bilbao BBK Live 2024 jaialdian, soinu elektronikoen eta atmosfera sentsual, sofistikatu eta hunkigarrien fusio paregabea; eta, larunbatean, soinuzko engranaje limurtzaileenen eta giro oniriko bizienen sortzaileen txanda izango da: Slowdive.

  • OSTEGUNA, UZTAILAK 11. MASSIVE ATTACK, THE PRODIGY, AIR – ‘Moon Safari’ jotzen–, LOS PLANETAS – ‘Super 8’ lanaren 30. urteurrena ospatzen–
    Massive Attack
    The Prodigy, Folamour (A/V), Cymande, Death from Above 1979 edo Sen Senra arituko dira, besteak beste, Bilbao BBK Live jaialdiaren aurreneko egunean. Lehen egun horretan, soinu azidoekin hasi eta melodia poperoagoekin bukatuko da bidaia, eta, tartean, AIR frantziarren downtempo elektronika sofistikatua. Los Planetas taldea ere izango dugu gure artean, ‘Super 8’ lan enblematikoaren 30. urteurrena ospatzeko kontzertu berezi batekin; Estatuko indie rock musikan egindako ibilbide esanguratsua gogoratuko dute.
    Trance lisergikotik, Orbit taldeak bereizgarri duen bokal autotuneatuen soinu nostalgikoa ekarriko digu, eta elektronikaren eta doinu akustikoen arteko fusioa Mezerg artistak eskainiko du, etxean eta inprobisatzen grabatutako bideoei esker ezagun egun ostean. Irlandatik, NewDad taldearen rock alternatiboa, iluntasunaren eta dreamyaren artean dantzan.
    Estatuko ordezkariei dagokienez, artista gehiago ere aipatuko ditugu. Madrildik, pop azkarra eta zakarra egiten duen El Buen Hijo, edo shoegaze madrildarraren itxaropena, Dharmacide. Lehen egun honetan ezagutuko dugu Nunatak murtziarren folk rockepikoa, Zarauzko Martín de Marte taldearen psikodelia estralurtarra eta Nexo Malito kolektibo bilbotarra, kolektiboaren sortzaile ALTAren partaidetzarekin eta CRRDR ohorezko gonbidatu izanik Bogotátik, rave eta doinu latinoetan maisu.
  • OSTIRALA, UZTAILAK 12. GRACE JONES, UNDERWORLD, KHRUANGBIN, MEUTE, PARCELS, ALBERT PLA Rumbagenarios
    Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren eguneko izen berrien artetik, aipagarriena, zalantzarik gabe, Grace Jones dugu, baita lehendik aurkeztutako UnderworldKhruangbinParcels, Jordan Rakei edo Ezra Collective ere, eta nazioarteko eta Estatuko proposamen sorta ezin hobea hautatu dugula nabarmendu behar da. Alemaniatik MEUTE etorriko da, zuzenekoan musikari eta instrumentu ugari bilduta, haien energia guri kutsatzeko prest. Albert Pla polifazetikoa: kantautorea, idazlea, musikara, komikoa, sortzailea… denetik egiten du La Mesias lanean protagonista izan den katalanak; jaialdian, Rumbagenarios ikuskizuna aurkeztuko digu. Kataluniatik hauek ere, Bilbora etorriko dira Standstill taldekoak, 2015. urtean taldea desegin ostean berriro ere Bilbao BBK Live jaialdiko oholtzan elkartzeko. Talentu berriak ezagutzeko aukera ere izango dugu: AIKO EL GRUPO, bira/minutu biderkatzaileak riot espiritu gazte-gazteari jarraikiz; edo Karavana, ezinbestean jarraitu beharreko banda. Jaialdiaren bigarren egunean, Maria José Llergó kordobarrak denbora geldituko du bere ULTRABELLEZA lanarekin, eta Daniela Pes kantautore italiarra ere ezagutuko dugu. Festarekin bat egin nahi izan dute honako hauek ere: Ralphie ChooSamantha Hudson celebrity, abeslari eta performerra, Oro Jondo dj folklorikoa gasolindegiko musika eginez, eta makina musikaren errege Parkineos.
    Eusko labeldun artistak jaialdiaren DNAren parte dira; Kobetamendin arituko dira Iruñeko Melenas, garage pop-psikodelikoarekin, energiaz beteriko EZEZEZ taldea, Silitia lekeitiarrak edo S T R paregabeak.
  • LARUNBATA, UZTAILAK 13. ARCADE FIRE, JUNGLE, SLOWDIVE, FLOATING POINTS, ALVVAYS, ZOE GOTUSSO
    Larunbaterako lehendik iragarrita zeuden Arcade Fire, Jungle, Alvvays, Floating Points, Noname edo El Columpio Asesino –agur-bira egiten ari dira–; eta horietaz gain, honako hau ere gehitu zaizkie larunbateko zerrendari: Slowdive ezinbestekoak Everything Is Alive lan berriarekin; BBC etxearen arabera Ipar Irlandako etorkizun handieneko taldea den CHALK, techno eta punk estiloen DIY nahasketa baten sortzaile; edo, Argentinatik, pasioz gainezka dator Zoe Gotusso, emozioz eta testurez jositako soinuzko paisaiekin. Islandiako Kiasmos taldeak ambient eta elektropop estiloen artean oreka perfektua jarriko du; anglosaxoiei dagokienez, UKn biral egin den Good Neighbours bikoak Home single ezaguna (eta beste asko) eskainiko dizkigu.
    Estatuko artistei dagokienez, Mujeres taldearen garaje doinuek Kobetamendi osoa polinizatuko dute rockaren eta adiskidetasunaren gorespenarekin; Boye bartzelonarrak ereserki hedonistak ekarriko ditu jaialdira, eta Oki Moki euskaldunek lo-fi pop punk doinuak aurkeztuko dizkigute Getariatik. Ezin aipatu gabe utzi Bitxeando, Bilboko arratsalde-giroko indie arrakastatsuena, Ines Hernand buru duela Daniless dj taldearen sortzailearekin batera, eta David Van Bylenen nahasketa ezinezkoak lagun; horrela, bada, Estatuko artisten line-up aberats eta askotarikoa geruzaz geruza aberastuko da.

BASOA. SANTUTEGI ELEKTRONIKOA BASOAREN BIHOTZEAN

Basoan izango dugun eskaintza elektronikoa aurkeztuko dugu gaur, proposamen solidoa, nazioarteko club munduko erreferente interesgarrienekin. Ostegunean, Dj Tennis Life and Death diskoetxearen sortzailearen erritmo biziak gehituko zaizkio Cormac irlandar dj ezagunari eta Ketioven erritmo-nahasketa queer eta sentsualei. Talentuz handia duen Sofía Kourtesis perutarrak bere house emotiboa aurkeztuko digu dj set formatuan, eta Bartzelonan bizi den baina sortzez euskalduna den Neska espezialista dugu flora & fauna elektronikako diziplina anitzeko festak sortzen.

Ostiralari helduta, talentu berritzaile eta trinkoak izango dira nagusi, hala nola Marcel Dettmann, MDR eta Bad Manners diskoetxeetako burua; eta discjockey guztien izar den Djrum discjockeyaren genero-arteko trantsizio errazak. Basoan arituko dira, halaber, Ogazón, zeinak house eta techno erritmoen aukeraketa bikaina eskainiko digun; Jennifer Cardini dj paristarra eta Dj Gostoso b2b Senda Fatal, Madrilgo club panoramaren barruan dauden figura dinamikoenetako bi.

Jaialdia amaitzeko, larunbatean, Nicola Cruz erdi-mitologikoak Latinoamerikako erritmo folklorikoak ekarriko dizkigu; Oaklandeko underground eszenatik zuzenean, Bored Lord, euforikoa etorriko da; Niki Laudaren erritmo azkar eta beroak, edo Budinok eskainiko digun Italo disco master classa.

Basoa sortu zenetik, antolatzaileek beti nahi izan dute John Talabot izatea oasi elektroniko honi amaiera ematen diona. 4 urtez jarraian itxiera-zeremonial mitikoa egin ostean –eta ziur gaude jaialdiko erromesek esperientzia erlijiosotzat bizi izan dituztela itxiera horiek–, bosgarren eta azken aldiz itzuliko da Talabot Basoa gunera, eta Kobetamendiko basoa Europako dantza-pista bereziena bihurtuko duela hitz eman digu.

LASAI. DANTZA GELDOAK BILBORA BEGIRA

Lasai gunearen hasierako premisa minutuko 100 beatak ez gainditzea zen; horrela, bada, erritmoa baretu eta tempo mantso baina intentsitate biziez gozatu nahi dutenentzat funtsezko bilgune bihurtu da. Lehenengo egunean, abangoardiako soinuek hartuko dute agertokia, Rinse FMren eskutik. Ostiralean, honako hauen txanda izango da: Xamana Jones enigmatikoa, zeinak magia egingo duen, berriro ere, segidako hirugarren aldiz (han izan zirenek badakite zertaz ari garen); Fiesta x Fiesta ekimenaren sortzaile Baldman, LucientToni Bass dj eta produktore mitikoa, edo Miguel Agnes podcaster eta selector eszentrikoa. Larunbatean JASSS arduratuko da Bilboko begiratoki bereziena hosteatzeaz.

Bilbao BBK Live jaialdiaren hamazazpigarren edizioko kartela osatzeko lan handia egin dugu, emanaldi bakoitza berezia izan dadin eta, hartara, une bakoitza, nota bakoitza eta kontzertu bakoitza gozatu ahal izateko agertoki natural pribilegiatu batean. Konbinazio horri esker, Bilbao BBK Live ezinbesteko hitzordua da uda honetako jaialdien zirkuituan; izan ere, aipatu behar dugu guk ez ezik, beste batzuek ere pentsatzen dutela hori, Bilbao BBK Live jaialdiak ‘Komunikazio-kanpaina onena’, ‘Jaialdi nagusi onena’ eta ‘Zuzeneko emanaldi elektroniko onena’ sariak irabazi baititu Iberian Festival Awards sarietan.

Jaialdiaren antolatzaileek lurraldean errotutako eta benetako jasangarritasunarekin inoiz baino konpromiso handiagoa duen edizioa prestatu dute. Last Tour BCorp enpresa izendatu zuten 2023an eta, harrezkero, inpaktu sozial positiboa duten enpresen komunitate global horretako kide izateak jaialdiaren etengabeko hobekuntza eta barne-eraldaketa lortu nahi izatera bultzatzen gaitu. Horregatik, aurtengo edizioan, gai jakin batzuen gainean kontzientzia sortu beharraren garrantzia azpimarratzen jarraituko dugu: irisgarritasuna, mugikortasuna, trantsizio energetikoa, inklusioa, berdintasuna, klima-aldaketa eta gure natura-ingurunea zaintzeko premia. Jasangarritasuna Bilbao BBK Live jaialdiaren ardatz estrategikoa da.

Informazio gehiago: bilbaobbklive.com

  • Bilboko Udalak sustatutako jaialdiaren hirugarren edizioak doako kontzertuak programatuko ditu Areatzan uztailaren 25etik 28ra.

  • Artista horiek Martha High & The Soul Cookers, Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittmani gehituko zaizkie.

Bilbao Blues Festival jaialdiaren hirugarren edizioak bi artista handi gaineratu ditu bere kartelean: Ana Popovic eta Big Yuyu.   Bilboko Udalak bultzatutako musika-ekitaldi garrantzitsu hau uztailaren 25etik 28ra egingo da, eta lehen mailako kontzertuak dituen doako programazioa eskainiko du Areatzan.

Popovic (Belgrado, Serbia, 1976) gitarrista eta abeslari birtuosoa da, eta 25 urteko ibilbide artistiko bikaina egin du. Fender Stratocasterra beti sorbaldatik zintzilik, teknika bikaina erabiltzen du eta presentzia dotore eta indartsua du agertokien gainean. Popovic blueswoman petoa da, eta eroso asko mugitzen da power blues, soul eta rockaren eremuan. Bluesaren emakumezko hirutasunaren kideetako bat da Bonnie Raitt eta Susan Tedeschirekin batera.

Big Yuyu hirukote mallorcarrak estudioko bost lan ditu merkatuan eta hainbat estilo uztartzen ditu: rock klasikoa, soul, boogie, rythm and blues, eta funk.  Euren ibilbidean zehar, Alemanian, Holandan, Belgikan, Ingalaterran eta Suitzan jo dute. Soulify Girl estudioko laugarren lanaren kalitate onari esker 2019ko European Blues Challenge-n parte hartu zuten. Jordi Álvarez Big Yuyuko abeslari, gitarra-jotzaile eta liderra gaur egungo blues-rock eszenako musikari ospetsuenetako bat da.

Popovic eta Big Yuyuz gain, beste talde batzuek hemen izango direla berretsi dute: Martha High & The Soul Cookers eta Texas Blues Guitar Summit. Horrela, kontzertu batean bilduko dira Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittman, musika-mota honetako hiru ikur AEBko estatu horretan.

Funderburgh, Morgan eta Pittmanek musika-karrera luze eta arrakastatsua partekatzen dute, eta Highek 30 urtez jardun zuen James Brown mitikoarekin; hain zuzen ere, haren emakumezko abeslari beteranoena izan zen.

LURRUNONTZIA ITSASADARREAN ZEHAR

Bilbao Blues Festival 2024ren kartelaren irudia lurrun itsasontzi bat da, Mississippi estilokoa, gure itsasadarra Areatzaren parean zeharkatzen duena, Jaialdiaren zatirik handiena izango den tokian.Ilustrazioa azken 25 urtean Sergio Pérez Berasategik zuzendu duen Moriskette euskal estudioaren lana da. Estudio horrek, era berean, 2022ko eta 2023ko kartelak egin zituen. Lehenengoan, bluesman bat ageri zen Bilboko beste ikono batekin batera: baldosa famatua. Bigarrenean berriz, emakumezkoen ahotsei omenaldia eta carolina pastelei keinu bat egiten zaie.

NAZIOARTEKO AITORPENA DUEN ANTOLATZAILEA

Jaialdia sustatzen duen elkarteak, Crazy Bluesek, nazioarteko sari handienak eskuratu ditu musika-genero hau bultzatzeko egindako lanagatik: BBSA (Blues Behind the Scenes Award) saria sustatzaile onenarentzat, European Blues Union-ek Azoreetan 2019an emandakoa, eta KBA (Keeping the Blues Alive) saria nazioarteko jaialdi bat hobekien antolatzeagatik. Azken sari hori munduko aintzatespenik handiena da, eta Blues Foundationek eman zion Memphisen, 2015ean.

  • BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FESTak 1. eta 2. harmailetako sarrerak agortu ditu, eta edukieraren % 90 osatu du jaialdirako hiru hilabete falta direnean. Horren ondorioz, eta eskari handiari erantzuteko, antolatzaileek sarbide mugatuko sarrera gehiago jarri dituzte salgai, “Last Call Tickets” izenekoak. Toki horiek esparruaren 3. HARMAILAN egongo dira, eta agertoki nagusiko kontzertuetarako sarbidea izango dute, baina sarbide mugatua izango da, horiekin ezin izango baita Voodoo Child Bar kanpoko terrazara joan.

Segurtasun- eta ebakuazio-arrazoiengatik, 3. harmailak ez du Voodoo Child terrazarekin loturarik izango (eta, gainerako lekuetan gertatzen den bezala, pistarekin eta/edo 1. eta 2. harmailekin ere ez); beraz, eremu horretako ikusleek ez dute aukerarik izango bertoko taldeek joko duten kanpoko zabalgunera ateratzeko. Hala ere, aire zabaleko terraza bat eta eskaintza gastronomikoa egongo dira. Leku berri horiek, 1. eta 2. harmailetakoek bezala, zenbakirik gabeko eserlekuak izango dituzte, eta horietan daudenek agertoki nagusitik igaroko diren talde guztien emanaldiez gozatu ahal izango dute: The Pretenders, Deep Purple, The Screamin ‘Cheetah Wheelies, The Jayhawks, Canned Heat, Blues Pills, Susan Santos eta Petti.

Era berean, 3. harmailarako sarbidea independentea izango da, eta esparruaren F ATETIK egingo da, Miribilla parkean.

Muga hori kontuan hartuta, antolatzaileek prezio murriztua ezarri dute sarrera mota berri horren salmentarako: 60 € + gastuak, eguneko sarreren kasuan, eta 95 € + gastuak, bi eguneko bonuen kasuan. Hala, erosleei eserleku bat izateko aukera emango zaie.

Sarrera horiek salgai daude dagoeneko, jaialdiaren webgune ofizialean: www.musiclegendsfestival.com.