• PROFILM Nazioarteko Ikus-entzunezkoen Estatuko Ekoizleen Elkarteak Bilbo hautatu du Estatu osoan bazkide diren ekoizleek 2022an zehar eragindako zuzeneko inbertsioaren datuak aurkezteko: 288 milioi euro baino gehiago izan da zuzeneko inbertsioa. Zenbateko horiek hazkunde arin bat dakarte, % 8koa, aurreko ekitaldiaren aldean, zeinean % 10 gehitu baitzen proiektuen kopurua.

  • Elkarteak nabarmendu du zer abagune ari diren bizitzen orain Bilbo eta Bizkaia, zerga-pizgarri berriak onetsi direlarik eta udalerriko nahiz lurraldeko erakundeek estrategiazko konpromiso bat hartua dutelarik ikus-entzunezkoen industriaren aldera.

PROFILM Nazioarteko Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Elkarteak ––Fernando Victoria de Lecea buru duela–– eman ditu gaur datuak, Estatu osoan elkarteko kide diren ekoizleek 2022an zehar eragindako zuzeneko inbertsioari buruzkoak. Ekitaldia Bilbon izan da, Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuak ––Udalak eta Foru Aldundiak ematen dute–– antolatutako lan-jardunaldi batean, zeinaren xedea baitzen elkarteko bazkideei ezagutzera ematea, Bilboko hiriak ikus-entzunezkoen munduan izan duen goraldia baliatuz, Bizkaiko Foru Ogasunaren zerga-pizgarri berriak eta filmaketen industriarako interesgarriak izan litezkeen kokalekuak.

Aldez aurretik, PROFILM elkartearen zuzendaritza-batzordea, Carlos Rosado Spain Film Commission entitateko buruarekin batera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin izan da bilera batean, eta, alkateak agertu die Bilboko hiriak eta Bizkaiko lurraldeak zer estrategiazko apustu egin duten ikus-entzunezkoen industriaren lehentasunezko helmuga moduan finkatzeko. Bileran, ekoizpenerako zerga-pizgarri berrien balioa nabarmendu da, eta Bilbok eta Bizkaiak eskaintzen dituzten filmaketa-lekuen erakargarritasuna, talde tekniko eta artistikoen profesionaltasuna, eta Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzu publikoaren bulego teknikoak eskaintzen duen arreta pertsonalizatua.

Bilera horretan bertan, gainera, hirian eta lurraldean ikus-entzunezkoen proiektu berriak sustatzeaz hitz egin da, filmaketen industriarako erreferente erakargarri eta lehiakor bat denez gero, segurtasuna, konfiantza eta erakunde-konpromisoa ez ezik, ekoizleentzat arrakasta-berme bat ere eskaintzen duena.

Hedabideekiko hitzorduan, Fernando Victoria de Lecea jaunak, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotziarekin batera eta Olatz Goitia BEAZ BIZKAIA sozietate publikoaren zuzendari nagusiarekin batera, xeheki aztertu du filmaketek eragiten duten inpaktu onuragarria eta zer ahalmen duten ekonomia-jarduera, kalitatezko enplegua, berrikuntza, digitalizazioa eta pantaila-turismoa delakoa sustatzeko.

TXOSTENA

PROFILM elkartearen txosteneko datuetatik heltzen da, beraz, atzerritar filmaketek 2021ean Estatuan izandako hazkunde handiaren ostean ––urte horretan aurrekoan halako bi izan zen zuzeneko inbertsioa, 2019ko 132 milioi eurotik 2021eko 263 milioi eurora igarota––, nola finkatu den inbertsioaren hazkundea, eta nola hazi den % 8, are eta zuzeneko inbertsioko 288.179.565.99 €-ra iritsi arte 2022an.

Txostenetik heltzen diren daturik nabarmenenetan ––PROFILM elkarteko bazkideek emandako informazioarekin osatu da txostena; Espainian nazioarteko proiektuei ikus-entzunezkoen ekoizpenerako zerbitzuak eskaintzen espezializatutako enpresa nagusiak biltzen ditu elkarte horrek––, ikus daiteke egonaldiak luzeagoak direla: nazioarteko ekoizpenetarako 2020ko zerga-pizgarrien erreformaren aurretik gertatzen zenaz bestera, geroz eta sarriago gertatzen da kanpoko ekoizpenak etortzea Estatura obra osoa ––eta ez, ohikoa zen bezala, zati bat bakarrik–– garatzera.

Horrez gain, nazioarteko sustapen gisa eragindako zeharkako inbertsioa aipatu behar da, edo alboko sektoreetan sorrarazten den enplegua.

Aurten, lehenengoz bildu dira ikus-entzunezko bat ekoizteak zerbitzu-sektoreka dakartzan datuak ere. Hala, ikusi ahal izan da talde tekniko eta aditu bat kontratatzeak dakarrela kosturik handiena ekoizle batentzat, eta are 83.018.889,49 €-raino ere iristen dela kostu hori, oro har, elkarteko kideen artean. Horren ondotik, Gizarte Segurantzako kostuak dira handienak (25.589.187,07 €), eta gero ekipo teknikoak errentan hartzea (24.202.920,22 €), ondoren taldeentzako ostatatzeak (23.648.621,45 €): horiek egiten dute fakturaren zatirik handiena ekoizle batentzat.

  • fDi Intelligence aldizkariaren European Cities and Regions of the Future 2022-2023 izeneko sailkapenaren edizio honetan, Bilbo Europako 370 hiriren artean baloratu dute indar ekonomikoagatik, enpresa-ehunagatik eta finantza-ahalmenagatik, eta tamaina handiko hiritzat hartu dute.

  • Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoari dagokionez eta bere aintzatespenak kalitate-zigilu bat dira horiek jasotzen dituzten hirientzat.

  • Gainera, fDi Intelligence aldizkariak Euskadi seigarren postuan kokatu du Top 10 Mid-Sized European Regions Of The Future 2023 – fDi Strategy izeneko sailkapenean.

Financial Times egunkari ospetsuak argitaratzen duen fDi Intelligence aldizkariak adierazi du Bilbo atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko Europako tamaina handiko hamargarren hiririk onena dela.

fDi Intelligence aldizkariak argitaratutako European cities and regions of the future 2022- 2023 sailkapenaren edizio honetan, kuantitatiboki eta kualitatiboki baloratu dute Europako beste 370 hiriren artean.

Sailkapena egiteko, Europako hainbat eskualde eta hiritako sendotasun ekonomikoa, enpresa-ehuna eta gaitasun finantzarioak aztertzen dituzte.

Orain arte aldizkariak egindako sailkapenetan, Bilbo hiri ertain gisa sartu da; hortaz, aurten hiri handi gisa sartu izanak aurrerapausoak dakartza, bai Bilbok inbertsioetarako erakargune gisa duen nazioarteko aitortzan, bai hiribilduaren lehiakortasunerako eta gizarte-ongizaterako talentua erakartzeko eta finkatzeko duen garrantzian.

Izan ere, gaur egun, Zorrotzaurreko irla Bilbon eta lurralde osoan atzerriko inbertsioa eta talentua erakartzen jarraitzeko adierazle nagusia da, Berrikuntzako Hiri Barrutia den aldetik.

Hala, Bilbo da sailkapenean agertu den estatu osoko hiri handi bakarra, eta Europako zenbait hirirekin lehian dago, hala nola Porto (Portugal), Birmingham, Glasgow eta Manchester (Erresuma Batua), Anberes (Belgika) eta Göteborg (Suedia).

Horrez gain, fDi Intelligence aldizkariak Euskadi seigarren postuan kokatu du Top 10 Mid-Sized European Regions Of The Future 2023 – fDi Strategy izeneko sailkapenean. Lehenengo hiru postuetan Ipar Irlanda, Toscana eta Zürich daude, hurrenez hurren.

BILBO, EUROPAKO HIRI NABARMENA FINANCIAL TIMES-EN ARABERA

Financial Times taldea 2016. urtean hasi zen Bilbori aintzatespenak egiten. Hain zuzen ere, 2016an, hiribilduak bi sari jaso zituen fDi Strategy Awards sarietan: Smart City eta Education Cluster kategorietan, hiri-adimendunaren ereduan aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko egindako apustuari esker.

Argitalpena Atzerriko Inbertsio Zuzenaren mundu osoko fluxuak eta joerak aztertzen dituen nazioarteko aldizkaririk garrantzitsuena da. Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoari dagokionez eta bere aintzatespenak kalitate-zigilu bat dira horiek jasotzen dituzten hirientzat.

SARE SOZIALAK:

  • Ekonopolo proiektuaren esparruan, ekonomia soziala eta solidarioa sustatzeko lehenengo jarduerak kaleratu ziren 2021. urtean, eta aurten, 2022. urtean, jarduketak ugaritu nahi dira, lan-ildoa sendotzeko asmoz. Horretarako, udalak 100.000 euroko dirulaguntza izendun bat onetsi du gaurko osoko bilkuran.

  • Ekonomia Sozial eta Solidarioaren poloak, Ekonopolok, ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia-gune bihurtu nahi du, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko sozial eta kooperatiboko eredua eskaintzen baitu.

2020an Hirian ekonomia sozialaren sektorea babesteko eta bultzatzeko Ekonopolo proiektua martxan jarri eta 2021. urtean lehenengo jarduerak plazaratu ondoren, aurten, 2022. urtean, hirian ekonomia sozialaren eta solidarioaren aldeko apustuari eutsiko dio berriz ere Bilboko Udalak. Horretarako, Bilbok Udalak REAS Euskadirekin lankidetzan bultzatu duen Ekonopolo esparruko jarduketak ugarituko dira. Jarduera horiek guztiak egiteko, udalak 100.000 euroko dirulaguntza izenduna onetsi du gaurko osoko bilkuran.

San Frantzisko auzoko Harrobi plazan dagoen Ekonopolo proiektuaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioa babestea eta sustatzea, eta ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia izatea, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko, sozial eta kooperatiboko eredua den aldetik eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziz. Era berean, ekintzailetza sozial eta kooperatiboaren garapena erraztu nahi da, enpresei ideiak sortzeko, abian jartzeko eta laguntzeko prozesuak babestuta, prestakuntzaren, orientazioaren eta helburu horretara egokitutako planen bidez.

Bi jarduketa-ardatz izango dira 2022. urtean garatuko diren jarduketa berrien abiapuntua:

  • Ekonomia sozial eta solidarioaren arloko ekintzailetza
  • Ekonopoloren proiekzio soziala

EKONOMIA SOZIAL ETA SOLIDARIOAREN ARLOKO EKINTZAILETZA

Jarduera-ildo honen bitartez, Ekonopolo egonkortu nahi da, ekonomia sozial eta solidarioko enpresak laguntzeko sistema izan dadin. Horretarako, ondo egonkortzeko prestakuntza, laguntza eta babeserako honako jarduera hauek gauzatuko dira:

  • prESStatzen. Ekonomia sozial eta solidarioari buruzko proiektuak sortzeko eta abian jartzeko prestakuntza- eta laguntza-programa. Prestakuntza- eta laguntza-programa bat da, eta proiektu kolektibo bati ekin nahi dioten pertsonei, jarduera profesionalizatu nahi duten elkarteei edo ekonomia sozial eta solidarioaren ereduen bidean jardun nahi duten enpresei dago zuzenduta. Programak bi fase izango ditu: lehenengo fasean prestakuntza- eta networking-saioak egingo dira, eta bigarrenean laguntza pertsonalizaturako ibilbide bat. Helburu bi ditu prESStatzen programak: alde batetik, sentsibilizazioa, prestakuntza eta tresnak ematea ekonomia sozial eta solidarioaren ereduetatik proiektuak martxan jarri nahi dituzten ekintzaile eta entitateei; eta, bestetik, ekonomia sozial eta solidarioaren proiektuak osatu eta martxan jartzea ekintzaile zein entitateei laguntza pertsonalizatua emanez.
  • Sendotzen. Ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak egonkortzeko prestakuntza- eta laguntza-programa. Sendotzen programa prESStatzen proiektuan hautemandako premia baten emaitza da, hau da, ekonomia sozial eta solidarioko proiektuei egonkortze-fasean laguntza ematen jarraitzeko premia. Horretarako, ekimenaren bitartez, 6 hilabeteko prestakuntza eta laguntza eskaintzen zaie bost urte baino gutxiago dituzten entitateei. Hori guztia helburu bikoitz batekin: prestakuntza eta baliabideak ematea negozioak ekonomia sozial eta solidarioaren ereduekin egonkortzeko nahia duten entitateei, eta ekonomia sozial eta solidarioko enpresak egonkortzea, modu pertsonalizatuan lagunduz.
  • Ekonomia sozial eta solidarioko entitate eta ekintzaileentzako aldian aldiko aholkularitza-zerbitzua. Honen bitartez, ekonomia sozial eta solidarioko entitateak egonkortzeko aholkularitza-eskaerei eman nahi zaie erantzuna. Bestalde, harrera-zerbitzu bat eskainiko zaie alor horretan jarduteari ekin nahi dioten pertsona eta enpresei.
  • Gida praktikoa. Bilbon ekonomia sozialean ekintzaile izateko urratsak. Gida praktiko horretan, Bilboko ekonomia sozial eta solidarioan ekintzaile izateko ekosistemaren berariazkotasunak eta aukerak jasoko dira. Gida horren bidez, ondo jasoko dira Bilboko ekosistema ekintzailearen barruan dauden baliabideak, eragileak eta espazioak, eta ekonomia sozial eta solidarioan ekintzailea izateko urratsak laburbilduko dira, bai eta finantzako tresnak, eragileak eta espazioak eskuratzeko erraztasunak emateko saiakera egin ere.

PROIEKZIO SOZIALA

Jarduteko ildo horren bitartez, Ekonopolo ekimenaren proiekzio soziala bultzatuko da, beste eragile sozial batzuei eta herritarrei irekita dagoen espazio bat sortzeko, non ekonomia sozialaren eta solidarioaren inguruko sentsibilizazio-jarduerak garatu ahal izango diren. Horretarako, honako jarduketa hauek garatuko dira 2022. urtean:

  • Ekonopolo programazioa. Hainbat talderi zuzenduko zaie programazioa, honako jarduera hauekin, besteak beste: proiekzioak, tailer praktikoak, hitzaldiak, liburu-aurkezpenak, produktu-dastatzeak, ekonomia sozial eta solidarioko zerbitzuen aurkezpena eta esku-hartze artistikoak.
  • Unibertsitate-lehiaketa. Urtero egiten da lehiaketa, eta, bertan, ekonomia solidarioko esparruan euskal unibertsitateetan egin diren ikerketa-lanik onenak baloratuko dira, eta sariak banatuko dira: irabazlearena eta bi finalistena. Bestalde, entitate produzitzaile edo mailegatzaileek proiektua hurbilduko diete saridunei. Sari-banaketarako ekitaldia, halaber, ekonomia sozialak unibertsitate-esparruarekin dituen konexioak ikusarazteko balioko du.
  • Ekonopolo Hackathon: “Ekonomia sozial eta solidarioari lotutako erronketarako irtenbideak”. Ekonomia sozial eta solidarioa eta ekintzailetza Bilboko elkarteetan, hezkuntza-zentroetan eta unibertsitateetan ezagutzera emateko asmoz, zenbait erronka proposatuko zaizkie, gero asteburuan irtenbide bat bilatu dezaten.

Proiektua, halaber, Zubirik Plana 2021-2025 delakoaren neurrien artean dago. Bilboko Udala ari da plan hori Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan garatzen.

AUZOFACTORY, ENPRESA-MINTEGIA

Gainera, Ekonopolo proiektuaren barruan dago Harrobia Auzofactory, enpresa-moduluetan aldi baterako kokapena eskaintzen duen enpresa-mintegia, baita co-working espazioetan ere, Bilbon kokatu nahi duten enpresa-proiektuen, enpresen eta profesionalen sustatzaileentzat, jarduera ekonomia sozial eta solidarioaren balioak eta printzipioak errespetatuz eta egokituz egiteko.

Bilboko Udalaren Auzofactory sarearen helburua herritarren, auzoaren, enpresen eta hiriaren arteko elkargunea izatea da. Zentro horiek erreferentziazko espazioa izan nahi dute, herritarrentzat eta enpresentzat zabalik dagoena, hiriko garapen ekonomikoaren dinamizatzailea eta berritzailea dena, metodologia berriak, espazio berritzaileak eta zerbitzu aurreratuak dituena eta Bilbo hirirako estrategikoak diren sektoreetan arreta jartzen duena.

  • Lan-saioen artean, nabarmentzekoa da “Lankidetzazko gobernantza-ereduak hiri-barruti berritzaileen kudeaketarako” izeneko nazioarteko workshop-a, T-Factor berrikuntzarako europar proiektuaren barruan gauzatua.

  • Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak egin dio harrera italiar ordezkaritzari, gaur goizean, Udaletxeko Arabiar Aretoan.

Bilboko Udalak harrera egin dio, gaur goizean, Italiako Toscana eskualdeko ordezkari politikoen eta udal ordezkarien ordezkaritza batiOihane Agirregoitia Arreta, Herritarren Partaidetza eta Nazioarteko zinegotziak egin die harrera gaur goizean, Bilboko Arabiar Aretoan.

Italiako ordezkaritza osatu dute Cecilia Del Re Florentzia hiriko alkateordeak eta Valerio Barneris Prato hiriko alkateordeak, Stefano Baccelli Toscanako Eskualdeko Lurralde Antolamenduaren, Azpiegituren eta Garraioaren Saileko buruak, Simone Gheri ANCI Toscanako udalerrien elkarteko zuzendariak, Aldo Ianniello Toscanako Eskualdeko Lurralde Plangintzaren Saileko zuzendari nagusiak eta Barbara Galligani Toscanako Eskualdeko Lurralde Plangintzaren Saileko arduradunak.

Harrera egin aurretik, lan-bilera batzuk egin dira italiar kideen eta Bilboko Udaleko ordezkarien artean, eta lankidetzazko gobernantzaren arloko, hiri oneratzearen arloko eta proiektu estrategikoen arloko esperientzia eta politika oraingo eta etorkizunekoen berri eman diote elkarri.

Egindako lan-saioen artean, nabarmentzekoa da “Lankidetzazko gobernantza-ereduak hiri-barruti berritzaileak kudeatzeko” izeneko nazioarteko workshop-a; zeinean Londresko Arteen Unibertsitateak ere parte hartu baitu, eta Zorrotzaurreko uhartean aplikatzekoak diren ideia berritzaileei heltzeko baliatu da aukera.

Workshop hau T-Factor europar proiektuaren barruan egin da: proiektu hori berrikuntzako ekimen bat da, Horizonte 2020 programak finantzatua, eta xedetzat du meanwhile eremu deritzen iragaitzazko eremuen aldi bateko erabileren ahalmen eraldatzailea baliatzea hiria oneratzeko prozesuan.

Bilbok beste hainbat hirirekin batera parte hartzen du proba gisako proiektu honetan, hala nola Londres, Lisboa, Milan, Amsterdam eta Kaunas.

Informazio gehiago: https://www.t-factor.eu/

  • Adimen Artifizial, Visual Computing & Interaction arloetan espezializatutako ikerketa aplikatuko zentro teknologikoak saio berezia eskainiko du martxoaren 31n, 16:00etan, Bilboko Ensanche eraikinean, adimen artifizialarekin garatutako ‘deepfake-en aplikazio, joera, eta erabilerak ezagutarazteko.

  •  Teknologia horrekin sortutako hainbat bideo eta audio aurkeztuko ditu, oso errealistak eta hedapen handikoak, informatzeko zein desinformatzeko erabili direnak.

  • Jardunaldia erakargarria izan daiteke eduki mota horren detekzio goiztiarrean sakontzeko interesa duten pertsona guztientzat, bai eta teknologia horrek eskaintzen dituen aukera zilegi eta etikoak ezagutu nahi dituztenentzat ere. (Edukia bereziki interesgarria da komunikabideetako profesionalentzat, publizitate- eta marketin-agentzientzat eta ikasleentzat, besteak beste).

Adimen Artifizial, Visual Computing & Interaction arloetan espezializatutako Vicomtechek ikerketa aplikatuko zentro teknologikoak saio berezia eskainiko du martxoaren 31n, 16:00etan, Bilboko Ensanche eraikinean, adimen artifizialarekin garatutako ‘deepfake’-en aplikazio, joera, eta erabilerak ezagutarazteko. Bertan, bideo eta audio faltsu horiek identifikatzeko gakoak azalduko dituzte, baita teknologia berri honek eskaintzen dituen aukera zilegi eta etikoak ere.

Adimen artifizialeko algoritmoen bidez, manipulatutako bideoak eta oso errealistak diren audio sintetikoak garatzea ahalbidetzen duten teknologia digitalen aplikazioaren emaitza dira ‘deepfake’-ak. Hain zuzen ere, komunikazio alorreko profesionalek eta, oro har, gizarteak jasotzen dituzten albiste faltsu ugarien aurrean, nortasuna ordezteko erabili ohi diren bideo eta audio horien detekzio goiztiarra egiteko metodoak azalduko dituzte jardunaldian. Gainera, Adimen Artifizialean oinarritutako teknologia horren beste erabilera zilegi eta etikoago batzuk azalduko dira, hala nola publizitatea edo ahotsaren klonazioa, podcast-ak egitera bideratua.

Era berean, teknologia horrekin sortutako hainbat bideo eta audio aurkeztuko dira, oso errealistak eta hedapen handikoak, informatzeko zein desinformatzeko erabili direnak. Izan ere, egungo teknologiarekin, edozein erabiltzailek erraz sor dezake errealismo handiko ikus-entzunezko edukia.

Jardunaldia Bilbao Ekintzarekin elkarlanean antolatu da, eta Vicomtechen teknologiak jendarteratzea helburu duten hainbat ekitaldiren artean bigarrena da. Edukiera mugatua denez, esteka honetan izena eman behar dute bertaratzeko interesa dutenek: http://bit.ly/DeepFakeKasuErrealak

Vicomtechek Bilbon ezarri zuen egoitza berria joan den urrian, 20 urtez Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkean garatu ondoren. Gaur egun, industria-ikerketa aplikatuko 200 profesional inguruk lan egiten dute bertan.

Gainera, industria-ikerketa aplikatuari lotutako STEAM profilak dituzten pertsonak pixkanaka kontratatzeko helburua du zentroak, lan-taldeak indartu eta handitzeko eta enpresei irtenbideak ematen jarraitzeko, hurbiltasunez eta eraginkortasunez.

VICOMTECH ENPRESARI BURUZ

Vicomtechen teknologia digitalak ikertu eta garatzen dira, betiere merkatuaren eskariari erantzunez eta enpresei irtenbide berritzaileak eskainiz beren prozesuak eta lehiakortasuna hobetze aldera.

BRTAko (BASQUE RESEARCH & TECHNOLOGY ALLIANCE) kidea da, eta kudeaketa-metodologia integral propioa eta erreferentziazkoa du, kontrastatutako ereduetan oinarritua, prozesuen optimizazioa eta enpresei teknologia modu gardenean transferitzea bermatzeko.

Martxoaren 31n film laburren proiekzio bat eta, ondoren, mahai-inguru bat antolatuko dira Bilboko Udalak bultzatu duen ekonomia sozial eta solidarioaren poloan: Ekonopolo. REAS Eukadik koordinatuko duen jardunaldia bat da, eta sei jarduera antolatuko dira 2022. urtean honako gai hauek hizpide: feminismoa, dibertsitate sexuala, elikadura-subiranotasuna eta kontsumo arduratsua, bestek beste.

Lehenengo saioan, sarearen bazkide diren bi entitatek zuzendutako bi film labur proiektatuko dira: Tik Tak Animation eta Al Borde Films. Lehenengoa Txotxongiloa da, Tik Tak Animation delakoarena, eta stop motion animazio-teknikaren bitartez egin da. Bertan, emakumeek gaur egungo gizartean duten askatasunari buruzko hausnarketa proposatzen da Film laburraz gain, making off prozesua ikusi ahal izango dugu.

Beste alde batetik, Al Borde Films taldeak 2021eko Goya sarietan izendatua izan zen dokumentala aurkeztuko du: Solo son Peces. Izendapen horrez gain, beste sari batzuk ere irabazi ditu beste jaialdi batzuetan, hala nola Zinebi 61 jaialdian. Arabako SEADen Lagunen Elkartearen laguntzarekin egin da, eta Saharako hiru emakume errefuxiaturen istorioa kontatzen du, bai eta basamortuan bertan arrain-haztegi bat edukitzeko proiektu berritzailearen bizipena ere.

Dokumentalak ikusi ondoren, mahai-inguru bat antolatuko da zuzendariekin: Sonia Estevez, Tik Tak Animation-ekoa, eta Paula Iglesias, Alborde Films-ekoa. REAS Euskadiko Zaloa Pérez arduratuko da mahai-ingurua dinamizatzeaz, eta, bertan, besteak beste, emakumeen askatasuna edo ahalduntzea jorratuko dira ikuspegi feminista batetik.

Ekitaldia martxoaren 31n, osteguna, egingo da, 18:00etatik aurrera Ekonopolon (Harrobi plaza, 4 – 1.), eta aldez aurretik eman beharko da izena esteka horren bitartez eta galdetegia bete.

San Frantzisko auzoko Harrobi plazan dagoen Ekonopolo proiektuaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioa babestea eta sustatzea, eta ekonomia eraldatzaile horren erreferentzia izatea, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko, sozial eta kooperatiboko eredua den aldetik eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziz Era berean, gizarte-ekintzailetza kooperatiboaren garapena erraztu nahi da, enpresei ideiak sortzeko, abian jartzeko eta laguntzeko prozesuak babestuta, prestakuntzaren, orientazioaren eta helburu horretara egokitutako planen bidez.

El próximo 31 de marzo el polo de economía social y solidaria impulsado por el Ayuntamiento de Bilbao, Ekonopolo, acogerá una proyección de cortos y posterior coloquio acerca del empoderamiento de las mujeres. Se trata de una jornada coordinada por REAS Euskadi que contará con 6 actividades diferentes a lo largo del 2022, vinculadas al feminismo, la diversidad sexual, la soberanía alimentaria o el consumo responsable, entre otras.

Durante esta primera sesión, se proyectarán dos cortos dirigidos por dos entidades socias de la redTik Tak Animation y Al Borde Films. El primero de ellos, Txotxongiloa de Tik Tak Animation, está realizado mediante la técnica de animación stop motion, y propone una reflexión sobre la libertad de las mujeres en la sociedad actual. Además del corto, podremos ver el making off.

Por su parte, Al Borde Films presentará su corto documental nominado a los Goya 2021, Solo son Peces. Además de esta nominación, el corto ha sido ganador de varios galardones en festivales como el Zinebi 61. Realizado en colaboración con la Asociación de Amigos y Amigas de la RASD de Álava, relata la historia de tres mujeres refugiadas saharauis y su experiencia en el innovador proyecto de una piscifactoría en pleno desierto.

Tras el visionado de los documentales, se celebrará un coloquio con sus directoras, Sonia Estevez de Tik Tak Animation y Paula Iglesias de Alborde Films. El debate estará dinamizado por Zaloa Pérez de REAS Euskadi y en él se abordarán temas como el empoderamiento o la libertad de la mujer, desde una perspectiva feminista.

Para asistir al evento, que tendrá lugar el jueves 31 de marzo, a partir de las 18:00 horas en Ekonopolo (Plaza de Cantera, 4 – 1º) será necesario inscribirse a través de este enlace y cumplimentar el cuestionario.

El objetivo del proyecto Ekonopolo, ubicado en la Plaza de la Cantera del barrio de San Francisco, es apoyar y promocionar la Economía Social y Solidaria y posicionarse como espacio de referencia de esta economía transformadora, dando a conocer las posibilidades y oportunidades que ofrece como modelo de emprendimiento y desarrollo económico social y cooperativo. También, se busca facilitar el desarrollo del emprendimiento social cooperativo, apoyando los procesos de ideación, puesta en marcha y acompañamiento a empresas, a través de formación, orientación y planes adaptados a este objetivo.

  • Bilboko hackathonean, apirilaren 1ean eta 2an irtenbideak bilatuko zaizkie finantza jasangarriei buruzko erronkei, eta 5.000 euro banatuko dira sarietan

  • Bigarren edizio honi esker, Bilbok bere finantza-lekua egonkortuko du finantza-sektoreko teknologia-eztabaidarako eta -berrikuntzarako zentro gisa

Iazko arrakastaren ondoren, BME eta BBF Fintech-ek Hack&Disrupt! ekimenaren nazioarteko bigarren edizioa antolatuko dute apirilaren 1ean eta 2an. Fintech eta insurtech hackathonean irtenbideak bilatuko zaizkie finantza jasangarriari buruzko erronkei. Hitzordua Bilboko Burtsan antolatuko da, Bilbao Berrikuntza Faktoriaren (BBF) egoitzan. Ekitaldian enpresa, ikasle, start-up eta ekintzaileak bilduko dira erronka teknologikoei irtenbideak bilatzeko asmoz. Topaketan, 5.000 euro banatuko dira sarietan.

Ostiralean, apirilak 1, erakundeetako ordezkariek ekitaldiari emango diete hasiera 12:30ean, eta honako hauek izango dira bertan: Javier Hernani, BMEko kontseilari ordezkaria; Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatua; Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia, eta Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko dekanoa.

Ondoren, mahai-inguru bat antolatuko da: “Finantza etikoak balio-proposamen gisa”. Bertan bilduko dira Berta Ares, BME Inntech-eko zuzendari nagusia; Nora Sarasola, BBK Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta Óscar Ugarte, Seed Capital-eko zuzendaria. Bestalde, 13:45ean, Mikel Garcia-Prietoren hitzaldiari emango zaio hasiera (Triodos Bank España).

Erronkak 16:30ean aurkeztuko dira Bilbao Berrikuntza Faktorian, eta, gero, talde-banaketa eta esperientzien mahaia egingo dira, non prestakuntza- eta mentoretza-saioak antolatuko diren. Apirilaren 2an, espazio horretan bertan, irtenbideak aurkeztuko zaizkio epaimahaiari (17:00etan), sariak banatuko dira (18:00etan) eta networking eta amaiera informala egingo dira (19:00etan).

Hauexek izango dira Hack&Disrupt! ekimenaren bigarren edizio honetako kolaboratzaileak: Bilbao Plaza Financiera, Bilboko Udala, BBK, Mondragon Team Academy eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Informazio gehiago behar baduzu eta ekitaldian izena eman nahi baduzu, jo esteka honetara.

  • fDi Intelligence aldizkariak, Financial Times taldearen baitan dagoenak, Bilbo hautatu du 367 europar hiriren artean, hiriaren sendotasun ekonomikoa, enpresa-ehuna eta gaitasun finantzarioa direla eta. Azken rankingaren arabera, Bilbok Europako hiri erakargarrien top 10ean jarraitzen du.

  • Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoari dagokionez eta bere aintzatespenak kalitate-zigilu bat dira horiek jasotzen dituzten hirientzat.

Bilbo tamaina ertaineko Europako zortzigarren hiririk onena da atzerriko inbertsio zuzena erakartzen, Financial Times argitaletxe ospetsuaren fDi Intelligence aldizkariaren arabera. Gure hiriak martxoan jasoko du saria MIPIM-en, Frantziako Cannes hirian egingo den munduko erreferentziako Higiezinen Azoka.

fDi Intelligence aldizkariak argitaratutako “European Cities and Regions of the Future 2022-2023” sailkapenaren edizio honetan, kuantitatiboki eta kualitatiboki balioetsi dute Bilbo Europako beste 367 hiriren artean. Sailkapena egiteko, Europako hainbat eskualde eta hiritako sendotasun ekonomikoa, enpresa-ehuna eta gaitasun finantzarioak aztertzen dituzte.

BILBAO TOP 10-EAN

Datu garrantzitsu gisa, nabarmendu behar da Bilbo dela rankingean dagoen Estatuko tamaina ertaineko hiri bakarra. Ranking honen azken emaitzek agerian uzten dute hiribildua Europako hiri garrantzitsuenen artean dagoela negozio-aukerak sortzeko orduan eta Bilboren lidergoa erakusten du inbertsioa erakartzeko eta talentua atxikitzeko politiken garapenari dagokionez.

Gainera, Bilboko Udala hiriaren nazioarteko proiekzioa bultzatzeko, jarduera ekonomikoa sustatzeko eta atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko azken urteotan egiten ari den lana azpimarratzen dute. Udaleko arduradunentzat, “Europako hiririk erakargarrienetako top 10ean jarraitzea suposatzen du”.

Oraingoan, lehenengo postua Lituaniako hiriburuak eskuratu du, Vilniusek, bigarrena Ipar Irlandako hirburuak, Belfastek eta top-3 Portugalgo Porto hiriak amaitu du. Tamaina ertaineko hiritzat hartzen dira 200.000 eta 500.000 biztanle arteko hiriak.

BILBO, HIRI NABARMENA FINANCIAL TIMES-EN ARABERA

Financial Times taldea 2016. urtean hasi zen Bilbori aintzatespenak egiten. Hain zuzen ere, 2016an, hiribilduak bi sari jaso zituen “fDi Strategy Awards” sarietan: “Smart City” eta “Education Cluster” kategorietan, hiri-adimendunaren ereduan aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko egindako apustuari esker.

Financial Times-eko talde ospetsuko argitalpena, Atzerriko Inbertsio Zuzenaren mundu mailako fluxuak eta joerak aztertzen dituen nazioarteko aldizkaririk garrantzitsuena da. Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoan, eta bere aintzatespenak kalitatezko zigilua dira jasotzen duten hirientzat.

fDi Intelligence-ko Webgune ofizialaren esteka:
https://www.fdiintelligence.com/article/80707

Saikapenaren PDFko esteka:
https://www.fdiintelligence.com/content/download/80712/2625526/file/FDI_170222%20ECOF.pdf

  • 2021. urtean ikus-entzunezko filmaketarik gehien egin ziren Bilbon eta Bizkaian, 2015. urtean Bilbao Bizkaia Film Commission sortu zenetik. Guztira, eta pandemia gorabehera, 232 ekoizpen gauzatu ziren, eta horietatik 161 filmazioak izan ziren, halako moldez non 598 grabazio-egun izan baitziren guztira gurean.

  • Jarduera horren eragin ekonomikoa 13,85 milioi eurokoa izan zen, eta filmaketei lotutako 1.186 kontratu egin ziren Bilbon eta Bizkaian.

  • Ikus-entzunezko sektorean erdietsitako ospea eta posizionamendua direla eta, Netflix bezalako nazioarteko plataformak guregana hurbildu dira; hain zuzen ere, Netflixek oso-osorik filmatu zuen “Intimidad” izeneko telesaila Hiribilduan eta Lurraldean. 2021ean egin ziren filmen artean, honako hauek nabarmentzen dira: “El Cuarto Pasajero”, “Una Vida no tan Simple”, “El Comensal”, “La Cima” edo “La Vida Padre”, Alex de la Iglesia bilbotarraren, Felix Viscarret eta Ángeles González-Sinderen mailako zuzendariekin, edo Alberto San Juan, Patricia López-Arnaiz, Enric Auqueredo Itziar Ituño bezalako aktore ospetsuekin.

  • Bilbao Bizkaia Film Commission, Udalak eta Aldundiak sortutako zerbitzua, ikus-entzunezko sektorerako erreferentziazko solaskide gisa finkatu da, eragile publiko eta pribatuekin bitartekari gisa jardunez eta Bilbo-Bizkaian filmaketa industria berri bat sortzea ahalbidetuz.

2021ean, Bilbo eta Bizkaia eszenatokirik hautatuenetako bat bilakatu dira sektoreko nazioarteko ekoiztetxe handien ikus-entzunezko ekoizpenetarako.

Horren lekuko dira Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commission-en jardueraren 2021eko balantze gisa aurkeztu dituzten datuak. Bi erakundeek ikus-entzunezko industrian sartzeko sortu zuten zerbitzu hori.

Lehen datu garrantzitsu gisa, joan den ekitaldian –pandemiak eragindako murrizketekin ere– 161 ekoizpenek Bilbo eta Bizkaia aukeratu zituzten film luzeak, telesailak, publizitate-iragarkiak, dokumentalak edo bideoklipak filmatzeko, besteak beste. Orain arte izan ditugun zifrarik altuenak dira ekoizpenen arloari dagokionez. Ikus-entzunezko ekoizpen horiek guztiek 598 filmaketa-egun izan zituzten guztira.

Horrezaz gainera, Bilbao Bizkaia Film Commissionek 232 ekoizpen artatu zituen.

ERAGIN EKONOMIKOA ETA OSPEA

2021ean egindako filmaketa horiek guztiek 13,85 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuten. Horrek esan nahi du % 6,4ko igoera izan dela pandemiaren aurreko 2018ko datuekin alderatuta. Horri dagokionez, Hiribilduan eta Lurraldean egindako filmaketekin loturik egon diren 1.186 kontratu sinatu ziren urte horretan. Zifra horiek indartu egiten dute Bilbao Bizkaiaren posizionamendua eta ospea, ikus-entzunezko ekoiztetxeen erreferentziazko eszenatoki gisa.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen 2021eko jardueraren balantzea “oso positibotzat” jo da; izan ere, datu kuantitatiboez gain, azken urteetan sektore horretan jadetsi den ospeari eta posizionamenduari esker, nazioarteko ikus-entzunezko plataforma handiek interesa erakustea eta Bilbora eta Bizkaira kalitate eta oihartzun handiagoko produktuak filmatzera etortzea erdietsi dugu.

NETFLIX edo AMAZON PRIME bezalako nazioarteko ekoiztetxeak dira beren ekoizpen handien eszenatokien aldeko apustu horren adibide, eta horrek hiriaren eta Lurraldearen irudia islatzen du nazioartean, mundu osoko ikus-entzunezko ekoiztetxeen aurrean jartzen dugun aurkezpen-gutuna baita.

  • Netflixen kasuan, 98 egunez hirian eta lurraldean filmatu du oso-osorik “Intimidad” deritzon telesaila. Zortzi kapitulu ditu, eta aktore ospetsuak parte hartzen dute bertan. Ondoko hauek dira, besteak beste: Itziar Ituño, Emma Suárez, Ana Wagner, Patricia López-Arnaiz, Verónica Echegui eta Yune Nogueiras.
  • Beste alde batetik, AMAZON PRIME bezalako plataformetako lanek ia bi milioi euro bildu dituzte, Bilbon eta Bizkaian filmatutako “García y García” eta “Descarrilados” bezalako film luzeekin.

Proiektu horiek eta euskal zinemaren kalitatea balioa ematen diote, mundu mailan, ikus-entzunezkoen industriaren lanbide-gaitasunari, tokiko esparruan garatzen den talentuari, bai eta Bilboko eta Bizkaiko sektore publiko eta pribatuaren arteko tokiko lankidetzaren sendotasunari eta garrantziari ere.

Horrezaz gainera, pandemiak ia bi urtez arlo guztiak baldintzatu ondorik, ikus-entzunezko edukien eskariaren hazkunde globalak, lehen aipatu ditugun plataforma digitalen arrakasta handiaren ondorioz, ikus-entzunezko kontsumoari buruzko eta audientzia berriak erakartzeari buruzko errekorrak ezartzen jarraitzen du.

URTEA ZIFRETAN

Bilbao Bizkaia Film Commissionek ikus-entzunezko 232 proiektu artatu zituen iaz. Proiektu horietatik 70 publizitate-iragarkiak izan ziren, 48 film labur, 29 bideoklip, 25 telebista-programa, 20 film luze, 19 dokumental, 12 telesail, 8 argazki-saio eta websail bat.

  • Beste alde batetik, GAUZATU ZIREN FILMAKETAK 161 izan ziren GUZTIRA; horietatik 78 euskal proiektuak dira, 59 estatukoak eta 24 nazioartekoak. Grabazio horietatik 48 publizitate-iragarkiak dira, 35 film labur, 21 bideoklip, 20 telebista-programa, 16 dokumental, 9 film luze, 7 argazki-saio, 4 telesail eta websail bat.

(*) Artatu diren ikus-entzunezko ekoizpenak: 232

  • Publizitate-iragarkiak: 70
  • Film laburrak: 48
  • Bideoklipak: 29
  • Telebistako programak: 25
  • Film luzeak: 20
  • Dokumentalak: 19
  • Telesailak: 12
  • Argazki-saioak: 8
  • Websailak: 1

(*) Urteko kudeaketek ez dute esan nahi urte horretan benetako filmaketak egin direnik

(*) Filmatu diren ikus-entzunezko ekoizpenak: 161

  • Publizitateko iragarkiak: 48
  • Film laburrak: 35
  • Bideoklipak: 21
  • Telebistako programak: 20
  • Dokumentalak: 16
  • Film luzeak: 9
  • Argazki-saioak: 7
  • Telesailak: 4
  • Websailak: 1

(*) Urteko filmaketak ez datoz bat nahitaez urte berean egindako kudeaketekin. Hasierako kudeaketak eta kontaktuak filmaketa gauzatu baino hilabete edo urte asko lehenago gertatzen dira.

BILBON ETA BIZKAIAN FILMATU DIREN FILM LUZEAK

Iaz, Bilbo eta Bizkaia film luze garrantzitsuen eszenatoki izan ziren, hala nola:

  • “El Cuarto Pasajero”. Alex de la Iglesia bilbotarrak zuzendutako filma da eta Bilbon, Loiun, Alonsotegin eta Erandion filmatu zen. Aktoreen artean, Alberto San Juan, Blanca Suárez, Ernesto Alterio eta Rubén Cortada daude, besteak beste.
  • La Cima”. Zuzendaria Ibon Comenzana da, eta Sopelan eta Getxon filmatu zen, Patricia Lopez-Arnaiz eta Javier Rey aktore sarituekin.
  • “El Comensal”. Zuzendaria Ángeles Gónzalez Sinde da, eta Bilbon, Getxon eta Mundakan filmatu zen, Adriana Ozores, Ginés García-Millán eta Susana Abaitua aktoreekin.
  • “La Vida Padre”. Joaquín Monzonek zuzendu eta Abandoibarra, Zazpikaleak, Bilbo Zaharra, Olabeaga eta Indautxu bezalako eszenatokietan egindako filma da. Aktoreen artean Karra Elejalde, Enric Auquer, Megan Montaner, Lander Otaola, Maribel Salas eta Gorka Aguinagalde daude, besteak beste.
  • “Irati”. Paul Urquijo Alijok zuzendutako filma da, Pozalaguako kobazuloetan (Karrantza) filmatua. Aktore taldean Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate daude.
  • “Una vida no tan simple”. Felix Viscarretek Bilbon, Basaurin eta Getxon zuzendutako filma da. Aktoreen artean, Miki Esparbé, Álex García, Olaya Caldera, Ana Polvorosa eta Ramón Barea daude.

BILBON ETA BIZKAIAN EGIN DIREN TELESAILAK ETA FILM LABURRAK

Estatuko zein nazioarteko ekoiztetxeen telesailek ere Hiribilduan eta Lurraldean aurkitzen dute filmaketak egiteko lekurik egokiena. Iaz lau telesail filmatu ziren Bilbon eta Bizkaian:

  • Intimidad”, Netflixek ekoiztua, nazioarteko ekoiztetxe honek eta Txintxua Filmsek Bilbon eta Bizkaian osorik filmatutako lehen telesaila da. Bilbon, Atxondon, Basaurin, Derion, Getxon, Gordexolan, Gorlizen, Ibarrangelun, Leioan, Plentzian, Sopelan, Sukarrietan eta Zeanurin egin zen 98 egunez.
  • Sin límites”. Amazon Prime eta RTVEren telesail bat da, Mono Films, Kilima Media, Amazon Prime Video eta TVEk ekoiztua. Aktoreen artean, Álvaro Morte, Rodrigo Santoro, Pepón Nieto eta Sergio Peris-Mencheta daude, besteak beste.
  • “El Internado”. Telesailaren bigarren denboraldi hau berriro ere Bilboko eta Bizkaiko agertokietan filmatu da. Amazon Prime Video, Atresmedia eta Globomedia dira telesail horren ekoizleak.
  • “La Fortuna”. Alejandro Amenabarrek zuzendu duen telesaila da, ModProducciones, Movistar+ eta AMC enpresek ekoiztua. Erandioko eszenatokietan filmatu zen.

Hiribilduan eta Lurraldean filmatutako film laburrei dagokienez, honako lan hauek nabarmentzen dira: Mikel Ruedaren «Ama» eta Aitzol Saratxagaren «Lanbroa» eta «Trumoiak».

MUNDU MAILAKO IZEN HANDIKO MARKEN PUBLIZITATE-IRAGARKIAK ETA BIDEOKLIPAK

Marka komertzial handiek Bilbok eta Bizkaiak ikus-entzunezko filmazioetarako agertoki egoki gisa izan duten gorakada ezagutzen dute. Hala, 2021. urtean, Xiaomi, Louis Vuitton, Land Rover, New Balance, Audi edo Volkswagen bezalako nazioarteko ospea duten markek iragarkiak egin dituzte Bilbon eta Bizkaian.

Hauek dira, besteak beste, 2021ean gure kaleetan ibili diren marka komertzial handietako batzuk: Zara Kids, Kutxabank, Kas, Orbea, Mahou eta Euskaltel, besteak beste.

Musika bideoklipei dagokienez, Fito y Fitipaldis taldearen filmaketak nabarmentzen dira, haren bideoek 2.600.000 bisita izan baitituzte Youtuben 6 hilabetetan; epealdi berean, La Oreja de Van Gogh taldeak ere 1.700.000 bisita jaso zituen Youtuben. Horrezaz gainera, Alemania eta Holandako telebista-saioek ere Bilbo eta Bizkaia aukeratu dituzte filmatzeko.

WEBGUNEAK, IKUSLEAK ERAKARTZEKO ETA POSIZIONAMENDURAKO TRESNA

Bilbao Bizkaia Film Commissionen webgunea filmaketak erakartzeko eta Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko merkatuan kokatzeko beste tresna bat da. Publiko profesional bati zuzenduta dago, eta 2021ean 10.429 saio baino gehiagotan 7.591 pertsonak baino gehiagok erabili zuten, ia aurreko urteko datuak bikoiztuz. Bisita bakoitzean batez beste lau minutu eta hogeita hiru segundo eman ziren, eta 2.700 saio baino gehiagotan ingelesezko bertsioa erabili zen; horrek argi eta garbi erakusten du online zerbitzu horrek mundu osoko profesionalen artean pizten duen interesa.

BILBAO BIZKAIA FILM COMMISSION

2015ean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commision zerbitzu publiko eta doakoaren sorrera bultzatu zuten, filmaketen arreta, kudeaketa eta erakarpena helburu dituena. Urte hauetan 1.294 filmaketa artatu dira eta 850 ikus-entzunezko proiektu gauzatu dira.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen laguntza egonkor eta pertsonalizatua ekoizpenaren fase guztietan ematen da, lokalizazioetan, lanbide-zerbitzuetan, administrazio-kudeaketetan, ekoizpen-, ostatu- eta logistika-espazioetan, baita erakundeen laguntza eta konfiantzan, segurtasun juridikoan eta pizgarri fiskaletan ere.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen lana lankidetza publiko-pribatuari esker burutzen da, ekoiztetxeen, eragile pribatuen eta erakunde publikoen arteko bitartekari lana egiten baitu. Lankidetza hori Bilboko eta Bizkaiko filmaketen industrian aurrera egiteko behar-beharrezkoa dela esan behar da.

2017. urtetik European Film Commission Networken kide da. 90 film commission baino gehiago ordezkatzen ditu, Europako Batzordearen laguntzarekin, eta AFCI, Association of Film Commissioners International elkartearen kide ere bada.

  • Planak 6,5 milioi eurotik gorako aurrekontua du. Gaur aurkeztu dute ofizialki, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek berau adostu eta sinatu ondoren —EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), Gobernu Taldearen aldetik; eta EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/EZKER ANITZA-IU/EQUO BERDEAK eta PP—.

  • Aurtengo lehen seihilekoan zehar gauzatuko diren 21 neurrien helburua da uriaren suspertze soziala, ekonomikoa eta kulturala bultzatzen laguntzea (ikusita pandemia-egoeran jarraitzen dugula).

Udalak «Bilbao Plana 2022: COVIDaren eraginen aurkako 21 neurri» aurkeztu du gaur. Ekimenaren helburu nagusia da uriaren suspertze sozial, ekonomiko eta kulturalean laguntzea, pandemia-egoera luzatzen ari dela eta.

Neurriek 6.530.000 euroko aurrekontua izango dute, eta 2022ko ekitaldi honen lehen seihilekoan garatuko dira. Neurri horiei gehitu ahalko zaizkie salbuespenezko laguntza zuzenak eta beste administrazio publiko batzuetakoen osagarri direnak —betiere, COVIDaren bilakaera eta horrek sektore ekonomiko jakin batzuetan izan dezakeen eragina zein den—.

Planean jasotako proposamenek Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek adostu dituzte, eta gaur sinatu dute 21 neurriak ofizialtzen eta abian jartzen dituen dokumentua: EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), Gobernu Taldearen aldetik; eta EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/EZKER ANITZA-IU/EQUO BERDEAK eta PP.

Gainera, COVIDaren eragina gehien jasaten duten sektoreetarako, Bilboren sustapen eta dinamizazio komertzialerako aparteko plan bat lantzeko aukera aurreikusten du testuak, salbuespenez, garrantzi handiko datetarako (ondorengo Gabonak, esaterako); eta merkatari-elkarteentzako eta beste eragile batzuentzako laguntza tekniko eta ekonomikoak ere jasotzen ditu.

Horrez gain, pandemiaren bilakaera zein den, Planean jaso ez diren beste eremu batzuk ere indartuko dira. Adibidez: garbitasuna, mugikortasuna, espazio publikoa eta hezkuntza (horietan ere lan egin da, denbora honetan guztian zehar). Neurri sorta aztertu eta partekatuko dute gobernantza-ereduan ezarritako jarraipen-batzordean, non talde politiko guztiak ordezkatuta dauden.

Udalak «Aurrera Plana» delakoa abiarazi zuen 2020an (15 milioi euro) eta 2021ean (15 milioi euro baino gehiago), COVID-19ari aurre egiteko. Bada, testu berriak bat egiten du, salbuespenez, orduan martxan jarritako laguntzekin.

21 NEURRI, LAU ARDATZ NAGUSIREN INGURUAN

2022rako onetsitako 21 neurri berriek 6,5 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dute, eta lau ardatz edo jarduera-eremu nagusiren inguruan egituratuta daude:

1.GIZARTE-KOHESIOA: 1.700.000 €. Krisi honek latzen jo dituen, eta arreta eta laguntza berezia behar duten guztientzako gizarte-babesa izan nahi duten zenbait eremu aurreikusten ditu:

  • Aldizkakoak ez diren udal laguntzen ohiz kanpoko programa (200.000 €), koronabirusa dela-eta diru-sarrerarik ez dutenentzat edo sarrerak gutxitu zaizkienentzat.
  • Adinekoei laguntzeko «Mirada Activa Berria» udal programarako izendatutako diru-partida handitzea (200.000 €).
  • 400.000 €, etxerik gabeko pertsonei bizilekua emateko funts berezirako.
  • Familia, heldu eta haurrentzako neurriak, etxegabetze-arriskuan dauden familientzako arreta bermatzeko: 400.000 €.
  • Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden adingabeentzako eguneko zentroak eta programa sozioedukatiboak indartzea: 200.000 €.
  • Eten digitala txikitzea: adinekoentzako eta kolektibo zaurgarrientzako ikastaroak (100.000 €). Lineako izapideetan laguntzeko zerbitzu pilotua: 200.000 €.

2.ARLO EKONOMIKOKO ETA ENPLEGUAREN ARLOKO NEURRIAK: 3.780.000 € (Gabonetako Ezohiko Plana).

  • MERKATARITZARAKO BONUAK: 1 milioi euro, gehien kaltetutako azpisektoreak lehenetsiz, hala nola ehungintza, moda, oinetakoak eta osagarriak, besteak beste.
  • Merkatari- eta ostalari-elkarteentzako laguntzak: 180.000 €.
  • Laguntza espezifikoa Convention Bureau eta MICE sektorerako (azokak, kongresuak eta batzarrak): 100.000 €.
  • Enplegu Plana 2022-2023 (udal aurrekontua): 500.000 €.
  • Gazte Enplegu Plana 2022-2023 (udal aurrekontua): 500.000 €.
  • 2022-2023rako gizarteratze- eta laneratze-plan berezietarako laguntza: 300.000 €.
  • Etxebizitzak birgaitzeko obra txikietarako laguntzen programa berezia: 800.000 €.
  • Gabonak sustatzeko eta dinamizatzeko ezohiko ekintzak: 400.000 €.

3.KULTURAn, 900.000 €-ko aurrekontuarekin, neurri berezi bi landuko dira:

  • KULTURA-BONUAK, 400.000 €-rekin, eta kultura-proiektuen poltsa berezia, 500.000 €-rekin.

4.LANKIDETZA: 150.000 €.

  • Garapen-bidean dauden eskualdeetan COVIDaren aurkako txertaketa indartzeko laguntzak.