• Streaming bidez, 29 herrialdetako 4.911 erabiltzailek ikusi dituzte Bilboko kongresuaren hiru egunetan nazioarteko 349 adituk eskaini dituzten hitzaldiak.

  • Herritarren hazkunde demografikoa, jasangarritasuna, digitalizazioa eta osagai berriak dira elikagaien eta edarien sektorearen erronka nagusiak.

Ekainaren 15etik 17ra, FoodTech berrikuntzaren munduko hiriburu bihurtu da Bilbo, Bilbao Exhibition Centre-BECen Food 4 Future- Expo FoodTech 2021 ekitaldia antolatu ondoren.

Nazioarteko ekitaldi bat da, elikagaien eta edarien industriako profesionalek profesionalentzat pentsatua. Bertan, sektorearen erronka garrantzitsuei eman nahi zaie erantzuna, besteak beste: prozesuak teknologiaren bitartez optimizatzeko moduak, negozio-eredu jasangarri eta eraginkorragoak garatzeko moduak eta elikagai eta osagai berrien ekoizpenaren joerak.

Food 4 Future ekitaldira 22 herrialdetako 5.417 bisitari hurbildu dira, eta, gainera, 29 herrialdetako beste 4.911 erabiltzaile gehiago bat egin dute streaming bidez. Bestalde, Food 4 Future ekimena Bilbon antolatzeak 9 milioi euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa ekarri dio hiriari, eta, gainera, Euskadi epizentro eta munduko erreferente bihurtu da FoodTech alorrean.

«Ekitaldiari esker, talentu ugari bildu dugu hirian, eta, hortaz, aukera paregabea da euskal enpresek mundu osoko marka espezializatuekin harremanetan egon daitezen eta ezagutza partekatu dezaten», adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ekitaldiari amaiera emateko zeremonian.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea den Bittor Orozek sektoreko profesional guztiak gonbidatu ditu Food Global Ecosystem plataformako kide izatera, foodtech industria osoaren mugarik gabeko itunak ezartzeko.

Halaber, Euskadin izango duen eraginaz gain, industriak berak Food 4 Future mugimenduaren garrantzia azpimarratu du, sektorearen jardunbide egokien berri izan eta horiek zabaldu ahal izateko, baina, aldi berean, negozio-aukera berriak sortzeko ere bai. Sergio Fabregat Food 4 Future-ko zuzendariak hauxe nabarmendu du: «Sektoreko profesional guztiak biltzeko topaleku bihurtu da, eta, horrela, elikagaien industrian harremanak berrezarri ahal izan dira, negozioa sustatuz eta Bilbo foodtech berrikuntzaren hiriburu bihurtuz”.

Elikagaien industriaren gaur egungo erronka handienetako bat munduko biztanleriaren hazkunde demografikoa da, hau da, biztanleak modu osasungarri, eraginkor eta jasangarrian hornitu ahal izatea. Besteak beste, CO2 isurtzeak murriztea, prozesuen eraginkortasuna, elikagaien hondakinak murriztea eta proteina-iturri berriak (intsektuak, esaterako) edo haragi eta esnekien ordezkoak dira Food 4 Future World Summit ekimenean jorratu diren erronka nagusi batzuk. Rogelio Pozok, kongresuko zuzendari eta AZTIko CEOk, hauxe azpimarratu du: «Digitalizazioa da nekazaritako elikagaien industriak helburu jasangarriak eta elikadura osasungarriari lotutako xedeak lortzeko bultzada, eta, aldi berean, modu gardenagoan hurbiltzen da kontsumitzailearengana».

Kongresuaren lehenengo edizioan nazioarteko 349 hizlari egon dira 56 konferentziatan, eta elikagaien sektorearen eta segmentu guztien erronka nagusiak jorratu dituzte: haragiaren industria, kontserbena, arrantzarena, esnekiena, zerealena eta edariena. Honako hauek dira Food 4 Future World Summit ekitaldian parte hartu duten enpresa eta entitateak: Sigma Alimentación, EROSKI, Unilever, Coca-Cola, Mahou-San Miguel, Campofrío, Bonduelle, Heineken, Capsa, Iparlat, Nueva Pescanova, Gallina Blanca, Angulas Aguinaga, EIT Food, Danone edo Grupo Apex enpresak, eta Melinda & Bill Gates Fundazioa, Euskal Herriko Medikuntzaren Errege Akademia, Recercako Vall d’Hebron Institut, Danone Nutricia Research eta Tecnalia Research & Innovation Fundazioa.

197 MARKA EGON DIRA IKUSGAI, ETA EUSKADIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZEIN EUSKO JAURLARITZAREN BABESA JASO DUTE 

Ekitaldian, 197 marka baino gehiago ikusi ahal izan ditugu, eta, hain zuzen ere, elikagaien eta edarien industriarako 461 berrikuntza aurkeztu dituzte. Marka horiek dira, besteak beste: AgroBank, Siemens, AZTI, CNTA, IRTA, Ibermática, Lantern, Inser Robotica, Marine Instruments, Trace Food, Combi Embalaje, PWC edo Tecnalia.

NEBEXTek eta AZTIk antolatu dute Food 4 Future – Expo Foodtech ekitaldia, eta Bilboko Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute. Bestalde, zenbait zerbitzu estrategikoren babesa jaso dute, hala nola ICEX, EIT Food, Hazi, ILSI Europe, Food for Life Spain, Grupo Spri Taldea, Eatable Adventures, IASP (Parke Zientifikoen eta Berrikuntza Arloen Nazioarteko Elkartea) edo Santelmo Business School.

Kongresuaren lehenengo edizioan, besteak beste, Euskadiko balio-kateko ordezkariak bildu dira, esaterako: Neiker, agritech ikerketan; AZTI, foodtech berrikuntzan; Basque Culinary Centre Fundazioa, ikerketa gastronomikoan, eta Euskadiko Elikagaien Klusterra.

  • Chemometric Brain, Blendhub, Healthy Food Ibérica, NUCAPS Nanotechnology eta Deep Detection izan dira sari hauen lehenengo edizioko irabazleak

  • Sariak Food 4 Future – Expo Foodtech ekimenaren esparruan antolatu dira, eta, guztira, 120 hautagai baino gehiago jaso dira elikagaien eta edarien industria eraldatzeko proiektu berrietarako

Food 4 Future – Expo FoodTech ekimenak bart antolatu du FoodTech Innovation Awards 2021 sarien lehenengo edizioa. Bertan, hain zuzen ere, berrikuntzaren aldeko apustua egin eta digitalizazioaren aro berrira egokitzen diren enpresek elikagaien eta edarien industrian egin duten lana eta eskuratu duten bikaintasuna sarituko dira. Sari-banaketan sektoreko enpresa liderrak, elkarteak, patronalak eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren Bilboko Guggenheim Museoan antolatutako gala-afari batean, besteak beste, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia den Xabier Ochandiano, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea den Bittor Oroz eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Ministerioko Elikagaien Industriako zuzendari nagusia den José Miguel Herrero.

Lehenengo saria, elikagaien eta edarien industriarako digitalizaziorako irtenbiderik berritzailenaren PwC saria, Chemometric Brain delakoak jaso du, kalitatea kontrolatzeko bere softwareagatik, zeinak Machine Learning eta adimen artifizialeko teknologiak erabiltzen dituen segundo gutxi batzuetan hauts, likido, solido edo gel egoeran dagoen edozein elikagairen edo osagairen osagarriak identifikatzeko. Honako hauek izan dira kategoria horretako irabazleak: Campofrío, Navidulen pieza iberikoen muturretik muturrerako trazabilitatearen blockchain proiektuagatik, eta Marine Instruments, edozein plataformatan sentsoreen datuak denbora errealean integratzeko teknologiagatik, zeina otarrainxken hazkuntza hobetzeko erabili daitekeen.

Blendhub delakoak irabazi du Agrobank saria, proiektu jasangarri onenaren saria; izan ere, munduko edozein lekutan elikagai- eta nutrizio-produktuak modu arin, seguru eta merkean merkaturatzen dituzten guztiei laguntza ematen dieten elikagai lokalizatuen ekoizpen-zentroen sare global bat zabaldu dute. Hauexek izan dira sari horren finalistak: Bolton Food, 360 estrategia jasangarri bat lankidetzari lotutako ikuspegi estrategiko eta zientifiko batekin diseinatzeagatik, eta Foods Conected, elikagaien industriak eguneroko zereginak egiteko eta lan egiteko duen modua eraldatzeagatik, elikagaien ekoizpena segurua, jasangarria eta etikoa izan dadin lortzeko.

Hirugarren saria, elikadura osasungarriaren Hazi saria, Healthy Food Ibérica delakoak lortu du, Verdeo lanagatik, oliba-olioan oinarritzen den koipe solido bat, zeinak irtenbide bat emango dien beste aukera bat nahi duten baina ordezkorik nahi ez duten kontsumitzaileei eta industriari. Kategoria horretako finalistei dagokionez, hauexek izan dira: osasunerako onurak dakartzan mikrobiotaren modulaziorako edariak garatzeko BiotaGut proiektua, AMC Innova delakoarena, eta pestiziden alternatiba gisa lurzorua lurruneztatzeko patentatutako teknologia, SOIL STEAM delakoarena.

NUCAPS Nanotechnology start-upak Tech Transfer Agri Food saria eskuratu du (foodtech start-up berritzaileena) elikagaien proteinen nano-kapsulengatik, osagai bioaktiboak, farmakoak eta probiotikoak ahoz hartzeko irtenbide seguru, natural eta eraginkor bat. BIOBEE microelectronics eta BioQ, urdaiazpiko onduaren industrian kontrol masibo ez suntsitzailea egiteko eskuzko lehenengo ekipoa, eta berriz ere SOIL STEAM izan dira start-upei zuzendutako kategoria honetako finalistak.

Amaitzeko, Deep Detection delakoak automatizazio eta robotikako irtenbiderik onenaren Siemens saria irabazi du Photonai proiektuarekin, fotoien zenbaketa egiten duen diseinatutako X izpien kamera multienergetikoa, zeinak gorputz arrotzak, akatsak eta hutsak hautematen dituen gaur egungo fabrikazioan baino bereizmen handiagoarekin eta energia gutxiago transmitituz. Grenoucerie e INSER Robótica delakoaren igelak hazteko Smartfrogfarm robota azken sariaren finalistetako bat izan da, dimentsio handiko mihiztadurak soldatzeko automatizazio autonomorako egindako lanagatik.

Nebext eta AZTIk antolatu dute Food 4 Future ekitaldia, eta Bilboko Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dute, bai eta beste erakunde batzuena ere, hala nola ERIAFF, nekazaritza, elikagai eta basogintzako berrikuntza sustatzeko 49 kidek osatzen duten Europako eskualdeen sare bat. Guzti-guztiek erakutsi dute konpromiso irmoa dutela alor horietan eraldaketa lortzearen aldeko Europako politikak garatzeko.

 

  • Elikadura arloko berrikuntzari buruzko Food 4 Future – ExpoFoodTech 2021 biltzarra egingo da aste honetan BECen. Biltzar horretan elikagaien bioteknologiako azken berrikuntzak azalduko dituzte.

  • Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da inaugurazio-ekitaldiaren buru.

Juan Mari Aburto alkatea Food 4 Future – Expo FoodTech 2021 biltzarraren lehen edizioaren inaugurazio-ekitaldiaren buru izan da gaur, Bilbao Exhibition Centre-ko (BEC) auditorio nagusian. Elikaduraren arloko berrikuntzaren eta edarien sektoreko 5.000 profesional batuko dira biltzarrean, 20 herrialdetatik baino gehiagotik datozenak, elikadura-sektoreko balio-kate osoaren erronkei aurre egiteko eta industriaren eraldaketan mugarri izango diren azken soluzio teknologikoak eta azken berrikuntzak eta joerak ezagutarazteko.

Bilbon egingo den Food 4 Future ekitaldi presentzialak 9 milioi euro baino gehiagoko dirutza ekarriko dio uriari eta, gainera, Euskadi FoodTech munduko erdigunea izatea ekarriko du aste honetan. Hiru egunez, Bilbo izango da munduko BPGren % 11 ordezkatzen duen industriaren egungo negozio-ereduen eta produkzio-sistemen eztabaidagunea eta espero da eskaria % 70 haziko dela hemendik 2025era bitartean. Teknologia ezinbesteko elementu giltzarri izango da sektore osoko erronkei aurre egiteko.

AZTIk eta Nebextek antolatutako ekitaldiaren barruan, ekainaren 15etik 17ra, elikadura osasungarria, elikaduraren eta edarien industriaren digitalizazioa eta jasangarritasuna aztertuko dira, baita industria horien segmentu bakoitzarena ere: okela-industria, arrantza-industria, esnekiak, olioak, nekazaritza, zerealak, kontserbak eta edariak. Horretarako, Sigma alimentación, EROSKI, Unilever, Coca-Cola, Mahou-San Miguel, Campofrío, Bonduelle, Heineken, Capsa, Iparlat, Nueva Pescanova, Gallina Blanca, Angulas Aguinaga, EIT Food, Danone eta Grupo Apex enpresek hartuko dute parte, besteak beste, eta euren arrakasta-kasu errealak eta egungo eta etorkizuneko proiektuak azalduko dituzte.

Gainera, erakundeei dagokienez, Melinda & Bill Gates Fundazioa, AZTI, Euskal Herriko Medikuntzako Errege Akademia, Vall d’Hebron Institut de Recerca, Danone Nutricia Research, Tecnalia Research & Innovation Fundazioa, Athlectic Clubeko mediku-taldea eta Adrian David Cheok, Australiako Ordenako kide eta Japoniako i-Tokio Unibertsitateko irakasleak eta Jose Maria Ordovás Tuftseko Unibertsitateko (Boston, AEB) irakasleak zientzian oinarritutako euren ikuspegia eta ezagutza eskainiko dute.

Hainbat autonomia-erkidegotako administrazio publikoen inguruko enpresek, hizlariek eta laguntzaileek eskualde bakoitzeko arrakasta-kasuak azalduko dituzte.

Food 4 Future biltzarraren agendan FoodTech Startup Forum ere egingo da; FoodTech sektoreko startup topaketa horretan, 20 startupek beren konponbideak eta berrikuntza-proiektuak aurkezteko aukera izango dute, enpresa-sare osoaren ezagutzaren transferentzia, negozio-aukerak eta networkinga sustatuz. Food 4 Future-n azaldutako irtenbideetako batzuk hauek izango dira: Alacarte startup-a, edari baten alkohol kopurua murrizteko gailu bat lantzen dabilena; Omics, jarraibide dietetiko pertsonalizatuak lantzeko algoritmo bat duena; Cocuus, 3D teknologiaren bidez elikagaiak ekoizten espezializatutakoa, edo BioTech Foods, proteinak lantzen dituena. Horiekin batera, AgroBank, Siemens, AZTI, CNTA, IRTA, Ibermática, Lantla, Inser Robotica, Marine Instruments, Trace F ood, Combi Embalaje, PWC eta Tecnalia bezalako enpresek ere euren irtenbide teknologikoak aurkeztuko dituzte showroom-etan.

EUSKADIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN LAGUNTZA

Food 4 Future – Expo Foodtech ekimenaren lehen edizioak Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa eta lankidetza ditu eta, gainera, bazkide estrategikoen babesa izango du, besteak beste, ICEX, EIT Food, Hazi, ILSI Europe, Food for Life Spain, Spri Taldea, Eatable Adventures, IASP (Parke Zientifikoen eta Berrikuntza Guneen Nazioarteko Elkartea) eta San Telmo Business School. Euskadiko balio-kateko beste ordezkari batzuk ere tartean izango dira, besteak beste, Neiker agritech ikerketan, AZTI foodtech berrikuntzan, Basque Culinary Centre Fundazioa ikerketa gastronomikoan eta Euskadiko Elikagaien Clusterra.

Txikizkako merkataritzaren esparruan berriki izandako aldaketa eta erronken testuinguruan, COVID-19K eragindako krisiaren ondoren, gaur egun inoiz baino gehiago, tokiko merkataritzak online ikusgai izateko prest egon behar du eta, nahi izanez gero, eskura dituen edozein kanaleen bidez saldu ahal izateko: web, Market Places, Sare Sozialak, etab. Internet bidezko erosketa errealitate eraginkorra zen jada, eta azken bi urteetan esponentzialki hazi da. Errealitate horrek kontsumo-ohiturak eta banaketa-bitartekoak aldatu ditu. Gainera, ezinbestean sendotu du omnikanalitatearen kontzeptua merkataritza-adar guzti-guztietan.

Erronka horretaz jabetuta, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bidez, hainbat jarduera zehatz jarri ditu abian gure saltokiaren digitalizazioa bultzatzeko, hala nola Google My Business (GMB) bezalako tresnen abantailak eta operatiboa zabaltzea eta gure negozioen eta saltokien aintzatespena eta ikusgarritasuna bultzatzea.

Izan ere, GMBk honako abantaila eta funtzionalitate hauek eskaintzen dizkio merkataritzari edo negozio txikiari:

  • Fitxa bat sortzeko aukera ematen du, ingurunean antzeko saltokiak bilatzen dituen edonork ikusteko modukoa. Garrantzitsua da saltoki batek fitxa hori izatea; izan ere, bezeroekin elkarreraginean aritzeko eta informazio eguneratua argitaratzeko aukera emango dio. Horrez gain, milaka pertsonarengana iritsi ahal izango da.
  • Saltokiaren deskribapena testu pertsonalizatu eta erakargarri batekin izateak lehiakideengandik bereiztea eta saltoki mota horren bila dabiltzan pertsonen jakin-mina piztea eragiten du.
  • Bezero potentzialekin kontaktua eta interakzioa errazten du. Ezaupideak beti erantzuten dira eta merkataritzaren eta bezeroen arteko lotura sortzen dute.
  • Informazioa ematen du eta ekarpen positiboa eragiten du erosteko erabakia hartzeko. Zure negozioaren eta produktuen argazki erakargarriek interes eta bisita-aukera handiagoa sortzen dute.

Abantaila horiek zabaltzen eta ezartzen laguntzeko, Bilbao Ekintzak bideo-tutorial bat garatu du, jarraitu beharreko urratsak zehatz-mehatz azaltzen dituena: Google My Businesseko zure fitxa ireki ezazu, ospea sortzeko eta bezero potentzial gehiagorengana iristeko.

GMB nola erabili?

  • Ekainaren 15etik 17ra, Bilbao Exhibition Centre erakustokian gauzatuko da ekitaldi hau, elikagaigintzaren industriari lagunduz hurrengo hamarkadan aurkituko dituen erronkei aurre egiten teknologia eta berrikuntza baliatuz.

  • Digitalizazioa, jasangarritasuna eta elikadura osasungarria izango dira biltzarraren hiru ardatzak, osagarri izango dituztelarik robotizazio-soluzioak, teknologia aurreratuak (adimen artifiziala, IoT, Blockchain, hozketa eta elikagaien logistika.

Food 4 Future – ExpoFoodTech 2021 biltzarrean elikagaien eta edarien sektoreko 5.000 profesional bilduko dira, 20 herrialdetatik etorrita, ekainaren 15etik 17ra bitartean, BEC- Bilbao Exhibition Centre erakustokian. Biltzarra inauguratzeko ekitaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izango da, beste agintari batzuekin batera.

Albert Planas Food 4 Future biltzarraren zuzendari nagusiaren iritzian, “industriak industriarentzat prestatutako ekitaldi bat da, eta hainbat herrialdetako 170 enpresa-erakunde baino gehiagoren babesa du, betiere elikagaigintzako industriari laguntzeko asmoarekin, datorren hamarkadan herritar geroz eta adinduagoentzako elikadura osasungarriago sortzeko erronkei aurre egiten laguntzeko asmoarekin. Foodtech industria estrategikoa da mendebaldeko herrialdeetan; eta, hemen, Euskadin, aukera handia dugu sektorean berrikuntzaren aitzindari izateko”.

“Ospakizun hau berri handia da BECentzat eta lurraldearentzat”, adierazi du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuak; haren ustean, “Euskadi, dagoeneko, kokatuta dago nazioartean bere gastronomiari esker, eta garaia da kokapen hori baliatzeko eta elikagaigintzako industriaren berrikuntzara eta digitalizaziora zabaltzeko. Food 4 Future biltzarrak aukera bikain bat dakarkigu, eta baliatu egin behar dugu erantzukizunik eta adimenik handienarekin”.

Arantxa Tapiaren ustean, Euskadik lortu du dagoeneko berrikuntza elikagaigintzako balio-kate osoan sartzea, hainbat ordezkariren bidez, hala nola Neiker, agritech ikerkuntzan, AZTI, foodtech arloan, eta Basque Culinary Centre gastronomiaren arloan; halaber, baditu organismoak ere, hala nola EIT FOOD elikagaigintzako klusterraren hegoaldeko egoitza edo HAZI bera.

BILBOK BILTZARRAK ABIARAZI DITU BERRIZ ERE

Food 4 Future biltzarrak orobat du Bilboko Udalaren babesa. Xabier Ochandiano Bilboko Udalaren Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, “biltzar jarduera hilabete luzeetan zehar etenda egon ondoren, Food 4 Future-Expofoodtech 2021 biltzarrarekin berrabiarazi egingo da Bilbon sektorea. Era honetako biltzarrekin, elikagaigintzako eta edarigintzako industriako erreferenteak bilduko dira gure urian, eta Bilboren nazioarteko alderdia erakutsiko digute ostera ere, talentua atxikitzeko eta sustatzeko gai den uria, berritzailea eta 4.0 industriaren aldeko apustua egiten duena”.

Food 4 Future biltzarra NEBEXTek eta AZTIk antolatu dute, eta 200 konpainia baino gehiagoren ordezkariak bilduko ditu erakusle moduan, beren soluzio, ekipo, teknologia eta proiektu berritzaileenak aurkeztera etorriak; eta, haiekin batera, bioteknologian, nazioarteko 280 aditu, arlo hauetakoak: zientzia eta elikagai segurtasuna, digitalizazioa, Blockchain delakoa, adimen artifiziala, automatizazioa eta robotika. Japoniako i-Tokio Unibertsitatea, Bill and Melinda Gates Fundation, Campofrío, Bonduelle, Coca-Cola, Aginaga Angulak edo Danone izango dira beren industria-transformazioko proiektuak aurkezten Bilbon.

HIZLARI OSPETSUAK

Hiru egunean, nazioarteko 300 hizlari arituko dira 56 hitzaldi baino gehiago ematen, elikagaigintzako industriaren egungo erronkei aurre egiteko gakoak azaltzen. Agendan, 3 gai nagusi izango dira: digitalizazioa, jasangarritasuna eta elikadura osasungarria.

Adrian David Cheok Australiako Ordenako kide eta Japoniako i-Tokio Unibertsitateko irakasleak analizatuko du nola aurre egin arrakastaz elikagaien eta edarien industriaren digitalizazioari. Cheok espezializatua da Internet bidezko zentzumen anitzeko komunikazioaren ikerkuntzan eta pertsona-ordenagailua interfazeetan espezializatua da.

Pere Puigdomènech ikerkuntzako irakaslea da Zientziazko Ikerkuntzen Goi Kontseiluan (CSIC), Agrigenomikako Ikerkuntzako Zentroan (GRAC), eta egungo negozio-ereduen jasangarritasunaz jardungo da. Landareen biologia molekularrean berezitua da, eta aditua da barazki transgenikoen kontsumoaren arloko segurtasunean.

Elikadura osasungarria izango da Food 4 Future biltzarreko beste gai nagusi bat, José María Ordovás Tufts University unibertsitateko irakaslea delarik nabarmentzekoa hizlarien artean. Nutrizioko katedraduna da, eta aitzindaria eta espezialistarik handienetako bat mundu mailan nutrigenetikan eta nutrigenomikan. Nabarmentzeko moduko hitzaldien artean dago, orobat, Dipika Matthias, Bill eta Melinda Gates Fundazioko The Global Alliance for Improved Nutrition sailaren zuzendaria.

Aitzindariak eta erreferenteak izango ditugu, Munduko BPGaren % 11 ordezkatzen duen industria baten beharrizanetarako erantzunak bilatzen; industria horretan, espero da elikagaigintzako produktuen eskaria % 70era arte haziko dela 2050ean. Erakusketak, hitzaldiak eta kasu praktikoen erakusketak hainbat gairen inguruan, dela digitalizazioa, negozio-eredu berrien bilaketa, balio-kate osoaren eraginkortasuna, produktuaren jasangarritasuna edo berrikuntza, hara hor edizio honen hiru jardunaldietan zehar BECen izango diren jarduera ugarietako batzuk. Gainera, Food 4 Future biltzarraren agendaren osagarri, soluzio teknologikoen erakusketa ere izango da, arlo hauetan: industria automatizazioa, robotika, elikagaien paketatzea eta elikagaiak prozesatzeko teknologia, adimen artifiziala, Blockchain delakoa, IIOT, (Industrial Internet of Things), zibersegurtasuna nahiz Cloud delakoa.

Ongi etorri Hack & Disruptera! Ekintzaileak lotzen dituen ekitaldia, finantzak eta aseguruak berrirudikatzeko.

Hackeatu disrupzioa sortu finantzen eta aseguruen industria inguruan asteburu osoan zehar, non ekintzaileek, enpresek eta nazioarteko Startupek, taldeka, erronka globalak konponduko dute. Fintech/Insurtech ekosistemaren funtsezko eragileak ezagutu ahal izango dituzu eta haiekin elkartu. Potentzia edo sortu ezazu zure Startup, BBF Fintech eta F10 inkubazio-programetan parte hartuz.

Berrikuntzara eta finantza jasangarrietara bideratutako korporazioen benetako erronkekin taldean lan egiteko ekitaldi berritzailea.

Sariak:

Suitzarako bidaia

Suitzarako prospekzio-bidaia irabazi, eta Fintech ekosistema zehatz-mehatz ezagutuko duzu.

BBF Fintech

Sari honekin BBF Fintech-en berrikuntza irekiaren II. Programan parte hartu ahal izango duzu.

F10

F10 inkubazio eta azelerazio programan parte hartzeko azken elkarrizketarako zuzeneko sarbidea lortu ahal izango duzu.

Food 4 Future – ExpoFoodTech 2021 biltzarrean elikagaien eta edarien sektoreko 5.000 profesional bilduko dira, 20 herrialdetatik etorrita, ekainaren 15etik 17ra bitartean, BEC- Bilbao Exhibition Centre erakustokian.

Digitalizazioa, jasangarritasuna eta elikadura osasungarria izango dira biltzarraren hiru ardatzak, osagarri izango dituztelarik robotizazio-soluzioak, teknologia aurreratuak (adimen artifiziala, IoT, Blockchain, hozketa eta elikagaien logistika.

Xehetasun gehiago esteka honetan.

Bizi dugun une zail honetan, non pandemia global batek ekonomia moteldu egin duen, enpresek testuinguru honetan zer eginkizun duten argi izatea funtsezkoa da. 

Enpresek operazio eta estrategia arloko arrisku ugari dituzte, hala nola: lehengaien hornikuntza etetea edo atzeratzea, eskariaren portaeran aldaketak gertatzea, kostuak handitzea, entregak atzeratzen dituzten gertakari logistikoak izatea, langileen segurtasuna bermatzeko erronkei aurre egitea, eta abar. 

Errealitate berri horri aurre egin eta eraginkortasunez jarduteko, hona hemen kontuan hartu beharreko lan-ildo batzuk:

  • Erabaki urgenteak eta estrategikoak hartzeko talde bat sortzea

Enpresa bakoitzak larrialdiei aurre egiteko talde bat sortu beharko du, erabakiak ahalik eta azkarren eta egokien hartzeaz arduratuko dena. 

Horretarako, enpresaren indarguneak nahiz ahulguneak kontuan hartu beharko dira, bai eta langileenak ere, hartara, egungoa bezalako krisi-uneetan prozesuak doitu ahal izateko, batez ere osasunari eta segurtasunari dagokionez.

  • Langileen ongizateari lehentasuna ematea

Bizi dugun egoera zail honetan, eskura ditugun baliabide tekniko eta teknologikoak erabiliz lana malgutzeko aukerak indartzea edo aukera horiei jarraipena ematea gomendatzen da.

Horrez gain, langileekin etengabe harremanetan egotea gomendatzen da, haien osasun-egoeraren eta informazio pertsonalaren berri izateko, konfidentzialtasuna erabat bermatuz. 

  • Lantokian segurtasuna bermatzea

Azpimarratu beharra dago erabat funtsezkoa dela laneko eremuak eta espazioak garbitzeko eta desinfektatzeko bete egin behar direla osasun-agintari publikoek ezarritako higienea kudeatzeko betekizunak.

Enpresak segurtasun epidemikoaren inguruko informazioa eman beharko du eta langileen autobabeserako arau kontrastatuak ezarri beharko ditu, baita arriskuen prebentzioaren eta segurtasunaren arloan kontzientziatu ere. Berebiziko garrantzia du horrek; izan ere, enpresan kasuren bat edo agerraldiren bat egonez gero, enpresa aldi batez itxi beharko litzateke.  

Era berean, oso garrantzitsua da enpresako arriskuen kudeaketa-plana eta mekanismoak eguneratzea.

  • Gizarte-erantzukizuna indartzea 

Une hauetan enpresaren irudi publikoa zaindu beharra dago. Krisiari buruzko informazio korporatibo egokia publiko egitea gomendatzen da.

Ezinbestekoa da enpresen gizarte-erantzukizuna aplikatu ahal izatea gizartearen, ekonomiaren eta langileen egonkortasunaren ikuspegitik, bai eta komunitatearekiko eta hornitzaileekiko harremanak kudeatzea ere. 

  • Enpresaren etorkizuneko antolamendua eta estrategia berrikustea

Azkenik, baina kontu honi garrantzirik kendu gabe, epe laburrean erronka handiak izango ditugun arren, ez dugu ahaztu behar enpresa krisialdiaren ondorioetara egokitu behar dela. Horretarako, nahitaezkoa da ekintzak gauzatzea eta planifikatzea, egoera desberdinak kontuan hartuta, bai eta sortuko diren aukerak aprobetxatzea eta ikuspegi berri batekin etorkizunean pentsatzeko tarte bat uztea ere.

Bezeroei hitz egitea eta entzutea da helburua, hartara, etorkizuneko joeratzat jotzen diren irtenbideak hartzeko, izan ere, krisialdi honek agerian utzi du joera horiek geratzeko etorri direla. Era berean, etorkizuneko krisialdietarako prestatzea eta taldeak trebatzea da asmoa, ikuspegi berriak aplikatzea eta aukera berriak hautematea ahalbidetuko dieten tresna berritzaileak eta sormenezkoak erabil ditzaten.

  • WindEuropek eta Bilbao Exhibition Centrek gaur jakinarazi dute 2022an WindEurope urteroko ekitaldia Bilbon izango dela apirilaren 5etik 7ra.

  • Bigarren aldiz hartuko du Bilbok ekitaldia, 2019ko edizio arrakastatsuaren ondoren.

  • Egitarau zabalak erakusketa eta hitzaldiak izango dira, eta onshore eta offshore haize-turbinei buruzko azken berriak erakutsiko du, hamarkada honen amaieran haizea Europako elektrizitate-iturri nagusia izateko prestatzen ari baita.

2022ko urteko WindEurope ekitaldia Bilbon izango da, apirilaren 5etik 7raEnergia eolikoaren azken garapenak erakutsiko dituen erakusketa bat eta merkatuaren, teknologiaren eta politikaren funtsezko gai guztiak biltzen dituen hitzaldiak izango ditu barne. 2019an Bilbao Exhibition Centre-en egin zen urteko WindEurope ekitaldiak 300 erakusketari eta 8500 bisitari erakarri zituen, eta 10.533.629 euroko inpaktu ekonomikoa eragin zuen Barne Produktu Gordinari dagokionez.

Ekitaldia une erabakigarrian iritsiko da Europako industria eolikorako. EBk eta gobernu nazionalek industriaren beharra dute Europako klima- eta energia-helburuak betetzen laguntzeko. Gaur egun, Europako elektrizitate-kontsumoaren % 16 suposatzen du haizea. EBk erdia izatea nahi du 2050erako, eta elektrizitatea, energia-nahastean paper askoz handiagoa izan dezan. Horrek esan nahi du energia eolikoa izugarri hedatu beharko litzatekeela: gaur egungo 180 GWtik EBan 1300 GWra 2050. urterako. 2020ko hamarkadaren amaieran, haizea izango da Europako elektrizitate-iturri nagusia.

Energia eolikoak gero eta garrantzi handiagoa du Europako ekonomian. 300 000 langile ditu Europa osoan, eta 37 mila milioi euro ematen dizkio EBko BPGri. Haize-turbina berri bakoitzak 10 milioi euroko jarduera ekonomikoa sortzen du batez beste.

Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak inauguratu du gaurko prentsaurrekoa, eta Bilbora etorritako Europako haize eolikoaren industriari ongietorria egin dio. “Klima aldaketaren aurkako borroka erronka globala da eta horrekin bat egin behar dugu, inolako baldintzarik gabe. Energia garbiek oinarrizko betekizuna izango dute, eta Euskadik apustu sendoa egin du arlo horretan lan egiteko. Haize-energia bultzatzea ezinbestekoa eta oinarrizkoa da gizarte moduan ditugun erronkak betetzeko. Bidezko garapen jasangarria sustatzen duen Basque Green Deal estrategiaren ildotik doazen herri politika sendoak eta beharrezkoak diren gaitasunak ditugu. WindEuropek haize-energiaren inguruko azken joerak ezagutzeko aukera emango digu, eta egin dezakegun guztia bistaratzeko plataforma ere izango da, aldi berean”, esan du Tapiak.

“WindEurope pozik dago Bilbora itzultzearekin. Bilbo, Euskadi eta Espainia haizearen balio ekonomikoaren adibide bikainak dira. Bilbo Iberdrolaren eta Siemens Gamesaren egoitza da, energia eolikoan aitzindari diren enpresetako bi. Euskal Herria eta inguruak funtsezkoak dira energia eolikoaren katean. Espainiak 27 000 lanpostu ditu haize-energian, eta haize-energiaren 2 GW berri ari da eraikitzen urtero. Bilbo leku ezin hobea da haizeak enpleguak, hazkundea eta susperraldi ekonomikoa dakartzala frogatzeko”, baieztatu du Giles Dickson-ek, WindEuropeko CEOa.

Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru diputatuaren (Bizkaiko Foru Aldundia) hitzetan: “Oso albiste ona da Bizkaia energia berriztagarrien ekitaldi handienetako baten arretagunea izatea berriz ere. Nazioarteko ekitaldi hau aukera aparta da energia berriztagarrien inguruan erakundeen batasuna adierazteko, eta baita haize-energiaren merkatuko gure enpresetako batzuk sektorean duten indarra eta nazioarteko mailan duten lidergoa bistaratzeko. Ingurumenaren eta energiaren trantsizioei aurre egiteko posizio hobezinean kokatzen gaitu. Eta, ekitaldi handien itzulerak, WindEuropea esaterako, gainera, mezu baikor garrantzitsua dakar jarduera berreskuratzeko, hazteko eta kongresu eta topaketa profesional handiak berriz antolatzeko”.

Xabier Ochandianok, Bilboko Udalaren Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotziak, ondorengoa adierazi du: “2019ko esperientzia atseginaren eta arrakastatsuaren ondoren, Kongresu handien bidean berriz jartzen gaituen ekitaldi hau itzuli da, zalantzarik gabe, Europa mailan garrantzitsuena. WindEurope 2022 etorkizuna, talentua, berrikuntza, gurea bezalako herrialde txiki batean, non industria eta enpresa ondare handia dugun, gauzak egiteko eta ekoizteko modu berriak esan nahi du guretzat. Aurreko edizioa oso arrakastatsua izan zen eta ziur nago 2022ko apirileko kongresuan berriz lortuko dugula arrakasta hori, non 8.000 profesionaletik gora, Bilboko hirira eta gure hoteletara itzuliko dira, horrek izango duen eragin ekonomikoarekin eta nazioarteko proiekzioarekin. Espero dut, berriz ere, kalitatezko ekitaldi handiak antolatzeko hiri gisa dugun gaitasun handia agerian uzteko gai izatea. Eta bisitatuko gaituzten enpresek eta ikerketa-zentroek gure hiriak jarduera ekonomikoaren, industriaren, talentuaren eta ekintzailetzaren bultzatzaile gisa duen irudia sendotzea, teknologia berrien eta energia iturrien aldeko apustu argiak eta sendoak bultzatuta”.

Gainera, Espainiar Estatua Europako bigarren herrialde indartsuena da energia eolikoari dagokionez. 27 GW ditu parke eolikoetan. Haizea bere elektrizitatearen % 22 da. Espainiako Gobernuak 50 GW lortu nahi ditu 2030erako. Bere diferentzia-kontratuko enkante berriak Europako haize-energia merkeena eskaintzen du orain: 20-28 €/MWh. Energia eoliko flotatzailearen aurrerapen azkarrari esker, Espainia itsasoko parke eolikoak garatzen hasiko da. Eta Espainiako enpresak aitzindari dira sortzen ari den Europako hidrogeno-ekonomia berriztagarrian.

Espainiako industria eolikoaren ordezkari gisa, Juan Diego Díaz, Espainiako Energia Eolikoaren Elkarteko (AEE) presidenteak, gehitu du: “Energia eolikoa gure mix elektrikoaren bizkarrezurra da dagoeneko. Egun, Espainiako mixaren lehenengo teknologia da, instalatutako 27,4 GWtik gorakoekin. Azken 12 hilabeteotan ere energia-sorreraren lehen teknologia izan da, 60 TWh baino gehiagorekin. Potentzian eta sorreran lehenengo postu horrek bere horretan jarraituko du hurrengo hamarkadan, 2030ean 50,3 GW-ra iritsi arte, gure PNIEC beteaz. Orain bizi dugun errealitatea energia, industria eta berrikuntza sektoreen etengabeko lan arduratsuaren ondorioa da, zeina estrategikoa den Espainiako eta Europako ekonomientzat. Dakizuen bezala, Espainian sektoreko industria eta teknologia balio-katearen % 100 dugu, eta hori sektore eolikoaren ADNan dago hasiera-hasieratik. Gure herrialdeetan 230 industria zentrotik gora egoteak sektorearen indarra eta erresilientzia uzten du agerian. Espainian teknologia sortzen da eta ekipo eta osagai eolikoak fabrikatzen dira. Ondorioz, mundu mailan 3. herrialde esportatzailea da. Europar sektore eolikoan, erronka nagusiei egin beharko diegu aurre elkarrekin2030era arte, elektrikoei zein industriarenei, eta haiek eztabaidatzeko eta esperientziak partekatzeko tokia Bilbon dago, WindEurope Conference&Exhibition 2022 Azokan”.

Bilbo, Bizkaia eta Euskadi funtsezkoak dira Espainiar Estatuko industria eolikoan. Eskualdea energia eolikorako kluster industrial garrantzitsu bihurtu da, eta lanpostuak, balio ekonomikoa eta tokiko diru-sarrera fiskalak sortu ditu. Siemens Gamesa Renewable Energy-k eta Iberdrolak Bilbon duten egoitzak industriak Bilbon eta inguruan duen garrantziaren adibide batzuk besterik ez dira.

Andreas Nauen Siemens Gamesako CEO eta WindEuropeko presidenteak, aitortu du: “Oso pozik gaude urteroko 2022ko WindEurope ekitaldiak industria guztia Bilbon biltzeaz, Siemens Gamesaren egoitza dagoen tokian, alegia. Agerian uzten du horrek Euskadi eta Espainia sektore eolikoan liderrak direla, berrikuntzari eta teknologiari dagokionez, bereziki. Ziur gaude ekitaldi honetan gure industria arrakastaren bidean bultzatuko duten eztabaida aberasgarriak sortuko direla”.

Xabier Viteri, Iberdrola Renewables-eko zuzendari nagusiaren esanetan: “Iberdrolak urteko WindEuropeko ekitaldia Bilbora itzultzea babesten du, etorkizun hobea bultzatzeko estrategikotzat jotzen dugun plataforma, energia eolikoa ekonomia deskarbonizatzeko funtsezko elementu eroale izanik. Denok berriro hemen ikustea espero dugu, networking aukera berriak aurkitzeko euskal sukaldaritza bikainaz gozatuz”.

José Ignacio Hormaechek, Euskadiko Energia Klusterraren zuzendari nagusiak, prentsaurrekoa amaitu du esanez: “2022an WindEuropeko ekitaldia egiteko Bilbo aukeratu izanak, berretsi egiten du Euskadi Europako sektore eolikoko “hub” industrial garrantzitsuenetako bat dela. Euskal balio-kate eolikoaren lehiakortasuna eta nazioarteko kokapen bikaina dira mundu osoko enpresa eta adituak berriro Bilbon biltzeko arrazoi nagusia, energia eolikoa energia-trantsizioaren funtsezko zutabe gisa bultzatzen jarraitzeko. Izan ere, Euskadin energia eolikoa “arnasten” dugu, eta aberastasuna eta enplegua sortzeko giltzarritzat jotzen dugu”.

  • Tokiko solasaldia egingo da, Europako Bauhaus Berria ekimenaren barruan. Helburua da zientziaren eta teknologiaren, artearen, kulturaren eta gizarte-inklusioaren arteko mugak eraistea, egunez eguneko galderentzat irtenbideak eta erantzunak diseinatzeko.

  • Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok inauguratuko du foro hori eta Zorrotzaurre aztertuko du, aukera-espazio jasangarri, inklusibo, kultural/sortzaile eta berritzaile gisa. Jardunaldian Alessandro Rancatik ere parte hartuko du, Europar Batzordeko Joint Research Center-eko analista politikoak.

  • Topaketa honetako ondorioak EUROCITIESeko kide diren hiriekin partekatuko ditu Udalak maiatzaren 26an eta 27an, Cooperation Platform-en barruan.

Bilboko Udalak gaur, maiatzak 21 (barikua), 10:00etatik aurrera, bi orduko solasaldia antolatu du Europako Bauhaus Berria ekimenaren barruan. Topaketa hori tokiko eragileei zuzenduta dago, eta helburua da zientziaren eta teknologiaren, artearen, kulturaren eta gizarte-inklusioaren arteko mugak eraistea, uriaren beharrak eta erronkak aztertzeko eta egunez eguneko galderentzat irtenbideak eta erantzunak diseinatzeko.

Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok emango dio hasiera foro horri eta haren hitzaldian, Zorrotzaurre azalduko du, hiri-eremu, inspirazio-iturri eta aukera-gune gisa, Europako Bauhaus Berriak sustatzen dituen printzipioen aukera eta eredu gisa, espazio jasangarria, integratzailea, kultural eta sortzailea eta berritzailea delako.

Ochandianoren hitzaldiaren ondoren, Alessandro Rancati Europako Batzordeko Joint Research Center-eko analista politikoak hartuko du hitza, eta, ondoren, areto birtualetako lanak, bateratze-lana eta elkarrizketa irekia egingo dira jardunaldian parte hartzen ari diren tokiko eragileen artean.

Topaketa honetako ondorioak EUROCITIESeko kide diren hiriekin partekatuko ditu Bilboko Udalak maiatzaren 26an eta 27an, Cooperation Platform-en barruan.

Saio hau antolatzeko, Udalak Bilbao Metropoli 30en laguntza izan du, Europako Bauhaus Berria (NEB) erakundeko bazkidea baita.