• Kultur eta sorkuntza proiektuetarako deialdiak 59 proposamen diruztatuko ditu, guztira 500.698 euroko aurrekontuarekin, eta proposamenok Uriaren programazioan txertatuko dira aurtengo urtean zehar.

  • Bilbon ikus-entzunezkoak sustatzeko “Proiektuen poltsa” delakoa ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorerako da, eta gehienez ere 3 lan hautatuko dira, 14.000 eurorekin diruztatuko delarik bakoitza.

  • Bilbok, aurrerantzean ere, jarrera errimea izango du kulturaren sektorearen alde eta COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren ondorioak arintzearren, eta, ostera ere, neurri berriak ezarri ditu Urian kultur jarduera berpizteko.

Bilboko Udalak, aurrerantzean ere, jarrera errimea izango du kultur sektorearen lanaren alde eta COVID-19 gaitzak eragindako krisi sanitarioaren ondorioak arintzearren.

Hala, Udalak, ostera ere, neurri berriak ipiniko ditu pandemiaren ondorioak leuntzeko, eta, aldi berean, Urian kultur jarduera bizkortzeko, eta bi deialdi berri prestatu ditu horretarako. Alde batetik, kultur eta sorkuntza proiektuen hautapen bat, eta, bestetik, proiektuen poltsa bat Bilbon ikus-entzunezkoak sustatzeko; biak ere Bilbao Aurrera 2021 Plan Berezian Bizkaiko hiriburuan gizarte-kohesioaren alde, ekonomia eta enplegua suspertzeko eta kultura bizkortzeko jasotako neurrien artean.

KULTUR ETA SORKUNTZA PROIEKTUAK HAUTATZEKO DEIALDIAN, Bilboko kulturaren eta sorkuntzaren sektoreko profesionalen eta entitateen proposamenak sartzen dira. Ekimen horiek Uriko kultur jardueren programazioan sartuko dira, eta 2021ean zehar egikaritu beharko dira.

Ahalik eta eragile gehienengana iristearren eta ahalik eta jarduerarik gehien eragitearren, guztira 59 proiektu hautatuko dira, eta 500.698 euroko aurrekontuarekin diruztatuko dira; lau kategoria ezarri dira, balorazio ekonomikoaren arabera: 2.000 euro, 5.000 euro, 10.000 euro eta 14.900 euro.

Deialdia honako kultur eta sorkuntza sektore hauetako proiektuetarako da: arkitektura; arte eszenikoak; ikusizko arteak; artisautza; ikus-entzunezkoak; eduki digitalak; diseinua; edizioa; hizkuntzaren arloko industriak; moda; musika; ondarea; publizitatea eta marketina; antolakuntza zerbitzuak (hezkuntza artistikoa, bitartekaritza, ekitaldiak antolatzea eta produzitzea, kultur aholkularitza eta kudeaketa,…); bideo-jokoak; eta zeharkako kultur jarduerak.

Kultur proposamen guztiek unean uneko osasun-egoerara egokituta egon behar dute, indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatuz eta, zehazki, Covid-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak (edukiera, pertsonen arteko distantzia, pertsonak elkartzeko mugak, ordutegiak, etab.).

Proiektuak euskarazkoak nahiz gaztelaniazkoak izan daitezke, eta 2021eko maiatzaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira, posta elektronikoaren bidez, helbide honetan: cultura@bilbao.eus.

Deialdiaren oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

2021erako, bestalde, Udalak ostera ere jarri du abian deialdi hau, bigarren aldiz: “BILBO IKUS-ENTZUNEZKOEN BIDEZ SUSTATZEKO PROIEKTUEN POLTSA, URIKO IKUS-ENTZUNEZKOEN ETA ZINEMAGINTZAREN SEKTORERAKO”

Bilboko Udalak Bilbo Aurrera 2021 Plana delakoren bidez onartutako neurrien artean, urian ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta laguntzearren, deialdi bat egin zaie aurten ostera ere, Arriaga Antzokiak eta ZINEBI jaialdiaren bidez, ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorearekin zerikusia duten Bilboko enpresei, parte har dezaten ikus-entzunezkoen funts bat sortzen, Bizkaiko hiriburua sustatzearren.

2020an bezala, deialdi honek helburu bikoitza du: alde batetik, Bilboko ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorea babestu, lagundu eta sustatu nahi du; eta, bestetik, Bilbo sustatzen duen ikus-entzunezkoen funtsa eguneratu, aberastu eta osatu nahi du, abiapuntutzat hartuz, esate baterako, Bilboko ondarezko eraikinak, Uriak hirigintzaren aldetik izan duen eraldakuntza, Bilboko auzo bereziak, uriaren jarduera etengabea, kultur eskaintza, saltokiak eta elkarteak, jaiak, bizilagunak, ohiturak, eskaintza turistikoa.

Proposamen honen bidez, gonbidapena egiten zaie Uriko sortzaileei pentsa eta birpentsa dezaten uriaren oraina eta etorkizuna. Proposamen berri eta ezezagunak bildu nahi dira, luzeenez ere 45 minutukoak, sormenezkoak eta askotarikoak, uria sustatzen lagunduko dutenak, baina uriari buruzko gogoeta ere eragingo dutenak: “Nola aldatu da Bilbo azken urteotan? Nola egiten dio aurre uriak normaltasun berriari, nola zerbitzuek edo nola kultur eta/edo turismo eskaintzak? Zer erakargarri eskaintzen ditu uriak ondarearen, kulturaren, jaien eta besteren aldetik? Zer kultur sare osatzen du uriak, eta zer erronka ditu? edo, zer uri mota, askotarikoa, inklusiboa eta berdinzalea, eraiki beharko genuke kulturaren bidez?

Proiektuen Poltsaren” aurrekontua, guztira, 50.820 euro da, eta gehienez ere 3 proiektu hautatuko dira, eta 14.000 eurorekin diruztatuko da bakoitza.

Ikus-entzunezkoak 2021eko abuztuaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira posta elektroniko bidez, helbide honetan: zinebi@zinebi.eus

Deialdi honen oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

BILBAO AURRERA PLANA

Bilbao Aurrera 2021 Plana delakoa iaz lehenengoz abiarazi zen “Bilbao Aurrera 2020 Plana” zenaren jarraipena da, orduan sortu baitzen pandemia mundu osoan, COVID-19 gaitzaren krisi sanitarioak uriko pertsonen eta enpresen artera ekarritako ondorioak arintzeko eta haietatik oneratzeko eta suspertzeko.

Iazko maiatzean udal-ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek adostutako #BilbaoAurrera2020 Planak izandako harrera onaren ondoren, Bilboko Udalak ezohiko plan berri bat jarri du abian, #BilbaoAurrera2021 izenekoa. Plan horrek jarraipena ematen dio azken hilabeteetan egindako lanari, eta 15,1 milioi euroko aurrekontua jartzen du mahai gainean, gizarte-kohesioaren, kulturaren eta ekonomiaren eta enpleguaren arloko 43 neurri zehatz aurrera ateratzeko.

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus

  • Ekainaren 15etik 17ra, Food 4 Future – ExpoFoodTech ekitaldia antolatuko da Bilbon. Bertan, datozen urteetan sektorea eraldatuko duten enpresa-esperientzia berritzaileenak, azken aurrerapen zientifikoak eta elikagaien zein edarien produktuak garatzeko joerak bilduko dira

  • Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren eta elikagai eta edarien elkarte zein enpresa nagusien babesa du ekitaldiak, bai eta Bilbo Foodtech berrikuntzaren hiriburu bihurtzeko EIT Food ehun ekintzaile eta berritzailearena ere

Food 4 Future – ExpoFoodTech 2021 ekitaldi profesionalaren aurkezpena egin dute gaur. Elikagaien eta edarien sektoreko profesionalak bilduko dira bertan ekainaren 15etik 17ra, Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan. Hiru eguneko foro bat izango da, eta datozen hamarkadetan elikagaien industriak aurre egiteko izango dituen erronkak aztertuko dira bertan, bai eta eredu jasangarriagoen bilaketa eta osagaien eta produktuen berrikuntza ere.

Food 4 Future ekitaldian, balio-kate osoko profesionalak bilduko dira Bilboko BECean zientzia eta teknologia elikagaien industrian hain beharrezkoa zen iraultza sortzen ari direla erakusteko. «Food 4 Future berritasun teknologikoak, berrikuntza disruptiboak eta ezagutza zientifikorik aurreratuena aurkezteko Europako eta nazioarteko erreferentziazko ekitaldi bihurtzeko sortu zen, nekazaritzako elikagaien sektoreari eraldatzen laguntzeko», azpimarratu du Alberto Planas NEBEXTeko zuzendari nagusiak gaur, HIP-Horeca Profesional Expo erakusketan egin den aurkezpen-saioan (ostalaritzako berrikuntzari buruzko ekitaldi profesionala).

Food 4 Future ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren babesa du, eta, gainera, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea ere han izan da, eta hauxe adierazi du: «Food 4 proiektuari esker, FoodTech-ean lurralde aurreratua da Euskadi, elikagaien ekosistema egituratu batekin, non sektoreko erronka estrategikoetarako irtenbide berritzaileak garatzen diren. Horrela, dagoeneko existitzen diren gaitasunak eta lankidetza sustatzen dira nazioarteko eragileekin, elikagaien sistema jasangarri, seguru, osasungarri eta berezi bat lortzeko».

Bestalde, ekonomia sustatzeko Bilboko Udaleko Bilbao Ekintzako agentziako zuzendari nagusia den Javier Garcinuñok hauxe esan du: «ekitaldia antolatzeko arrazoia gure enpresetarako negozio-aukera berriak bilatzea eta identifikazioan aurrera egitea da, zeinen bitartez produkzio-eraginkortasunak, merkatu-irtenbide berriak edo produktu berritzaileak eskainiko dizkieten elikaduraren alorrean».

Ordezkari publikoekin batera, ICEXeko Nazioartekotzeko zuzendari nagusia den Javier Sierrak ere parte hartu du, eta hauxe nabarmendu du: «Ekitaldi hau hitzordu estrategikoa da gure herrialdeak garrantzia bereganatu dezan hazten ari den eta nazioarteko ekonomiarako ezinbestekoa den sektore batean». Food for Life plataforma teknologikoko presidentea den Mauricio García de Quevedok aipatu du «Food 4 Future ekimena Euskal Autonomia Erkidegora iristearekin batera, Bilbo Foodtech berrikuntzako munduko hiriburu bihurtuko dela».

Food 4 Future World Summit kongresuko zuzendaria eta AZTIko zuzendari nagusia den Rogelio Pozok ekitaldiaren kongresua egituratuko duten gakoak aurkeztu ditu bere hitzaldian. «Digitalizazioa, jasangarritasuna eta osasuna dira elikagaien industria goitik behera aldatzeko eta kontsumo zein ekoizpen-eredu jasangarriagoak eta osasungarriagoak sortzeko gakoak. Hain zuzen ere, horixe aurkitu nahi dugu Food for Future proiektuan», adierazi du.

Amaitzeko, San Telmo Business School-eko zuzendariondoko nagusiak food tech arloari buruzko zertzelada batzuk partekatu ditu elikagaien industriako eta hotel, jatetxe eta kafetegien sektoreko ordezkariekin HIPeko Leadership Summit-ean.

Nazioarteko 280 adituk munduko BPGd-ren % 11 sortzen duen industria ordezkatuko dute

Elikagaien industriak munduko BPGd-ren % 11 hartzen du, eta, aurreikuspenen arabera, 2050. urtean % 70era arteko hazkundea egongo da elikagaien produktuen eskarian. Bestalde, industriaren digitalizazioak 300 bilioi euro baino gehiagoko eragina izan dezake 2021. urtetik 2025. urtera. Kopuru horiek argi uzten dute zein garrantzitsua den industria, bai eta elikadura-produktuak sortzeko prozesu berriak diseinatzen dituzten digitalizazio eta teknologiak bultzatzea ere.

Food 4 Future – ExpoFoodTech ekitaldian, elikadura-segurtasunari, paketeak egiteari, elikagaiak prozesatzeari, garraio eta logistikari eta abarri aplikatu dakizkiekeen irtenbide teknologiko berritzaileenak aztertuko dira hiru egunetan zehar, prozesuak optimizatzeko eta negozio-eredu eraginkorragoak lortzeko. Food 4 Future-en agendan nazioarteko 280 aditu baino gehiago bilduko dira, eta merkatuko joera berriak jorratuko dituzte 56 hitzaldi baino gehiagotan, baina 6 foro bertikaletan egituratuta: Meat Forum, Beverage, Bakery, Sea Food, Dairy eta Agro. Bestalde, bertaratzen direnek lehen-lehen eskutik ezagutu ahal izango dituzte alor hauei lotutako irtenbide teknologikoak: adimen artifiziala, Blockchain, Gauzen Internet Industriala (IIoT), bioteknologia, Data Analytics, zibersegurtasuna, Cloud eta automatizazioa eta robotika.

  • AS TRANSFER ekimenari esker, Bilbao As Fabrik proiektuarekin barneratutako zerbitzu aurreratuen eta 4.0 industriaren esperientzia eta ikasketak helarazi nahi zaizkie Europako beste hiri batzuei, eta haiekin partekatu.

  • Europar Batasunaren hiri-garapen jasangarrirako URBACT trukatze-programaren arabera, proiektu garrantzitsuenetako bat izan da.

  • Bestalde, Bilbok, Bilbao As Fabrik proiektua aurkeztuko du gaur Eurocities sareko Economic Development Forum ekitaldian eta, jarraian, AS TRANSFER ekimena.

Europar Batasunaren hiri-garapen jasangarrirako Urbact trukatze-programan As Transfer ekimena nabarmendu dute As Fabrik proiektu arrakastatsuan barneratutako esperientzia eta ikasketak Europako beste hiri batzuei helarazteko eta haiekin partekatzeko.

Proiektuaren xedea da bost hiriren kasu arrakastatsuen berrikuntza transferitzea eraldaketa-prozesuetan dauden Europako beste hiri batzuei. Horrela, Bilbao As Fabrik proiektuarekin zerbitzu aurreratuetan eta 4.0 industrietan erdietsitako espezializazio adimendunaren esperientzia helaraziko die Errumaniako Timisoara hiriari, Estoniako Tartu hiriari eta Poloniako Bielsko Biala hiriari.

Europako aitortzaren ildo horretatik, Bilbao As Fabrik berrikuntza-ekosistema aurkeztuko du Bilbok Eurocities sarearen Economic Development Forum ekitaldian. Proiektuak heziketa-zentro bat, inkubagailu bat eta berrikuntza biltzen ditu bertan, eta, gainera, hiribilduko zerbitzu aurreratuen inguruko tokiko eragilerik garrantzitsuenak inplikatzen ditu.

Aurkezpena elkarrekin ikasteko “Wow with know-how – Exploring innovation ecosystems” jardueraren barruan egingo da, zeinak oinarri-oinarrian duen hirien arteko harreman zuzena eraikitzea eta kasu arrakastatsuak partekatzea aurkeztutako ekimenetan sakondu ahal izateko. Bilboz gain, Finlandiako Oulu hiriak, topaketaren anfitrioia ere badenak, eta Leeds hiriak (Ingalaterra) eta Lille hiriak (Frantzia) ere kasu arrakastatsuak partekatuko dituzte bertaratzen direnekin.

  • Hitzordua euskal unibertsitateekin eta tokiko eragileekin batera antolatu da, eta diseinuaren sektoreko nazioarteko erreferenteak bilduko dira hiribilduan, hitzaldiak, produktuen aurkezpenak, workshopak edo mentoring programak izango dituen hitzorduan.

  • Design Research Society diziplina anitzeko munduko sozietaterik zaharrena da, eta diseinuaren ikerketaz eta azterketaz arduratzen da esparru guztietan.

Design Research Society, DRS, sozietateak Bilbo hautatu du 2022ko udan diseinuari buruzko prestigio handiko biurteko kongresu bat antolatzeko. Horrela, sektorean erreferente diren profesionalak bilduko dira hiribilduan, bai eta nazioarteko zein tokiko akademikoak eta eragileak ere.

Lankidetza publiko-pribatuak babestutako hitzordu bat dugu; izan ere, udalak, euskal unibertsitateek eta tokiko diseinuaren mundua elkarrekin egin dute lan.

COVID-19aren pandemiak eragindako gaur egungo egoera gorabehera, Bilboko Udalak lanean jarraitzen du Bilbo nazioartean ospe handiena duten proiektu eta ekitaldiak hiribilduan gauzatzeko egoitza izan dadin. Hori horrela, DRS Bilbora etortzea lortu da, eta honako hauek eskainiko ditu bertan: ohiko hitzaldi akademiko eta zientifikoen programa, produktuen aurkezpena eta workshopak, eta, berritasun gisa, beste jarduera batzuk ere bai, hala nola unibertsitateko akademikoen hitzaldiak, egoitzak, mentoring-programak eta jarduera sozialak.

Aurtengo edizioko beste berrietako bat izango da hiribilduko toki enblematikoetan antolatuko dela. Horrez gain, garapen jasangarria izango du oinarri. Ingurumena zaintzeko, eta distantzia luzeetan sortzen den eraginari aurre egiteko, aurrez aurreko jarduerak eta jarduera birtualak uztartuko dira, bai eta bitarteko beste egoitza batzuk erabili ere, non kongresuaren jarduera batzuk antolatuko diren, baina une oro Bilborekin konektatuta.

Kongresuaren alderdi akademikoak DRSk eta Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatuko dituzte, batez ere Arkitektura Eskolak, euskal unibertsitate- eta ikasketa- ekosistemako beste eskola eta fakultate batzuekin elkarlanean.

DESIGN RESEARCH SOCIETY

Design Research Society sozietate zientifiko eta akademiko bat da, eta diseinuaren ikerketa garatzea eta sustatzea du xede. Gainera, 800 bazkide baino gehiago ditu. Bestalde, alor ugaritan, diseinuaren prozesua ikertzeko eta aztertzeko diziplina anitzeko udal-sozietaterik zaharrena da. Diseinuaren esparru guztietan ikerketa eta erudizioa sustatzeko eta bultzatzeko jarduera ugari garatzen ditu, besteak beste, argitalpenak editatzea, hitzaldiak eta sinposioak antolatzea eta ekitaldiak babestea.

Hain zuzen ere, 2022. urtean Bilbon antolatuko den nazioarteko biurteko konferentzia nabarmendu behar dugu. Kongresu honen aurreko edizioak Londres, Brisbane, Lisboa, Montreal edo Bangkok hirietan antolatu dira, besteak beste.

BILBO, DISEINUAREN HIRIA

Diseinuaren aldeko Bilboren apustua 2014. urtean goretsi zuen UNESCOk, eta horren ondorioz Hirien Sortzaileen Sarean sartu zuen. Hiriak lanean dihardu diseinua eta sormena hiri-eraldaketan ardatz egituratzaileak izan daitezen. Nolanahi ere, azken xedea ekonomia- eta gizarte-garapena sustatzea da.

Une honetan eta COVID-19aren egoera gorabehera, lanean jarraitzen dugu hirira kalitate zein prestigio handiko ekitaldi jasangarriak erakartzeko, behin pandemia igarota antolatu ahal izateko.

  • Basque Circular Hub zentroak zerbitzu-zorro zabala eskainiko dio euskal industriari, eta Ihobe sozietate publikoaren bidez kudeatuko da.

  • 2024an, 1.200 profesional izango ditu trebatuta ekonomia zirkularraren alorrean, eta 1.500 euskal enpresak haren zerbitzuak erabiliko dituzte.

  • Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren helburuak lortzeko tresnetako bat da.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua eta Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak Basque Circular Huba aurkeztu dute gaur, hau da, Europako Hegoaldeko ekonomia zirkularraren zerbitzu aurreratuen lehenengo zentroa.

Ihobe sozietate publikoak kudeatuko duen zentro aditu berri hori lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, zeren eragile hauek parte hartu baitute haren eraketan: Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Deustuko Unibertsitateak, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Tknika – Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroak eta Novia Salcedo Fundazioak.

Ezaugarri horiekin Estatuan eta Europako Hegoaldean dagoen zentro bakarra da. Merkatuko prospektiba-zerbitzuak eta prestakuntza aurreratuko zerbitzuak ditu, eta baita joerak aztertzeko eta ezagutza aditua sortzeko zerbitzuak ere, ekonomia zirkularraren alorrean.

Beste helburu batzuen artean, 2024. urterako espero da 1.500 enpresak erabiltzea zentro honen zerbitzuak; ehun irakasle eta 1.200 profesional inguruk ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza jaso izana, eta zaintza sektorialeko 20 txosten eginda egotea.

Halaber, Ihobek Bilbo hiriari lagunduko dio ekonomia zirkularreko bide-orri bat prestatzen eta irtenbide berriak bilatzen herritarrek zein bertoko enpresa-ehunak proposatutako erronketarako.

Zentro berritzaile hau Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren helburuak lortzeko tresnetako bat da, eta ahalbidetuko du euskal industriaren lidergoa indartzea, eredu jasangarriagoetara eta zirkularragoetara zuzendutako eraldaketan. Gaurtik aurrera, Euskadiko enpresek zerbitzu-zorro zabala dute eskura euren lehiakortasuna hobetzeko, prozesu zirkularrak euren ekoizpen-sistemetan txertatzearen bidez.

Basque Circular Hubak, gainera, sostengua eskainiko die ekonomia berdearen alorreko ekintzailetza-ekimen berriei eta prestakuntza aurreratua emango die irakasleei, jardunean edo langabezian dauden langileei eta eremu horretan espezializatu nahi duten ikasleei. Horretarako, Deustuko, Mondragon eta UPV/EHU unibertsitateen, Tknika – Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroaren eta Novia Salcedo Fundazioaren laguntza izango du.

Gaur egun Bilboko Auzo Factory Irazabal-Matikon kokatuta, Basque Circular Hubean elkartzen dira, alde batetik, ekodiseinuaren metodologien eta ekoidiseinuko espezialistak prestatzeko programen garapenean Ihobe sozietate publikoak 15 urtez baino gehiagoz metatu duen esperientzia, eta, bestetik, Bilboko Udalak ekintzailetzaren aldeko ekimenetan duen esperientzia. Horrela geratu da islatuta Estatuan eta Europako Hegoaldean aurrendari den ekimen hau abiatzeko xedez bi erakundeek sinatu duten hitzarmenean.

Ekimen hau industriaren oraingo eta etorkizuneko beharrei eta beste merkatu-aukera batzuei erantzuten dieten zerbitzu aurreratuak bultzatzeko xedez Bilbon garatzen ari den espezializazio adimendunaren estrategiaren zati da.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak eta Bilboko Alkate Juan Mari Aburtok Basque Circular Hubaren instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean; bertan, Ihobeko zuzendari Alexander Botok aurkeztu dizkie zentroak eskainiko dituen espezializazio handiko zerbitzuak, hau da, bai euskal ehun industrialari eta bai unibertsitateko eta lanbide heziketako komunitateari eskainiko dizkien zerbitzuak.

LAU JARDUERA ARDATZ

Basque Circular Hubak honako gai hauek jorratzen ditu, besteak beste: negozio-eredu zirkular berriak; ekoberrikuntza eta ekonomia zirkularreko teknologiak; material jasangarri berriak; produktu eta eraikinen ekodiseinua; fabrikazio efizientea; elikagaien xahuketa; plastikoen kontsumoa; eta kontsumo zirkularra.

Ihobe sozietate publikoa da zentro honen jardun osoa koordinatzeaz arduratzen den erakundea; beraren pertsonala, berriz, ingeniaritza, ekonomia eta marketinaren alorreko adituez osatuta dago.

Zentro honek gauzatuko dituen lanei dagokienez, lau jarduera-eremu hartuko dituzte barne:

  • Ekonomia zirkularreko proiektuak euskal enpresetan gauzatzea.
  • Euskadiko ekonomia zirkularraren Behatoki gisa jardutea.
  • Ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza aurreratua eskaintzea.
  • Enpresei tresna teknikoak eskaintzea.

Zehazki, ekonomia zirkularreko proiektu teknikoen garapena bultzatuko da, euskal enpresetan, HUBean prestatutako profesional gazteen parte-hartzearekin. Enpresek eskura izango dituzte ekonomia zirkularra haien prozesuetan integratzeko prestatuta dauden gazte espezializatuak, eta ikasleak lan-ingurune batera iritsi ahal izango dira ikasitakoa praxira eramateko. Zehazki, 2024. urterako espero da mila gaztek baino gehiagok jarduera horretan parte hartu izana.

Euskadiko ekonomia zirkularraren Behatoki gisa, zaintza estrategikoko lanak egingo ditu negozio-aukera berriak detektatzeko; bide-orriak prestatuko ditu negozio berrietarako; eta sektore industrialei egokitutako zaintza-txostenak egingo ditu.

Ekintzailetzaren alorrean, berriz, proiektuen diseinuan lagunduko du, eta orientazioa eskainiko du une bakoitzean eskura dauden laguntzak eskuratzeko bideei buruz.

Ekonomia zirkularraren alorreko prestakuntza adituaren jarduerek rol garrantzitsua izango dute, zeren ez baitira graduatu berri diren ikasleengana soilik zuzenduko, baizik eta baita irakasleengana ere, bai unibertsitatekoengana eta bai lanbide heziketako zentroetakoengana. Prestakuntza hori, gainera, gai horretan espezializatutako profesionalak izan nahi dituzten enpresetara ere iritsiko da.

BILBON KOKATUTAKO ZENTRO BAT

Basque Circular Hubaren egoitza Bilboko Udalaren “Auzo Factory Irazabal-Matiko” ekintzailetza-zentroan dago kokatuta, Ihobe sozietate publikoaren eta udal horren artean sinatutako hitzarmenari esker; izan ere, hitzarmen horren arabera, Udalak uzten du Hubaren instalazioak hartzeko beharrezkoa den espazioa, eta bi erakundeek konpromiso hauek hartzen dituzte: ekonomia zirkularraren alorreko tokiko ekintzailetza-ekimenei laguntzea eta aholkua eskaintzea; eta negozio-aukerak detektatzea eremu horretan, merkataritza, turismo eta sorkuntzaren industriaren sektoreetan, besteak beste.

Hubaren jarduera osoa eskuragarri egongo da beraren web korporatiboan. Hala, beraren bitartez, interesatuta dauden enpresek euren prozesu industrialen zirkulartasun mailari buruzko autodiagnostikoak egin ahal izango dituzte, euren produktuen ingurumen-inpaktuak kuantifikatu, edo erakusketa birtuala bisitatu: euskal enpresek ekodiseinatutako ia 200 produktu, jadanik merkaturatzen ari direnak.

Innova Bilbao 2021 Guggenheim Bilbao Museoan apirilaren 16an eta 17an ospatuko den Berrikuntza eta Marketing Digitalaren Biltzarra da. Marketin digitaleko enpresa-sormenerako foro bakarra, gure herrialdeko berrikuntzako  hainbat arlotan, hala nola, negozio digitalean, teknologia berrietan, ekonomian, komunikazioan, Interneten edo ekintzailetzan diren aditu onenak bilduko duena.

Osasun-protokolo guztiak betetzeko, ekitaldiaren aforoa mugatua izango da.

Sarreren prezioa: 25 €-tik aurrera lanaldi bakoitzeko edo ostiraleko eta larunbateko abonua, 40 €-tan.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez, ekitaldiaren babesleetako bat da.

Xehetasun gehiago Innova Bilbao-ko web orrialdean. #INNOBI21

  • Ostalaritzarako laguntza zuzenak eskuratzeko epea urtarrilaren 31n amaituko da. Orain arte 1.647 eskaera jaso dituzte; hau da, udalak, guztira, 1,3 milioi euro ordainduko ditu hilabete honetan bertan.

  • Udalak, halaber, Bilboko bonuen bitartez, 1,8 milioi euro baino gehiago transferitu dizkie merkataritza- eta kultura-establezimenduei. Trukatzeko epea apirilaren 30ean amaituko bada ere, dagoeneko merkataritza-bonuen % 85 eta kultura-bonuen % 72 kontsumitu dituzte herritarrek.

Bilboko Udalak orain arte 1.647 eskaera jaso ditu Covid-19 birusak kaltetutako ostalaritzaren sektorearen laguntza zuzenak izapidetzeko. Zenbatekoa, guztira, 1,3 milioi euro da, eta hilabete honen amaieran ordainduko da. Udalak gogoratu nahi du eskaerak aurkezteko epea irekita dagoela oraindik eta urtarrilaren 31n amaituko dela; hori dela eta, eskaerak webgunearen bitartez aurkeztera animatu nahi ditu sektoreko profesionalak: www.ayudashosteleriabilbao.eus. Programak, guztira, 3,3 milioi euroko aurrekontua du.

Laguntzak bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek eskaintzen dituztenekin. #BilbaoAurrera2020 Planaren 15 milioi euroekin bat egiten duen aparteko beste neurri bat da. Plan hori, hain zuzen ere, udalak pandemiaren ondorioei aurre egiteko talka-programa bat da.

Zenbatekoak

Jasoko dituzten zenbatekoak —1.000 eta 1.500 euro artean— establezimenduan lan egiten duten pertsonen kopuruaren arabera aldatuko dira:

  • 1-3 langile dituzten establezimenduak: 1.000 euro.
  • 4-10 langile dituzten establezimenduak: 1.250 euro.
  • 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: 1.500 euro.

Era berean, Bilbon establezimendu bat baino gehiago izanez gero, laguntza bana eskatu ahal izango da establezimendu bakoitzeko.

Sukaldaritzari lotutako establezimenduek parte hartu dezakete programan (jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko beste establezimendu batzuk, baldin eta jarduera jendeari irekitako establezimendu finkoetan egiten badute eta lokalean bertan kontsumitzeko jatekoak eta edariak modu profesionalean eskaintzen badituzte), bai eta ostatuek eta catering-enpresek ere. Horrez gain, diskotekak eta jai-aretoak sartu dira multzoan. Kanpoan geratu dira, ordea, turismoari lotutako etxebizitzak eta janari eta edariak etxeetara eramaten dituzten enpresak.

Eskaerak aurkezteko webguneaz gain (www.ayudashosteleriabilbao.eus), udalak zalantzak galdetzeko eta informazioa lortzeko zerbitzu bat eskaintzen du posta elektroniko honen bitartez: ayudashosteleriabilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus, edo 944205357 telefono-zenbakira deituz, 09:00etatik 14:00etara.

Establezimenduei 1,8 miloi euro baino Gehiago ordaindu zaizkie Bilboko bonuetan

Bilboko Bonuei dagokienez, zeina Bilbao Aurrera 2020 Planaren neurri garrantzitsuenetako bat den, merkataritza- eta kultura- bonu guztiak eskuratu ostean (82.488 bonu), udalak dagoeneko 1,8 milioi euro baino gehiago transferitu dizkie establezimenduei. Trukatzeko azken eguna apirilaren 30a izan arren, herritarrek merkataritza-bonuen % 85 eta kultura-bonuen % 72 kontsumitu dituzte jada.

Webgunean (www.bonobilbao.eus) eskuragarri dago oraindik bonuak dituzten establezimenduak zein diren jakiteko informazio guztia. Bestalde, kontsulta orokorretarako mezu elektroniko bat gaitu da: bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus.

Gogoan izan behar dugu kanpainari paperean edo passbook (mugikorra) formatuan atxikitako establezimenduetan egiten dela trukea eta NAN bakoitzeko, gehienez ere, 20 bonu eskatu daitezkeela, bai eta, gehienez ere, 4 erosketa-tiket egon daitezkeela ere.

Programa horren berritasunetako bat da hiriko barruti guzti-guztietan zabaldu dela eta udalak diruz laguntzen duela bonu bakoitzaren kostuaren erdia. Gainera, bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazio batzuek ematen dituztenekin.

Udala Orkestra Institutuaren Kontseiluko kide izango da ikerketa-ildo berriak lantzeko eta Bilbo Nazioarteko erreferente gisa finkatzeko.

Bilboko Udalak eta Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu berri dute, Udalbatzak berak berretsita. Horren bitartez, bi entitateek hiri-lehiakortasunerako politikak diseinatzeko eta ezartzeko orduan hiribildua laborategi bizi gisa ikusarazteko dagoeneko lantzen duten lan-ildoa indartu eta garatu nahi dute. Horrekin batera, Orkestra institutuak hiri-lehiakortasunari lotutako ikerketa-ildo bat sustatu nahi du “2021-2024 Plan Estrategikoaren” barruan. Horren bitartez, hiriek gizartean duten garrantziak gora egin izanak dakartzan ondorioak ulertu nahi dituzte, eta, horrela, Euskadiren erronka sozioekonomikoak jorratu.

Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, egingo du bat Orkestrarekin, eta, bertan, beste erronka batzuen artean, Bilboren nazioarteko aintzatespena eta kokapena landu ahal izango dira, bai eta Euskadiren lehiakortasunean hiriek duten zeregina aitortzeko eragina handitu ere. Bestalde, Orkestrak hiri-lehiakortasuna egonkortzea lortu nahi da, datozen urteetarako lan-ildo estrategiko gisa, bai eta beste ikerketa-ildo batzuekin loturak ezarri ere, besteak beste, digitalizazioarekin edo energiarekin.

COVID-19aren aurkako materiala erosteko ete, mikroenpresa eta autonomoentzako dirulaguntza zuzenen bigarren deialdia onetsi du Bilboko Udalak.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, hiribilduko ETE, mikroenpresa eta autonomoentzako zuzeneko dirulaguntzen bigarren deialdia aktibatu du, langileen zein bezeroen segurtasuna bermatuko duen babes-materiala erostea errazteko.

Osasun-krisiaren bilakaera eta kalteak murrizteko hartutako neurriak ikusita, Bilboko Udalak 222.750 euroko beste zuzkidura ekonomiko bat aktibatu du, zeinaren bitartez Bilboko enpresa-ehunari babes-materiala erostean sortutako gastuei aurre egiten lagundu nahi dion. COVID-19ari aurre egiteko gastuak eta inbertsioak baino ez dira diruz lagunduko, bai eta arrisku biologikoei aurre egiteko norbera babesteko ekipamenduak ere.

Bigarren deialdia abian jarri ondoren, Bilboko Udalak, guztira, 722.750 euro bideratuko ditu helburu horretarako. Udalak bultzatutako Bilbao Aurrera Planaren barruan daude bi deialdiak. COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean hirian kohesio sozialerako eta ekonomia, enplegua zein kultura berraktibatzeko premiazko neurriak jaso dira bertan. Guztira, 15 milioi euro erabiliko dira hiribilduko pertsona eta enpresei begira hartuko diren 50 neurri baino gehiagotan.

4º Webinar-a | Covid osteko aholkularitza-zerbitzuak

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, Bilboko ETEi eta saltokiei zuzendutako Covid osteko aholkularitza-zerbitzua abian jarri du, egungo krisi-egoeran bereziki garrantzitsutzat jotzen diren zenbait arlotan enpresei orientazioa emateko.

Webinaretan parte hartzea ezinbesteko urratsa da diziplina bakoitzean ondorengo banakako aholkularitza-zerbitzuan sartzeko. Zure zain gaude!

Zure enpresa Bilbon, urrats bat aurretik.

Webinar-en edukiak:

  • Merkataritza- eta salmenta-plana: funtsezko kontzeptuak eta salmenta-prozesuaren diseinua.
  • Bezeroarenganako orientazio-estrategia eta erosketa-esperientzia.

Hizlariak:

  • Beatriz Iñarritu y Berta Belda, E3-tik, Europako Enpresa Estrategiak.