-
Herritarrek asteazkenean, irailaren 29an, 16:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dituzte bonuak webgune honetan: www.bonobilbao.eus.
-
Guztira 124.000 bonu izango dira, 10 eta 20 eurokoak, eta zenbateko horien erdia udalak ordainduko du. Ostalaritzari/jatetxeei zuzendutako kanpaina honen helburua da pandemiak kaltetutako sektoreari laguntzea.
OSTALARITZARI zuzendutako lehenengo bonu-kanpainak izandako arrakastaren ondoren, Bilboko Udalak BIGARREN KANPAINA bat jarri du martxan. Bonuak HERRITARREI saltzeko epea asteazkenean, irailaren 29an, hasiko da, arratsaldeko 16:00etan, webgune honetan: www.bonobilbao.eus.
Gaur bertan egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute programa berria Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Xabier Ochandiano, eta Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak, Javier Garcinuño. Sektoreko ordezkariak ere izan dira ekitaldian, besteak beste, Bizkaia Ostalaritza Elkarteko Gerentea, Héctor Sánchez.
Zinegotziak azaldu duenaren arabera, guztira 124.026 bonu aktibatuko dira —aurrekoan 110.000 izan ziren—, eta udalak 1 milioiko aurrekontua baliatuko du, 3,4 milioi euroko negozio-eragina sortzeko asmoz.
Oraingoan ere bonuen balioa bi motatakoa izango da: 10 eta 20 eurokoa. Zenbatekoaren erdia udalak ordainduko du eta beste erdia bezeroak:
- 10 euroko BONUA: 5 € udalak ordainduko ditu / 5 € bezeroak (57.243 bonu).
- 20 euroko BONUA: 10 € udalak ordainduko ditu / 10 € bezeroak (66.783 bonu).
Helburu nagusia da pandemiak gogor jotako sektore honetako profesionalei laguntzea. Gogoratuko duzuenez, laguntza hauek 2021eko Bilbao Aurrera Planaren baitan jasotako neurrien parte dira, zeina udalean ordezkaritza duten talde politikoekin batera adostu baitzen, eta jarraipena ematen diote aurreko ekitaldian martxan jarritako neurriei.
Bonu-programa hau Bilbao Aurrera Planaren baitan jasotako ekintza berritzaileenetako bat da, zeina 2020az geroztik aktibatu baita merkataritza, kultura eta ostalaritza/jatetxeetako enpresa-munduari laguntzeko. Berriki, turismoaren sektoreari zuzendutako bonu-programa ere abiatu da, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Ostalaritzari dagokionez, zinegotziak zehaztutakoaren arabera, lehen aldia izan da establezimendu-mota horietan bonuak erabiltzen direna: “esperientzia arrakastatsua izan da, aktibatu ditugun zuzeneko laguntzak osatu dituena. Horrek beste edizio bat antolatzera bultzatu gaitu, negozio horietatik bizi diren familiei laguntzeko, gure hiriaren parte oso garrantzitsua baitira”.
Bonu horiei kultura eta turismoko bonuak batuko zaizkie datozen hilabeteotan. Zinegotziak azpimarratu du asmoa honako hau dela: “hiribilduko ekonomia fronte guztietatik berraktibatzea”.
OSTALARITZA-KANPAINAREN DATU NAGUSIAK
Arestian adierazi bezala, asteazken honetan jarriko dira bonuak salgai, www.bonobilbao.eus webgunean, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta egun horretatik aurrera erabili ahalko dira bonuak establezimenduetan. Bonuak erosi eta erabiltzeko epea aurtengo abenduaren 5an amaituko da (edo bonuak amaitzen direnean).
Honako hauek dira bonuak eskuratzeko baldintzak: adinez nagusia izatea, egoiliarra edo bisitaria izatea, eta erosteko unean NANa edo AIZa erakustea. Era berean, bonuen zati bat 65 urtetik gorakoentzat gordeko da, teknologiak erabiltzeko zailtasunak izan ditzaketelako. Kasu honetan, ordainketa-sistema desberdin bat baliatuko da: establezimenduan bertan ordainduko da bonua, kontsumizioa ordaintzerako orduan, kreditu-txartelarekin edo eskudirutan.
Kanpaina hau izenduna da, herritarrek establezimendua aukeratu beharko dute webgunean bonua erosten dutenean, baina, hala ere, beren-beregi banatuko dira barrutien artean, hiri osoan kontsumitzen direla bermatzeko. Era berean, bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazioren batek abian jartzen duen beste edozein motatako bonuekin.
Pertsona bakoitzak guztira 5 bonu eskuratu ahal izango ditu (NAN bakoitzeko) eta tiket bakoitzeko 4 bonu erabili ahal izango dira. Tiketaren zenbatekoak bonuen zenbatekoaren berdina edo handiagoa izan behar du, kontsumizio bakoitzean oso-osorik agortzeko modukoa.
Bestalde, atxikitako establezimenduetan trukatzeko, bonua establezimenduetan aurkeztu beharko da paperean edo, bestela, QRa erakutsiz.
583 OSTALARITZA-ESTABLEZIMENDU ATXIKI DIRA
Kanpainarekin bat egiteko epea irailaren 22an amaitu zan, eta 583 establezimendu atxiki dira.
Establezimendu bakoitzeko muga 5.000 eurokoa izango da. Horietatik 1.000 euro 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako bonuak erabiltzeko izango dira.
Laguntzak azkar iritsi daitezen, ostalariak bonu bakoitzaren % 50 jasoko du, hau da, udalak ordaindutako zenbatekoa, eta gainerako % 50a bonua erabiltzerako orduan.
Bigaren kanpaina honetan, ondokoek parte hartuko dute: jatetxeak, kafetegiak eta tabernak janariarekin eta janaririk gabe, txokolategiak, izozki-dendak, hortxata-dendak, dantzalekuak eta diskotekak.