Bilboko Udalak hiriko 300 saltokiri eta jatetxeei zuzendutako zerbitzu bat jarri du abian, salmentak handitzen laguntzeko, negozioi merkatuan ikusgarritasun handiagoa emateko eta bezeroen leialtasuna indartzeko, mezularitza profesionaleko tresna baten bidez.
Ekimen hori Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez gauzatzen da, Hiribilduko merkataritza-sektorea babesteko aktibatu diren hainbat ekintzen barruan; izan ere, merkataritza-sektorea da pandemiak gehien zigortu duen sektoreetako bat, teknologia berrien erabilera areagotu behar izan den aldi honetan.
Ekintza-plan horren barruan, Udalak hiriko merkataritzari buruzko azterlan bat egin zuen i2021ean, eta honako hau adierazi zuen: «% 38k soilik zuen bere bezeroen datu-basea, eta, datu-basea zeukatenen artean, erdiak bakarrik egiten zien jakinarazpenen bat bertan zeuden pertsonei». Udal arduradunen aburuz, datu horiek ondokoa islatzen dute: «Tokiko merkataritza bereizten duena, hau da, bezeroekiko hurbiltasuna sustatzeko tresna digitalak alferrik galtzen direla».
ATXIKIPENAK ADIERAZTEKO EPEALDIAREN IREKIERA
Behar horri erantzuteko sortu zen proiektu hau, “Bilbao Zurekin” izenarekin. Helburua honako hau da: batetik, zerbitzuen arloko Bilboko saltokien eta negozioen komunikazioak digitalizatzea, CRM (Customer relationship management) plataforma baten kudeaketaren bitartez; eta, bestetik, bezeroekiko harremanak sustatzea, posta elektroniko eta SMS bidezko mezularitza-zerbitzu baten bidez, eskaintzak eta promozioak merkaturatzeko helburuarekin.
Ekimen honetan parte hartu nahi duten Bilboko saltoki eta jatetxe guztiek izena eman beharko dute honako webgunean: www.bilbaozurekin.eus.
ADITU-TALDEA ETA ARRETA PERTSONALIZATUA
Proiektuak urtebeteko iraupena izango du eta doakoa da; atxikitako negozio bakoitzarentzako auditoria digital pertsonalizatuarekin hasiko da. Auditoria hori marketin digitalean adituak diren agenteek egingo dute. Banakako azterlan horri esker, hobetu beharreko alderdiak identifikatu ahal izango dira kanal digitaletan (webguneak, sare sozialak…), zerbitzua hobeto aprobetxatze aldera.
Hasierako fase horren ondoren, profesional-taldeak mezuak prestatzen eta planifikatzen lagunduko die parte-hartzaileei, eta, besteak beste, salmentak handitzeko, negozio bakoitza posizionatzeko eta bezeroekiko konexioa eta hurbiltasuna mantentzeko eskaintzak eta sustapenak konbinatuko dituzte. Era berean, agente horiek lan-metodologia diseinatuko dute, eta bai saltoki bakoitzerako mezuak modu bakar eta esklusiboan egitea, bidalketen estrategia eta abar ere.
Beste alde batetik, negozioek modu aktiboan parte hartuko dute proiektu osoan, eta, horrenbestez, zerbitzu horren laguntza izateaz gain, ikasteko aukera ere izango dute, lehiakorragoak izateko eta emaitzen aldizkako txostena jasotzeko.
- Hemen informazio gehiago eskuratu eta zalantzak argitu ahal izango dituzu: comercio@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoan eta 944 205 404 telefono zenbakian.