Bizi dugun une zail honetan, non pandemia global batek ekonomia moteldu egin duen, enpresek testuinguru honetan zer eginkizun duten argi izatea funtsezkoa da.
Enpresek operazio eta estrategia arloko arrisku ugari dituzte, hala nola: lehengaien hornikuntza etetea edo atzeratzea, eskariaren portaeran aldaketak gertatzea, kostuak handitzea, entregak atzeratzen dituzten gertakari logistikoak izatea, langileen segurtasuna bermatzeko erronkei aurre egitea, eta abar.
Errealitate berri horri aurre egin eta eraginkortasunez jarduteko, hona hemen kontuan hartu beharreko lan-ildo batzuk:
-
Erabaki urgenteak eta estrategikoak hartzeko talde bat sortzea
Enpresa bakoitzak larrialdiei aurre egiteko talde bat sortu beharko du, erabakiak ahalik eta azkarren eta egokien hartzeaz arduratuko dena.
Horretarako, enpresaren indarguneak nahiz ahulguneak kontuan hartu beharko dira, bai eta langileenak ere, hartara, egungoa bezalako krisi-uneetan prozesuak doitu ahal izateko, batez ere osasunari eta segurtasunari dagokionez.
-
Langileen ongizateari lehentasuna ematea
Bizi dugun egoera zail honetan, eskura ditugun baliabide tekniko eta teknologikoak erabiliz lana malgutzeko aukerak indartzea edo aukera horiei jarraipena ematea gomendatzen da.
Horrez gain, langileekin etengabe harremanetan egotea gomendatzen da, haien osasun-egoeraren eta informazio pertsonalaren berri izateko, konfidentzialtasuna erabat bermatuz.
-
Lantokian segurtasuna bermatzea
Azpimarratu beharra dago erabat funtsezkoa dela laneko eremuak eta espazioak garbitzeko eta desinfektatzeko bete egin behar direla osasun-agintari publikoek ezarritako higienea kudeatzeko betekizunak.
Enpresak segurtasun epidemikoaren inguruko informazioa eman beharko du eta langileen autobabeserako arau kontrastatuak ezarri beharko ditu, baita arriskuen prebentzioaren eta segurtasunaren arloan kontzientziatu ere. Berebiziko garrantzia du horrek; izan ere, enpresan kasuren bat edo agerraldiren bat egonez gero, enpresa aldi batez itxi beharko litzateke.
Era berean, oso garrantzitsua da enpresako arriskuen kudeaketa-plana eta mekanismoak eguneratzea.
-
Gizarte-erantzukizuna indartzea
Une hauetan enpresaren irudi publikoa zaindu beharra dago. Krisiari buruzko informazio korporatibo egokia publiko egitea gomendatzen da.
Ezinbestekoa da enpresen gizarte-erantzukizuna aplikatu ahal izatea gizartearen, ekonomiaren eta langileen egonkortasunaren ikuspegitik, bai eta komunitatearekiko eta hornitzaileekiko harremanak kudeatzea ere.
-
Enpresaren etorkizuneko antolamendua eta estrategia berrikustea
Azkenik, baina kontu honi garrantzirik kendu gabe, epe laburrean erronka handiak izango ditugun arren, ez dugu ahaztu behar enpresa krisialdiaren ondorioetara egokitu behar dela. Horretarako, nahitaezkoa da ekintzak gauzatzea eta planifikatzea, egoera desberdinak kontuan hartuta, bai eta sortuko diren aukerak aprobetxatzea eta ikuspegi berri batekin etorkizunean pentsatzeko tarte bat uztea ere.
Bezeroei hitz egitea eta entzutea da helburua, hartara, etorkizuneko joeratzat jotzen diren irtenbideak hartzeko, izan ere, krisialdi honek agerian utzi du joera horiek geratzeko etorri direla. Era berean, etorkizuneko krisialdietarako prestatzea eta taldeak trebatzea da asmoa, ikuspegi berriak aplikatzea eta aukera berriak hautematea ahalbidetuko dieten tresna berritzaileak eta sormenezkoak erabil ditzaten.