Ekintzailetza eta enpresa sailak, alde batetik, enpresak sortzeko laguntza ematen du, eta, beste alde batetik, hiriko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna handitzeko eta hobetzeko laguntza ematen du.
Enpresak sortzeko laguntza
Lehenengo atalean, Bilbao Ekintzaren ekintzailetza zentroa, BIG Bilbao, nabarmendu behar da. Bertan, ekintzaileei laguntzeko baliabide guztiak daude, eta ekintzaileei informazio zerbitzu osoa eta orientazioa ematen zaie enpresa proiektu bat martxan jartzeko prozesu guztian zehar.
BIG Bilbao espazio irekia da, hiriaren erdigunean kokatuta dago (Zabalgunea eraikinean) eta Bilboko ekintzailetzaren erreferentzia nagusia bihurtu nahi dugu. Ekintzaileak, proiektuak eta enpresak batzeko, haien arteko harremanak sortzeko eta networkingean aritzeko lekua da. Gainera, espazio moldakorra da, gaitasun ekintzaileak garatzeko prestakuntza emango duena, eta erakusteko, berrikuntzarako eta joera berriak lantzeko tokia da baita ere.
Teknikari espezializatuek ekintzaileei laguntzen diete ibilbide guztian zehar, negozio ideia garatzen hasi eta enpresa sortu arte, ondoren, enpresaren lehenengo bi urteetan, proiektua sendotzea bultzatuz.
Negozio ideia guztiak baliozkotzen dira BIG Bilbaon, bereziki, hiriaren sektore “estrategikoetan” kokatzen direnak, besteak beste, ekonomia digitala, zerbitzu aurreratuak eta sormen eta kultura industriak lantzen dituztenak, hain zuzen ere.
Enpresak hazteko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntza
Ekintzailetzan laguntzeaz gain, Bilbao Ekintzak lan handia egiten du hiriko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko, are gehiago, egungo covid-19ari lotutako krisi egoeran.
Laguntza hori, nagusiki, enpresentzako aholkularitza zerbitzu batek ematen du askotariko arloetan, besteak beste, kudeaketan (administrazioa, giza baliabideak edo merkataritza zuzendaritza eta marketina) edo erakundearen erronka estrategikoak garatzeko lanean, adibidez, produktu bat merkaturatzen, negozio lerro berri bat martxan jartzen edo barne berregituraketa prozesuak diseinatzen.
Bestalde, enpresen alorrean, ETE-ei prestakuntza ematen die baita ere. Kasu honetan, nabarmentzekoa da enpresen behar espezifikoetara etengabeko egokitzapena egiten dela, enpresen zailtasunak, erronkak eta gabeziak identifikatuz, ondoren, profesional egokienen bitartez programa hobeto egituratzeko. Formatua nagusiki praktikoa da, eta iraupen motzeko lantegiak, networking jardunaldiak, “webinar” zikloak edo workoshopak antolatzen dira.
Horrez gain, programa espezifikoak gauzatzen dira, adibidez, Mentoring programa; horren bidez, enpresei laguntza ematen zaie esperientzia eta ezagutza eskuratu ditzaten eta enpresen epe luzerako ikuspegia hobetu dadin. Beste bat Balebila proiektua da, aholkularitzako eta prestakuntza praktikoko programa, komunikazio digitalaren eta nazioartekoaren alorrean lan egiten duena.